Se muestran los artículos pertenecientes a Diciembre de 2022.
KARAKOLA ETA KATUAREN IPUINA
Karakol handi bat Itziarko Txankarta baserriaren inguruan zebilen txarra-txarra eta katua hurbildu zitzaion harriduraz, makaltzar harek zer egiten ote zuen han galdezka. Karakolak bere adartxoak txandaka luzatuz erronka bota zion katuari: ea parez-pare abiatuz zein lehenago helduko Itziarko plazaren erdira.
Hala zerratu zuten apustua eta abiatu ziren biak batera Txankartaneko ataritik. Karakola txistu bizian abiatu zen eta katua berriz metro inguruko saltotxoak eginaz harro-harro.
Karakola berehala gelditu zen atzean eta katuak atzera begiratuz bere artean zioen: tontotzar hori etxea bizkarrean duela abiatu da eta auskalo noizko ailegatuko den.
Nahiko astia bazeukala eta Gure Denda aldeko eserlekuan eguzkitan egonalditxo bat egitea bururatu zitzaion eta lo hartu zuen katu listoak.
Bitartean bazihoan Kaltzadan gora gure karakola eta iritsi zen plazaren erdiko harrira eta paaa edo musutxoa eman zion lika pixka bat utziaz. Eta gure karakola gustura apustua irabazita. Bere adartxoak txandaka luzatuz gerizpera joan zen txistu bizian.
Katua berriz buztana harro giltzara iritsi zenean karakolaren arrastotxoak ikusiaz galdutzat eman zuen apustua. Giltza eskuarekin edo aurreo hankarekin ta-tak ukituz eta miau luze bat eginez buztan makur etxe aldera joan zen lotsaturik.
Karakol makala berriz poz-pozik jendearen txaloak entzunaz ihintzetara aldendu zen siesta egitera.
Karakola eta barea a ze parea! Biak ere amorragarri samarrak dira baserrietan. Katua berriz animali estimatua. Bizkarrean igurtzi eta mimatzea gustatzen zaio baina eginkizun berezia dute katuek baserrietan. Saguak eta arratoiak harrapatuz horiengandik babestu ohi du baserria. Eta ongi bete ohi dute eginkizun hori harrapatzeko grinak jangurak baino gehiago bultzaz. Baina katuek ez dute balio karakolak eta bareak uxatzeko.
TXISTE MODUKO IPUINA
Hasiera batean giza gorputza antolatzen jarri omen ziren eta buruak esan omen zuen:
Nik pentsatzen eta kontrolatzen bazekiat eta neu jarriko nauk jefe.
Eta oinek omen zioten: Gu gaituk hemen oinarri eta eustarri, gure gain zegok gorputzaren mugimendua. Geu jarriko gaituk jefe.
Eta bihotzak berriz honela omen zioen: Ni gabe ez zegok bizitzarik eta neu jarriko nauk jefe.
Eta azkenik ipurdiak hartu omen zuen hitza: Ni ere oso garrantzizkoa nauk eta neu izango nauk jefe.
Denak parrez hasi omen ziren ateraldi xelebre horrekin eta ipurdi gizajoak sekulako amorrua hartu eta seko haserretu omen zen.
Aztoratze horrekin egundoko tripako mina eta beherakoa jarri omen zitzaion, bazter guztiak zikinduz. Atarramendu txarra alajaina.
Desastre hori ikusita onartu egin omen zuten ipurdia jefe jartzea.
Moraleja: Jefe izateko ez dago buruaren beharrik baizik ipurdi ona beste guztiak kakaztatzeko. Horrela edozein ipurdi izan daiteke jefe. Askotan gertatu ohi den bezalaxe