Blogia
joxelanda

10-09-08

 IRAILA

Trantsizioko hila. Ez udara eta ez udazken. Eguzkia, onenak emanda, urrutiratzen hasi balitz bezala. Eguna laburtzen eta gaua luzatzen. Ondo gabiltza oraindik baina tristetzen hasten gara honezkero. Eguraldiaren martxak ere gehienean egin ohi du halako aldaketaren bat. Mendebaldetiko eraso gehiago eta euria sarriago.

Uda garaian eguratseko behe geruzak eta goietakoak askotan ibili ohi dira bakoitza bere aldetik. Bata bestearengandik aparte. Trumoi eta ekaitzetarako joerak hor goian garatu ohi dira. Behetan berriz, behe laino, gandu eta enbatak. Hauek euri gutxi ekarri ohi dute eta udaran euria dezente botatzekotan ekaitz giroak ekarri beharko luke. Horregatik deitzen zaio bi solairuko eguraldia uda garaiko horri.

Udazken aldera nahasten hasi ohi da izaera hori. Askotan mendebaldeko fronteak bietatik izan ohi dute nahasian. Enbata koska galanta eta trumoia dinbirri-danbarra zeru sabaian, tanta handiko euri jasak botaz. Tenperatura beherago eta oskarbi gutxiago, zeruan lainoak eta hodeiak ugalduz. Irailean eman ohi da gehienetan aldaketa hori. Enbataren haize bisutsa eta hego haizearen ufadak borroka bizian batzuetan. Horrelakoetan mendebalak irabazi ohi du gehienetan, petral aldia ekarriz.

Kontuak kontu ez dirudi aurten okerrerako aparteko joerarik hartuko duenik. San Nikolas eguna eta larunbatean oso giro ona. Baina igandean pattal antzean.  Hilaren hogeita hiruan goizeko bostak eta bederatzian sartuko gara udazkenean. Aurretik koarta tenporak dauzkagu. Hilaren 14-an Santa Kurutz eguna eta hortik hurrengo asteazkena tenporen lehenengo eguna. Beraz, 15, 17 eta 18-an izango dira oraingoan. Hilaren hamarrean San Nikolasak eta 29an San Migelak. Sagarrak eta mahatsak biltzeko giro aproposak egingo ditu. Pikuak eta intxaurrak ere aprobetxatuko ditugu bai. Egun hauetako euri zaparradatxo hauek larreak goxatu eta suspertuko dituzte ederki. Eta onddoak eta perretxikoak ere non nahi agertuko dira, eder askoak.

Hil honetan ez dugu hego haize asko izango  baina hoztu ere ez asko. Agian goizetan freskura pixka bat bai, antizikloia eta gau luzeen eraginez. Oraindik berdin samarrak gaua eta eguna baina luzeenetik dezente galduta eguna. San Joanetan 15 ordu egunak eta San Migeletan 11,25. Galera dezentea baina oraindik egun argi luzea.

Lasai-lasai emango diogu ongi etorria udazkenari. Ea ongi portatzen zaigun. Hego haize pixka bat eta eguzkiaren bisitak. Elurra mendi puntetan bakarrik. Edozein moduz ere, udazkenak baditu bere xarmak. Gaztaina biltzeak eta garopaitak bukatu ziren baina uzta garaia izan ohi da udazkena ere.

Urtero Iraila eta Abendua asteko egun berean hasten omen dira. Batak udazkenari paso eta besteak neguari. Horrek beldur pixka bat eman ohi digu baina gaur egun ondo moldatzen gara neguan ere. Urakanak dabiltza orain aztoraturik bazterrak apurtzen. Karibe aldean eta Pazifiko itsasoan batik bat. Haizeak 150 kilometrotik gorako abiadura harrapatzen duen zurrunbiloari deitzen diote urakana. Triskantza galantak egin izan dituzte haize ufada bortitz horiek. Urtean hirurogei bat sortzen omen dira mundu guztian. Gu gutxitan harrapatzen gaituzte. Eta ez dute faltarik ere egiten. Aspaldi honetan nahiko giro onarekin gabiltza eguraldiaren aldetik eta gizarte giroan ere baditugu notizi onak.

Itziarko eskola zoriondu nahi nuke. Agian kostata baina merezitako lorpena iruditzen zait umeak berton eskola tokia izatea. Gehiago ere merezi luke Itziarrek gai horretan. Bejon deizuela, eutsi goiari eta segi aurrera. Guraso eta ume. Ni behintzat zuen alde. Krisia gainditu eta Itziar udal herri. Merezi bai horiek ere. Itxaropenik ez dezagun galdu eta agur bero bana irakurle guztioi.                 

0 comentarios