Blogia

joxelanda

2023-10-18 - EGURALDIA

 

SUABE BADA ERE KASKARTZEKO JOERA NABARITUKO ZAIO BERRIRO

 

2023-10-18 (Asteazkena): Zertxobait galduko du onaren mailak akats txiki batzuk areagotuaz. Goiko hodeiak apur bat trinkotuko dira goibelduaz. Goiz partean euri zipriztinak eta arratsaldean ateri eta dotoreago hodeiak saretuaz. Tenperatura berdintsu haizea hegotik apur bat mugituaz dela. Behe lainoak azkar desagertuko dira eta oro har dezente eutsiko dio onaren mailari garairi dagokionaren alde ona erakutsiaz. Hego haizeak kostaldea ere goxatuko du eta hodeiak trinkotuaz euri zipriztinak barreiatuko ditu.

 

2023-10-19 (Osteguna): Gaur gehiago nabarmenduko da kaskarkeria baina txartu gabe. Haizea hegotik suabe mantenduko da. Tenperatura berdintsu eta hodeiak trinkotzen doazela euri zipriztinak barreiatuko ditu arratsaldean lurralde guztian. Oro har itxura txarra agertuko du ondorenerako giroak dezente mikazteko tankera agertuko duelarik. Asteburuan elementuak modu txarrean direla giro amorragarria agian.   

 

 

 

2023-09-29 - EGURALDIA

 

GAUR GAUZATUKO DA EGURALDI ONA EUSTEKO TANKERAREKIN 

                                                                                                

2023-09-29 (Ostirala): Berdintsu mantenduko da gaur ere eguraldia uda giro bikainari erabat eutsiko diolarik. Tenperatura zertxobait beherago haizearen jitak eraginda baina joera horrek ez du bat ere mikaztuko giroa eta garaiari dagokiona baino hobearekin bikain portatuko da. Ondorengo egunetan ere horrelaxe izateko tankera ikusten da.                                                                                                                                                                                                                   

2023-09-30 (Larunbata): Atzoko tankerari ia erabat eutsiko dio. Aldarte txiki batzuk gorabehera tenperatura goraka epeltasuna nabarmenduaz. Euskal Herri guztian berdintsu nabarituko dira joera hauek uda giroa mantendu ezinean dela baina gaur egunean zehar dezente nabarituko zaio uda giroaren tankera epel puntu horrek apur bat goxatuko duelarik giroa, haizearen hego ukituak eraginda.                                                                                                 

 

2023-10-01 (Igandea): Tankera berdintsuan mantenduko da gaur ere eguraldia epeltzeko joera nabarmenduaz, hego haizea suabeak eraginda. Tenperatura lurralde guztian berdintsu dela, uda giro bikaina ekaitzetarako joera apur bat nabarituko zaion arren. Bikain eutsiko dio dotorezia eta goxotasunari zeru sabaian hodei xare batzuk ikusiko diren arren. 

 

KARAKOLA ETA KATUAREN IPUINA

 

Karakol handi bat Itziarko Txankarta baserriaren inguruan zebilen txarra-txarra eta katua hurbildu zitzaion harriduraz, makaltzar harek zer egiten ote zuen han galdezka. Karakolak bere adartxoak txandaka luzatuz erronka bota zion katuari: ea parez-pare abiatuz zein lehenago helduko Itziarko plazaren erdira.

Hala zerratu zuten apustua eta abiatu ziren biak batera Txankartaneko ataritik. Karakola txistu bizian abiatu zen eta katua berriz metro inguruko saltotxoak eginaz harro-harro.

Karakola berehala gelditu zen atzean eta katuak atzera begiratuz bere artean zioen: tontotzar hori etxea bizkarrean duela abiatu da eta auskalo noizko ailegatuko den. 

Nahiko astia bazeukala eta Gure Denda aldeko eserlekuan eguzkitan egonalditxo bat egitea bururatu zitzaion eta lo hartu zuen katu listoak. 

Bitartean bazihoan Kaltzadan gora gure karakola eta iritsi zen plazaren erdiko harrira eta paaa edo musutxoa eman zion lika pixka bat utziaz. Eta gure karakola gustura apustua irabazita. Bere adartxoak txandaka luzatuz gerizpera joan zen txistu bizian.  

Katua berriz buztana harro giltzara iritsi zenean karakolaren arrastotxoak ikusiaz galdutzat eman zuen apustua. Giltza eskuarekin edo aurreo hankarekin ta-tak ukituz eta miau luze bat eginez buztan makur etxe aldera joan zen lotsaturik.

Karakol makala berriz poz-pozik jendearen txaloak entzunaz ihintzetara aldendu zen siesta egitera. 

Karakola eta barea a ze parea! Biak ere amorragarri samarrak dira baserrietan. Katua berriz animali estimatua. Bizkarrean igurtzi eta mimatzea gustatzen zaio baina eginkizun berezia dute katuek baserrietan. Saguak eta arratoiak harrapatuz horiengandik babestu ohi du baserria. Eta ongi bete ohi dute eginkizun hori harrapatzeko grinak jangurak baino gehiago bultzaz. Baina katuek ez dute balio karakolak eta bareak uxatzeko.

 

UDARATIK UDAZKENERA IGARO (IRAILAREN 23-AN 10:50h.)

 

Udarako egunak gehiago udazkenekoak baino. Eguzkia onenak emanda urrutiratzen hasi balitz bezala edo albaka harrapatzen gaituela jartzen. Eguna laburtzen eta gaua luzatzen. Ongi gabiltza oraindik baina tristetzen  hasten gara honezkero.

Eguraldiaren martxak ere gehienean egin ohi du nolabaiteko aldaketa. Mendebaldetiko eraso gehiago eta euria sarriago.

Uda garaian eguratseko behe geruzak eta goietakoak askotan ibili ohi dira bakoitza bere erara. Bata bestearengandik aparte. Trumoia eta ekaitzetarako joera hor goian garatu ohi dira udaran. Behetan berriz behe laino, gandu eta enbatak. Hauek euri gutxi ekarri ohi dute eta udaran euria dezente botatzekotan ekaitz giroa ekarri beharko lukete. Horregatik deitzen zaio bi solairuko eguraldia udarakoari.

Udazken aldera nahasten hasten da izaera hori. Askotan mendebaldeko fronteak bietatik izan ohi ditu nahasian. Enbata koska galanta eta trumoia dinbirri-danbarra zeru sabaian, tanta handiko euri jasak botaz. Tenperatura beherago eta oskarbi gutxiago, zeruan lainoak eta hodeiak ugalduaz. Irailean eman ohi da gehienetan aldaketa hori. Enbataren haize bisutsa eta hego haizearen ufadak borroka bizian batzuetan. Horrelakoetan mendebalak irabazi ohi du gehienetan, petralaldia ekarriz.

Kontuak kontu ez dirudi aurten okerrerako aparteko joerarik hartuko duenik. Abuztuan euria tamainan bota du ipar partean behintzat eta kanpoak ederki mantendu du busti puntu egokia. Tenperatura ere tamaina egokian. 

Gipuzkoan ez da egoten orain garia jasotzen lanik eta artoa eta babarruna ere oso gutxi. Agian penagarria da joera hauxe. Bertatik bertarako janari bezala oso onak ziren horiek. Asko estimatzen genituen babarruna eta taloak.

Aurreko artikuluan esaten nuen insingnis pinua kinka larrian dagoela oraintxe eta etorkizunik ez ote daukan horrek. Eta orain esango dut bertatik bertarako janari produkzioa ere kinka larrian dagoela baina hori berpiztu daiteke eta gainera onuragarria izango litzateke. 

Pertsonentzat janari sanoa eta goxoa produzitzeko paraje aproposak direla hauek iruditzen zait. Esplotazioa edo baserrien estruktura asko aldatu da lehendik. Lehen baserritik bizi ziren baserritar gehienak baina orain gutxi bizi dira horrela eta labrantza edo lurrak lantzea ia erabat desagertu da.  Belardi bihurtu dira inguru gehienak, ardiak eta astoak larrean direla, inguruak txukun edukitzearren. Hala ere baserrietako biztanleak gutxitzen doaz eta panorama tristea sumatzen zaio hemengo lurraldeari. Mendialdeetako maldetan sasia eta sastraka ugaltzen ikusten da eta mendietako pizti gaiztoak ere bai. Gizarteak kontuan eduki beharko luke panorama hau eta arreta jarri gai honetaz, administrazioak barne.                     

 

 

 

 

 

 

 

PINU INTSIGNIAREN GAITZAREN ONDORIO LARRIAK

ETA ZORIONAK GABONETARAKO

 

Orokorrean zuhaitzak negurako orririk gabe geratu ohi dira, erretxina dutenak izan ezik baina aurten intsigni pinuak ere kolore itsusia hartu du gaitz txar batek harrapatuta. Ematen du gainera ez daukala salbaziorik eta erabat desagertuko dela zuhaitz mota hori. Inguru hauetan egur asko dago zuhaitz mota horrenak eta atarramendu txarra sumatzen zaio hori guztia modu onean kudeatzeari. Jipoi galanta suposatuko du horien jabeentzat eta egur hori baliatzen dutenentzat. Nik uste dut administrazioak oso kontuan eduki behar lukeela panorama hau. Ea zerbait asmatzen den oker galant hori ahal den heinean gutxitzeko.

Baina jarri gaitezen pixka bat urte garaiari begira. Udazkenean gaude eta negua ate joka. Izan ere askotan hartu ohi du negu itxura galanta Abenduaren aurrenetan ere. Gaua luzea eta askotan egunez ere nahiko ilun azpi beltzeko lainotzarrak itsasaldetik sartzen zaizkigunean. Ama-birjina Abenduko argitu orduko ilunduko. Bai, egunik motzeneko hila dugu hau.  Santa Luziatik Santo Tomasetarakoak dira motzenak. Abenduko eguna argitu orduko iluna. Gero poliki hasten da luzatzen baina esaerak dioenez urte berritan eroek ere igarri eguna luzatzen hasi dela. 

Zer eguraldi egiten duen bardago alde galanta eguneko argitasunari dagokionean. Aurtengo Abenduan hegoaldetiko joera izango dela nagusi sumatzen da. Aldaketatxo batzuk gora behera beti izaera horretara itzuliko dela dirudi Abendu guztian. Elurra eta izotza oso gutxi baina tenperatura aldetik epela asko nabarmendu gabe, garaiaren tonikari eutsiaz. 

Eguberri eta Santu Inozente hotza dator derrepente dio esaerak baina elurra mendi puntetan pixka bat besterik ez aurtengo Abenduan. Hilaren 21-ean gaueko hamaiketan sartuko gera neguan. Eta beti ematen du horrek beldur pixka bat.

Udazkena nahiko ona dihoakigu aurten. Udaberria baino askoz hobeagoa behintzat bai. Eta ikusiko dugu hurrengo negu hori nola portatzen zaigun. Neguak negu girotik ere behar du pixka bat, naturaren martxa errespetatuaz. Eguraldia ere garaian garaikoa hobe, nahiz eta guri batzuetan norma hori asko gustatu ez. 

Mundu mailari begiratu ezkero, gure lurralde hau onenetakoa dela iruditzen zait eguraldi osasuntsua egiten. Beraz, neurriak hartu eta konformatu animoa pixka bat maneiatuaz. 

Asko balio dute bi eginkizun horiek. Dena ez dago gure esku baina dezente bai. Gabon jaiak eta abar ez dira txarrak gure animoa pizteko. Zerbaitegatik jarriko zituzten jai berezi horiek urte garai horretan. Itxura tristeko garaian motibo bereziak, elkar animatuz, gure bihotz eta buruak zoriontsu jartzeko. Beraz, gora bihotzak eta piztu burua. Zorion galantak nire partetik ere. Agur eta hurrengora arte. 

 

 

 

 

 

 

 

PAGOTXA, A ZE MAUKA! edo (a ze pagotxa!)

 

Ganadu edo abereentzat janari berezia zen hauxe. Korte edo ebaki aldi bat bakarra ematen zuen. Udazkenean ereiten zen eta udaberrian ebaki. Gero artoa eta babarruna ereiteko aprobetxatu ohi zen lur hori.

Udaberrian lehenengoetakoa, janari goxoa eta ona zen abereentzat. Animaliak haizetzeko arrisku gutxi eta esnea ugaltzeko aproposa zen.

Urtero erein ohi zen soroen zati bat eta gustora jan ohi zuten behiak eta errapeak potolatu ere bai. Hiru orriko hostoak eta lora gorri luzexkak zituen eta itxura marduleko belar mota zen. Orriak eta kirtena bigunak baina lore gorri hori agertu ezkero, zahartzen hasten zen azkar.

Baserri askotan ereiten zen urtero soro zati bat, udaberrian ganaduak lehenengo jateko berdea izan zedin. Erderaz “trevol encarnado” deitzen zitzaion eta beste belar bat, euskeraz frantses belarra deitzen zitzaiona, erderaz “trevol violeta”. Honek ere horri hirusta zuen eta janari mardula. Urtean hiru edo lau ebaki aldi oso gustukoak gainera baina animaliak haizetzeko arriskua zuen. Lur landuetan mardul hazten zen urte batzuetan baina bakantzen hasten zenean berriro ere soro bihurtu behar zati hori.

Pagotxak lore gorri luzexka zuen eta hostoak ere hirukoitz luzexkak. Frantzi belarrak, lore gorrista bai baina biribila eta hostoak ere pagotxak baino biribilagoak. Biak ziren ganaduentzat janari mardul eta goxoak. Baina esan bezala frantzi belar horrek ebaki aldi asko eta pagotxak bat bakarrik baina berau mardulagoa.

Oso ezagunak eta garrantzizkoak ziren baserri munduan belar horiek. Alde batetik ganaduak jateko bikainak zirelako eta bestetik soro lurrei atseden alditxo bat bezala kontsideratzen ziren baserrietan.

Baziren beste belar mota batzuk ere misio berdina betetzen zutenak. Adibidez allubrea, txilista eta abar. Baina pagotxa izango zen famatuena bere mardultasun, biguntasun eta goxotasunarengatik.

Soroetako lurrak lantzen ziren garaietan, horien etekina mantentzeko ahaleginetan erabiltzen zen taktika edo martxa hori eta bide batez ganaduak jateko bezala ere osagarri bikaina. Beraz, belar mota berezia eta estimu handiko janaria edozein ganadu motentzako.

Baina nik hau aipatu nahi nuen batez ere poxpolina bezalaxe beste esanahi batzuetarako erabiltzen zelako. Eta hitz horiek zertatik datozen ahaztuta. Harrigarria da hain denbora gutxian eta oraindik bizirik dauden belar ezagun batzuen izenak hainbeste desbideratzea. Badakit baserri munduko izen asko baztertu direla eta polit batzuk ere bai. Beste lantxo bat egin behar dut fenomeno honetaz. Beraz, agur irakurle guztioi eta hurrengora arte.  

 

 

POSPOLINA (HARITZAREN EZKUR MOTA BAT )

 

Haritz arbolaren haziari ezkurra deitzen zitzaion. Eta lehortzen zirenean, urtero erori egiten ziren. Baina tarteka ezkur bereziak sortzen ziren zuhaitz horietan. Guk pospolina deitzen genion.

Kanika moduko ale bereziak ziren eta lehortzen zirenean zuhaitzean gelditzen ziren aldi batean. Zulo txiki bat edukitzen zuten eta baserrietako umeek jolaserako erabili ohi zituzten.

Zulo txiki horretan txotx txiki zuzen bat sartu eta katiatuz, bi behatzekin tinko eragin eta lurrean tente bueltaka utzi. Zeinek gehiago iraun arazi modu horretan erori gabe. Irabazlea artista kontsideratzen zen.

Baditu bai naturak horrelako trukotxoak. Adibidez pagoaren iheska eta beste zenbait arbolen mirua, huntza edo goroldia. Baina lurralde hauetan autoktono edo bertoko zuhaitz motetan gehien aprobetxatu dena haritza izango da.

Garai batean gaztaina ere dezente, batez ere arotz lanetarako. Baina zuhaitz horri gaitza sortu zitzaion eta erabat desagertu zen paraje hauetatik. Orain ez da ia bat ere ikusten.

Gaztainaren alea janari ona zen pertsonentzako ere eta erreta edo egosita asko aprobetxatzen zen. Baserrietan danbolinean erreta asko jaten zen. Gabonak arte gaztaina aleak ederki mantentzen ziren. Eta ardiei ere asko gustatzen zitzaien.

Orain inguru hauetan ez da zuhaitz mota hori ikusten. Pinuak hartu zuen sekulako estimazioa. Papergintzarako eta tratamendu bidez materialetarako ere balio zuela eta hori landatu zen galanki inguru hauetan.

Beste zuhaitzak asko desagertu ziren hemengo basoetatik. Horrela gaur egun, pospolin ezkur hori aurkitzea ez da erraza eta zer den ere ez daki jendeak. Polita adierazteko hitza dela uste dute eta ez da inon agertzen horren esplikaziorik baina baserriko jendeak badaki ondo asko zer eta nola den hori. Geuk ere umetan jolasa franko egiten genuen jostailu txiki horrekin.

Animaliak ere ez dute jaten egur lehorra besterik ez delako.

Ea berriz ere berpizten diren zuhaitz mota horiek. Mendietako paisaia dotoretu bederen egingo lukete. Izan ere azkar hazten diren zuhaitz mota hauek ez dute asko balio gaur egun.

Insignis pinua gaitzak jota dago eta erabat desagertuko da paraje hauetatik. Garai haietan baserrietako bizimoduan garrantzi handia zuen basoak. Etxeko martxarako osagarri garrantzitsua izan ohi zen. Baina orain erabat ezberdina dago lurraren kudeaketa. Eta ez zaio antzik ematen zertara joko duen baina nik uste dut arreta pixka bat merezi duela nola edo hala gizartearen estimua sortzea. Eta txalo joko diogu pospolinari. 

 

ITZIARKO MIKROKLIMA EDO BERTOKO GIROA

 

ITZIAR LURRALDE OSOA HARTUTA

 

Aldi baterako eguraldiaren joerari klima deitzen zaio eta mikroklima inguru mira txikikoari; inguru zabalagokoari, berriz, makroklima deituko genioke.

Orografiari dagokionez, lurralde hau orokorki oso menditsua da eta itsasertzak mugatzen du iparraldetik. Horregatik eguraldiaren elementuak ez dira berdin portatzen eskualdeko leku guztietan; aldarte eta ezberdintasun handiak ditugu inguru hauetan. Makroklimari dagokionez itsasoaren eragina ere kontuan hartu behar da.

  Golkoko korrontea (Corriente del Golfo) deitzen zaion fenomeno horrek harrapatzen du gure itsasaldea;  bere ukitu bereziak aparteko eragina du hemengo giroan, batez ere Euskal Herriaren ipar partean. Itsaso sakonetik datorren ibai erraldoi moduko mugimendu horrek  harrapatzen omen du modu berezian gure itsasaldea. Karibe aldetik abiatu eta Atlantikoa zeharkatu ondoren Bizkaia Golkoan amaitzen omen du bere ibilera, gure parean iparralderantz pixka bat kiribilduz. Baina mugimendu hau itsaso sakonekoa denez, azalean haizeak eragiten dituen mugimenduekin ez dauka zerikusi handiegirik. Hori guztia modu horretan hartuta zentratuko gara Itziarko mikrokliman.

Izan ere esan ditugun kontu guzti horiek zer esan handia dute hemengo giroarekin, baina Itziarko eguraldiaren joerak ere, beste lekutakoak bezalaxe, baditu propio bere berezitasunak. Esan bezala paraje menditsua dugu hau; mendi txiki asko baita handi samarrak ere. Hor alboan dugu Izarraitz mendia, inguruko mendi koxkor guzti hauen aita dela esan dezakeguna; eta lan ona egiten du hego haizea gehiegi zakartu ez dadin oztopoa jarriz. Andutz eta Agiro edo Sesiarte izango dira Itziarko altuenak baina txikiagoak asko dira. Mendi gehienak izaten dute sakon gunea inguruan; baita tarteka bizkar muino politak ere. Lur eremuaren gora-behera horrek asko baldintzatzen du eguraldiaren joera, bertoko giroa edo mikroklima sortuz. Sakongune aipatzekoak Lastur, Sastarrain eta Arrua Beheko ibar aldeak lirateke.  

Haizeak norabide guztietatik jo ohi du, beste lekuetan bezalaxe, baina ipar mendebala da hemen nagusi; eta itsasaldetik datorrenez, hezetasun handiarekin eta lainoak herrestan dituela etortzen da, euri bisutsa botaz. Erasorik baldarrenak hortik etorri ohi dira eta petralenak iparretik. Eguraldirik goxoenak, aldiz, ekialdetik, udaberrian batez ere. Udaberrian eta udan bi solairuko eguratsa izaten dela esan genezake: goikoan ekaitzetarako joera duena eta behekoan enbata edo laino baxuen arriskua dakarrena ipar haizearekin. Udazkenean hego haizearen ufadak protagonista izaten dira.  Txankarta soinujoleak esan ohi zuen hego haizea Itziarko kasko inguruan sortu edo jaiotzen zela; arrazoi pixka bat bazeukan, noski; izan ere Txapasta gainean eztarri moduko estugunea sortzen dute Andutz eta Lizarreta mendiek eta haratagoko sakongune zabal horretako haizeak honantz pasatzerakoan zakartu egiten du bere abiadura eta Itziarko erdigunea zigortu. Andutz mendiak badu kulpa pixka bat horretan, eta Itziartarrok mendi hori asko maite dugun arren, nolabaiteko kaltea egiten duela aitortu behar, ekialdetiko goxotasuna oztopatzen baitu. Itziarko eguraldiaz ari garenez, badira aipatzeko moduko berezitasun politak ere:

 - Izarraitz eta Ernio mendien lainozko txapela, adibidez, eguraldi txarraren abisua da; ipar mendebaldeko erasoaren baieztapena.

 - Beliosotik Ondarroako itsasontzien sirenak ozen entzuten baziren, eguraldi txarra ziurtatua zegoen.

– Pago-usoen, tortolen, paseak hego haizea martxan zela ziurtatzen zuen.

- Itsaso gainean laino baxu edo enbata lainoak agertzen baziren beti helduko ziren  Agiro mendiraino eta zirimiria seguru mendi malda horretan.

- Lastur zuloan eguraldia goxo eta Endoiako bizkarrean hego haizea zakar.

 - Belioson hego haize eske eta Endoiako Txankartan haizetzar horri errietan beti.

- Belioson epel samar eta Arrua Behean izotza.

Ernio aldetik datorren hego haize leuna izan ohi da lurralde honetako biztanleentzat maitagarriena eta ontzeko belarra ebakitzeko ere une seguruena. Garai batean jende asko bizi zen lurralde honetako baserri munduan. Nekazaritza, laborantza eta ganaderitza edo abere zaintza ziren hemen lehentasunak eta fruta arbolak eta basoetako egurrak ere garrantzi handia zuten. Klima hezeak asko laguntzen du lurraren ustiatze horretan; eguraldi aldakorregia agian zenbait lanetarako; horregatik eguneko lanaldia antolatzeko unean, eguraldiari begiratu behar lehenbizi. Larrabehiak, ardiak eta ahuntzak ugari mendi gainetan; behiak eta txahalak berriz ikuiluetan eta astoak ere prest inguruan. Baserri bakoitzak zuen bere lur eremua eta familiakoak ziren bere kudeatzaileak. Morroi edo neskameren bat, agian, laguntza emateko. Jateko eta lo egiteko bakarrik uzten zitzaion lanari; baita gaixotasunarekin ere, eta zahardadearekin nekez.

Guzti honek horrela funtzionatzen zuen klimaren edo eguraldiaren joerak laguntzen zuelako; paraje hezea eta kanpoa beti irabazian, nolabait esateko. Atseden alditxoa neguan izaten zen, baina lurralde osoa harrapatzeko moduko elurterik oso gutxitan gertatzen zen; mendi puntak noiz zurituko zain beti baina gutxitan jaisten zen elurra behetara. Gaur egun ere berdintsu. Paraje baldar samarra baina landa emankorra eta oparoa.  Hara hor Itziarko mikroklimaren berezitasunak. Eta baserri munduaren atarramenduak beste batean aipatu beharko ditugu.  

 

                                                             JOXE

                            

ABENDUA EDO LOTAZILA

2016.eko  ABENDUrako  ARTIKULOA

Abendua edo lotazila, kanpoa edo landa lotan dagoen hila, alegia. Lehengoan azaroa neguaren ataria esaten genuen, baina oraingoan neguaren atariko atea ere bai, alajaina. Naturak orain bai hartzen duela itxura kaskarra, izan ere munduak eta eguzkiak beren ibilbideak dauzkate eta elkarren arteko kokapena aldakorra da. Mugimendu horiek ez dira zeharo borobilak edo egokiak, gure ustetan, baina txintxo demonio jarraitzen dute mendez-mende milimetro bat ere okertu gabe. Unibertsoaren barnean punttu txiki-txiki bat besterik ez da gure mundu kankailu hau; auskalo noiz hasi eta nola bilakatu den denboraren joanean. Bolatxo honen azala da guretzat garrantzizkoa, bere itsaso, lur, eguratsa eta guzti bizitza bermatzen baitu; espezie ta itxura askotako bizidunak daude bertan eta sekulako dinamika denen artean.

Munduaren sorrerari eta eraketari begiratuta denboraren buztanaren azkeneko puntan sortu zen gizadia. Beste hainbat bizidun izango ziren aurretik, noski, txikiak eta handiak, uretakoak ala lur lehorrekoak; baita landareak eta abereak ere. Hasiera haietako arrasto garbirik aurkitu ezin den arren, zientzialariek asmatzen dituzte zenbait teoria eta uste.

Espezie batzuk desagertu dira, baita beste batzuk sortu eta agertu ere; sailkatu gabeak ere oraindik asko izango dira, zalantzarik gabe. Baina espezie garrantzizkoena gizakia izango da, gure ustez behintzat; besteei galdetzerik ez dugunez… Pixkanaka, baina etengabe, ugaltzen joan den espezie bat da gizakia, sarriegi elkar akabatzen saiatu den arren. Zazpi mila milioira iritsita egongo omen da gizabanakoen kopurua, alajaina. Asko da baina, nire ustez, badago oraindik askoz gehiagorentzako lekua, naturaren oparia ondo banatzen jakingo bagenu.  Baina ikusten denez espezie hau ez da animalia oso txintxoa, ezta oso adimenduna ere. Askotan etsai arriskutsua bihurtzen da naturarentzat, beste  bizidunentzat, baita gizakia berarentzat ere; badirudi bere ingurunea izorratzea duela helburu. Gerrak, zapalketak eta gehiegikeriak bazter guztietan eta gizatasuna auzoan. Beste espezietan ez dirudi hainbeste izorramen sortzen denik elkarren artean.

Asko gera baina elkarren onurari gehiago begiratuz goza daiteke bizi-giroa. Ongi zaindu behar genuke natura, bizitzeko beharrezkoak ditugun elementuak eskura izan ditzagun. Helburu hori bermatzeko zein ahalegin gutxi egiten dugun sinestezina da. Gizakiok ez beste espezie guztiek askoz hobeto zaintzen dituzte beren baitako hartu-emanak; denek funtzionatzen dute beren tamaina, izaera eta bestelako berezitasunen arabera, beti ere beren inguruneari ongi egokituta, bai abereak baita landareak ere. Gizakiok gara larri ibiltzen garenak dinamika hori taxuz zaintzen. Mundua dugu hainbeste milaka miloi gizakion etxea edo bizitokia eta natura da gu guztion janaritegia.

Eguraldiaren atarramendua eta beste hainbat baldarkeria badira inguru-mira horretan baina hortxe moldatu behar nola edo hala; baina adierazi nahi dudan moduan asko legoke gure esku moldaketa horretan. Helburu hori ahalik eta hoberen lortzeko geu elkarrekin ongi konpontzea da lehenbiziko lana eta bide batez geure buruarekin bakean bizitzea, izan ere askotan hori ere ez dugu egiten.   

Gaurkoz nahikoa izango dut eta ea hurrengoan jarraitzen diodan gaiari.    

                                                                 JOXE LANDA

ANIMALIEKIKO TRATAMENDUA EDO ARRETA

 

Gai hau luzea eta zabala dela uste dut. Ziur nago gizakiok betidanik izango genituela animaliak edo abereak inguruan. Ongi dakigunez, animalia erreinuan milaka edo milioika espezie edo mota daude: abereak, hegaztiak, arrainak eta mila motako intsektu edo xomorro. Ezin ahaztu ikusten ez diren birusak, bakteriak eta era guztietako mikrobioak, batzuk oso kaltegarriak, baina gehienak gizakion mesedegileak.

Oro har, animaliak modu askotara baliatzen ditugu; gehienetan elikagai iturri moduan, baina bestelako erabilerak ere aipatzekoak dira: lanerako, jolaserako, kiroletarako, sendaketarako eta abar luze bat. Baserri munduan eman izan da, batez ere, animalien edo abereen baliakuntza era askotako onurak lortuz; horregatik zen aberatsa abere asko zituena.

Animalien tratu txarrak ere emango ziren, ezin ukatu, baina ez oinazea ematearen alde, beharrak eraginda baizik. Ziur nago gehienetan alderantzizkoa izan dela; onginahia eta estimua asko eman zaie animaliei, hegaztiak barne, janaria edo elikagaia bermatzen zutelako eta lanerako laguntza ezin hobea. Zenbait ganadu uztarrian soro lanetarako eta garraiorako. Jolas lagun eta entretenigarri ere izan dira askotan. Txakurrak eta katuak ere izan dute bai beren eginkizuna: txakurrak atezain eta ehizerako, katuak arratoi eta xaguak harrapatzeko aproposak, eta biak umeen jolaserako eta dibertsiorako askotan. Mis edo xapi katuei eta xaxa edo mee meee txakurrei, arre eta soo eta abar. Horrelaxe etxe abereekin edo esku artekoekin; pizti erasokor eta amorragarriak ere ahaztu gabe, baina oro har, animaliei sufriarazteko berezko asmorik ez dut nik sumatu izan baserri munduan.

Ezinbestean akabatu edo hil beharra askotan izan ohi da, baina egiteko hori ere ahal den motzena eta azkarren egin izan ohi da, inolako basakeriarik gabe. Agian, txerria hiltzea izango zen deigarriena, gehien sufriarazten zuena, odola aprobetxatzeko helburuarekin, noski, baina horri ere neurria hartu zitzaion; baina animaliak sufritzen ikustearekin gozatu, ezta pentsatu ere.

Mota askotako osagarria izan ohi da animalia baserri munduan eta orokorrean gure munduan. Ganaduak ikuiluan lotuta edukitzea ez dut uste tratu txarra denik, baina bai, gehienetan, ezin bestekoa. Zezen plazetan zezenei ematen zaien tratua benetan tratu txarra dela esango nuke eta gainera askorentzat ikuskizun traumatikoa; zalantzarik gabe, asma daitezke eginkizun entretenigarriagoak horrelako basakeriarik egin gabe. Animaliekin kontatu beharra daukagu gizakiok baina ez gaitezen gehiegi zabartu gai hau manipulatuz.

Zenbat aldiz, goxo-goxo behiak eskuilatu ditugun beraiek gustura daudela sumatuz; edo oiloei arto edo gari aleak zabaldu purra-purra dei eginaz edo katuari mis-miis eginaz esnea eskaini. Horrela estimatzen eta tratatzen genituen etxe inguruko animalia asko eta asko;  pizti amorragarriak ere baziren noski eta horiek ere bazuten beren eginkizuna. Denen artean osatu ohi da naturaren martxa.

Nik uste dut probatu ez duenak ez dakiela zenbat estimatzen diren baserrietan inguruko animaliak. Xaguak, arratoiak, satorrak, axeriak, basurdeak eta horrelakoak ez hainbeste, agian; eta zapalaitzak eta hegazti harrapariak ere ez. Karakolak, bareak eta sugeak ere ez dira izan ongi ikusiak, ezta kakalardoak, liztorrak eta euliak ere. Baina guk argi ikusi ez arren, horiek ere nolabaiteko betekizuna izango dutelakoan nago naturaren oreka osasuntsu mantentzeko eta guztion onurarako.

Beraz, ondorio gisa, gizakion gozamenerako animaliei tratu txarrik ematea inolaz ere ez.

                                          TXORIZO MUTURREN IPUINA

Bi txorizo mutur agertzen ziren bazkaltzerakoan. Bat Ekainen platerean eta bestea Enaitzen platerean. Potxolo-potxoloak eta eleganteak. Ekainenak Bikain zuen izena eta Enaitzenak Banaiz. Goiko aldea borobila zuten. Buruaren antzekoa. Suhatzaren itxura ere bazuten baina kolore gorrixta eta azal leunarekin sekulako itxura polita zeukaten.

Jateko gogoa ematen zuten eta horretarako ziren gainera. Kontxo, hau duk hau komeria. Jende guztia beraiei begira jartzen zen alajaina. Bikain Ekainek jan behar zuen eta Banaiz berriz Enaitzek. Ondo maneiatzeko tenedorea jarri behar zitzaien tente goiko puntan eta tenedorearen tartetik kutxiloarekin ebaki beheraino. Eta tenedorea beste aldera jarri eta beste ebaki bat tartetik behera. Horrela lau puzka luzexkak ahora eramateko prest.

Tenedoreak egin behar zuen eskabadoraren lana. Txorizo puzka hartu eta Ekain edo Enaitzen ahora eraman. Hor errota zegoen eta ahoa martxan jarriz txiki- txiki egin eta txistuarekin nahastuz irentsi egingo zituzten. Jan deitzen zaio lan horri. Eta tunel luze batetan aurrera urdailera joaten ziren.

Ekain eta Enaitz  gustora gehiago jateko gogoarekin. Aitaitak ayo pelayo eta amamak hi bai gozoa, eta hi.  Joxek berriz berak hiru behar zituela. Baina ez omen zitzaion komeni horrelakorik eta serio geratu zen. Estomagoan sustantzi onak apartatu eta zainetara bidali zituzten odol bihurturik gorputz guztia elikatzeko. Estomagoan sobratu ziren alferrikako zaborrak heste lodian behera joan ziren nik dakidan lekutik irteteko. Ez noa esatera irteterakoan nola zuen izena zabor horrek.

Komeri polita hauxe eta errepikatu dadila. Gora Ekain eta Enaitz eta gora txorizoak. Auuupa 

 

 URTAROEN ATARRAMENDUA

 

Aurreko idazkian txantxangorriarekin hizketan egon nitzenekoa jarri nuen eta han sumatzen zen txorientzako neguak ematen duen tristura eta larritasuna. Baina bizidun guztiak jasan beharrekoa da hori.

Urtaroetan apartekoa da neguaren petralkeria eta berezitasun hori. Hain zuzen lau urtaroetatik hiru uda hitzarekin hasten dira: Udaberria, udara eta udazkena. Beraz, negua dugu urtaroetan berezitasun gehiena duena. Naturak erabateko geldialdia egiten du zuhaitzak eta sastrakak biluzik geratuz. Eta biluzten ez direnak ere hostoen aldaketa berdin egiten dute negu garaian.

Animaliak eta xomorroak ere ezkutatu egiten dira, hiltzen ez direnak behintzat. Munduaren mugimenduak eragiten duen efektua izaten da hau. Izan ere eguzkia dugu hemen ezinbesteko bonbila eta berogarria. Bizia mantentzeko ezinbestekoa. Baina mundu honek bi bira edo mugimendu mota darabiltza etengabe eta txintxo betetzen du gainera eginkizun hori. Bat bere buruari buelta bat egunean eta bestea urtean buelta bat eguzkiari. Baina bira horiek ez dira zeharo biribilak eta pare-parekoak. Beti berdin eta txintxo bai. Milioika urteetan zentimetro edo minutu bat ere aldatu gabe.

Eguzkiari ematen dion buelta luzexka antzekoa da eta bere buruari ematen diona berriz albaka antzekoa. Horrek ez du esan nahi baldar eta noraezean dabiltzanik baizik eta unibertsoaren antolaketan horrelaxe geratu zitzaizkiela beren mugimenduak. Dena dela lurra edo mundua deitzen diogun baloitxo honi atmosfera deitzen diogun geruzatxoa jarri zitzaion eta horri esker bizia mantentzen da lurrazal honetan.

Mota askotako bizidunak eta horien artean gizakiak gaude. Espezie bakoitzak bere dinamika dauka baina guztiak jaio edo sortu egiten dira eta hil edo bukatu. Bizi iraupena  oso ezberdina baina biziaren transmisioa harra eta emearen jokoan datza ia beti. Horrelaxe mantentzen da natura edo naturaleza deitzen diogun munduaren azaleran daukagun bizi toki hau.

Hainbeste espezieren artean gizakiak gaude berton. Intelijentzia dugun bakarrak baina ez gara oso txintxoak. Ez natura zaintzen eta ezta geu elkarren artean konpontzen ere. Gizartearen atarramendua ikusita gezurra dirudi izaki intelijenteak garela. Zazpi mila milioi ba omen gara jadanik gizakiok munduan eta auskalo noiztikako espeziea garen. Hemen eta oraindik ez dugu ikasi geure artean ongi konpontzen. Adibidez tigreak eta lehoiak ongi konpontzen dira beren baitan nahiz eta beste animaliei eraso. Baina gizakiok premisa hori ez dugu ongi betetzen. Matxismoa deitzen zaion gizonkeria hori ere asko nabarmentzen da gizarte honetan. Hurrengo batean horretaz idaztea nahiko nuke artikulutxo bat. Ea zer ateratzen zaidan. Oraingoan hemen bukatuko dut eta agur guztioi. Ongi bizi.

 

TXANTXANGORRIAREKIN HIZKETAN


Gaur goizean atera naiz etxetik eta txantxangorria ikusi dut etxeburuko belardian. Pauso txikiak emanaz burua bizkor mugitzen zuen, mokoarekin golpeak botaz. Janari bila zebilela zirudien. Neguaren erdian gaude baina eguraldi ona egiten zuen. Apur bat gorantz joan naiz eta kasu egin diot berari. Kaixo txantxangorri. Gaur goiz jaiki zera alajaina. Zer moduz zabiltza ba?

Bai eguzkia baino lehenago jaiki naiz eta bi txitxare txiki jan ditut jadanik. Izan ere neguaren erdian gaude baina eguraldi ederrak egiten ditu eta gu poz-pozik gabiltza udaberria delakoan. Baina oraindik urruti samar dago hori eta kontuz ibili beharko dugu. Orain jolasera noa txepetxarengana. Kaskarin samarra da baina jolas lagun ona da niretzat. Gu, txantxangorriak eta txepetxak oso ongi konpontzen gara elkarrekin. Bakoitzak beretzat egiten dugun arren materiala garraiatzen elkarri laguntzen diogu. Hasita bait gaude udaberriko txori habiekin  pentsatzen. Guk txepetxak baino habia handixeagoak behar ditugu, kukutzar makal horrek ere gure habian lagatzen bait ditu bere arraultzak kuku-txitak ateratzeko. Jaiotzen direnean jatekoa ere geuk ekarri behar izaten diegu txita kankailu horiei. Eta beren kantu mozolo horrekin ez dakit nola daukaten hainbesteko fama. Zozoek eta birigarroek ere amorru pixka bat ematen digute beren zalapartazko hegaldiekin eta txitxarerik onenak kentzen dizkigute. Baina horiek ere txoriak dira eta txoriak beharrezkoak gara mundu honetan. Izan ere alaitasuna jartzen dugu geure kantu politekin.

Eta ez al dizue beldurrik ematen elurrak? Bai horixe. Gu baserriko ganbarara joaten gara babes bila baina kontuz ibili behar dugu katuekin. Zai-zai egoten dira eta laster botatzen dituzte atzamarrak gu harrapatzeko. Deskuidatu ezkero akabo. Gureak egin du eta katuaren sabelera azkar asko. Hala ere baserrian katuengandik babesteko nahiko leku eta zer jana egoten da. Guk kanpoan nahiago dugu baina gaizki moldatzen gara elurrarekin. Batzuk izaten dugu babeslekuaren suerte hau baina beste askok nola edo hala konpondu behar.

Hegazti edo txori mota asko ditugu inguru hauetan baina agian txantxangorria dugu sinpatikoena eta maiteena. Ezagunena eta otzanena ere bai. Txepetxa eta kukua izango lituzke lagunenak. Zozoa, birigarroa eta beste asko ere oso ezagunak eta lagunak ere bai baina baldarragoak agian. Kantalari hobeak ere badira baina izuagoak gehienetan. Beste hegazti batzuk berriz depredadore eta erasotzaileak lirateke eta txantxangorria eta txepetxa beldur izaten dira horiekin. Zapalaitza  edo putrea adibidez. Baina gora gure txantxangorri fina.

 

Txantxangorria txantxate,

birigarroa alkate,

txepetxa komediante,

zozoa kartzelan sartu dute.

 

 

 

 

NIRE OROITZAPENAK

ENDOIA BERE TXIKIAN HANDI

 

Paraje polita da Endoia gaina. Mendi muino zoragarria. Zestoatik Lastur edo Itziarrerako tarte horretan kokatzen da. Mendi koskorren bat egiten hasi ziren nonbait eta mendi kume edo mendixka gelditu. Mutur gisa Gurutze mendi aldea jarriko genioke eta ipurdi gisa berriz, Ziolarko gaineta aldea. Bizkar txontxorra Illarragorriko gaina. Orokorki tamaina ederreko altueran dago gainera. Ez beheregi eta ez altuegi. Garaierak honelaxe lirateke: Gurutzeko punta 441 metro itsasoaren nibeletik, Illarragorriko gaina 398 m., gainetako bizkarra 446 m., Endoiako eliza 339 m., Ziolar 406 m., Otzarreta 416 m., Beliosoro goikoa 400 m. Beraz, Ziolar dugu  auzoko baserririk altuena.  

Ertxina mendiarekin aurrez aurre dago Gurutze mendi mendixka hau. Tartean atakatxo baten gisako pasadizoa, Urola ibaiko urak eta harat honako haizeak igarotzeko gunea, eztarria bailitzan. Zestoatik hurbil. Hala ere haizeak gogor harrapatzen du Endoia. Hegoaldetiko haize lehorrak kolpe bortitzak jo ohi ditu Endoia bizkarrean, batez ere udazken aldean. Egutera aldea azkar lehortu ohi du horrek. Itsasaldekoak ere astindu ederrak bai boladatan. Honek enbata laino eta hezetasunak ekarri ohi ditu. Horregatik laiotz aldea gutxiago lehortu ohi da.

Beliosoro aldean berriz, Agiro mendiaren ipar magalean kokaturik, hego haizearekin babestuta baina itsasaldekoa amorragarria gertatu ohi da. Olazabalak erdizka agian. Haize lekua bai bada Endoia baina paraje alaia eta sanoa. Labrantzarako ere nahiko ona zen oro har.

Eguzki aldekoak lehorrarekin kexatu ohi dira sarritan. Askotan geratzen dira hor belarrak eta abar irabazi ezinean. Lehorrak gogor gaztigatzen ditu eguterako paraje horiek. Endoia gaina eta itsasalderako lurrak nahiko ondo eta Belioso aldean bustiarekin gaizki. Garai batetik asko aldatu dira lurraren kudeaketarako gora-beherak. 30 eta 40-ko hamarkadetan artoa, babarruna eta garia ereiten ziren zoroetan. Labrantzarako balio ez zuten lurrak, belarretarako on aurkiak eta garotarako edo basotarako besteak. Gehienetan soro lurretatik, hirutatik batean ereiten zen garia. Eta bi urte segidan artoa eta babarruna. Horrela txandakatuz lurra hobeto kudeatzen zelakoan. Batez beste 40 anega garia (2000 kilo), 80-100 anega (4000-5000 kilo) artoa eta 10 ( 500 kilo) babarruna.  Lan asko ematen zuten kosetxa horiek.

Hirurogeigarren hamarkadan ganaduak gehiago ematen zuelakoan, kosetxa horiei utzi egin zitzaien belarretara dedikatzeko. Baserriari erabat utzi ere bai batzuk, tailerretan gehiago irabazten zelakoan. Endoian batzuk alde egin zuten horrelaxe eta horietatik hiru behintzat utzik geratu ziren. Horrela garai haietako 16 baserrietako 150 bat biztanleetatik gaur egungo 54-ra jaitsi da Endoian bizi den jendea. Hiru baserri erabat utzik daude baina bizitoki berriak ere egin dira. Biztanleen kopurua zehatz-mehatz  kontatzen ez da erraza baina gutxi gora behera joera hori ikusi da Endoian.

Endoia berpiztu edo horrelako zerbait asmatu beharko litzateke agian berriro ere. Nik uste dut horrelako leku politak mereziko lukeela zerbait. Artoa eta garia ereiten ez da berriz inor hasiko baina bizi tokia leku zoragarri horretan edukitzeak galanki balioko luke. 

Uztapide bertsolaria Uztapide baserrian jaio zenetik 105 urte direla eta  Endoiarekin pentsatzen jarrita, atera zaizkit kontutxo hauek. Hain zuzen nik bezalaxe Maiatzean betetzen zituen urteak. Ni Belioso Goikoan jaio eta bizi izan nintzen urte askotan.

Mila gauza esan daitezke Endoiataz gure gazte denbora oroituz. Uztapide berak ere kontatzen zituen anekdota politak. Baina beti ere parajearen edertasuna aipatuz. Horrek liluratzen zuen nonbait. Horra ba, gure Uztapide handia ere joan zitzaigun eta honezkero bertso ederrak franko bota ditu goialde horretan ere.

Guk asko ezagutu genuen eta errespetu handia genion berari. Baina gizon jatorraren irudimena geratu zitzaidan niri. Gutxitan haserretu eta petralkeriarik sekula ez. Nik behintzat neu bera bezalakoa izan nahi nuela askotan pentsatu ohi nuen.

Gure etxean lanean askotan jardun ohi zuen. Gizon fuertea ere bazen bera. Haren besa zuztarrak ez ziren gure besa makilaren antzekoak. Baina gu oso ondo konpondu ohi ginen berarekin. Guk, mutil koskor zaharrok, bihurrikeriaren bat egiten genuenean, serio jarri  ohi zen bera eta bai gu txintxotu ere.

Behin artazuritzen ari ginela, jolas gurea etorri zitzaigun eta han genbiltzan txilipurdika malutak artaburuekin nahastuz. Gure Manuel hau seko haserretu zen oraingoan eta hutsik zegoen gari kutxa batean sartu gintuen hiru mutil koskor. Atea itxi eta han geratu ginen isil-isilik untxiak kaiolan bezalaxe. Baina bihotz bera izan nonbait eta berehala etorri zen gu handik ateratzera. Serio samar lehenbizi baina ipuin zaharren bat kontatuz berehala jarri ginen umore onean eta txintxotuta.  Horrelako anekdota pila bat gogoan ditugu oraindik. Eta liburu galantak ere badira idatziak Uztapide bertsolariatzaz.

Baina horretaz aparte ere Endoiako auzoak baditu bere historian hainbat gauza eta gertakizun berezi eta harrigarriak ere. Garai batean auzo lanerako egon zen borondatea aipagarria da benetan. Argi indarra ekarri zenekoa, etxeetako uraren premiak osatzeko auzo lanean egindako lanak eta bideak zaintzeko ere beste hainbeste. Itziartik zetorren errepidea Endoiara luzatzea. Hau ere auzolan garrantzizkoa izan zen. “Kamiñoa” esaten genion eta sekulako aurrerapena zen Endoiako auzoarentzat. Uztapide bertsolaria ere han ibiltzen zen tarteka koadrilan lanean. Elkarrekin egiten genituen merienda eta afarietan parte hartzen zuenean bertso saioa seguru. Nekeak arintzeko aproposa zen hori.

Baina garrantzizkoenak, eliza eta eskola etxea egin zirenekoa izan zen. 1951 eta 1952-an burutu ziren eraikuntza horiek. Igandeetan meza entzutera joatea derrigorrezkoa zen orduan eta urruti genituen leku horiek. Batzuk Lasturrera joaten ginen eta beste asko Arruara. Bertoagoan nahi genituen eginkizun horiekin konplitzeko lekuak. Horrela asmatu zen auzolanean eraikitzea eliza, apaiz etxea eta eskola tokia. Handik eta hemendik limosna moduan lortu zen diru pixka bat derrigorrezko gastuetarako eta ahal zuten guztiak eraikuntza lanetan lagunduz, jaso ziren elizatxoa, apaiz etxea eta eskola etxea. Bikain portatu zen jendea eta inauguratu ziren obra garrantzizko haiek.

Horretaz aparte ere bazen Endoian joera berezia auzo lanetarako. Artajorrak zirela. Gari epaite eta gari jotzeak. Garoa ebaki eta zuhatzetan ipini. Arto zuritzeak. Sagardogintzarako tolare lanak. Lehenago karobiak ere bai. Eta beste hainbat motibo izaten ziren auzo lanean jarduteko. Uztapide baserria zen erdi gune eta bilduleku aproposa bailara guztiko jendearentzat. Hori eliza egin aurretik eta geroago ere bai.  Gaur egun, pixka bat aldatu dira gauzak baina paraje polit eta zoragarria izaten jarraitzen du Endoiak.

Gaurkoz nahikoa izango dut eta hurrengorako ere zer edo zer asmatuko dudalakoan ondo pasa dezazuela opa dizuet guztioi eta bereziki Endoiarrei laster festetan izango direlako. San Asentzio, aurten ekainaren 1-an. Animorik ez galdu eta ondo gozatu bizitzarekin.                                                                                                                               

 

 2014-06-24 

 

 MUNDUAREN ATARRAMENDUA

 

Udaberria eta udararen muga igaro berria dugunez munduarekin pentsatzen jarri naiz. Gu bizi garen mundu hau bere buruaz biraka dabilen baloi baten formako bolatxo bat bezala dela eta aldi berean eguzkiari biraka dabil. Egunean buelta bat bere buruari eta urtean bira osoa eguzkiari. Bira horiek ez dute justu-justu koadratzen elkarrekin. 24 ordu eta pikotxo bat bere buruarenean eta 365 buelta eta piko eguzkiaren bira osatzeko. Zehazki esateko: 23 ordu, 56 minutu eta 4 segundu behar ditu bere buruari buelta osoa ematen. Eta 365 egun, 6 ordu eta 9 minutu eguzkiari buelta osoa ematen. Horrela piko horiek urtero konpontzen ibili beharrean, hiru urte 365 egunekoak eta laugarren urtea, bisiestoa deitzen zaiona, 366 egunekoa egiten da. Hala ere beste piko bat gelditzen dela eta 400 urtetik behin 367eguneko urtea izaten omen da. Hori bai, koska txiki horiek gora behera zintzo jarraitzen du bere martxan gure mundutxo honek eta nik uste dut gainera puska baterako kuerda badaukala oraindik.

Eguzki sisteman kokatzen omen da mundu hau. Espazio esparru edo sistema horretako ardatza eguzkia izanik bederatzi planeta omen ditu bere jiran. Mundua horietatik hirugarrena da distantziaz eta bostgarrena handiz. Mundutik eguzkira 149.600.000 kilometro gutxi gora behera. Dezente dela dirudi. Harrikada batekin harrapatzeko moduan ez behintzat, baina hala ere berotasun pixka bat iristen zaigu honaino ere.

Lurraren gerri bueltak 40.075 kilometro omen dauzka. Baina eguzkiaren bederatzi planetetatik lau lurra baino handiagoak dira.

Bere adinari dagokionez duela 4.570.000.000 urte jaio omen zen. Jakintsuek diotenez sasoiko dago oraindik. Beste hainbeste urte iraun omen ditzake. Unibertsoan milioika sistema egongo omen dira eta sistema bakoitzak milioika izar edo mundu omen ditu. Baina oraingoz ez dute mundu hau besterik topatu bizia dagoen tokirik. Baina bere biztanleen artean badu animali mota bat nahiko arriskutsua dena. Gizona edo gizakia da animali mota hori. Beste espeziek ez bezala elkarrekin burrukan hasteko prest egoten dira beti. Intelijentzi apur bat ba ote duen eta inguruan sumatzen dituen elementuekin apurketarako inbentoa deitzen dioten asmakizunak sortzen dituzte  bere lagunei kalte egiteko. Desastre hutsa dela esan behar animali hauxe. Lehenbizi lau hankakoa omen zen gizona baina harroa izan nonbait eta burua goian nahi zuen alajaina. Eta denboraren poderioz bi hankekin ibiltzen ikasi burutzar hori goian edukitzeagatik. Eta gero bata bestearen gainetik jarri nahi. Harropuzkeria horrekin elkarri erasotzera azkar. Eta zein gehiagoka horretan natura bera izorratzeko ere prest.

Esan ohi da eguraldia dela kaosa baina gizona bera ere zer edo zer badela uste dut. Baina hain zuzen ni ari naiz bai gizartea hobetu nahian neure buruarengandik hasita. Bakoitzak pixka banakin asko egingo dugu denok hasten bagara. Ondo izan eta agur irakurle guztioi. Hurregora arte.

 

GABONETAKO IPUINA

 

HIRU ELURREZKO PANPINA

 

Gabon egun batean elurra galanki egiten zuen. Elur maluta mara-mara lehenbizi eta gero elur pinporta kaska-kaska bota eta bota ihardun zuen. Eta azkenik txingorra botatzen hasi zen parra-parra.

Elur koska handia zegoen eta baten batek pentsatu zuen elurrezko panpinak egin behar zituela. Hasi zirenean panpina polit bat egin zuten elurrezko txapelarekin. Eta Maluta ipini zioten izena malutazko elur bigunarekin egina zegoelako. Gero beste panpin bat egiten hasi ziren. Eta hau pinportezko elurrarekin tokatu zitzaion. Pixka bat gogorra eta azala latzagoa zeukan baina figura elegantea atera zitzaien. Pinpor izena ipini zioten. Hirugarren panpina txingorra nahasitako elurrarekin egin zuten eta panpina honek ere azala latza zeukan baina dotorea atera zitzaien hau ere. Txingor ipini zioten izena. Opariak eramateko elurrezko motxila bana eman zieten eta gero panpinak berak makilatxo bana hartu zuten motxilak errazago eramateko. Horrela Malut, Pinport eta Txingor, Olentzerok motxiletan ipinitako opariz karga-karga eginda abiatu ziren etxe aldera elur koska handian ttapa-ttapa elurretan marka galantak utziz, tximistak argi egiten zielarik. Ez ziren oso handiak panpina hauek baina hanka marka galantak egiten zituzten.

Iritsi ziren etxeko aterira eta konturatu ziren barruan jendea zebilela. Han kanpoan aurkitu zuten aitzur kirtenarekin jo zuten atea tam,tam,tam. Barrukoek konturatu zirenean, atea ireki zuten eta denak harrituta geratu ziren zer nolako Olentzero ote zen hura!. Amama Ixabelek zion: Hara berriz, hemen elurra taka-taka alajaina. Barrura sartu zirenean panpinak bere buruak aurkeztu zituzten. Olentzerok bidalita zioazela, Olentzero berak lan gehiegi omen zeukalako eta opariak panpina hauei jarri zizkietela elurrezko motxilan. Nik Maluta dut izena eta turroi biguna ekarri dizuet neura elurrezko motxilan. Eta besteak zioen nik Pinport dut izena eta Alikante turroi gogorragoa nahikoa ekarri dizuet pixka bat gogorragoa naizelako. Hirugarrenak zioen nik Txingor dut izena txingorrezko elurrarekin egin nindutelako eta gogor samarra naizenez bonboi gogor handiak ekarri dizkizuet kraka-kraka jateko. Ea gure opariekin Gabonak pozik eta zoriontsu igarotzen dituzuen. Ondoren Enaitzek aurkeztu zizkien etxeko denak banan-banan. Aitatxo Aitor eta amatxo Itziar. Nire anaia txikia Ekain eta ni neu Enaitz. Amama Ixabel eta aitxitxa Jexux. Aitxitxa Josu  eta amame Maite. Osaba Joxe. Bernaitz eta Ainara. Animalia pila bat ere baditugu hemen. Astoak arrantza egiten du eta zaldiek irrintzi. Ardiak beeee egiten dute eta txakurrak zaunka. Eta katuek miau. Denak pozik ibiltzen dira gure inguruan. Baita ere baditugu jostailu pila bat bai etxe honetan eta amamaren etxean ere bai eta denon artea jolasten gara. Gero Malutak hartu zuen hitza eta eskerrik asko Enaitzi esan zion. Ikusten dut zuek pozik bizi zaretela hemen. Jarraitu horrelaxe txintxoak izaten eta ikastolan asko ikasi eta zaindu dunper jostailua. Orain kantutxo bat abestuko dugu denon artean. Olentzero joan zaigu, mendira laneraaa….

 

EGURALDIA NATURAREN PERTIKA

 

Asko aipatu ohi da eguraldia. Denok dakigu gutxi gora behera hori zer den. Gauza natural bat bezala ikusi izan dut nik beti. Gure bizitzarekin loturik dagoen zerbait. Oso premiazkoa gainera. Hainbat modutara gure gain eragina duena. Arnasten dugun bakoitzean eguraldia xurgatzen dugula esan daiteke. Eguraldia espektakuloa edo ikuskizuna. Eguraldia sumatu edo jasan. Zer daukagun eta zer etorriko zaigunaren kinka. Naturaren dinamika markatzen duena. Ez da gizakiok egiten duguna baina bai jasaten edo gozatzen duguna. Eguratsa edo atmosfera, eguraldia da edo hori da bere larre lekua. Hortik elikatzen da. Eta eguraldia dugu bizitzaren makulua. Ezin bestekoa gainera. Hori gabe ez liratekete landareak eta animaliak existituk. Beraz, naturaren zatirik garrantzitsuena dugu eguraldia.

 

Batzuetan animatu eta besteetan tristetu egiten gaitu. Uneoro geurekin daukagu nolabait. Horri bai esan diezaiokegula: “zu gabe zer egingo nuke nik!”. Eguraldia beti izan da aipagai baina orain askotan bihurtzen da notizi. Informazioetarako medioek ederki astintzen duten gaia da alajaina. Batzuetan gehiegi ere bai agian. Baina gai sanoa dela ere esan dezakegu. Hala ere nik nire baitan ez dut horrela sumatu inoiz ere. Gauza interesantea bai baina naturala iruditu izan zait eta ez aparteko albiste gaia egunerorako.

 

Hori bai, beti egin izan dut berarekin komentariotxo bat edo beste egunean zehar lagun bezala hartuta. “Kaixo eguraldi!” diodanean, trumoi konkor edo hodei gandorren batetik “kaixo Joxe!” erantzuten didala iruditzen zait. Baina betiko galdera geure buruari: Ze eguraldi egingo ote du gerora?. Gutxi edo gehiago, nola edo hala asmatu egin nahi. Sekulako garrantzia bait du askotan eta gutxi edo asko ia beti.

 

Lehen esan bezala eguraldiaren barnean bizi gara guztiok eta bere atzaparretan gauzka. Jan edo edan gabe bizi gintezke egun batzuetan baina arnastu gabe oso denbora gutxian iraungo genuke bizirik. Izan ere arnasten dugun aire horixe bera dugu eguraldia. Niretzako oso gauza sinpatikoa da baina ez nintzake eguraldi zaletu porrokatua izango. Izan ere horrela ez litzake ikusmira naturala izango. Baserrian edo kanpoan bizi denak errazago sentitzen du hurbiltasun hori. Nekazaritzan eta abeltzaintzan beti eduki izan da arreta handia eguraldiagan. Basogintzan ere bai. Eguraldi ona edo txarra, beti dauka zer ikusia bere konportamentuak. Garaian garaikoa komeni gainera.

 

Pozgarria suertatu ohi zaigu askotan baina nahigabea franko ere eman ohi digu bere elementuak aztoratzen direnean. Izan ere pertika hori ez dago gizakion esku eta ezin dugu guk maneiatu. Ez da pertika, heldu eta zuzen eramateko moduko tramankulua. Fisikoek diote eguraldia kaosa dela. Ez dauka mugimendu zehatzik baina derrigorrezko erregela batzuk errespetatzen ditu. Hara nola urtaroen efektu edo eragina eguraldi motak izan ohi dituzten aldarteetan. Udaran eta neguan ez darabil martxa berdina. Ez da astroak bezala matematikoki mugitzen. Eta nola halako ibilera horietan, baldarkeria dezenteak ere gauzatu izan ditu. Oker galantak egiteko adinakoa ere bai. Gu marmarrean edo gaizki esanka jardungo gara baina martxa bihurri hori ezin dugu zuzendu. Baina hainbat neurri edo erremedio hartu ahal genituzke babes gisa.

 

Beti dabil eguraldia sarraskiren bat egiten munduan zehar. Bere elementuak ez ditu ondo kontrolatzen baina guk gizakiok ezin diogu leziorik eman. Geu ere ez bait gara santu-santuak.

 

Txistetxo bat orain amaitzeko:  “Baserriko mutila soldaduskara eraman zuten <la mili egitera>. Erdaraz gutxi zekien eta han zebilen nola edo hala moldatu ezinean. Halakoren batean kapitainak deitzen dio soldadu Antoniori lan bat zeukala berarentzat eta presentatzeko kapitainarengana. Etortzen da mutila kapitainarengana eta eskuarekin salutatuz esaten dio: tu dirás mi capitán. Eta honek dio: a mi no se me habla de tu, sino de usted. Coge un balde y traeme agua del grifo. -Si mi capitán, lo haré enseguida. Hala joan da iturrira eta bete du baldea urez. Eta abiatu da kuartelera. Derrepente ekaitza lehertu eta trumoiak eta tximistak bertan hasi ziren dantzan. Mutila beldurtu eta zalapartan abiatu da baldeka urarekin baina segituan ustu zitzaioan baldeka ura eta balde hutsarekin aurkeztu zen kapitainarengana. Orduan kapitainak dio: ¿que te ha pasado que traes el balde vacio?. Eta mutilak  honela erantzuten dio: mi capitán, trumón bur-bur, tximist brist-brist, balde blist-blast y agua no traer.                                             

 

 

 

 

UDAZKENA

 

Udararen azkena edo uda izenarekin hasten diren urtaroetan azkenekoa. Honek zer esan nahi du? Alegia udazkenak ere dezente duela udatik, eguraldiaren aldetik behintzat. Baina azkenerako negu usaia hartu ohi du. Urtaro honetan asko aldatu ohi da eguraldiaren panorama, baita naturaren itxura ere. Lehen partean udatik dezente eta azken aldera neguaren zantzuak. < Urriko ilberrin elurra Aizkorrin > Hemen amaitzen da udaren zikloa.

 

Udaberria natura mugitzen hasten denetik eta udazkena natura lotan jartzen deneraino. Baserrietan nekazaritza landu eta hortatik bizitzen ziren garai haietan. Martxoan hasi ohi ziren ganadu jatekoa zoro edo belardietatik ekartzen. Pagotxa izaten zen lehenengoetakoa eta gustura jan ohi zuten ikuiluko abereek. Oso janari ona zen hiru orriko landara mardul hura. Esnea ugaldu ohi zitzaien behiei. Hala ere berdearekin bakarrik ezin ondo mantendu eta honela zioen esaera zaharrak “txintxarria bete lasto eskatu zuela larre behiak San Markos-etan” (Apirilak 25). Horrela zoroak landu, haziak erein eta uztak jasotzen jardun ohi zen baserritarra udaberri eta udan. Artoa eta babarrunak erein eta garia irabazian ikusi. Belardietan belar biguna nahikoa tresabi edo itxuta aurrera ekartzeko. Hori izaten zen udaberriko atarramendua. Udaran berriz, garia jaso eta arbia erein. Artoa jorratu ere bai eta negurako belarra gorde.

 

Baina orain udazkenean gaude eta horretaz mintzatu behar dugu. Irailaren 22-an gaueko hamarrak eta 44 minutuan sartu ginen udazkenaren esparruan. Eta Abenduaren 21-an arratsaldeko zazpiak eta hamaikagarren minutuan bukatuko da. Beraz, 89 egun eta hogei ordu izango ditu udazkenak.

 

Udazkenaren hasieran  egunak eta gauak luzapen berdina izan ohi dute: aurrerantzean egunak mozten eta gauak luzatzen joango dira. Urriaren 27-an ordu aldaketa gertatuko da: goizeko hiruretan ordu bietara atzeratu beharko dugu ordularia: beraz, 25 orduko eguna izango da egun hori. Baina hau gizakiok asmatutako trikimailua da. Beste horiek guztiak mundua eta astroen mugimenduari dagozkien gora beherak dira.

 

Naturaren zikloak eta eguraldiak ere badituzte urtaroen araberako berezko berezitasunak: uztak jaso eta negu beltza igarotzeko prestatzen hasi behar. Naturaren martxa baretu egiten da, lo zorroan jarriko balitz bezala. Zuhaitzek hostoak botatzen dituzte, paisaia dotore margotuz: hostoak orbel bihurtu eta haizearen jostailu gerta ohi dira. Hegaztien kantuak ere nabarmen moteltzen dira, bakoitzak beren gordelekuak aurkitu nahian. Hegazti migratzaileek berriz, iparraldetik hegoaldera bidaiatzen dute, sinestezineko hegadak emanaz leku epelagoen bila. Amaitzear dago naturaren bizi mugimendua. Eguna moztu eta gaua luzatzen doa: apur bat tristetu ere egiten gaitu horrek.

 

Ezin ukatu guzti honek baduela bere eragina eguraldiarengan. Gauak hezetasuna eta freskura sortzen du eta eguzkiaren presentzia murriztu: horrela behe-lainoak sortzeko joera areagotu egiten da: baita goizeko ihintzak ugaldu ere. Udazkenean atmosferaren presioak ere aldarte gehiago ibili ohi du, haize boladak eta fronteak ugalduz.

 

Beste fenomeno bitxi bat ere gertatu ohi da: udan bi solairukoa bailitzan funtzionatzen du eguraldiak: behe aldekoak eta goikoak, bakoitzak bere gisa garatzen ditu eguraldiaren fenomeno garrantzizkoenak. Udan goi mailako geruzetan ekaitz tankerako garapenak gauzatzen dira sarri, baina beheko eta goiko horiek guztiak sarriago elkartzen dira udazkenean. Gainera fenomeno atmosferikoak sorrarazten dituzten elementuak askoz baldarrago mugitu ohi dira gure lurralde honetan behintzat. Beste hainbat berezitasun ere baditu eguraldiak urtaro honetan. Borrasken ibilerak gehiago harrapatzen gaitu: hego haize bolada bortitzak eta mendebalaren eraso traketsak bete-betean harrapatu ohi gaituzte sarritan. Egun politak tarteka bai baina iraupen gutxiagokoak. Hala ere izan ohi dira bai udazkenean zehar giro xarmagarriak ere.  

 

Baina egunak pasa ahala dena jarri ohi da tristeago eta itsusiago, eguzkia ihes balihoa bezala. Negua ate joka eta bizi martxa aldatu egin behar, jantziak eta etxe barruak horretara egokituz: izan ere udazkenaren azken parteak negutik ere dezente izan ohi du. Natura lotan eta gizakiok eta animaliak negu beltzaren beldur; agian elurrak bisitatxoren bat egingo digu neguan sartu aurretik. < Santa Luzia eguna motza eta goizean izotza >. Eta mendi gailurretan elurra ere bai. Udazkena askotan amaitu ohi da negu giroan, baina mundu xahar hau bueltaka dabilen bitartean konponduko gara bai. Udazkena ondo hasi zaigu behintzat eta ea horrelaxe jarraitzen duen.

 

Oraingoz honetan utziko dut. Ongi izan zaiteztela eta hurrengora arte.

 

 

  2013.eko MARTXOA

 NEGUA AZKENETAN ETA UDABERRIA BERTON

  Urtearen lehenengo etapa igarotzear eta neguaren zama gainetik kendu samartu dugun honetan, badirudi itxaropena sortzen zaigula. Hemendik aurrera eguraldi hobeak espero ditugu eta kanpoa mugitzen hasiko da. Urtaroen aldaketa muga ere hortxe daukagu. Justu esateko aurten Martxoaren 20-an eguerdiko hamabietan sartuko gara udaberrian.

 Negu itsusia bukatu eta udaberri politari hasiera eman. Agian une honexek behar zuen urtearen hasiera baina urteari zatirik txarrena kendu diogu jadanik eta pozik sentitzen gara udaberriaren atarian. Eguzkiak ordu gehiago bistan eta gauak gutxiago. Hain zuzen hilaren 20-an egongo dira parez pare eguna eta gaua. Udaberriko ekinozioa alegia. Bale gara alajaina!

 Eguraldiak ere hoberantz egingo du aurrerantzean. Txoriak kantuan eta kanpoa irabazian. Birigarroaren kantu luze eta elegantea. Txantxangorriaren txio-txio alaia eta zozoak ere ederki kantatu ohi du bere abisuak bidaliz. Goizean goiz hasten bada kantuan, iluntzerako euria izango dugu. Eta iluntzean ozenki jardun baldin bada kantu luzeak urrutietara zabaltzen, hurrengo egunean eguraldi bikaina tokatuko zaigu.

 Hil honetan beste fenomeno bat ere gertatzen da hegaztiekin. Kukua hasiko zaigula kantuan alegia. Lehenengo aldiz entzuterakoan txanponak eduki behar patrikan. Normalean amabirjina martxoko inguruan hasi ohi da kantatzen. Hilaren 25-an alegia. Kantu dotorea ez du baina udaberri itxura ematen dionez, alaitu egin ohi gaitu. Amabirjina martxokoan kuku, san Pedrotan mutu. Kukua kantuan hasten denean, udaberrian gaudela ziur.

Otsaila baldar samar ibili zaigu eguraldiaren aldetik eta azkeneko ostikadak ez dira izan goxoak. Elurte formala alajaina egun hauetan. Ea nola portatzen zaigun Martxoa.

Askotan egon ohi gara Martxoaren zain. Aurten ere lehenengo parterako behintzat on samarra sumatzen da. Eta gero udaberria ere giro onarekin salutatuko dugu. Ea gustu ona usten digun Martxo potxolo honek.                   

 

 

10-10-18

 URRIA

OSASUNA ETA EGURALDIA

Aspaldiko errezeloa edo susmoa izango da hauxe. Alegia eguraldiak ba ote duen zer ikusirik edo eraginik gure edo pertsonen osasunean. Nik uste dut baietz eta mundu guztiak esango luke hori bera.

Askotan jarri ohi dugu eguraldia gure gaixotasunen errudun. Beti ez da horrela izango, baina zerikusia baduela begi bistako gauza dela inork ez luke ukatuko. Eguraldia beti daukagu presente. Eguraldiaren barruan bizi gara. Arnasten dugun bakoitzean eguraldia tragatzen dugu. Eguraldia lagun eguraldia etsai. Baina bera gabe ezin gara bizi. Bere martxa ez dago juxtu-juxtu eta matematikoki gure premietara egokituta. Beraz, guk saiatu behar bere aldrebeskeriekin moldatzen.

Eguratsa kaos bat dela esan ohi dute fisikoek eta eguraldia horko elementuen ibilera desorekatuaren emaitza izaten da hain zuzen. Fenomeno printzipalenak hotz-beroa, hezetasuna eta atmosferaren presioa lirateke. Horietatik sortzen diren elementu  garrantzitsuenak berriz, honako hauek: haizea, lainoak, euria, tximista eta trumoia eta tenperatura. Guzti horien motorra eguzkia dugu.

Ilargiak ere badu nolabaiteko eragina eguraldiarengan. Elementu horiek modu desorekatuan mugitu ohi dira eta aldarte handiak sortzen dituzte eguraldiaren izaera noiz nahi aldatuz. Tarteka bere baldarkeriekin triskantza eta kalteak eraginaz. Zalantzarik gabe estremoko bortizkeria horiek modu askotara hunkitzen dute pertsonen eta izaki guztien osasuna eta ongi izatea. Baina eguraldiak egunerokotasunean erabiltzen dituen aldarte eta mantentzen dituen egoerek ere badute bai eragina gure osasunean.

Eguraldiaren elementu edo fenomeno guztiak tamaina egokian gutxitan egon ohi dira eta geure gorputzak asmatu behar izaten du aldarte horietara egokitzen. Eta garrantzizko eginkizuna dugu gainera hori. Baina eguraldiari gaizki esaka jardunda bakarrik ez dugu ezer egiten. Aldarte txar horiei nolabaiteko erremedioak jarri behar ahal den heinean. Zer datorren aldez aurretik nolabait antzeman edo jakiteak ere asko balio du neurri egokiak hartzeko. Juxtu ez dago jakiterik, baina gaur iragarpenek ere pixka bat erakusten digute. Norberak erreparatuta ere sumatu daitezke etorriko denaren zantzuak. Leku batzuetan aldakortasun gehiago izaten du  baina beti ezberdina izan ohi da eguraldia. Guztiz berdina ez da sekula egoten. Gu bizi garen leku honetan asko eta azkar aldatzen da eta hori bera dugu osasunarentzat problematikoa. Katarroa, eztula, doministikua, mukiak, ahotsa zakartu eta beste hainbat gaixotasun eguraldi hotz, haizetsu eta hezeari eman ohi diogu kulpa. Buruko mina, junturetako molestiak eta beste horrelako asko berriz,  hego haize lehor eta beroaren kulpaz sortzen zaizkigu. Hezetasun gehiegiak ere badaki kalteak eragiten gure osasunari. Airearen presioak berriz zer esanik ez. Ez ikusi eta zuzenki nabaritzen ez den fenomeno hori hortxe daukagu beti gure gorputzaren funtzionamendua zirikatzen. Esaten dute gure hezur muinetan dugun aire apur hori, beti presio berdinean mantentzen dela eta kanpokoaren aldartean desoreka sortzen omen du nerbio eta beste hainbat sustantzien funtzionamenduan. Animaliek ere igarri ohi diote gauza horri. Hego haizea etorri aurretik jaitsi ohi da presioa eta horregatik zenbait animaliek abisatu ohi dute beren mugimenduekin hego haizea datorrela. Geu ere motelago sentitu ohi gara hego haize epel eta lehorrarekin. Alde batetik presioa jaitsi delako eta bestetik hezetasuna ere azkar batean gutxitu delako. Animalien sen hori modu askotara sumatu daiteke. Eta landareek ere badituzte horrelako seinaleak. Adibidez lertxunaren hostoa geldi egotearen zergatia presioa oso goian izatea litzateke. Eta antizikloia hainbeste tontortu ezkero mugi gaitza bihurtzen da eta horrek suposatzen du  luzarorako eguraldi ona.

Presio atmosferiko hori ez dugu ikusten eta sumatu ere oso gutxi baina naturaren funtzionamenduan eragin handia du horrek. Izan ere eguraldiaren beste fenomeno eta elementuak horren arabera mugitzen dira. Presioa baxu dagoenean aireak gutxiago pisatzen du eta errazago mugitzen da haize bihurtuz. Berdin hezetasunarekin ere. Litro bat airek gutxiago pisatzen duenean hezetasuna azkarrago egingo du, gainean euri bihurtuz. Hotz beroak ere badu horretan zerikusia. Hotz handiarekin eta bero handiarekin gutxiago pisatzen du aireak eta nekezago kondentsatuko da. Gora behera horiek guztiak afektatzen dute naturako izaki bizidunen martxa. Bide batez, gure gorputzarena ere bai eta hor gaixotasuna sortzeko arrazoietako bat.

Pertsona batzuk sensibleagoak dira horretan eta ondo zaindu beharra dute eguraldiaren eraso txarretatik. Baina guztiok dugu premia ahal dugun heinean neurriak hartzeko. Gehiegi babestea ere ez da ona gorputzak bere kaxa ere defentsak suspertu behar dituelako. Oso inportantea da ondo sailduta egotea edozer erasori aurka egiteko. Beraz, badaukagu nahiko lan gure gorputza ondo preparaturik  edukitzen, eguraldiaren aldarte eta erasoei aurre egiteko. Eguraldia ez daukagu maneiatzerik geure komenientziara baina medio aska ditugu geure burua babesteko. Etxeak, jantziak, ibilerak, janariak edo elikatzeko moduak. Eta beste hainbat horrelako neurri erabili ditzakegu ahal denik minik gutxien egin dezaten eguraldiaren aldarte horiek.

Animalien senak erakusten digute lezio ederrik gai horretan. Hegaztiak, adi bidez, udara igaro duten lekutik milaka kilometrotara aldentzen dira negua igarotzera eta udaberrian berriro udalekuetara itzuli. Baina nire lantxo hau luzeegia gerta ez dadin hurrengoan jarraitzekotan utziko dut.

Itziarko periari aipamen bat egin nahi nioke. Gain gainean dugu hain zuzen eta anbiente ona sumatzen dut aurten ere. Buru belarri hori antolatzen dabiltzanak, pila bat izaten dira. Jende asko etortzen da eta denak gustura ibili daitezen saiatu egin behar ondo antolatu eta atenditzen. Udalak eta abarrek gutxiegi laguntzen dutelakoa nago. Baina ea eguraldiak behintzat laguntzen digun. Agian zertxobait nahastuko da bezperatik baina zehar haize txikiarekin eguraldi ona edukiko dugu. Honelaxe utziko dut gaurkoz eta ea hurrengoan jarraitzen diodan gaur hartu dudan gai horri. Bitartean zoriontsu izan eta agur bero bana irakurle guztioi.