Blogia
joxelanda

ANIMALIEKIKO TRATAMENDUA EDO ARRETA

 

Gai hau luzea eta zabala dela uste dut. Ziur nago gizakiok betidanik izango genituela animaliak edo abereak inguruan. Ongi dakigunez, animalia erreinuan milaka edo milioika espezie edo mota daude: abereak, hegaztiak, arrainak eta mila motako intsektu edo xomorro. Ezin ahaztu ikusten ez diren birusak, bakteriak eta era guztietako mikrobioak, batzuk oso kaltegarriak, baina gehienak gizakion mesedegileak.

Oro har, animaliak modu askotara baliatzen ditugu; gehienetan elikagai iturri moduan, baina bestelako erabilerak ere aipatzekoak dira: lanerako, jolaserako, kiroletarako, sendaketarako eta abar luze bat. Baserri munduan eman izan da, batez ere, animalien edo abereen baliakuntza era askotako onurak lortuz; horregatik zen aberatsa abere asko zituena.

Animalien tratu txarrak ere emango ziren, ezin ukatu, baina ez oinazea ematearen alde, beharrak eraginda baizik. Ziur nago gehienetan alderantzizkoa izan dela; onginahia eta estimua asko eman zaie animaliei, hegaztiak barne, janaria edo elikagaia bermatzen zutelako eta lanerako laguntza ezin hobea. Zenbait ganadu uztarrian soro lanetarako eta garraiorako. Jolas lagun eta entretenigarri ere izan dira askotan. Txakurrak eta katuak ere izan dute bai beren eginkizuna: txakurrak atezain eta ehizerako, katuak arratoi eta xaguak harrapatzeko aproposak, eta biak umeen jolaserako eta dibertsiorako askotan. Mis edo xapi katuei eta xaxa edo mee meee txakurrei, arre eta soo eta abar. Horrelaxe etxe abereekin edo esku artekoekin; pizti erasokor eta amorragarriak ere ahaztu gabe, baina oro har, animaliei sufriarazteko berezko asmorik ez dut nik sumatu izan baserri munduan.

Ezinbestean akabatu edo hil beharra askotan izan ohi da, baina egiteko hori ere ahal den motzena eta azkarren egin izan ohi da, inolako basakeriarik gabe. Agian, txerria hiltzea izango zen deigarriena, gehien sufriarazten zuena, odola aprobetxatzeko helburuarekin, noski, baina horri ere neurria hartu zitzaion; baina animaliak sufritzen ikustearekin gozatu, ezta pentsatu ere.

Mota askotako osagarria izan ohi da animalia baserri munduan eta orokorrean gure munduan. Ganaduak ikuiluan lotuta edukitzea ez dut uste tratu txarra denik, baina bai, gehienetan, ezin bestekoa. Zezen plazetan zezenei ematen zaien tratua benetan tratu txarra dela esango nuke eta gainera askorentzat ikuskizun traumatikoa; zalantzarik gabe, asma daitezke eginkizun entretenigarriagoak horrelako basakeriarik egin gabe. Animaliekin kontatu beharra daukagu gizakiok baina ez gaitezen gehiegi zabartu gai hau manipulatuz.

Zenbat aldiz, goxo-goxo behiak eskuilatu ditugun beraiek gustura daudela sumatuz; edo oiloei arto edo gari aleak zabaldu purra-purra dei eginaz edo katuari mis-miis eginaz esnea eskaini. Horrela estimatzen eta tratatzen genituen etxe inguruko animalia asko eta asko;  pizti amorragarriak ere baziren noski eta horiek ere bazuten beren eginkizuna. Denen artean osatu ohi da naturaren martxa.

Nik uste dut probatu ez duenak ez dakiela zenbat estimatzen diren baserrietan inguruko animaliak. Xaguak, arratoiak, satorrak, axeriak, basurdeak eta horrelakoak ez hainbeste, agian; eta zapalaitzak eta hegazti harrapariak ere ez. Karakolak, bareak eta sugeak ere ez dira izan ongi ikusiak, ezta kakalardoak, liztorrak eta euliak ere. Baina guk argi ikusi ez arren, horiek ere nolabaiteko betekizuna izango dutelakoan nago naturaren oreka osasuntsu mantentzeko eta guztion onurarako.

Beraz, ondorio gisa, gizakion gozamenerako animaliei tratu txarrik ematea inolaz ere ez.

0 comentarios