Blogia
joxelanda

NIRE OROITZAPENAK

ENDOIA BERE TXIKIAN HANDI

 

Paraje polita da Endoia gaina. Mendi muino zoragarria. Zestoatik Lastur edo Itziarrerako tarte horretan kokatzen da. Mendi koskorren bat egiten hasi ziren nonbait eta mendi kume edo mendixka gelditu. Mutur gisa Gurutze mendi aldea jarriko genioke eta ipurdi gisa berriz, Ziolarko gaineta aldea. Bizkar txontxorra Illarragorriko gaina. Orokorki tamaina ederreko altueran dago gainera. Ez beheregi eta ez altuegi. Garaierak honelaxe lirateke: Gurutzeko punta 441 metro itsasoaren nibeletik, Illarragorriko gaina 398 m., gainetako bizkarra 446 m., Endoiako eliza 339 m., Ziolar 406 m., Otzarreta 416 m., Beliosoro goikoa 400 m. Beraz, Ziolar dugu  auzoko baserririk altuena.  

Ertxina mendiarekin aurrez aurre dago Gurutze mendi mendixka hau. Tartean atakatxo baten gisako pasadizoa, Urola ibaiko urak eta harat honako haizeak igarotzeko gunea, eztarria bailitzan. Zestoatik hurbil. Hala ere haizeak gogor harrapatzen du Endoia. Hegoaldetiko haize lehorrak kolpe bortitzak jo ohi ditu Endoia bizkarrean, batez ere udazken aldean. Egutera aldea azkar lehortu ohi du horrek. Itsasaldekoak ere astindu ederrak bai boladatan. Honek enbata laino eta hezetasunak ekarri ohi ditu. Horregatik laiotz aldea gutxiago lehortu ohi da.

Beliosoro aldean berriz, Agiro mendiaren ipar magalean kokaturik, hego haizearekin babestuta baina itsasaldekoa amorragarria gertatu ohi da. Olazabalak erdizka agian. Haize lekua bai bada Endoia baina paraje alaia eta sanoa. Labrantzarako ere nahiko ona zen oro har.

Eguzki aldekoak lehorrarekin kexatu ohi dira sarritan. Askotan geratzen dira hor belarrak eta abar irabazi ezinean. Lehorrak gogor gaztigatzen ditu eguterako paraje horiek. Endoia gaina eta itsasalderako lurrak nahiko ondo eta Belioso aldean bustiarekin gaizki. Garai batetik asko aldatu dira lurraren kudeaketarako gora-beherak. 30 eta 40-ko hamarkadetan artoa, babarruna eta garia ereiten ziren zoroetan. Labrantzarako balio ez zuten lurrak, belarretarako on aurkiak eta garotarako edo basotarako besteak. Gehienetan soro lurretatik, hirutatik batean ereiten zen garia. Eta bi urte segidan artoa eta babarruna. Horrela txandakatuz lurra hobeto kudeatzen zelakoan. Batez beste 40 anega garia (2000 kilo), 80-100 anega (4000-5000 kilo) artoa eta 10 ( 500 kilo) babarruna.  Lan asko ematen zuten kosetxa horiek.

Hirurogeigarren hamarkadan ganaduak gehiago ematen zuelakoan, kosetxa horiei utzi egin zitzaien belarretara dedikatzeko. Baserriari erabat utzi ere bai batzuk, tailerretan gehiago irabazten zelakoan. Endoian batzuk alde egin zuten horrelaxe eta horietatik hiru behintzat utzik geratu ziren. Horrela garai haietako 16 baserrietako 150 bat biztanleetatik gaur egungo 54-ra jaitsi da Endoian bizi den jendea. Hiru baserri erabat utzik daude baina bizitoki berriak ere egin dira. Biztanleen kopurua zehatz-mehatz  kontatzen ez da erraza baina gutxi gora behera joera hori ikusi da Endoian.

Endoia berpiztu edo horrelako zerbait asmatu beharko litzateke agian berriro ere. Nik uste dut horrelako leku politak mereziko lukeela zerbait. Artoa eta garia ereiten ez da berriz inor hasiko baina bizi tokia leku zoragarri horretan edukitzeak galanki balioko luke. 

Uztapide bertsolaria Uztapide baserrian jaio zenetik 105 urte direla eta  Endoiarekin pentsatzen jarrita, atera zaizkit kontutxo hauek. Hain zuzen nik bezalaxe Maiatzean betetzen zituen urteak. Ni Belioso Goikoan jaio eta bizi izan nintzen urte askotan.

Mila gauza esan daitezke Endoiataz gure gazte denbora oroituz. Uztapide berak ere kontatzen zituen anekdota politak. Baina beti ere parajearen edertasuna aipatuz. Horrek liluratzen zuen nonbait. Horra ba, gure Uztapide handia ere joan zitzaigun eta honezkero bertso ederrak franko bota ditu goialde horretan ere.

Guk asko ezagutu genuen eta errespetu handia genion berari. Baina gizon jatorraren irudimena geratu zitzaidan niri. Gutxitan haserretu eta petralkeriarik sekula ez. Nik behintzat neu bera bezalakoa izan nahi nuela askotan pentsatu ohi nuen.

Gure etxean lanean askotan jardun ohi zuen. Gizon fuertea ere bazen bera. Haren besa zuztarrak ez ziren gure besa makilaren antzekoak. Baina gu oso ondo konpondu ohi ginen berarekin. Guk, mutil koskor zaharrok, bihurrikeriaren bat egiten genuenean, serio jarri  ohi zen bera eta bai gu txintxotu ere.

Behin artazuritzen ari ginela, jolas gurea etorri zitzaigun eta han genbiltzan txilipurdika malutak artaburuekin nahastuz. Gure Manuel hau seko haserretu zen oraingoan eta hutsik zegoen gari kutxa batean sartu gintuen hiru mutil koskor. Atea itxi eta han geratu ginen isil-isilik untxiak kaiolan bezalaxe. Baina bihotz bera izan nonbait eta berehala etorri zen gu handik ateratzera. Serio samar lehenbizi baina ipuin zaharren bat kontatuz berehala jarri ginen umore onean eta txintxotuta.  Horrelako anekdota pila bat gogoan ditugu oraindik. Eta liburu galantak ere badira idatziak Uztapide bertsolariatzaz.

Baina horretaz aparte ere Endoiako auzoak baditu bere historian hainbat gauza eta gertakizun berezi eta harrigarriak ere. Garai batean auzo lanerako egon zen borondatea aipagarria da benetan. Argi indarra ekarri zenekoa, etxeetako uraren premiak osatzeko auzo lanean egindako lanak eta bideak zaintzeko ere beste hainbeste. Itziartik zetorren errepidea Endoiara luzatzea. Hau ere auzolan garrantzizkoa izan zen. “Kamiñoa” esaten genion eta sekulako aurrerapena zen Endoiako auzoarentzat. Uztapide bertsolaria ere han ibiltzen zen tarteka koadrilan lanean. Elkarrekin egiten genituen merienda eta afarietan parte hartzen zuenean bertso saioa seguru. Nekeak arintzeko aproposa zen hori.

Baina garrantzizkoenak, eliza eta eskola etxea egin zirenekoa izan zen. 1951 eta 1952-an burutu ziren eraikuntza horiek. Igandeetan meza entzutera joatea derrigorrezkoa zen orduan eta urruti genituen leku horiek. Batzuk Lasturrera joaten ginen eta beste asko Arruara. Bertoagoan nahi genituen eginkizun horiekin konplitzeko lekuak. Horrela asmatu zen auzolanean eraikitzea eliza, apaiz etxea eta eskola tokia. Handik eta hemendik limosna moduan lortu zen diru pixka bat derrigorrezko gastuetarako eta ahal zuten guztiak eraikuntza lanetan lagunduz, jaso ziren elizatxoa, apaiz etxea eta eskola etxea. Bikain portatu zen jendea eta inauguratu ziren obra garrantzizko haiek.

Horretaz aparte ere bazen Endoian joera berezia auzo lanetarako. Artajorrak zirela. Gari epaite eta gari jotzeak. Garoa ebaki eta zuhatzetan ipini. Arto zuritzeak. Sagardogintzarako tolare lanak. Lehenago karobiak ere bai. Eta beste hainbat motibo izaten ziren auzo lanean jarduteko. Uztapide baserria zen erdi gune eta bilduleku aproposa bailara guztiko jendearentzat. Hori eliza egin aurretik eta geroago ere bai.  Gaur egun, pixka bat aldatu dira gauzak baina paraje polit eta zoragarria izaten jarraitzen du Endoiak.

Gaurkoz nahikoa izango dut eta hurrengorako ere zer edo zer asmatuko dudalakoan ondo pasa dezazuela opa dizuet guztioi eta bereziki Endoiarrei laster festetan izango direlako. San Asentzio, aurten ekainaren 1-an. Animorik ez galdu eta ondo gozatu bizitzarekin.                                                                                                                               

0 comentarios