TXANTXANGORRIAREKIN HIZKETAN
Gaur goizean atera naiz etxetik eta txantxangorria ikusi dut etxeburuko belardian. Pauso txikiak emanaz burua bizkor mugitzen zuen, mokoarekin golpeak botaz. Janari bila zebilela zirudien. Neguaren erdian gaude baina eguraldi ona egiten zuen. Apur bat gorantz joan naiz eta kasu egin diot berari. Kaixo txantxangorri. Gaur goiz jaiki zera alajaina. Zer moduz zabiltza ba?
Bai eguzkia baino lehenago jaiki naiz eta bi txitxare txiki jan ditut jadanik. Izan ere neguaren erdian gaude baina eguraldi ederrak egiten ditu eta gu poz-pozik gabiltza udaberria delakoan. Baina oraindik urruti samar dago hori eta kontuz ibili beharko dugu. Orain jolasera noa txepetxarengana. Kaskarin samarra da baina jolas lagun ona da niretzat. Gu, txantxangorriak eta txepetxak oso ongi konpontzen gara elkarrekin. Bakoitzak beretzat egiten dugun arren materiala garraiatzen elkarri laguntzen diogu. Hasita bait gaude udaberriko txori habiekin pentsatzen. Guk txepetxak baino habia handixeagoak behar ditugu, kukutzar makal horrek ere gure habian lagatzen bait ditu bere arraultzak kuku-txitak ateratzeko. Jaiotzen direnean jatekoa ere geuk ekarri behar izaten diegu txita kankailu horiei. Eta beren kantu mozolo horrekin ez dakit nola daukaten hainbesteko fama. Zozoek eta birigarroek ere amorru pixka bat ematen digute beren zalapartazko hegaldiekin eta txitxarerik onenak kentzen dizkigute. Baina horiek ere txoriak dira eta txoriak beharrezkoak gara mundu honetan. Izan ere alaitasuna jartzen dugu geure kantu politekin.
Eta ez al dizue beldurrik ematen elurrak? Bai horixe. Gu baserriko ganbarara joaten gara babes bila baina kontuz ibili behar dugu katuekin. Zai-zai egoten dira eta laster botatzen dituzte atzamarrak gu harrapatzeko. Deskuidatu ezkero akabo. Gureak egin du eta katuaren sabelera azkar asko. Hala ere baserrian katuengandik babesteko nahiko leku eta zer jana egoten da. Guk kanpoan nahiago dugu baina gaizki moldatzen gara elurrarekin. Batzuk izaten dugu babeslekuaren suerte hau baina beste askok nola edo hala konpondu behar.
Hegazti edo txori mota asko ditugu inguru hauetan baina agian txantxangorria dugu sinpatikoena eta maiteena. Ezagunena eta otzanena ere bai. Txepetxa eta kukua izango lituzke lagunenak. Zozoa, birigarroa eta beste asko ere oso ezagunak eta lagunak ere bai baina baldarragoak agian. Kantalari hobeak ere badira baina izuagoak gehienetan. Beste hegazti batzuk berriz depredadore eta erasotzaileak lirateke eta txantxangorria eta txepetxa beldur izaten dira horiekin. Zapalaitza edo putrea adibidez. Baina gora gure txantxangorri fina.
Txantxangorria txantxate,
birigarroa alkate,
txepetxa komediante,
zozoa kartzelan sartu dute.
0 comentarios