Blogia

joxelanda

10-09-08

 IRAILA

Trantsizioko hila. Ez udara eta ez udazken. Eguzkia, onenak emanda, urrutiratzen hasi balitz bezala. Eguna laburtzen eta gaua luzatzen. Ondo gabiltza oraindik baina tristetzen hasten gara honezkero. Eguraldiaren martxak ere gehienean egin ohi du halako aldaketaren bat. Mendebaldetiko eraso gehiago eta euria sarriago.

Uda garaian eguratseko behe geruzak eta goietakoak askotan ibili ohi dira bakoitza bere aldetik. Bata bestearengandik aparte. Trumoi eta ekaitzetarako joerak hor goian garatu ohi dira. Behetan berriz, behe laino, gandu eta enbatak. Hauek euri gutxi ekarri ohi dute eta udaran euria dezente botatzekotan ekaitz giroak ekarri beharko luke. Horregatik deitzen zaio bi solairuko eguraldia uda garaiko horri.

Udazken aldera nahasten hasi ohi da izaera hori. Askotan mendebaldeko fronteak bietatik izan ohi dute nahasian. Enbata koska galanta eta trumoia dinbirri-danbarra zeru sabaian, tanta handiko euri jasak botaz. Tenperatura beherago eta oskarbi gutxiago, zeruan lainoak eta hodeiak ugalduz. Irailean eman ohi da gehienetan aldaketa hori. Enbataren haize bisutsa eta hego haizearen ufadak borroka bizian batzuetan. Horrelakoetan mendebalak irabazi ohi du gehienetan, petral aldia ekarriz.

Kontuak kontu ez dirudi aurten okerrerako aparteko joerarik hartuko duenik. San Nikolas eguna eta larunbatean oso giro ona. Baina igandean pattal antzean.  Hilaren hogeita hiruan goizeko bostak eta bederatzian sartuko gara udazkenean. Aurretik koarta tenporak dauzkagu. Hilaren 14-an Santa Kurutz eguna eta hortik hurrengo asteazkena tenporen lehenengo eguna. Beraz, 15, 17 eta 18-an izango dira oraingoan. Hilaren hamarrean San Nikolasak eta 29an San Migelak. Sagarrak eta mahatsak biltzeko giro aproposak egingo ditu. Pikuak eta intxaurrak ere aprobetxatuko ditugu bai. Egun hauetako euri zaparradatxo hauek larreak goxatu eta suspertuko dituzte ederki. Eta onddoak eta perretxikoak ere non nahi agertuko dira, eder askoak.

Hil honetan ez dugu hego haize asko izango  baina hoztu ere ez asko. Agian goizetan freskura pixka bat bai, antizikloia eta gau luzeen eraginez. Oraindik berdin samarrak gaua eta eguna baina luzeenetik dezente galduta eguna. San Joanetan 15 ordu egunak eta San Migeletan 11,25. Galera dezentea baina oraindik egun argi luzea.

Lasai-lasai emango diogu ongi etorria udazkenari. Ea ongi portatzen zaigun. Hego haize pixka bat eta eguzkiaren bisitak. Elurra mendi puntetan bakarrik. Edozein moduz ere, udazkenak baditu bere xarmak. Gaztaina biltzeak eta garopaitak bukatu ziren baina uzta garaia izan ohi da udazkena ere.

Urtero Iraila eta Abendua asteko egun berean hasten omen dira. Batak udazkenari paso eta besteak neguari. Horrek beldur pixka bat eman ohi digu baina gaur egun ondo moldatzen gara neguan ere. Urakanak dabiltza orain aztoraturik bazterrak apurtzen. Karibe aldean eta Pazifiko itsasoan batik bat. Haizeak 150 kilometrotik gorako abiadura harrapatzen duen zurrunbiloari deitzen diote urakana. Triskantza galantak egin izan dituzte haize ufada bortitz horiek. Urtean hirurogei bat sortzen omen dira mundu guztian. Gu gutxitan harrapatzen gaituzte. Eta ez dute faltarik ere egiten. Aspaldi honetan nahiko giro onarekin gabiltza eguraldiaren aldetik eta gizarte giroan ere baditugu notizi onak.

Itziarko eskola zoriondu nahi nuke. Agian kostata baina merezitako lorpena iruditzen zait umeak berton eskola tokia izatea. Gehiago ere merezi luke Itziarrek gai horretan. Bejon deizuela, eutsi goiari eta segi aurrera. Guraso eta ume. Ni behintzat zuen alde. Krisia gainditu eta Itziar udal herri. Merezi bai horiek ere. Itxaropenik ez dezagun galdu eta agur bero bana irakurle guztioi.                 

10-07-18

 UZTAILA ETA ABUZTUA UDARAREN ERDI ALDEA

Uztaila edo garila. Abuztua edo dagonila. Udararen erdi aldea esan dezakegu. Urtarrila eta otsaila neguaren erdi aldea bezalatsu. Bata bero aldeko puntan eta bestea hotz aldekoan. Eguzkia eta munduaren arteko ibilerak eragiten dituen gora beherak. Horrelaxe ipinita dago mundu honen martxa gure lurraldeari dagokionez.

Gari jasotzea genuen uztaileko langintzarik garrantzitsuena. Gari jotzea ere bai. Horregatik dauka hil horrek izen hori edo garila. Abuztua berriz kosetxa hori gordailuetan edo ganbarako gari kutxetan  gordeta dagoenekoa. Horregatik dagonila. Izan ere garia mundu mailan produktu edo elikagai garrantzitsuenetarikoa izan da gizaldietan zehar. Gizakion elikaduran paper inportantea bete izan du aintzinatik. Eman egiguzu gure eguneroko ogia eskatzen genion Jaungoikoari. Mundu mailan garia, artoa eta arroza izango dira gehien produzitzen diren laboreak. Arroza ez da ereiten inguru hauetan baina emaitza oparoko laborea da hainbat lekutan. Artoa eta babarruna soroetan irabazian zeuden uda garai hauetan. Artajorrak bukaturik Santiotik San Inaziotara artalorak kendu eta ganadu jatekotarako osagai polita ohi zen. Negurako komeniko ziren belar ondu edo lehortuak, sabaietan edo suhatzetan txukun-txukun gordeta utziz lasaitasun ederra baserritarrentzat. Hor ez zen oporrik izaten. Hori negurako lagatzen genuen.

Eguzkia protagonista eta euriaren premia. Trumoia eta ekaitzak behar izaten dira udaran euria egingo badu. Mendebaldeko lardaskeriekin jai egon ohi da kanpoa ongi bustitzeko. Baina biak ere tamainan hobe. Ez bat eta ez bestea askotan gertatu ohi da. Aurten ere ez gabiltza urruti atarramentu horretatik. Baina orain ez da sumatzen garai haietan bezala elizetan errogabatibarik euria eskatzeko.

Lehorte handia eta euri premi izugarria eta Urdanetan ere antolatu omen zuten elizkizun hori. Jende mordoxka juntatu eta prozesio moduan kanpora atera Jaungoikoari hurbilagotik dei egiteko edo. Hasi omen ziren latinezko letaniak kantatzen. Santa Maria apaizak eta orapronobis jendeak. Santa Zezilia orapronobis, Santa Katalina ora pronobis eta hor apaiza hurrengo izena ez oroitzen eta santa dana-dala deiadar egin omen zuen eta jendeak erantzun: trala-rala-rala.   

Festa eta ikuskizunak ere ugari izan ohi dira hil hauetan. Herriz herri eta lekuz leku bazter guztietan dago zer edo zer. Oporrak hartu eta lanak eta ardurak alboratuz, ondo pasa eta deskantsatu,  indarberritzeko. Gure bizitza  horrela antolatzen saiatu ohi gara. Beti ere atseden alditxoak tarteka oso ondo datozkigu bizitzako mikaztasunak apur bat goxatzeko. Izan ere gaur egun dauden aurrerapenekin gizarteko beharrak osatzeko ez legoke hainbeste lan egin eta konpromiso zamarik hartu behar.

Hain zuzen nire ustez gaizki antolatua daukagu gure gizartea. Politikoak oporretan eta krisisa lanean. Politikoak ez daukate fama ona gaur egun. Sermoi ugari baina pulamentu gutxi. Elkarri gaizki esaka edukazio pittinik ere gabe. Gure auzoko subnormala baino areago. Garo epaitan zebilela muga igaro eta auzoko zailean garoa ebakitzen harrapatu auzotar horrek eta errieta bizian hasi omen zitzaion. Joxe Manuelek bere burua subnormaltzat zeukan nonbait eta hala erantzun omen zion: hi ere nire modukoa al haiz ba.

Gure politikoek horrenbeste ere ez dute errekonozituko. Egia esan niri lotsagarria eta kaltegarria iruditzen zait elkarrez horrelako baldarkeriak publikoan esatea. Txukunen hitz egiten duenari eman behar genioke botoa. Baina horretarako beren burua txukundu behar dute ideiaz eta intentzioaz. Edo bestela garai bateko auzo lana bezalaxe, geu hasi beharko dugu politika ere auzolanean egiten. Gizartea ongi antolatzeko premisa egokiak falta direla uste dut. Hemen berton daukagu Itziarko kasua. Eskubide eta arrazoi osoz udal herri izan nahi eta ezin lortu. Hainbeste urte borroka tonto horretan eta arrastorik ez oraindik. Non dira hemen burutapen jatorrak. Nonbaiten traba egiten digu. Bestela gu geu izango ginateke. Nik uste dut aukera hori zor digula gizarteak. Horrek ez dauka inolako asmo txarrik eta okerbiderik. Gure geu izaera maitatu eta besteren geu izaera errespetatu. Hori da gizalegea. Bestela norbait besteren bizkarretik aprobetxatzen ari da.

Eta festa usaia sumatzen dut eta gure festak eta jaiak ere maitatu behar ditugu. Nola ez. San Inazioak, Kopraixak, Andramaixak, San Rokeak, San Bartolomeak eta hainbat festa gure inguruan. Ondo ospatu ditzagula horiek guztiak. Merezi dugu eta. Elkar pozteko izan daitezela. Zorionak nire partetik irakurle festazale guztiei.    

10-06-14

EKAINA EDO GARAGAR HILA

UZTAREN ATARIAN KUKUARI ADIO

Gaurkoan Ekaina izango dut aipagai. Urteko seigarren hila. Beraz, erdi aldean gaude jadanik. San Antonio, San Juan, San Pedro. Horiek ditugu hil honetako egunik ezagunenak. San Antonio Urkiolakoa, hilaren 13-an ospatzen da eta fama handia zuen lehenago eta oraindik ere jende asko joaten da hara santuari zerbait eskatzera. Bikotea franko uztartutakoa omen dela diote. Gero zoriontsu bizi izaten lagundu ere bai. Ez da ez lan txarra hori ere. Meza entzun txintxo-txintxo eta atariko harri handiari hiru buelta eman eta andregaia edo senargaia seguru. Baina formula horrekin ere zenbaitentzat alperrik.

San Joanetan berriz, herri askotan izaten dira festak. Beste ohitura batzuk ere baziren lehenago. Bezperan iluntzeko sua eta eguneko mezetan loreak bedeinkatzea.  Etxean zaharkitutako tresna eta gauza zaharrak erretzen ziren San Juan suetan. Utzi zaharra eta ekarri ezazu berria esan ohi genuen, salto eginaz. Zeinek baino zeinek lora sorta dotoreagoa eraman bedeinkatzera. Neskatoak eraman ohi zituzten gehienetan. Naturari eskerrak emanaz Jaungoikoari eskaini eta bere bedeinkapena hartu eta pozik etxera.

Geroago San Pedro. Santu inportantea zen hau ere. Herri askotako festa eguna hain zuzen. Horietako bat Zumaia. Honoko ipuin hauxe kontatu ohi dute: Santuak bere jendeari lagundu nahian soka luze bat bota omen zien Zumaiarrei zerura errazago igo zitezen. Hala, ba omen zihoazen zintzilikaturik zeru alderantz sekulako ilara. San Pedrok jendea animatu nahian latinezko aupada bota omen zien sung sun korda esanaz. Alegia gora bihotzak. Eta aurrena zihoanak “suelta la cuerda” ulertu omen zuen eta sokari utzi zionean beheragoko denak ere lurrera joan omen ziren. Orain zumaiarrik gutxi omen dago zeruan. Lastima. Santuak euskaraz jakin izan balu.

Kukuari agur egiteko eguna ere bada hain zuzen. Ama Birjina martxokotan kuku eta San Pedro-tan mutu. Udaran sartuko gara hilaren 21-ean eguerdiko ordu baterditan. Eguraldiaren aldetik ez da oso ondo portatu aurtengo udaberria. Maiatzean izan zen on alditxo bat baina oro har nahiko kaskar ibili da. Ekainak ere izango ditu bai eguraldi oneko egunak baina agian guk nahi aeina ez. Badaki bai ekainaren azken aldera bero galantak egiten ere. Hil honen bukaeran egun eta erdi faltako ditu urtearen erdira iristeko. Urtearen egunik luzeena ekainaren 21-a. Baina mundua eguzkiarengandik urrutiena Uztailaren 6-an (munduaren erdi gunetik eguzkiaren erdi gunera 152.096.601 kilometro) eta hurbilena berriz Urtarrilaren 3-an (147.097.887 kilometrotara). Distantzia handi samarra baina itxura denez txintxo eusten diete beren martxari milioika urtetan. Espazioko katxarro horiek epe luzerako izakiak dira nonbait baina mundu honetako naturaren izakiak epe motzerako diseinatuak gaude, gizakiok barne. Lastima da hori. Hain leku interesantea izanik hau, laster baten alde egin behar hemendik. Mundu hau eta beste mundua eta horrelakoak ere esan ohi dira. Bada ez bada ere sinestea hobe iruditzen zait. Hara bertsoa: mundua ta zerua elkarren segida, mundutik zeru hori hurbiltzen ari da, pauso txiki batean bertaratu dida, hemengo bizitzaren jarraipena bai da. Akaso tarte horretan ere zerbait egon daiteke.

Ilargiraino joan zen gizona eta esaten dute han hotela egitea pentsatzen hasiak daudela. Joan dadila nahi duena. Ayo pelayo. Ni behintzat ez noa. Berton ere ez daukagu leku txarra alajaina.

Erreala martxan eta krixixa sendatzen denean bapo berriro ere.

Ba omen zeuden bi tomate Osloko kalean eta hango jendeak jakin ez zer ziran eta erdikoa zapaldu egin omen zuten. Earra kontua!

Uztapideri falta bat zeukala esan omen zioten. Alegia sudurra luzeegia zeukala eta Uztapideren erantzuna: hori ez duk falta hori sobra duk motel.

Tonto hark ez omen zekien bera tontoa zenik tontoa zelako.

Beste batek berriz honela omen zioen: mundu honetan adina komeri ez duk egongo beste herri txiki batean.

Kontuak kontu bukatu egin beharko dut hau. Hurrengoan gehiago eta hobeto. Ondo segi eta agur bero bana irakurle guztioi.

10-05-10

MAIATZA EDO LORAILA

URTAROEN NERABE GARAIA

Gaurkoan Maiatzari emango diogu astindutxo bat. Loraila edo asto hila ere deitu izan zaio. Aurreko batean esaten genuen, nola hiru urtarotan erabiltzen den uda hitza. Udaberria, uda eta udazkena. Uda aldi luze horren nerabe garaia izango litzateke Maiatza.

Egun seinalatuak eta eginkizun aproposak ere asko ditu Maiatzak. Artoa eta babarruna ereiteko garaia. Gordetzeko belarrak jasotzen hasteko garaia ere hortxe-hortxe. Natura berpizturik lora franko ere ikusi daiteke bazterretan. Eguzkia sasoiko eta berotzar galanteko egunak ere bai. Ekaitz ugari sortu ohi dira Maiatzean. Kastillanoen esaerak dioen bezala: < por Mayo,  cada dia hay un rayo >. Ikusgarriak ere izan ohi dira zenbait trumoi laino gandor handiak ere.  Gure aitak esan ohi zigun San Pedro eta San Pablo zeruan boletan hasiak izango zirela. Horrela ez ginen umeok bat ere beldurtzen. Trumoi kontuak direla eta beste ipuintxo bat gogoratu zait :

“Maiatzean izango zen agian soldadu errekluta hari gertatu zitzaiona. Euskaraz ondo zekien baina erdaraz gutxi. Kapitainak ura ekartzera bidali omen zuen eta urik gabe itzuli gizarajoa. Ekaitzak eraso dio nonbait eta honela jarri omen zion aitzakia kapitainari, eskua bekokian jarririk errespetu ginoa eginaz dio <mi kapitan trumon bur-bur, tximist blist-blits, balde blist blast y agua no traer>.”

Soldaduskako atarramenduak alegia. Soldaduska  kendu zuten eta eskerrak baina militarismoa ez dute kendu oraindik. Nik uste dut horixe dela munduko terrorismorik txarrena. Gerra hasi arte ez zegok hemen bakerik esan omen zuen militar zahar batek. Ez dakit zer defentsa edo zibilizazio baina niri aitzaki horiek ez naute konbentzitzen.

Lehengo ariari jarraituz, uste dut urtaroei dagokienez eta naturari pixka bat erreparatzen dionarentzat, Maiatza dela urteko hilik sinpatikoena. Loraila deitzen zitzaion eta zer da bada lorea baino gauza sinpatikoagorik? Gaztetxo bihurri samarra dugu bai Maiatza, baina natura gustura sumatzen da alajaina. Gu geu guraso eta senideetatik sei baginen Maiatzean jaiotakoak eta maiatztarrok denok batera ospatzen genuen urtebetetze ospakizuna. Asto samarrak izango ginen agian. Duela 63 urte (1947) elurra egin zigun Santakutzetan. Goiz hartan elur koskatxoa zegoen Beliosoron. Karobia erreta geneukan eta harri koskor erreak zoroan multzoetan ipinita geneuzkan. Elurra mara-mara bota zuen gauean eta urtu zituen kare koskor horiek. Han jardun ginen elur zuriaren gainean kare zuria zabaltzen. Zuhaitzek hostoa zuten jadanik eta arbola adar asko hautsi zituen. Gertakizun xelebrea benetan. Ba, aurten ere ez zaigu urruti ibili lotsagabe hori. Eguraldi makurra eta negutarra eduki dugu Santakutz aste horretan.  Itsasaldetiko haize zitalarekin elurra egin du hainbat lekutan eta paraje altu samarrak zurituta egon dira. Esan ohi da maiatzak lehenengo edo bigarren erdia eguraldi kaskarra izaten duela. Beraz, aurten bigarren erdiari tokatzen zaio eguraldi ona. Eta halaxe egingo du gainera. Aste hau kaskarretik doanez San Isidro eguna eta igandea (Asentsio eguna) giro eskasarekin oraindik. Nekazarien zaindaria bat eta Endoiako festa eguna bestea. Zoroetako lanak egiteko garai txarreko kaskarraldia izango zatekeen hauxe. Baina hilaren beste erdi horretan ondo portatzen bada barkatuko diogu bai. Garai batean Harbilen ere egiten zen erromeria Asentsio egunean. Bazuten bai bilkura haiek ere beren xarma. Gaur jendea beste modu batean ibiltzen da. Baina gazteak beti izaten dira festa zale.

Martxoan sartu ginen udaberrian eta natura hasi zitzaigun esnatzen. Naturaren goiza bailitzan, kanpoa mugitzen hasi zen. Klase guztietako landare eta zuhaitzek hosto berriak zabaldu nahian sumatzen genituen eta orain Maiatzean gaudenez, dena irabazian ikusten dugu. Eguraldia ere gero eta hobea izan ohi da eta belarra tirata bezala hazten dela esan ohi genuen. Hori bakarrik ez, baita ere hainbat landare loratu. Pozgarria da bai natura horrela ikustea. Trumoi eta ekaitz batzuk gora behera, loratu dezagun geure animoa ere. Pentekostes eguna hilaren 23-an eta tenporak berriz 26, 28 eta 29-an. Hemen bukatzen dut gaurko lantxo hau. Beraz, ondo-ondo segi eta animoari eutsi. Agur bero bana irakurle guztioi.

 

10-04-06

APIRILA, EURIA EGITEN HABILA

JORRAILA, JORRAKETARAKO GARAIA

Udaberrian sartu ginen eta bagoaz aurrera naturarekin batera berpiztuz. Esnatu zaigu natura  eta kanpoa mugitzen hasia da jadanik. Zozomikoteen traumatxo hori igaro eta  esan dezakegu bale garela.

Hemen geunden kikilduta, burumakur, negutzar horren azpian. Baina abiatu gara naturarekin batera udaberriari eskutik helduta ttipa ttapa berpizteko bidean. Kukua garbo handirik gabe azaldu zaigu, baina laster azalduko dira enarak eta txorien kantuak ugalduz, zuhaitzen hosto berriak eta loreek hornituriko paisaia zoragarriak sumatuko ditugu inguru-miran.

Gari eta garagar landareak jorratu, belar txarrak kenduaz. Krisia deitzen diogun belar txar demonioa ere kendu dezagun oraingoan. Ekonomia ere naturarekin batera suspertzen hasi dadin.

Aurten negua zital samarra izan dugu eta loaldi ederra egin du kanpoak eta ea orain azkar batean irabazian jartzen den. Hil hau ez da txarra euria egiten eta zaparrada mardul batzuk ez lirateke gaizki etorriko.

Igaroak ditugu egun bereziak. Martxoaren 20-an sartu ginen udaberrian eta gero Amabirjina martxoko eguna. Martxoaren 25-a egun seinalatua zen lehen. Kukuaren etorrerarekin lotzen zen batik bat. Izan ere kukuaren kantua izaten genuen udaberriaren seinalerik nabarmenena. Gaur egun baino garbosoago etortzen zen gainera. Kantu tonto samarra du baina ozen eta alhatsua du ahotza. Urrutitik entzuteko modukoa. Normalean ku ku, bi ku-rekin osatu ohi du bere errepertorioa, baina batzuetan badaki hiru kurekin kantatzen ere. Eta kukuak ku-ku-ku kantatzen zuenean, trumoizko euria etorriko zela esan ohi zuten. Horrelakoetan arretaz ibili behar ganadu jatekoak aurrez ekartzen eta abar.

Lehenengo aldiz kukua entzutean patrikan txanponak edukitzea ere garrantzizkoa zen. Hala tokatu ezkero ez omen genuen diru faltarik izango urte hartan. Gero zozomikoteak zetozen. Martxoaren azkeneko bi egun eta erdi eta apirilaren aurreneko bi egun eta erdi. Aurten Aste Santuarekin tokatu dira gainera.

Eguraldiaren kaskarralditxoa izan da aurten ere baina ez oso nabarmen. Aberri eguna ere igaro dugu. Eguraldi eskasa baina ilusioa bikaina. Eguraldiaren giroa kaskar samarra eta bestelako giroak ere baditu gaur egun laino beltzak eta bisutsak. Baina gu ez gara ordea kikilduko erasotxo horiengatik. Jorraila deitzen zitzaion lehen Apirilari. Gizartea deitzen diogun zoro zabal horrek ere badaukala uste dut jorra on baten premia. Belar txar asko daukagu bertan. Aitzurra edo herbizida. Zer edo zer astindu behar genuke.  Baina kontuz belarra jorratu eta artoa sasira gertatu ez dadin. Belar txarrak indartu eta landare onak ilunpean. Hori izaten da askotan gertatzen dena.

Aste santua meditatzeko izaten omen da aproposa eta burutazio horiexek ibili ditut nik aurten. Zoro edo baratza bakoitzak izaten du bere bokaziotxoa. Baserri giroan ohitua denak, hori badaki ondo. Zoro bat artoa ereiteko hobea eta bestea patata ereiteko aproposa. Gizarte zoroak ere horrelaxe lirateke. Euskal Herriaz  ezagutzen den gizarte zorotxo honek ere badu bere bokazioa. Euskal bokazioa alegia. Euskal sentsibilitatea bere hizkuntza eta guzti. Belar txarrek itolarria jarriko ez baligukete, mardul irabaziko luke gogo horrek hain aproposa dugun lurraldetxo honetan. Apiriletik Maiatzera. Jorrailetik Lorailera.

Ea independentzia deitzen diogun landaretxo hori apirilean pixka bat jorratuko dugunez, maiatzean loratzen zaigun. Aspaldi erein zen asmo jator horren hazia. Gu gaztetxoak ginenerako bizirik zegoen landaretxo hori. Gora Euskadi askatuta esaten genuen bero-bero. Gauza bera ulertzen genuen horrekin. Orduan ere giro txarra zegoen eta larri zebilen landaretxo hori. Gaur ere berdin jarraitzen dugu baina muino bizkarreko zuhaitza bezalatsu, haize txarren erasoei eutsi ezinean pixka bat makurtuta baina zutik dirau gogo jator horrek. Beraz goazen ttipi ttapa udaberrian aurrera eta ea uzta oparoa aurkitzen dugun uztailean. Oraingoz nahikoa izango dut eta hurrengoan gehiago. Bitartean ondo bizi eta animoak irakurle guztioi. Agur

10-03-09

MARTXOA EDO EPEILA

NEGUA AZKENETAN ETA UDABERRIA BERTON

Neguaren zama gainetik kendu samartu dugun honetan, halako epaiketatxo bat egiteko tenorean gaude alegia. Negutzar honek zer edo zer balekoa gerorako utzi ote digun balantzatxoa egin behar genuke. Egia esan, ez dugu izan negu hau oso goxo eta apala. Bost elurte, euri jasa galantak eta sekulako haize boladak. Okerrak eta sarraskiak dezente nozitu behar izan ditugu. Baina aste petrala igaro eta hasi gara udaberri usaiak sumatzen.

Oraintxe bertan udaberrian gaudela dirudi eta lehenxeago jasan dugun negu giro zital hori ahaztu egingo dugu. Lehenxeago berriz, ziklogenesis leherkorra, deituriko haize zurrunbilo ikaragarria igaro zitzaigun ziztu bizian, oker dezenteak eraginaz. Mapa edo modeloetan begiratuz, bilakaera arraroa sumatzen zitzaion berari. Kanariar irlak baino aruntzago sortu zen eta 5.000 kilometro igaro zituen  24 orduren buruan. Beraz, abiadura handiz zetorren XYNTHIA izeneko zikloi zurrunbilo hori. Larunbat iluntzerako hementxe genuen gainean, triskantza galantak bidean eginda. Beste hainbeste kilometro egin behar zituen beste 24 ordutan Finlandia aldean desegin arte.

Triskantzarik handienak Frantzia iparraldean egin zituen. Jipoi gogorra eman zion paraje horri, hildako pila bat utziaz. Gurpilaren moduan mugitzen diren haize ufada bortitz horiek, airearen presio jaitsiera azkarrak eragiten ditu, nonbait zibotaren moduan haizea biraka ipiniz. Eta hain azkar lekuz aldatzeak areagotu egiten du zurrunbilo horren indarra. Gainera beheko aire epelaren eta goiko hotzaren kontrasteak haize nahasketa sortu ohi du halakoetan. Eta hori izango zen agian gurpil horren ardatza. Aire epelak gutxiago pisatzen du eta gorantz abiatzen da. Goiko hotza berriz pisutsua izateak, beheranzko joera izaten du. Bien arteko tupustak sortzen ditu haize katramilatsu horiek. Elementu horiek guztiak bildu ziren nonbait gurbil zoro horren jira biran.

Gure inguru hauetan nik uste baino aisago igaro zen, nahiz eta oker dezente egin. Nik ezagutu ditut haize bolada zakarragoak ere. Giro ederra geneukan otsailaren 27-ko larunbat horretan. Gogor abisatzen zuten bazetorrela ikaragarria baina iluntzera arte ez genuen gauza arrarorik sumatu. Azkar batean etorri ziren haize ufadak eta ordu batzuetan ez zen giro izan. Zaplazteko ederra eman zigun haize demonio horrek. Arbolak hautsi eta erori. Teilatuak mugitu eta oker handiagoak ere bai zenbait lekutan. Baina hain zuzen igande goizerako dezente baretuta zegoen haizea eta itxura polita zuen eguraldiak. Geroago elur giroa eta hotz bolada galanta eduki dugu. Aste guztia negu giro gordinean. Nik uste negu honek bere kupoa bete duela eta azkeneko ostikada izango zela hori.

Hasi zaizkigu gauzak aldatzen eta igandetik aurrera udaberri giroan jarriko gara. Hilaren 20-an, larunbatean, sartuko gara ofizialki udaberrian. Arratsaldeko seiak aldean. Baina eguraldiaren aldetik aurrez hartuko du urtaro horri dagokion tonika.  San Jose gure santu handi hori ere ondo portatuko zaigu aurten hego haize giroan. Udaberrian abiatu eta  geroxeago hor daukagu amabirjina martxoko famatua. Kukua Erromako zubian igarotzen denekoa alegia. Giro onarekin berehala entzun ahal izango dugu. Hori bai hegazti alaia. Bertso motza eta poto egiten du baina poza dakar. Horrelaxe onetik onera eta zozomikoteak hilaren azkenean. Bost eguneko txarraldia artzainen kezkagarri. Aste santua tokatzen da hain zuzen. Aurten udaberriko kuarta tenporek ere abisu kezkagarria utzi digute. Otsailaren 24-26 eta 27 izan ziren. Haize giroan eta azkenean larunbat iluntzeko haize zurrunbilo trakets hori. Ez ahal du behintzat oraingoan kunplituko iragarpen hori. Ez diogu barkatuko horrelako astakeriarik.

Orain ez da ez arbi lorerik eta ezta pagotxarik ikusten. Seinale aproposak ziren horiek baina eguzkiak eta epeltasunak abisatuko digute ederki asko. Txalo zaparrada batekin eman diezaiogun ongi etorria hain desiratua izan ohi den udaberriari. Nik berriz alaitasuna eta poza opa dizuet irakurle guztioi. Ondo izan eta hurrengora arte. Agur

10-02-09

OTSAILA, TXIKIA BAINO TXARREAN HABILA

Kandelario, San Blas, Santa Ageda. Hortxe neguaren erdi erdian. Eta abiatu gara jadanik udaberri aldera. Baina fama txarra du hil honek. Hil beltza, negu beltza eta otsaila negu zuria. Biak ere, a ze parea! Eguna motza eta gaua luzea. Eguraldi txarra ugari. Urtarrilak gaizki erakutsi eta bai besteak hala ikasi. Eskerrak otsaila motza izaten den. Egunik gutxieneko hila hain zuzen. Baina eguna luzatzen hasita dago. Ordubete eta hamar minutu honezkero. Hala ere eguzkiak ez du asko luzitu ohi hil honetan.

Aurten ere ari da bai bereak egiten. Elurtean gaude oraintxe bertan. Aparteko gaiztakeriarik ez nuke esango baina ederki ari da konplitzen neguari dagokion maila. Etor dadila udaberria goiz antzean eta formal. Horrela barkatuko dizkiogu neguari bere akzio txarrak. Baina oraindik ere aldapa luzea daukagu eta ea aisa gainditzen dugun. Eguraldia bihurri samar ibiliko dela dirudi hil honetako partean behintzat. Sasiko-putzu egunean eta inauterietan hotza izango da protagonista eta elur lapatsa ere egin dezake.

Hilaren 17-an hausterre eguna. Garizumaren hasiera. Berrogei eguneko serio bolada. Meditazioak, otoitzak eta pentsamendu sakonak lantzeko garaia. Seriotasunetik eta tristeziatik nahiko badaukagula uste dut bai.  Neguaren goibeltasunaz aparte, krisia demonio hauxe ere gainean daukagu bere gordinean. Askorengan dauka eragin latza ekonomiaren desoreka makur honek. Ez dakit nork eta zergatik sortua den eta ez da ere ez dakigu inor ari ote den benetan arazoa konpontzen. Norbaitek izango zituen kulpak eta norbaitek konpondu ahal izango luke agian baina borondateen falta. Lehen esan ohi zen kontzientzia berdea omen zela eta astoak jan omen zuen. Kasu honetan ere horrelako zerbait gertatuko zen. Eguraldi txarraren ondoren ona etorri ohi da baina krisiaren laino beltzak noiz aldenduko ote dira. Ea egoera ekonomikoaren hobekuntzak bizimoduaren eguzki printzak ikusteko aukera ematen  digun lehenbailehen. Nire formula hauxe izango litzateke: produzitu edo ekoiztu nahi duguna, kontsumitu arazten hainbeste saiatu beharrean, premiak eta beharrak osatzen gehiago arduratu behar genuke. Beharrak osatu, pobreenetatik hasita. Aberastea ondo legoke agian baina inor izorratu gabe. Ea nola egiten den hori. Hala esanda, ezer asko ez dela esaten dirudi baina pentsamendu sakona dela uste dut. Otsailaz hizketan hasi naiz eta hara zertara iritsi naizen. Hil hau katu hila omen da baina  katuaren miaua baino krisiaren marrua gehiago entzuten dugu aurten. Udaberria bistan dugunez ea ekonomiaren udaberria ere laster agertzen zaigun.

Kuarta tenporak dauzkagu hilaren 24, 26 eta 27-an . Nahiko goiz aurten ere udaberrirako iragarpena egiteko. Baina hala ere erreparatuko diogu.  San Balentin 14-an. Maiteminduen eguna. maitasunaren eguna hobeto agian. Beraz, otsailak ere gauza onak ere badituela alegia. Eta intentzio horretxekin har ezazue nire zorionik beroena. Agur irakurle guztioi. Hurrengora arte. Ondo segi.  

10-01-12

KAIXO URTE BERRIARI

Urteberri on. Abiatu ginen 2010.urtean zehar eta ia iritsi gara neguaren erdira. San Sebastian hotza neguaren bihotza. Bide batez, eguna luzatzen hasi dela ere igarri diogu. Jai bolada igaro eta formaldurik martxa normalean jarri gara jadanik.

Urteen kontakizun horrek ez dakit zehatz zer suposatzen duen. Kristautasunarekin omen dauka zer ikusia. Baina munduaren ibileran edo bere existentziari dagokionez, oso zati txikia litzateke. Urtebete guztiko segundo batek baino gutxiago agian. Baina guretzako balio du eta 21.gizaldi edo sigloaren hamargarren urtean goazela badakigu. Eta hamaika kontu txamar eta istorio xelebre kontatu izan dira denboraldi horretakoak. Lurrak berak ere astindu ederrak bai bazterretan. Lurrikarak, sumendiak, tsumaniak eta abar. Beste hainbeste lur azaleko geruzari dagozkionak. Makina bat sarraski eta triskantza bai kalte galantak eraginaz. Hurakanak, tifoiak, haize bolada bortitzak, euri jasa izugarriak, uholde kaltegarriak sortuz. Elurte eta izozte beldurgarriak ere ez gutxi. Ez dugu ez mundutxo hau bizitoki eroso eta goxoa. Baina oraingoz behintzat hobeagorik ez dugu aurkitu eta honetxekin konformatu behar.

Agian zahartu ere egin da apur bat. Horrenbeste urte daramazkiela unibertsoan bueltaka eta zer edo zer esan daiteke, baina nik ez diot bada xahar itxurarik hartzen. Akaso lehen, garai batean dena ordeka eta paraje zoragarria izango zen lur azal guztia. Lautada galantak ur putzu ederrez inguratuak. Gari soro eta arta sail galantak egiteko modukoak eta klase guztietako animaliak lasai asko elkar errespetatuz. Baina mundua mundu denetik izan den animalia edo izakirik printzipalena faltako zen. Gizona edo gizakia alegia. Hau geroago sortuko zen. Jainkoaren irudikoa dela diote. Baina agian hasieran izan zitekeen horrela baina gerora genero bihurria eta eskasa gertatu da bi hankako animali ziztrin eta itsusi hau. Nik askoz ere hobeagotzat daukat Jainkoa. Baldin bada behintzat.

Esan dugu aspaldi haietan munduaren bira guztia ordeka eta lautadak ote ziren. Geroago pixkanaka mendiak jaiki ziren itxura denez. Eta horiek zahardadearen zimurrak ote dira bada? Hala izanik ere, zahartze prozesu hori luze joango da oraindik eta guk ez daukagu kuidorik puzka batean. Gizakia ondo portatzen bada behintzat oraindik gizaldi pila batean iraungo du bai gu bizi garen bolatxo honek.

Urtea hasi berria dugula esaten genuen. Eta xaharra atzean utzita bagoaz ttapa-ttapa urte berri honetan zehar. Zer moduzkoa izan ote da ba igaro dugun hori. Gauza ona franko bai eta txarra franko ere bai. Batzuek on bila eta beste batzuek makila. Euskal Herriak tokatzen zaion nortasun eta izaera lortu ezinean eta berdin berdin Itziarrek ere. Beste hainbat korapilo eta aldrebeskeria egongo dira munduan baina seko sinetsita nago Espainiak ez duela ondo jokatzen Euskal Herriarekin eta Debak ere ez Itziarrekin. Zergatik ez onez onean bakoitzari utzi beren gisa molda daitezen.

Nik espero dut urte honetan gauzatuko direla arrazoizkoak diren desio edo tokatzen zaizkigun moldaketa horiek. Bakea eta zoriona izango lirateke alde guztientzako ere. Izan ere norentzako izan behar du bada kaltegarri gauza horrek? Pertsona ez da norberarekin bakarrik osatzen. Benetako nortasuna lortzeko gutar ere izan behar du. Baina gutar-tasun  hori ez luke beste inolako haien berekoikeriak zapaldu behar. Uste dut hasi berria dugun urte honetan sumatuko ditugula horrelako onurak. Jasaten ari garen krisia gainditu edo konpon bidean abiatu. Euskal Herritarrok izango dugula zer eta nola izan nahi dugun adierazteko aukera edo behintzat sumatuko dugula bide horretan abiatu garela. Itziartarrok ere poz pixka bat nabarituko dugula uste dut geure herri antolaketan pauso politak ematen ikusita. Eguraldia ere ondo portatu dadila urte guzian zehar. Oraingoz negua ondo doala dirudi, elurte eta guzti. Horrenbeste behar du itxurazko negu batek. Beste horrelakorik ez da sumatzen aldi batean behintzat. Ikusiko dugu nola portatzen den Otsaila. Baina garrantzitsuena da udaberria garaiz eta fundamentuz hastea. San Anton bisigua a monton eta kandelario harkaitzari ura dario. Lehengo urtean bezalaxe aurten ere batzuk jaioko dira eta beste batzuk hil.Horrelaxe da mundu honetako martxa. Mundua eta zerua elkarren segida / mundutik zeru hori hurbiltzen ari da /salto txiki batean bertaratu di da / geroko horren zati hemengoa bai da /

Beraz, animoak bidaltzen dizkizuet irakurle guztioi. Gauza onekin poztu eta txarrekin ez gehiegi tristetu. Agur eta hurrengora arte.

09-12-15

SALUDOTXO BAT ABENDUARI ERE

Abendua: neguaren sarrerako ateetan eta gaua luzatzeari utzi. Bide batez eguna luzatzen hasi. Urteberri eroak ere igarri. Eguna luzatzen hasi ote den alegia. Munduak eguzkiari bira emateko denbora hori hamabi zatitan banandu zuten noiz baiten eta abendua dugu azkenekoa zerrenda horretan. Igaro ditugu jadanik banaka-banaka urte guztiko hilak eta hemen gaude azkeneko honi begira edo beronekin bizitzen.

Hamabigarrena izate horrek ez dakit zenbaki garaiena izateak xaharrena izatea suposatzen duen edo azkenekoa izatean gazteena izatea den. Edozelan ere urtea bukatzeak beti ematen du tristezia apur bat. Bizitza amaitzeak bezala baina hau ez da amaiera, baizik eta naturaren geldi alditxo bat besterik ez. Urtearen gaua hain zuzen. Lotazila. Hazia erein genuen azaroan eta orain lotara. Tristura eta beldur pixka bat ere ematen digu neguak. Baina animo!  udaberria datorkigu eta. Natura esnatu eta berpiztu egingo da. Bitartean etxeetako babesa eta sukaldeetako goxotasuna gehiago estimatuko dugu.

Gauza xelebrea da, zuhaitzak eta beste hainbat landarek bere orriak bota eta biluztu egiten direla negurako. Guk berriz jantzi eta babes gehiago behar dugu urte sasoi honetan. Animali asko ere gorde edo ezkutatu egiten dira negurako. Baina ikusiko dugu nola udaberrian arbolak hosto berriekin eta animaliak bizi poz berriarekin azalduko diren. Kukua testigu.

Baina abenduarekin ari ginenez,  eman diezaiogun errepasotxo bat berari. Aipatzeko moduko gauza asko ditu abenduak. Santa Barbara, Amabirjina Sortzez garbiaren eguna, Santa Luzia, Santo Tomas, Gabon eta Eguberri eguna eta urte zaharraren eguna. Tartean beste egun ospetsuak ere asko. Beraz, eguna motza eta eguraldi tristea baina jai giroan igaro ohi da abendua.

Gainera aurten bertso jaialdi mundiala ere tokatu zaigu. Gustatu zait bertso kontu horrek maila hori harrapatu izana. Ofizio edo afizio esan zuen bertsolariak baina nik sentsazio eta emozioa ere nabaritu nituen. Bihotza eta arima/esaeraren errima/euskararentzat kilima /behar genuke mima. Hil honetan dauzkagu kuarta tenporak ere (16-an 17-an eta 19-an). Ea zer abisatzen diguten.

Hilaren 21-ean arratsaldeko seiak laurden gutxitan neguan sartuko gara.  Lotaziletik hilbeltzera baina elementu zuri horrek ematen digu beldurrik gehien. Izan ere elurra dugu hemen fenomenorik txarrena. Ibili beharra ugaldu zaigu galanki eta gomazko erruberak gutxi kateatzen dira elurrarekin. Garai bateko gurpil zorrotz haiek ez ziren labaintzen, baina haiek dorpeak ziren eta baztertu egin genituen. Eta orain komeriak. Etxe aldetik ibili beharko. Elurrak ateak itxi eta barru giro esan ohi zuen lehen. Atarian elurra, eman suari egurra. Bada ez bada ere denetik eduki behar etxe aldean gordeta. Ator mutil etxera gaztaina zimelak jatera.

Elurte koskor bat ere jasan dugu egun hauetan. Ipar haize hotzaren erasotxo batek elur lapatsa utzi digu itsas ertzeraino. Petral alditxoa haize zital horrekin baina ez da izan grabea eta ez dut uste aurrerantzerako tonikarik markatu digunik.

Berriro ere poliki-poliki epeltze aldera egingo du udazken itxura hartuz. Hego haize golpe batzuk eta euri zarrastak. Horrela bikain bukatuko dugu urtea. Ea animoso sartzen garen sigloaren hamar garrenera. Besarkada bat abenduari eta kaixo urtarrilari. Elurra gorde ezak hor goiko ganbaran eta gu moldatuko gaituk hemen hori gabe ere.

Abendua ez dugu izan hain txarra. Zaplaztekotxo hau gora behera nahiko ondo doakigula uste dut hil hau. Ez da komeni, hain zuzen, epelegia ere. Abenduan sagar lorea ikusi baino artaldean otsoa ikusi hobe, esan ohi zuten lehengo zaharrak. Betozko beltza ekarriko digu urtarrilak baina esan bezala zuri gutxi eta izotzik ez hobe. Agur urte zaharrari eta ongi etorri berriari. Gabon eguberri zoriontsuak eta urteberri oparoa desira dizuet irakurle guztioi. Ondo pasa eta hurrengora arte. Agur.

09-11-16

AZAROA ABENDUAREN ANAI TXIKIA

Azaroa: urteko hamaikagarren hila. Badu hil honek aparteko zer edo zer. Udazkenean gaude eta ez dakit udaren azkenetan edo neguaren aurrenetan. Neguaren atarian esango nuke nik. Udarari erabat utzi nahi ez eta neguan sartzeko gogorik ez. Urtea zahartzen dihoakigu eta paso eman behar anaia zaharrari. Abenduak emango dio urteari errematea. Baina Azaroan oraindik esna gaude. Hurrengo hiletik lo hartuko du naturak.

Azaroa, hazi aroa. Hazia ereiteko garaia alegia. Hazila deitzen zioten Bizkaia aldean. Haziaren hila. Baina hain zuzen ez da hazi gehien ereiten den hila. Apirilean eta Maiatzean hazi mota gehiago erein ohi dira. Natura esnatzen hasten denean alegia. Baina garia eta garagarra eta beste zenbait ale mota ereiteko garai aproposa dugu azaroa. Eta sekulako garrantzia izan dute labore horiek, batez ere gariak. Ogia egiteko lehengai propioa izanik, pentsa gizakion elikaduran zer suposatuko zuen mendeetan zehar. Munduan gehien ereiten den laborea dela diote. Azaroan erein eta uztailean jaso. Lotan bezala egon ohi da hazi hori lurrean denbora luzean. Otsailean landaretxoa bistaratu eta Martxoa edo Epailean gari sail hori balekoa den edo ez erabaki eta Apirila edo Jorrailean jorratu, pasada eman.

Horretaz gain ere badu bere xarma Azaroak. Naturak amaitu du bere jarduna eta atsedena hartzeko garaia du hain zuzen. Eguna mozten doan heinean tristetzen doa naturaren panorama. Zuhaitzen orriak horitzen hasten dira eta hosto lehor bihurturik, lurrera erortzen dira hego haizearekin jolastera. Aurretik jasoak genituen, udarak eskainitako uzta oparoak. Azkeneko sagar edo piku txamarrak jaso eta ea oraindik perretxikoren batzuk bilatzen ditugun.

Ehiztariak ere azkeneko uso edo paseko hegaztien zain bai baina oso bakan jadanik. Hemendik aurrera oilagorrak, hegaberak edo antzarrak igaroko dira giro txarraren abisua eginaz. Hego haize epelak mendebal petralari sarri utziko dio lekua.

Aurten ere Azaroaren aurrenalde horretan muturra erakutsi digu ederki mendebaldetiko eraso bihurri horrek. Hala ere elurrik ez zaigu bistaratu oraindik. Mendi puntak zuritzeko adina ez eta San Martinek aurten ere jarri digu giro ona martxan. Hilaren bukaera aldera arte eutsiko dio gainera. Baina abenduak ekarriko digu negu usaia. Honelaxe izan ohi da gure lurraldeko atarramendua,  urtean zeharreko martxan. Mundua ez da geldirik egoten eta urtaroen joko horrekin jarraitzen du modu irregular samarrean. Orain bai orain ez. Automobil mekaniko hura bezala. Lagun aprendizari esan omen zion erreparatzeko ea intermitenteak ondo funtzionatzen ote zuen. Ematen dio nagusiak intermitenteari eta aprendizak itzali eta piztu ikusi zuenean hala omen zion: orain bai ... orain ez. Orain bai ...orain ez. Seguru asko gure eguraldia baino txukunago zebilen hura.

Ea bada gu ere animatzen garen datorkigun negutzar hori kikildu gabe bikain pasatzera. Horixe desiratzen dizuet irakurle guztioi. Asko desiratu eta gutxirekin konformatu. Hurrengora arte. AGUR.  

09-10-14

EGURALDIAZ HIZKETAN

ITZIAR INGURUAN

Gauza natural bat bezala ikusi izan dut nik beti. Gure bizitzarekin lotura estua duena. Oso premiazko gainera. Hainbat modutan eragina duena. Arnasten dugun bakoitzean xurgatzen dugu.

 Eguraldia espektakuloa eta espektatiba. Eguraldia ikuskizuna eta etorkizuna. Une honetan daukaguna behar eta gerora zer etorriko ote zaigun peskizan egon behar. Naturaren dinamika markatzen duena. Ez da gizakiok egin ahal duguna baina bai jasaten duguna.

Eguratsa edo atmosfera eguraldia da eta bera da bizitzaren makulua. Ezin bestekoa gainera. Naturaren zatirik garrantzitsuena da. Hori gabe ez lirateke ez landare eta ez animaliarik existituko. Beraz, gizakiok ere ez. Batzuetan animatu eta besteetan tristetu egiten gaitu. Une oro geurekin daukagu nolabait. Horri bai esan diezaiokegula zu gabe zer egingo nuke nik.

Beti izango zen aipagai eguraldia baina orain askotan bihurtzen da notizia. Informazioetako medioek ederki astintzen duten gaia da alajaina. Agian gehiegi ere bai batzuetan baina gai sanoa da azken batean. Nik neuk ez dut behin ere sumatu horrelako gauza berezi edo uste gabeko bezala. Gauza interesante bezala bai ordea, naturala iruditu izan bait zait beti. Komentario edo elkar hizketatxo bat edo beste egunean zehar berarekin. Propio hitzegin ez dit egiten baina hainbat seinalek zerbait adierazten didate. Betiko galdera zer eguraldi egingo ote duen gerora edo hurrengo egiunetan. Gutxi edo gehiago, nola edo hala asmatu egin nahi nolabait. Izan ere sekulako garrantzia du kasu askotan eta gutxi edo asko ia beti.

Lehen esan bezala eguraldiaren barnean bizi gara eta bere atzaparretan gauzka. Jan edo edan gabe bizi gintezke egun batzuetan baina arnasa hartu gabe oso denbora gutxian. Niretzat gauza sinpatikoa da baina ez nitzake eguraldi zale amorratua izango. Horrela ez litzakeelako gauza naturala izango. Kaixo eguraldi diodanean, trumoi konkor edo hodei gandorren batek kaixo Joxe erantzuten sumatzen dut. Kasu gehiegi ez genioke egin behar baina batere egin gabe sekula utzi ere ez. Batzuetan goza arazten gaitu eta beste batzuetan sufri arazi. Espektakulu edo ikuskizun polita edo egoera amorragarri edo aspergarria. Bustia edo lehorra, hotza edo beroa, haizetsu edo bare, presioa goian edo behean, hezetasun eta presioen jokoa. Euria, hezetasuna tanta bihurtzean. Elur malutak hezetasun izoztuaren tantak. Txingorra, euri tantak izoztuta. Tximista eguratseko elektrizitatearen desoreka edo pilaketa. Trumoia tximistak airean egiten duen urraduraren zarata. Oraingo honetan utziko dut baina hurrengo batean jarraituko dut gai honekin. Itziarko feria ere badatorkigu eta zer eguraldi egingo duen jakin nahiko du jendeak. Itxura ona hartzen diot baina oraindik urruti samar dagoenez ez naiz atrebitzen ezer ziurtatzen, baina nire blogean jarriko dut aurreko igandean eta ziurrago aurreko ostegunean. Beraz, animo eta agur bero bana irakurle guztioi.

09-09-20

 

ENDOIAKO ATZERRITAR GAZTETXOEN  ARAZOA

GAZTETXO HORIEN ATARRAMENDUA ETA AUZOKIDEAN KEZKAK

 

NIRE INPRESIOAK

 

Lehenik eta behin esan behar dugu gaztetxo horiek merezi dutela ahalik eta ondoen zainduta egotea eta beraietaz arduratzea. Leku txar batean sortu izanaren kulparik ez daukate beraiek. Ez zuten nahita aukeratu hain inguru eta leku kaskarrean jaiotzea. Esaten dutenez oso miseria-lekutik abiatzen dira honantz zer edo zer hobeagoaren bila. Nola edo ahala bizi izan nahi eta sekulako komeriak eta sinestezinezko ibilera txarrak jasan behar bidaia luze horietan, gupidarik  gabeko jende maltzurraren eskuetan nora doazen arrastorik ere gabe. Horietaz egiten diren hainbat kontaketetan behintzat horrela azaltzen da. Ez gara jaiotzen norberak nahi izaten duen lekuan, baina gehienetan izugarri maite dugu leku hori. Eta leku guztiek izan behar lukete bizitza duin bat gauzatzeko adina elementu edo baliabide. Baina gizarte hau biziki aldrebesa denez, oso gaizki bizi den lekuak ere asko dira nonbait, munduan. Zer edo zeren bila, nora edo hara joan behar itxaropenak bultzatuta.  Hain zuzen ere, larria behar du izan egoerak, gaztetxo hauek modu horretan zerbait hobeagoaren bila beren herrietatik hanka egiteko. Gero, auskalo zenbat tranpa eta zikinkeria dagoen hor tartean. Aspaldi haietan, hemen bertotik ere joan izan ziren Amerikara eta beste hainbat lekutara, bizimodua aurrera ateratzeko asmoz. Guk ere bagenuen osaba bat Argentinan eta ez zen gehiago itzuli. Eta ezta han aberastu ere. Baziren Endoian gehiago ere hori egin behar izan zutenak. Baina gaztetxo etorri-berri hauen kontua erabat ezberdina dela iruditzen zait.  Gizateriaren bekatu larria dela dirudi honek. Horixe bai benetan merezi dutela hemen ondo hartu eta hezten laguntzea, nahiz eta horrekin bakarrik ez den konponduko arazo hori orokorrean. Estrategia askoz egokiagoa eta borondate handiagoa beharko lirateke munduko desoreka horiei konponbidea emateko. Inteligentzia dugun izaki mota bakarra gara gizakiok eta elkar maitatzeko kapazitatea dugunak, gainera. Baina ez bata eta ez bestea ez ditugu ondo erabiltzen. Besteen bizkarretik gure burua hobetzekotan ibiltzen gara, baina oso oker gaude horretaz. Gizonak bere burua izorratzen du izaera eta jokaera horrekin.

Baina gogoetatxo hau egin ondoren gatozen harira eta jorra dezagun gaia. Lehenengo eta behin esan dezagun argi eta garbi pertsona horiek ondo zaintzeko lekua ez dela Endoian daukaten hori. Ez dakit zein demonio eta nola demonio  bururatu  zaien astakeria hori. Auzoa izorratu eta gaztetxo horien beharrak bat ere konpondu ez. Hori ez baita lekua zeregin horretarako. Auzokook esan dezakegu bakean uzten bagaituzte guri bost axola, baina nik honen inguruan ez dut horrela pentsatzen. Gizatasun eta erruki apur bat izango bagenu, ezingo genuke ontzat hartu horiek zaintzeko edo beraietaz arduratzeko modu hori. Ni ez naiz aditua gauza horietan, baina burua bere lekuan daukan edozeinek  ikus dezake, hori baino leku aproposagoak izango direla nonbait.

Hori alde batetik eta, bestetik, auzokoek eta parajeek ere errespetu pixka bat merezi dutelakoan nago: auzoko biztanleak galanki molestatu eta paisaia goitik behera hondatu. Monstruo bat bihurtu da gure Endoia txukun eta polita. Uztapide bertsolaria bizi izan balitz, bertso ederrak jarriko zizkion gai honi. Zenbat ibili ote zen leku horretan bertan artzantzan edo garapaitan. Ez dago eskubiderik anabasa hori egiteko. Bazterrak izorratu eta ezer lortu ez. Hori baino askoz gehiago merezi dute gaztetxo horiek, nahiz eta gaizto fama eduki. Hemen ondo preparatu eta beren kabuz haien herrira itzuli eta hango martxa hobetzen parte har dezaten, laguntzen saiatu beharko genuke. Ilusioa piztea, alegia.  Mundu guztiak maite izaten du biziki  nork bere jaioterria. Hain miseria gorrian bizi badira, norbaitek benetako laguntza eskaini behar lieke hango bizimodua hobetzeko. Europarrok kulpa galanta dugu Afrikako egoeraz. Lehenago gure menpe eduki eta gero erabat abandonatuta laga, interesatzen ez zaizkigunean.

         Endoiarrok sinpatia genion Illarragorri  edo Gorosti Handi aldeko  etxetxo horri. Oi lur!. Txalet moduan bizitoki izateko eraiki zuten eta, gero, osasun osaketa premietarako lekua bihurtu zen. Geroago, aisialdietarako egonleku atsegina izan zen. Azkenaldian jatetxe edo askaltzeko leku gisa funtzionatzen zuen. Endoia gaina mendi muino polita eta paraje interesgarria iruditu izan zait beti. Garai batean nekazaritza eta abeltzantza ziren horko aktibitate printzipalak. Gaur egun, bizibide bezala ez dago horiekin kontatzerik. Baina bizitoki izateko paraje aproposa dela uste dut. Baserritik bizi izatetik baserrian bizi izatera pasa. Baina horretarako gizartearen errespetua eta mira behar ditu gai horrek. Bizitoki horiek badute xarma eta erakargarritasunik, baina alde txarrak ere, asko. Berton lanbiderik ezean lantokiak urruti eta deseroso gehienetan. Hainbat  zerbitzu eta laguntzetatik at geratzen dira. Hau nekazari munduari, orokorrean, gertatzen zaio eta gizarteak aldatu behar luke gai horretaz hartzen duen ikusmira.

Eta orain monstruotzar bat bihurtu da Endoia. Berlingo Harresia edo Guantanamokoa, agian. Itxura gabeko ekintza aldrebesa. Endoia berpiztu egin behar omen zen. Jo eta akabatu bai tratamendu horrekin. Nola berreskuratu orain auzotarren lasaitasuna? Nola sinetsi akzio txarren bat gehiago ez dutela egingo? Nola txukundu garai bateko paisaia  polit eta liluragarri hura. Nola uxatu utzi digun gustu txarra. Nola berreskuratu atzerritar eta etorri-berriei, bereziki gaztetxo horietakoei, behar geniokeen txera eta arreta? Nik ezin dut sinetsi hobeto maneiatu ezin daitekeenik kontu hori. Hemen gaizkile eta gaiztoak diren aitzakia jartzen da, baina ez dut uste, orokorrean, politika egokia planteatzen denik gai horretan. Mundutxo hau biztanle guztien etxea dugu eta etxe barruan hobeto konpondu beharko genuke. Baina sestra eta borroka ugari sumatzen da bazterretan. Hortik sortzen dira aldrebeskeriak eta desorekak.  Gu gutxi garelako, hor konpon. Zergatik ez dituzte Donostiaren erdi-erdian jartzen? Errazago errendituko lituzkete.

Agian, gaztetxo hauek  nola edo halako kaleetan ohituak izango dira gehienak. Baina, horien heziketa eta horiei laguntzea ez da guk egiteko moduko lana. Baina txarrena da parajea itxuragabetu eta auzotarrak erabat izututa gauzkala kontu honek. Hiru tontor ditu Endoia gainak, erdikoa txikituta utzi dutelarik. Gehiago ezin izango dugu esan Endoia paisaia polita eta liluragarria denik. Harro geunden geure lekuarekin eta orain negargura ematen du. Gainera, noiznahi okerren bat  egingo ote duten peskizan eta gaztetxo horiek kartzelan daudelakoan egon behar. Nahikoa  sarraski eta oker egin dituzte lehendik. Gutxi kontatu dira, agian, hemen berton gertaturikoak . Izan ere, leku bazter honetako triskantza txiki horiek  ez dute hirietako jendea  molestatzen, nahiz eta guretzako nahiko handiak izan. Hala ere guk ez diegu aparteko antipatiarik gaztetxo horiei, izan ere garai batean gure baserrietara hurbiltzen ziren ijito eta beste hainbat eskale onartuak izaten genituen errukiz bederen. Baina era guztietako errespetua opa zaigula uste dut. Hara hemen Uztapidek paraje horri jarritako bertso bat:

 

Udaran bai an giro ederra                                    

Iñon ederrikan bazan

Ango iparreko aize ederra

zer zan nik ezin det esan

orain an dago paraje ura

jendiak ikusi dezan

noranai juaten giñala ere

toki oberikan etzan

                           

                                                   

09-09-01

UDAZKENA ETA LASTUR

UDAZKENA: Lehenago ere idatzi izan dut udazkenaz, baina oroitzapenak eta munduaren martxak gehiagorako ere ematen duelakoan nago. Egia esan, data hauetan oraindik dezente geratzen zaio udarari. Gainera eguraldiari dagokionez behintzat, udazken itxurakoa baino, udarakoarekin gehiago dabil. Hala ere, irailean sartu gara eta hil honek beti izan ohi du hala moduko trantsizio tankera.

San Nikolasak igaroz gero sumatu izan zaio udazken usai apur bat. Eguna moztu eta hego haizeak ugaldu. Euria sarriago eta freskura gehiago. Lehen esan ohi zen San Nikolas aurreko euriak asko balio zuela kanpoarentzat eta gerokoak deus ez. Izan ere naturak bere pautak ere baditu eta jadanik utzi egiten dio kanpoak irabazteari, orokorrean behintzat. Kosetxak eta uztak jasotzeko garaia ohi da hain zuzen. Udaberri eta udako emaitzak bete betean aurkitu izan dira udazkenaren hasieran.

Agian Urriari deitu behar genioke Uztaila. Artoa eta babarrunak, sagarrak eta udareak, gaztainak eta mahatsak, urrak eta intxaurrak, garoak eta azkeneko belarrak. Beste hainbat gauzetan ere jarri ohi genuen arreta urte sasoi honetan. Izan ere hilen izen kontu horrek beste dinamika bati dagokiola dirudi. Garia eta garagarrari agian. Ekaina garagar hila zen eta uztaila gari hila. Hauexek ziren nonbait kosetxarik garrantzitsuenak. Gariarekin ogia. Janari inportantea pertsonen elikaduran. “Eman egiguzu gure eguneroko ogia” zioen aspaldiko dotrina zaharrak, jainkoari otoitz egiterakoan. Abuztuari dagonila (kutxak gariz beteta alegia), Irailari Urrila (kutxak usten alegia) eta Urriari agor hila (gure gordailuak agortu samarrak alegia). Gero artoarekin konpondu behar. Taloa, esnea eta gaztainak. Errege sagarrak, urrak eta intxaurrak. Kalendario xelebrea alajaina.

Nekazariok lan asko izaten genuen udazkenean. Negutzar hori bistan eta oraintxe zen ahal zen guztia gordetzeko garaia. Negua monstruo bat bezala sumatzen zen udazkenetik begiratuta. Izan ere bageneukan bai eskarmentua, zer atarramendu jartzen zion neguak nekazariari. Saralez eta azpigarriz larri ibiliko ginen negu luzea iaio igarotzen. Zuhatza franko bai, belar ondo eta garoarekin. Hainbeste lan egin eta gero asko zirudien, baina ez zen berehala iritsiko hurrengo martxoa pagotxa ebakitzen hasteko. Astuna zen bai udazkenaren lan zama hori, baina gaua luzatzen eta eguraldia txartzen zihoan heinean sukaldearen goxotasuna gero eta estimatuagoa egiten zitzaigun. Artoak zuritu, gaztainak erre eta ganaduak gobernatu. Lan arinak ziren horiek eta etxe aldeko goxotasunean disfrutatzen genuen.

Hil honen 22-an iluntzeko 10-etan sartuko gara udazkenean eta koarta tenporak irailaren 16,18 eta 19-an izango dira. Ea hanka onarekin abiatzen den udazkena eta notizi ona ematen diguten tenporek.

LASTUR: Estimu handia genion garai batean Lasturri. Iganderoko meza eta lagun arteak. Munduko festarik politenak eta ez dakit zenbat gauza izango zen guretzako Lasturko txoko hori. Endoia eta Beliosoro aldeko eguraldiaren baldarkerietatik babesa ere bazen guretzako. Zulo samarrean baina eguraldiak beti suabe harrapatzen zuen. Imajinatu ohi genuen Otzartan zalko-zalko jarri eta oin bat Lasturren eta bestea Sastarrainen. Horietara ere, eguzkia eta euria iristen dira baina haizea suabe eta lainoak urruti. Lastur behea, Lastur goia eta Arbizkua zituen auzokide formalak, baina Endoiako zati bat ere erabat Lasturra murgiltzen ginen. Ofizialki hiru baserri ginen Itziarkoak. Belioso goikoa, erdikoa eta Txortxikoa. Beste denak Arroako parrokiari zegozkion. Baina mezatara joateko garaian sei ginen Lasturra joaten ginenak. Lehen esandako hiru horiek eta Belioso Bekoa, Akain eta Ziolar. Festa garaian berriz ia-ia Endoiatar guztiok ginen Lasturtar. Gauza horrek orain ere horrelatsu jarraitzen duela uste dut. Festak ere mundialak izaten jarraitzen omen dute. Gainera aurten eguraldia ere mundiala izango dutela iruditzen zait. Igandetik iganderainoko on aldi bikaina giro ederrarekin. Hilaren 6-ko igandea oso giro ona. Hilaren 13-ko igandea oso giro ona eta astean zeharreko egun guztiak oso giro onarekin. Bejon deizuela Lasturtarroi. Merezi bezalakoxe suertea alajaina. Ondo pasa eta bikain ibili. Gero badakizue: astelehenak egun batekoak izaten omen dira baina eternoak. Agur irakurle guztioi. Hurrengora arte.                                                                               

ITZIAR: HERRIAK DU ERABAKIA

 

 

 

Aintzina, Urola Ibaitik Deba ibairainoko lurralde osoa hartzen omen zuen Itziar izenak. Itziartarrek sortu zuten Debako kaia, baina Debaren menpe bizi da Itziar. Kaskoa eta poligonoa, Arriola, Egia, Itxaspe, Elorrixa, Mardari, Endoia, Lastur eta Arbiskoa. Non hasi eta non amaitzen da Itziar? 1000 biztanle inguru, 2/3 baserri aldekoak. Garai bateko nekazal bailara, industri ekoizpenera bideratua. Eta udalerri izateko aldapan gora.

 

----------------------------------------

 

1994an Carta Pueblaren 700.urteurrena ospatu zuen Itziarrek. 700 urteurrenaren ospakizuna herri izaeraren aldeko aldarrikapen bihurtu zen. Frankoren denboratik datoz ordea herri mugimenduaren arrastoak Itziarren. Herrigintzaren ildotik sortutako ekinbideak, hala nola baserritar mugimenduak, talde sozialak, guraso elkartea, kooperatibak, etab. herri sentimenduaren ispilu izan dira, eta historikoki itziartarren nortasuna sendotu dute.

1990.eko udan egin zen Herria Sortzen ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Herri sentipenari erantzuteko plataforma bezala eratu zen batzordea. Mendarok egindako bidearen ildotik Debarengandik juridikoki banatzeko espedientea jarri zen martxan. %80tik gorako onespenarekin bildu ziren eskatutako sinadurak. Debako Alkateak firma haien balioa kuestionatu eta bilketa berria egin behar izan zen notario aurrean. Berriz ere legeak eskatzen zituenak baino sinadura gehiago lortu ziren.

Ideologia eta pentsakera desberdineko herritarrak biltzen ditu bere baitan Herria Sortzenek.

Partidu politikoekin hitzarmen orokorra sor­tzeko saioa egin zen, Debako Udaletxean hitz bakarrez agertzeko. Baina interes partikularrak nagusitu ziren. Hausnarketa luzearen ondoren, Herria Sortzen ekimenak bere aldetik jotzea erabaki zuen, Itziarrek, instituzio ofizialetan, ahots propioa izan zezan. Batzordea18 urtetan hamabostero bildu izan da gutxienez, eta makina bat ekitaldi ere antolatu ditu: Santa Krutzetako afaria, bertso saioak, protesta ekintzak, prentsaurrekoak, telebistan agerraldiak, aurkezpenak Deban, publizitatea, festetako txosna, santeskea, peria etab. Egoerari irtenbide bat bilatzeko saio asko egin dira, Itziarko gaien inguruan hartzen diren erabakiak Itziarren hartu ahal izateko. Debako Udaletxea itziartarren aldarrikapenaren kontra jarri zen erabat hasieratik, arrazoi ekonomikoak eta bestelako mamuak argudiatuz.

Diputazioak ezezkoa eman zion segregazio espedienteari, herri izateko baldintzak gogortzen zituen Norma Foral berria ezarriz. Lege honen arabera, 2000 biztanletik gora behar du herriak, berezko udalerria eratzeko. Itziarren aurka apropos asmatutako legearen usaina du. Segregazioaren espediente bidea blokeatuta geratu arren, Itziarrek berezko udalerri izateko helburuari tinko eusten dio.  

Bien bitartean, erdibideko aukera hurbilagokoak landu dira. Horrela, abiatu da azken urteotan Tokiko Herri Erakundea ezartzeko prozedura, herrian ilusio berria piztuaraziz. Eredu honek hainbat eskumen ekarriko lizkioke herriari. Luzea eta gogorra gerta daiteke negoziaketa, baina epe motzean da eskuragarria eredu berria Itziarrentzat.

2009-08-02

 

EGURALDIA ETA GIROA

 

Gauza naturaltzat hartu izan dut beti eguraldia. Bizitzarekin lotuta dagoen zerbait, hainbat modutara eragiten diguna. Arnasaldi bakoitzean eguraldia xurgatzen dugu. Izan ere, airea eguraldiaz dago osatuta, edo hobe esateko, aireak dituen elementu guztien dinamika da eguraldia; hortaz, airea den edonon da eguraldia.

Mundua inguratzen duen aire geruzari eguratsa edo atmosfera deritzaio. Hogei bat kilometrotako lodiera du geruza horrek. Aire koska horrek duen dinamika litzateke bada eguraldia.

Aireak pisua du eta aldakorra da gainera, aparatu bitartez neurtu litekeen pisua. Presioa esaten zaio eta barometroak igartzen dio. Elementu inportantea da hau eguraldiarentzat. Presioa, hezetasuna, hotz-beroa, horiexek dira hiru eragile esanguratsuenak. Badira elementu txikiagoak ere, aipagarrienak eguzkia eta ilargia dira. Beste hainbat faktore ere ezagutzen ditugu eta ezagutzen ez direnak ere izan daitezke.

Eguzkia dugu bada maisu zaharra, hark eusten dio eguratsaren martxari. Izango du ilargiak ere zer esanik baina ez dago oraindik zientifikoki ondo aztertuta. Eragile nagusion bapateko aldaketetatik sortu ohi dira eguraldiaren fenomeno nabariak. Haizea, airea mugimenduan. Lainoa, hezetasuna kondentsatuta. Euria, lurrin-ttanttak batuz ur-tanta bihurturik. Elurra, lurrin izoztuaren pilaketa. Horrela aipa daitezke hainbat gorabehera. Baina guzti horien martxa ez da orekatua edo erregularra, kaos moduan funtzionatzen bait du eguraldiak. Leun eta suabe aldiz, itsumustuan eta zilipurdika beste askotan. Beti dugu ikusmina eta ikuskizuna. Asmakizuna eta jakinmina. Iragarri nahi eta komeni ere bai, baina ezin ziurtatu epe motzera ere. Beti da aipagai. Gehiegi ere bai sarri.

Batzuetan ondo portatu ohi da, besteetan nahiko baldar. Baina beti dugu haren behar, beraz, naturaltasunez eta lagun bezela hartu behar genuke. Nik goizero egiten diot kasu. Kaixo eguraldi, eta Kaixo Joxe erantzuten dit. Ez dit zertarako asmorik duen esaten baina pixkat antzematen zaio, eta batzutan dezente. Ondo portatzeko erregutxoa egin, baina bereari eusten dio. Hori manejatzeko inbentorik ez da asmatu oraindik, eta hobe horrela gainera. Lan horretarako neu ez nintzateke fidatuko gizakiarengan. Beraz, bake-bakean lagako diogu bere jardunean; noizik behin apur bat kritikatuz. Orain, aldi honetan, jator dabilkigu gainera. Baina euri falta larria datorkigu eta ez zaio konpontzeko itxurarik ikusten. Kopraixak onaldiaren barne tokatuko dira aurten. Eguraldi ona seguru beraz Itziarko jaietan. Ea bikain eta jator pasatzen ditugun aparteko egun horiek.

Eguraldia eta giroa aipatzen nituen. Eta zer dira bada bata eta bestea. Ba, esan dugun bezala eguraldia atmosferaren dinamika edo jarduna litzateke eta giroa berriz horrek eragiten digun sentsazioa. Ia ia gauza bera baina bi adierazpen. Bat egiten duena eta bestea nabaritzen duguna. Beti ez dira bat etortzen eguraldia eta giroa. Adibidez, euria falta denean barra-barra botatzen badu eguraldi ona litzateke baina aldi berean jendea festetan badabil giro txarra legoke horientzat. Horregatik esan ohi da zaila dela denen gustuko eguraldia egitea. Eguraldiari errespetoa eta giroari geuk hartu behar diogu tamaina.

09-07-14

EGURALDIA ETA KLIMA

Uste dut eguraldia eta klimaz nahasmendua egoten dela jende artean. Eguraldia esan edo klima esan, gauza bera delakoan, baina ez da horrela. Egia da biak gauza bera direla, baina esanahi ezberdina dute hitz horiek. Biak, asko aipatzen diren gaiak dira, baina bakoitza bere lekuan jartzea komeni da. Bi hitz edo kontzeptu horietan biltzen dira, eguratsa edo aireari dagozkion gora behera eta inplikazio guztiak. Eguraldia eguratsaren une edo alditxo bateko egoera edo izaera dugu. Eta klima berriz laburrago edo luzeagoko eguraldi mota. Leku edo lurralde batean egin ohi duen eguraldia. Baita ere garairi dagokioneko eguraldi mota. Eguraldia oraingoa eta klima historiakoa.

Eguraldiarekin egingo duena asmatu nahian ibiltzen gara eta klima berriz jakitean datza interesa. Leku edo parajeetan alde handiko eguraldi motak izaten dira. Leku batetik bestera oso hurbilean gertatzen da alde galanteko eguraldi mota edo klima. Hau, batez besteko eta denboraldi bateko eguraldiari dagokionez sumatzen dugu. Adibidez  Lasturko batez besteko eta Endoiako batez besteko eguraldiak ez dira berdinak.

Klima mailan alde handiak daude munduan zehar. Leku batzuetatik besteetara edo lurralde batzuetatik besteetara. Baita garai batetik bestera ere. Urtean zehar ere aldaketa handiak sumatzen ditugu. Batzuk ohikoak dira, urtaroei dagozkienak. Eta beste batzuk eguraldiaren aldakortasunari dagozkionak. Baina azkeneko hau ez dagokio klimari baizik eta eguraldiari.

Mota askotako klimak direla munduan esan dugu, baina eguraldiak ere mota askotako elementuak dauzka eta modu askotara mugitzen ditu. Euri asko edo busti gehiegi. Edo busti gutxiegi eta lehortea. Martxa orekatu bat ez darabil eguraldiak. Kaosa omen da eguratsaren dinamika. Batzuetan ondo samar eta beste batzuetan oso gaizki. Gutxitan egoten gara zeharo konforme eta denon gustura behin ere ez. Kontuak kontu eta hemen bizi garenez, begiradatxo bat eman diezaiogun Itziarko klimari.

Zabalean hartuta Iberiko penintsularen ipar parteko erdiko txokoan aurkitzen gara. Kosta parteko lurraldea da Itziar. Izarraitz mendiaren magalean nolabait. Beste  mendixka eta txoko ugari ditugu esparru horretan. Itsas ertzak barrenean eta lurralde menditsua oro har.  Itsaso partean Bizkaiko golkoa dugu aurrez aurre. Honek izaera berezia ematen dio hemengo eguraldiari. Karibetik abiatzen den korronte bat hurbiltzen da honantz itsas azpitik. Horren epeltasuna dakar eta hezetasun epela mantentzen da itsas ertz hauetan. Horregatik sortzen dira hemen hainbeste zirimiri eta lurrin gisako laino itsuak. Tenperaturaren gora beherakoa ere ez da hainbesterakoa. Beraz, bataz beste, klima suabe samarra, baina umela da.

Lokalki berriz hain terreno irregularra izanik denetik daukagu hemen. Eguterak eta laiotzak. Erreka aldeak eta mendi bizkarrak. Mendebala dugu hemen joera dominantea. Alde horretatik etortzen zaizkigu erasorik txarrenak. Baina nahiz eta hezetasuna nabarmendu, estremo demasik gabeko panorama dugu gehienetan.

Oraingoz honetan utziko dut eta hurrengoan jarraituko dut gaiarekin. Segi uztaileko uda giro jator hauek aprobetxatzen. Agur bero bana irakurle guztioi. 

09-06-09

 EGURALDIAREN MARTXA

Aurretik pattal samar zebilen, baina maiatzaren azken aldera aldatu egin zen eguraldiaren martxa. Alturetako korronteen arabera, depresioek aldatu egin zuten norabidea. Ipar mendebaldetik hego ekialderanzko bidea utzi eta hego mendebaldetik ipar ekialderanzko bidea hartzen dute orain. Horrela, askoz modu hobean harrapatzen gaituzte eta inguru-mira hauetarako giro hobea suposatzen du horrek.

Tenporek ere horrelakoxe abisua utzi digute. Lehengo astean genituen eta hego ukitua eta ekaitzetarako joera sumatu diet nik. Nire ustez ez da hori iragarpenak egiteko medio egokia, baina bestela ere horixe antzematen diot eguraldiari.

Gainera batzuetan iragartzen den baino kaskarragoa egiteko jenioa edukitzen du eta beste batzuetan alderantziz. Eta azken honetarako boladan jarri dela iruditzen zait. Beraz, hil honetan behintzat ondo portatuko dela dirudi. Tarteka sortuko diren kaskarralditxoak ere txarkeria gutxikoak gertatuko dira agian. Ez da ohikoa baina San Antonio egunean ere bero galanta egingo du aurten. Asteburua beroa eta datorren astearen erdialdean eskas alditxoa eta on aldi luzea segidan San Juanak barne. Hilaren 21-an zazpiak laurden gutxiagotan sartuko gara udaran.

Negu gogorra ez, baina eskasa bai izan genuen eta udaberrian lehen partea pattala, bigarren partea kili-kolokoa eta maiatzaren azken aldera giro ona jarri zen martxan. Eta esan bezala, joera aldaketa suposatu duela iruditzen zait.

Euria komeni izaten da noizik behin edo tarte handirik gabe, baina udaran ekaitzak izaten dira eurigilerik onenak eta horiek batzuetan aztoratu eta baldar samar portatu ohi dira. Baina ez gaitezen gehiegi beldurtu eta alde onetik begiratu diezaiogun gauzari.

Hori horrela astoaren historia bururatu zait oraintxe. Leize zulora erori omen zen gure asto gizagaixoa eta nagusiak ikusi zuenean zuloaren barrenean buru makur tristeziarekin, erabaki hauxe hartu zuen. Hori ez zegok hortik ateratzerik eta errespontsua errezaturik tapatu egin beharko diat. Horrela hasi zen plasta-plasta lurra botatzen astoa lurperatzeko asmotan. Bota eta bota astoa igo egiten zen lur piloaren gainera. Gizona segi eta segi botatzen, astoari begiratu gabe, erdi negarrean. Halakoren batean hor azaltzen da gure astoa leizearen goienean belarriak tente eta aurpegi alairekin. Arrantza handi bat egin zuenean konturatu zen nagusia eta muxuka eta igurtziz hartu zuen berpiztu zitzaion asto maitea. Hara hor adierazpen ederra itxaropena sekula ez genukeela galdu behar ikusteko. Laino beltzak eta euri jasen ondoren, ateria eta eguzkia azalduko zaizkigu. Krisiaren laino beltzak ere horrelaxe ezkutatuko direlakoan nago.

Krisia gainditzeko denok egin beharko genukeela ahalegina esaten dute baina guk ez dugu ezer ere egin etorri zedin. Eta hori ez da astoa zulora erortzea bezala kasualitatez gertatzen. Norbaitzuk kulpak dituztela bistan dago. Horiek mugitu behar lukete lehenbizi. Ea guk errurik ez dugunok elkarri lagundu bederen egiten dugun. Beraz, animo eta ondo pasa. Hori opa dizuet irakurle guztioi.

ENDOIA BERE TXIKIAN HAUNDI

2009-05-18
Inguru polita da Endoiako gaina; mendi muino zoragarria. Zestoa eta Lasturreko tarte horretan mendi koskorren bat egiten hasi omen ziren eta mendikume edo mendixka geratu. Buru gisa Gurutze aldea jarriko genuke eta ipurdi legez Gaineta aldea; bizkar txontxorra Ilarragorriko gaina.
Tamaina ederreko altueran dago gainera: ez beheregi eta ez altuegi. Garaierak hauxek dira: Gurutzeko tontorra itsas mailatik 441 metrotara, Ilarragorriko gaina 398 m., Gainetako bizkarra 446 m., Endoiako eliza 339 m., Ziolar 406 m., Otzarreta 416 m., Beliosoro Goikoa 400 m.. Beraz Ziolar dugu bailarako baserririk altuena.
Ertxina mendiarekin aurrez aurre dago gure mendixka hau; tartean atakatxo baten gisa Urola ibaiko urak eta harat honako haizeak igarotzeko gunea, eztarria bailitzan. Haizeak gogor harrapatzen du Endoia; hegoaldeko haize lehorrak kolpe bortitzak jo ohi ditu Endoiako bizkarrean, batez ere udazkenean; egutera aldea azkar lehortu ohi du horrek. Itsas aldekoak ere astindu ederrak eman izan ditu, enbatak eta hezetasunak ekarriz; horregatik laiotz aldea gutxiago lehortu ohi da. Belioso aldea, aldiz, hego-haizetik babestuta baina itsas aldeko haize amorragarriaren menpe. Olazabalak erdiz erdi.
Haize lekua bada Endoia baina alderdi alaia eta sanoa. Lurgintzarako ere nahiko ona oro har. Eguzki aldekoak lehorrarekin kexatu ohi dira sarri; askotan geratzen dira hor belarrak eta abar irabazi ezinean; lehorrak gogor zigortzen baititu eguterako inguru horiek. Endoia gaina eta itsas alderako lurrak nahiko ondo baliatzen dira eta Belioso aldean berriz bustiarekin gaizki.
Garai batetik asko aldatu dira lurraren kudeaketako gorabeherak: 30 eta 40ko hamarkadetan artoa, babarruna eta garia ereiten ziren zoroetan. Laborantzarako balio ez zuten lurretatik onentsuenak belarretarako eta besteak garotarako edo basotarako. Gehienetan hiru urtetik behin ereiten zen garia eta bi urte segidan artoa eta babarruna; horrela txandakatuz lurra hobeto kudeatzen zelakoan. Batez beste, 40 anega gari (2000 kilo), 80-100 anega arto (4000-5000 kilo) eta 10 anega babarrun (500 kilo). Lan asko ematen zuten uztabilketa horiek.
Hirurogeigarren hamarkadan, ganaduak gehiago ematen zuela eta, produkzio horiek utzi eta belarretara dedikatu ginen. Batzuk baserriari erabat utzi ere bai tailerretan gehiago irabazten baitzen. Endoian sei baserrikoek alde egin zuten horrelaxe eta horietatik hiru behintzat utzik geratu ziren. Horrela garai haietako 16 baserrietako 150 bat biztanleetatik gaur egungo 40 ingurura jaitsi da Endoian bizi den jende kopurua. Hiru baserri erabat utzik daude baina bizitoki berriak ere egin dira. “Endoia berpiztu” edo horrelako zerbait asmatu beharko litzateke agian; nik uste dut horrelako leku politak merezi duela zerbait. Artoa eta garia ereiten ez da berriz inor hasiko baina bizitokia leku zoragarri horretan edukitzeak galanki balioko luke.
Uztapide bertsolaria jaio zenetik 100 urte direla eta Endoiarekin pentsatzen jarrita atera zaizkit kontutxo horiek; mila gauza esan daitezke Endoiataz gure gazte denbora oroituz. Uztapide berak ere kontatzen ditu gertaldi politak baina beti ere inguruaren edertasuna aipatuz; horrek liluratzen zuen nonbait.
Horra bada, gure Uztapide handia ere joan zitzaigun eta honezkero bertso eder franko bota ditu goialde horretan. Guk asko ezagutu genuen eta errespetu handia genion berari baina gizon jatorraren irudia geratu zitzaidan niri. Gutxitan haserretzen zen eta petralkeriarik sekula ez; nik behintzat bera bezalakoa izan nahi nuela nioen nere baitan.
Gure etxean sarri jardun ohi zuen lanean. Gizon indartsua ere bazen; haren besa-zuztarrak ez ziren gure besa-makilen antzekoak. Oso ondo konpondu ohi ginen berarekin; mutil koskor zaharrok bihurrikeriaren bat egiten genuenean serio jarri ohi zen bera eta bai gu zintzotu ere. Behin artazuritzen ari ginela jolasgura etorri zitzaigun eta han genbiltzan txilipurdika malutak artaburuekin nahastuz; gure Manuel hau seko haserretu zen oraingoan eta hiru mutil koskorrrak utzik zegoen gari-kutxa batean sartu gintuen; atea itxi eta han geratu ginen isil-isilik untxiak kaiolan bezalaxe. Baina bihozbera izan nonbait eta berehala etorri zen gu ateratzera. Serio samar lehenbizi baina ipuin zaharren bat kontatuz berehala jarri ginen umore onean eta txintxo lanean.
Gaurkoz nahikoa izango dut eta eguraldi kontuei paso emango diot; hurrengoan arrastoan sartuko naizelakoan ondo pasa dezazuela opa dizuet ixixatar guztioi eta bereziki Endoiatarrei, festetan baitaude. Animorik ez galdu eta ondo gozatu bizitzarekin. Agur eta hurrengorarte. JOXE LANDA




09-04-05

ARBI LOREAK ETA PAZKOAZKOA

Garai batean, arbi lore garaian, konfesio jenerala egin eta komunioa hartzeko garai berezia izaten zen. Garizuma bukaturik, Pazkoetan pazkoazkoa esaten zitzaion eginkizuna bete beharra egoten zen. Sakramentu horiekin ahaztu samartuta zebiltzanak ere urtean behin bederen bekatupeko obligazio jartzen zuen elizak. Arbiak loratzearekin koinziditzen zuen hain zuzen garai horrek eta hortik zetorkion deitura hori. Gaur, gorputzari garbitu on bat  emateko garai aproposa dela diote osasun gaietan adituak direnak. Belar ur edo botika bereziekin desintoxikazio edo saneamendu sakon bat ematea komenigarria omen da. Lehen arimaz esan ohi zen hori.

Udaberriaren hasieran gure kontzientziari txukundu bat eman behar zitzaion gure arimak ere, udaran zehar, fruitu onak eman zitzan. Orain agian, ez arima eta ez gorputz. Arbi loreak eta pagotxak ahaztuak ditugu jadanik. Txukundu baten premia izango dute bai orain ere. Euri zaparrada on bat botako balu sikiera bazterrak pixka bat garbitzeko.

Eguraldiaren mapa ere hiru probintzietakoa bakarrik behar omen du. Zer egingo ote duen asmatzen ere komeriak izango ditugu, baina zer  eta nola egin behar duen asmatzen ere gaizki ibiliko da agian. Ez dakit zer demontre dabiltzan kontu txoro horrekin. Nik uste dut eguraldia baino lehenagokoa dela Euskal Herria eta horren arabera jarriko zuela eguraldiaren martxa. Orain asmatuko ote du lurralde hau non dagoen ere. Ez du ondo sumatuko eta  erabat trastornatuko dela uste dut gure eguraldia.

Gu ondo konpontzen gara dagoen bezala. Zazpi probintzietako eguraldia geurea dugu propio, bere laino eta guzti. Umel samar alde batean eta lehor samar beste aldean. Madrildarrak zirimiri esaten diote hemengo lainoei eta tiro poligonoa ipini Nafarroako desertuan. Pertsona eskasak behar dute horratio mapak horrela xixtrintzeko.

Euskal Herriaren iparraldea eta hegoaldea nahiko ezberdinak direla bistako gauza da, baina sentsu gabeko konponketa hori ez zait bat ere gustatzen. Nik behintzat betiko martxan jarraituko dut. Gainera eguraldiak euskaraz dakienez hizkuntza horixe erabiliko dut beti. Ea nork asmatzen duen ondoen iragarpenetan. Denbora luzean erabat desorekatuta ibili ondoren badirudi bere onera etortzen ari dela. Neguaren azken partean itxura politarekin ibili da. Otsailaren erditik hasita nahiko ondo portatu dela esango nuke nik. Giro freskoegiak agian. Bero ufadatxoak ez dira gaizki etortzen neguaren azken aldera kanpoa pixka bat mugitzen hasteko. Horixe falta izan dugu eta natura ez da behar adina mugitu. Baina orain tankera ona hartzen diot. Penintsulan luzaro egon den alturetako depresio horrek martxa aldaketa suposatzen duela iruditzen zait. Laster tenperaturaren gorakadak eta beroen ekaitzak lehertzen.

Euskaldun soldadu hark ez omen zekien erderaz ondo eta kapitainak uretara bidali omen zuen. Ekaitz ikaragarria tokatu hain zuzen eta  soldadua balde hutsarekin buelta. Kapitainak kargu hartu zionean honela erantzun omen zion. Mi kapitan: tximist brist-brist, trumon brun-brun, balde blist blast eta agua no traer. Eta kapitainak kalabozora zast.  

09-03-15

EGURALDIA ETA MUNDUA

Zer gauza eguraldia baino mundialagorik. Modu ezberdinean, baina ez dago munduan zehar eguraldiak harrapatzen ez duen bazterrik. Lurpean urrutiratu ezkero agian bai. Edo lurrazaletik 100 bat kilometro gorago ere, eguraldiaren arrasto gutxi aurkituko genuke. Beraz, bolaren formako mundu honen azalerako geruzatxo batean kokatzen da eguraldia deitzen diogun fenomeno hau. Izenak berak adierazten du nolabait hori. Eguraldia, eguratsaren aldia edo denbora. Hala ere bereizketa handiak egiten zaizkio mundu mailan eguraldiaren jardunari.

Esan ohi da eguratsa edo atmosfera kaosa dela edo kaosaren izaera duela. Horregatik eguraldia ere zoroaren moduan ibiltzen da askotan. Baina toki edo lurralde batzuetan askoz baldarrago mugitzen da. Aparteko zakarkeriak ere erakutsi ohi ditu, kalte galantak eraginaz. Ondo portatzen ere badaki eta horri esker bizi gara mundu honetan.

Gizakiok ari ote garen eguraldiaren martxa okertzen. Hori ere esaten da. Agian zertxobait bai. Naturaren zati garrantzitsuak dira eguratsa eta bere eguraldia. Lurrazalaren dinamika mantentzeko ezin bestekoak hain zuzen. Landareak, zuhaitzak eta animaliak, gizakiok barne, modu orekatu batean irauteko beharrezkoa dugu eguraldia. Eta oreka horrek zer ikusia badu alderantziz ere. Alegia, bizidun horien erabilerak aldatu dezake nolabait eguraldia.

Adibidez, lur sail handiak zuhaitzik gabe uzten baditugu, eguraldiaren martxa nolabait uki dezake. Aspaldi hasi ziren esaten, mendiak gehiegi soiltzeak euria gutxituko zuela. Hemen ere izan zen bolada bat arbolak gupida gabe botatzen zirena eta berriz landatu ez. Garoa komeni eta garamenak hazteko arbolak kendu behar. Labrantzarako lurrak egokitzeko ere berdin. Hala ere, hemengoa ez zen ezer asko izango. Penintsula osoari begiratuta duela 500 urtetatik hona, zuhaizti pila ederra gutxituko zen. Esaten dutenez, katagorria Irundik abiatu eta Cadizeraino joan zitekeen arbolatik arbolara saltatuz, lurrera jaitsi gabe.

Orain mundu mailan egiten dituzte azterketak, zer zuhaitz oreka ote dagoen ikusteko. Brasilgo Amazoniako zuhaizti ikaragarriak munduaren birikak direla irudikatzen dute jakintsuek. Baina soiltzen ari omen da. Egurra ateratzeko gupida gabeko triskantzak egiten ari omen dira. Klimaren oreka zaintzeko beharrezkoa omen da kontuan edukitzea hori.

Beste hainbat gauza ere badira eguratsa izorratzen dutenak. Hainbeste errekinen kelar eta kutsadurek ere min egin diezaiokete arnastu behar dugun aireari. Eta bide batez, eguraldiaren martxa hondatu. Hori guztia sinesta daiteke, baina nik ez dut uste, oraingoz behintzat, maila nabarmeneko eraginik izan dezakeenik horrek. Hala, eguraldiak astakeriak egiten jarraituko ditu eta goxoa eta onuragarri izaten ere bai. Aspaldi honetan nahiko ondo dabil behintzat eta ezin kexatuko gara.

Kuarta tenporek ez ziguten seinale ona utzi, baina agian oraingoan deskuidatu egingo dira. Nik hala uste dut behintzat. Badirudi udaberria aurreratu egin zaigula. Kanpoa pixka bat irabazten hasi da. Laster sartuko gara udaberrian. Hilaren 20-an eguerdiko hamabietan hain zuzen. 25-ean Amabirjina martxoko. Kukua aipatzeko eguna. Izan ere Erromako zubian pasatzen omen da egun horretan eta hurrengo egunetan kantuan hasteko prest. Hilaren bukaeran zozo mikoteak. Bi egun eta erdi Martxokoak eta beste bi eta erdi Apirilekoak.

Artzaina izorratu nahi omen zuten harro samar zebilelako. Martxoko larreekin ardiak bizkortu eta Apirileko belarrak jateko amorratzen. Martxoak esan omen zion apirilari: nik ipiniko dizkiat bi egun eta erdi eta hik ipini hitzak beste bi eta erdi, eta bost eguneko giro txarrak izorratuko dik ederki. Horrela euri jasa haiekin erreka jaiki omen zen galanki eta ardi pila hantxe ito.

Ondo izan irakurle guztiok eta hurrengorarte.