Blogia
joxelanda

10-02-09

OTSAILA, TXIKIA BAINO TXARREAN HABILA

Kandelario, San Blas, Santa Ageda. Hortxe neguaren erdi erdian. Eta abiatu gara jadanik udaberri aldera. Baina fama txarra du hil honek. Hil beltza, negu beltza eta otsaila negu zuria. Biak ere, a ze parea! Eguna motza eta gaua luzea. Eguraldi txarra ugari. Urtarrilak gaizki erakutsi eta bai besteak hala ikasi. Eskerrak otsaila motza izaten den. Egunik gutxieneko hila hain zuzen. Baina eguna luzatzen hasita dago. Ordubete eta hamar minutu honezkero. Hala ere eguzkiak ez du asko luzitu ohi hil honetan.

Aurten ere ari da bai bereak egiten. Elurtean gaude oraintxe bertan. Aparteko gaiztakeriarik ez nuke esango baina ederki ari da konplitzen neguari dagokion maila. Etor dadila udaberria goiz antzean eta formal. Horrela barkatuko dizkiogu neguari bere akzio txarrak. Baina oraindik ere aldapa luzea daukagu eta ea aisa gainditzen dugun. Eguraldia bihurri samar ibiliko dela dirudi hil honetako partean behintzat. Sasiko-putzu egunean eta inauterietan hotza izango da protagonista eta elur lapatsa ere egin dezake.

Hilaren 17-an hausterre eguna. Garizumaren hasiera. Berrogei eguneko serio bolada. Meditazioak, otoitzak eta pentsamendu sakonak lantzeko garaia. Seriotasunetik eta tristeziatik nahiko badaukagula uste dut bai.  Neguaren goibeltasunaz aparte, krisia demonio hauxe ere gainean daukagu bere gordinean. Askorengan dauka eragin latza ekonomiaren desoreka makur honek. Ez dakit nork eta zergatik sortua den eta ez da ere ez dakigu inor ari ote den benetan arazoa konpontzen. Norbaitek izango zituen kulpak eta norbaitek konpondu ahal izango luke agian baina borondateen falta. Lehen esan ohi zen kontzientzia berdea omen zela eta astoak jan omen zuen. Kasu honetan ere horrelako zerbait gertatuko zen. Eguraldi txarraren ondoren ona etorri ohi da baina krisiaren laino beltzak noiz aldenduko ote dira. Ea egoera ekonomikoaren hobekuntzak bizimoduaren eguzki printzak ikusteko aukera ematen  digun lehenbailehen. Nire formula hauxe izango litzateke: produzitu edo ekoiztu nahi duguna, kontsumitu arazten hainbeste saiatu beharrean, premiak eta beharrak osatzen gehiago arduratu behar genuke. Beharrak osatu, pobreenetatik hasita. Aberastea ondo legoke agian baina inor izorratu gabe. Ea nola egiten den hori. Hala esanda, ezer asko ez dela esaten dirudi baina pentsamendu sakona dela uste dut. Otsailaz hizketan hasi naiz eta hara zertara iritsi naizen. Hil hau katu hila omen da baina  katuaren miaua baino krisiaren marrua gehiago entzuten dugu aurten. Udaberria bistan dugunez ea ekonomiaren udaberria ere laster agertzen zaigun.

Kuarta tenporak dauzkagu hilaren 24, 26 eta 27-an . Nahiko goiz aurten ere udaberrirako iragarpena egiteko. Baina hala ere erreparatuko diogu.  San Balentin 14-an. Maiteminduen eguna. maitasunaren eguna hobeto agian. Beraz, otsailak ere gauza onak ere badituela alegia. Eta intentzio horretxekin har ezazue nire zorionik beroena. Agur irakurle guztioi. Hurrengora arte. Ondo segi.  

0 comentarios