ITZIAR: HERRIAK DU ERABAKIA
Aintzina, Urola Ibaitik Deba ibairainoko lurralde osoa hartzen omen zuen Itziar izenak. Itziartarrek sortu zuten Debako kaia, baina Debaren menpe bizi da Itziar. Kaskoa eta poligonoa, Arriola, Egia, Itxaspe, Elorrixa, Mardari, Endoia, Lastur eta Arbiskoa. Non hasi eta non amaitzen da Itziar? 1000 biztanle inguru, 2/3 baserri aldekoak. Garai bateko nekazal bailara, industri ekoizpenera bideratua. Eta udalerri izateko aldapan gora.
----------------------------------------
1994an Carta Pueblaren 700.urteurrena ospatu zuen Itziarrek. 700 urteurrenaren ospakizuna herri izaeraren aldeko aldarrikapen bihurtu zen. Frankoren denboratik datoz ordea herri mugimenduaren arrastoak Itziarren. Herrigintzaren ildotik sortutako ekinbideak, hala nola baserritar mugimenduak, talde sozialak, guraso elkartea, kooperatibak, etab. herri sentimenduaren ispilu izan dira, eta historikoki itziartarren nortasuna sendotu dute.
1990.eko udan egin zen Herria Sortzen ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Herri sentipenari erantzuteko plataforma bezala eratu zen batzordea. Mendarok egindako bidearen ildotik Debarengandik juridikoki banatzeko espedientea jarri zen martxan. %80tik gorako onespenarekin bildu ziren eskatutako sinadurak. Debako Alkateak firma haien balioa kuestionatu eta bilketa berria egin behar izan zen notario aurrean. Berriz ere legeak eskatzen zituenak baino sinadura gehiago lortu ziren.
Ideologia eta pentsakera desberdineko herritarrak biltzen ditu bere baitan Herria Sortzenek.
Partidu politikoekin hitzarmen orokorra sortzeko saioa egin zen, Debako Udaletxean hitz bakarrez agertzeko. Baina interes partikularrak nagusitu ziren. Hausnarketa luzearen ondoren, Herria Sortzen ekimenak bere aldetik jotzea erabaki zuen, Itziarrek, instituzio ofizialetan, ahots propioa izan zezan. Batzordea18 urtetan hamabostero bildu izan da gutxienez, eta makina bat ekitaldi ere antolatu ditu: Santa Krutzetako afaria, bertso saioak, protesta ekintzak, prentsaurrekoak, telebistan agerraldiak, aurkezpenak Deban, publizitatea, festetako txosna, santeskea, peria etab. Egoerari irtenbide bat bilatzeko saio asko egin dira, Itziarko gaien inguruan hartzen diren erabakiak Itziarren hartu ahal izateko. Debako Udaletxea itziartarren aldarrikapenaren kontra jarri zen erabat hasieratik, arrazoi ekonomikoak eta bestelako mamuak argudiatuz.
Diputazioak ezezkoa eman zion segregazio espedienteari, herri izateko baldintzak gogortzen zituen Norma Foral berria ezarriz. Lege honen arabera, 2000 biztanletik gora behar du herriak, berezko udalerria eratzeko. Itziarren aurka apropos asmatutako legearen usaina du. Segregazioaren espediente bidea blokeatuta geratu arren, Itziarrek berezko udalerri izateko helburuari tinko eusten dio.
Bien bitartean, erdibideko aukera hurbilagokoak landu dira. Horrela, abiatu da azken urteotan Tokiko Herri Erakundea ezartzeko prozedura, herrian ilusio berria piztuaraziz. Eredu honek hainbat eskumen ekarriko lizkioke herriari. Luzea eta gogorra gerta daiteke negoziaketa, baina epe motzean da eskuragarria eredu berria Itziarrentzat.
0 comentarios