Blogia
joxelanda

09-09-01

UDAZKENA ETA LASTUR

UDAZKENA: Lehenago ere idatzi izan dut udazkenaz, baina oroitzapenak eta munduaren martxak gehiagorako ere ematen duelakoan nago. Egia esan, data hauetan oraindik dezente geratzen zaio udarari. Gainera eguraldiari dagokionez behintzat, udazken itxurakoa baino, udarakoarekin gehiago dabil. Hala ere, irailean sartu gara eta hil honek beti izan ohi du hala moduko trantsizio tankera.

San Nikolasak igaroz gero sumatu izan zaio udazken usai apur bat. Eguna moztu eta hego haizeak ugaldu. Euria sarriago eta freskura gehiago. Lehen esan ohi zen San Nikolas aurreko euriak asko balio zuela kanpoarentzat eta gerokoak deus ez. Izan ere naturak bere pautak ere baditu eta jadanik utzi egiten dio kanpoak irabazteari, orokorrean behintzat. Kosetxak eta uztak jasotzeko garaia ohi da hain zuzen. Udaberri eta udako emaitzak bete betean aurkitu izan dira udazkenaren hasieran.

Agian Urriari deitu behar genioke Uztaila. Artoa eta babarrunak, sagarrak eta udareak, gaztainak eta mahatsak, urrak eta intxaurrak, garoak eta azkeneko belarrak. Beste hainbat gauzetan ere jarri ohi genuen arreta urte sasoi honetan. Izan ere hilen izen kontu horrek beste dinamika bati dagokiola dirudi. Garia eta garagarrari agian. Ekaina garagar hila zen eta uztaila gari hila. Hauexek ziren nonbait kosetxarik garrantzitsuenak. Gariarekin ogia. Janari inportantea pertsonen elikaduran. “Eman egiguzu gure eguneroko ogia” zioen aspaldiko dotrina zaharrak, jainkoari otoitz egiterakoan. Abuztuari dagonila (kutxak gariz beteta alegia), Irailari Urrila (kutxak usten alegia) eta Urriari agor hila (gure gordailuak agortu samarrak alegia). Gero artoarekin konpondu behar. Taloa, esnea eta gaztainak. Errege sagarrak, urrak eta intxaurrak. Kalendario xelebrea alajaina.

Nekazariok lan asko izaten genuen udazkenean. Negutzar hori bistan eta oraintxe zen ahal zen guztia gordetzeko garaia. Negua monstruo bat bezala sumatzen zen udazkenetik begiratuta. Izan ere bageneukan bai eskarmentua, zer atarramendu jartzen zion neguak nekazariari. Saralez eta azpigarriz larri ibiliko ginen negu luzea iaio igarotzen. Zuhatza franko bai, belar ondo eta garoarekin. Hainbeste lan egin eta gero asko zirudien, baina ez zen berehala iritsiko hurrengo martxoa pagotxa ebakitzen hasteko. Astuna zen bai udazkenaren lan zama hori, baina gaua luzatzen eta eguraldia txartzen zihoan heinean sukaldearen goxotasuna gero eta estimatuagoa egiten zitzaigun. Artoak zuritu, gaztainak erre eta ganaduak gobernatu. Lan arinak ziren horiek eta etxe aldeko goxotasunean disfrutatzen genuen.

Hil honen 22-an iluntzeko 10-etan sartuko gara udazkenean eta koarta tenporak irailaren 16,18 eta 19-an izango dira. Ea hanka onarekin abiatzen den udazkena eta notizi ona ematen diguten tenporek.

LASTUR: Estimu handia genion garai batean Lasturri. Iganderoko meza eta lagun arteak. Munduko festarik politenak eta ez dakit zenbat gauza izango zen guretzako Lasturko txoko hori. Endoia eta Beliosoro aldeko eguraldiaren baldarkerietatik babesa ere bazen guretzako. Zulo samarrean baina eguraldiak beti suabe harrapatzen zuen. Imajinatu ohi genuen Otzartan zalko-zalko jarri eta oin bat Lasturren eta bestea Sastarrainen. Horietara ere, eguzkia eta euria iristen dira baina haizea suabe eta lainoak urruti. Lastur behea, Lastur goia eta Arbizkua zituen auzokide formalak, baina Endoiako zati bat ere erabat Lasturra murgiltzen ginen. Ofizialki hiru baserri ginen Itziarkoak. Belioso goikoa, erdikoa eta Txortxikoa. Beste denak Arroako parrokiari zegozkion. Baina mezatara joateko garaian sei ginen Lasturra joaten ginenak. Lehen esandako hiru horiek eta Belioso Bekoa, Akain eta Ziolar. Festa garaian berriz ia-ia Endoiatar guztiok ginen Lasturtar. Gauza horrek orain ere horrelatsu jarraitzen duela uste dut. Festak ere mundialak izaten jarraitzen omen dute. Gainera aurten eguraldia ere mundiala izango dutela iruditzen zait. Igandetik iganderainoko on aldi bikaina giro ederrarekin. Hilaren 6-ko igandea oso giro ona. Hilaren 13-ko igandea oso giro ona eta astean zeharreko egun guztiak oso giro onarekin. Bejon deizuela Lasturtarroi. Merezi bezalakoxe suertea alajaina. Ondo pasa eta bikain ibili. Gero badakizue: astelehenak egun batekoak izaten omen dira baina eternoak. Agur irakurle guztioi. Hurrengora arte.                                                                               

0 comentarios