09-09-20
ENDOIAKO ATZERRITAR GAZTETXOEN ARAZOA
GAZTETXO HORIEN ATARRAMENDUA ETA AUZOKIDEAN KEZKAK
NIRE INPRESIOAK
Lehenik eta behin esan behar dugu gaztetxo horiek merezi dutela ahalik eta ondoen zainduta egotea eta beraietaz arduratzea. Leku txar batean sortu izanaren kulparik ez daukate beraiek. Ez zuten nahita aukeratu hain inguru eta leku kaskarrean jaiotzea. Esaten dutenez oso miseria-lekutik abiatzen dira honantz zer edo zer hobeagoaren bila. Nola edo ahala bizi izan nahi eta sekulako komeriak eta sinestezinezko ibilera txarrak jasan behar bidaia luze horietan, gupidarik gabeko jende maltzurraren eskuetan nora doazen arrastorik ere gabe. Horietaz egiten diren hainbat kontaketetan behintzat horrela azaltzen da. Ez gara jaiotzen norberak nahi izaten duen lekuan, baina gehienetan izugarri maite dugu leku hori. Eta leku guztiek izan behar lukete bizitza duin bat gauzatzeko adina elementu edo baliabide. Baina gizarte hau biziki aldrebesa denez, oso gaizki bizi den lekuak ere asko dira nonbait, munduan. Zer edo zeren bila, nora edo hara joan behar itxaropenak bultzatuta. Hain zuzen ere, larria behar du izan egoerak, gaztetxo hauek modu horretan zerbait hobeagoaren bila beren herrietatik hanka egiteko. Gero, auskalo zenbat tranpa eta zikinkeria dagoen hor tartean. Aspaldi haietan, hemen bertotik ere joan izan ziren Amerikara eta beste hainbat lekutara, bizimodua aurrera ateratzeko asmoz. Guk ere bagenuen osaba bat Argentinan eta ez zen gehiago itzuli. Eta ezta han aberastu ere. Baziren Endoian gehiago ere hori egin behar izan zutenak. Baina gaztetxo etorri-berri hauen kontua erabat ezberdina dela iruditzen zait. Gizateriaren bekatu larria dela dirudi honek. Horixe bai benetan merezi dutela hemen ondo hartu eta hezten laguntzea, nahiz eta horrekin bakarrik ez den konponduko arazo hori orokorrean. Estrategia askoz egokiagoa eta borondate handiagoa beharko lirateke munduko desoreka horiei konponbidea emateko. Inteligentzia dugun izaki mota bakarra gara gizakiok eta elkar maitatzeko kapazitatea dugunak, gainera. Baina ez bata eta ez bestea ez ditugu ondo erabiltzen. Besteen bizkarretik gure burua hobetzekotan ibiltzen gara, baina oso oker gaude horretaz. Gizonak bere burua izorratzen du izaera eta jokaera horrekin.
Baina gogoetatxo hau egin ondoren gatozen harira eta jorra dezagun gaia. Lehenengo eta behin esan dezagun argi eta garbi pertsona horiek ondo zaintzeko lekua ez dela Endoian daukaten hori. Ez dakit zein demonio eta nola demonio bururatu zaien astakeria hori. Auzoa izorratu eta gaztetxo horien beharrak bat ere konpondu ez. Hori ez baita lekua zeregin horretarako. Auzokook esan dezakegu bakean uzten bagaituzte guri bost axola, baina nik honen inguruan ez dut horrela pentsatzen. Gizatasun eta erruki apur bat izango bagenu, ezingo genuke ontzat hartu horiek zaintzeko edo beraietaz arduratzeko modu hori. Ni ez naiz aditua gauza horietan, baina burua bere lekuan daukan edozeinek ikus dezake, hori baino leku aproposagoak izango direla nonbait.
Hori alde batetik eta, bestetik, auzokoek eta parajeek ere errespetu pixka bat merezi dutelakoan nago: auzoko biztanleak galanki molestatu eta paisaia goitik behera hondatu. Monstruo bat bihurtu da gure Endoia txukun eta polita. Uztapide bertsolaria bizi izan balitz, bertso ederrak jarriko zizkion gai honi. Zenbat ibili ote zen leku horretan bertan artzantzan edo garapaitan. Ez dago eskubiderik anabasa hori egiteko. Bazterrak izorratu eta ezer lortu ez. Hori baino askoz gehiago merezi dute gaztetxo horiek, nahiz eta gaizto fama eduki. Hemen ondo preparatu eta beren kabuz haien herrira itzuli eta hango martxa hobetzen parte har dezaten, laguntzen saiatu beharko genuke. Ilusioa piztea, alegia. Mundu guztiak maite izaten du biziki nork bere jaioterria. Hain miseria gorrian bizi badira, norbaitek benetako laguntza eskaini behar lieke hango bizimodua hobetzeko. Europarrok kulpa galanta dugu Afrikako egoeraz. Lehenago gure menpe eduki eta gero erabat abandonatuta laga, interesatzen ez zaizkigunean.
Endoiarrok sinpatia genion Illarragorri edo Gorosti Handi aldeko etxetxo horri. Oi lur!. Txalet moduan bizitoki izateko eraiki zuten eta, gero, osasun osaketa premietarako lekua bihurtu zen. Geroago, aisialdietarako egonleku atsegina izan zen. Azkenaldian jatetxe edo askaltzeko leku gisa funtzionatzen zuen. Endoia gaina mendi muino polita eta paraje interesgarria iruditu izan zait beti. Garai batean nekazaritza eta abeltzantza ziren horko aktibitate printzipalak. Gaur egun, bizibide bezala ez dago horiekin kontatzerik. Baina bizitoki izateko paraje aproposa dela uste dut. Baserritik bizi izatetik baserrian bizi izatera pasa. Baina horretarako gizartearen errespetua eta mira behar ditu gai horrek. Bizitoki horiek badute xarma eta erakargarritasunik, baina alde txarrak ere, asko. Berton lanbiderik ezean lantokiak urruti eta deseroso gehienetan. Hainbat zerbitzu eta laguntzetatik at geratzen dira. Hau nekazari munduari, orokorrean, gertatzen zaio eta gizarteak aldatu behar luke gai horretaz hartzen duen ikusmira.
Eta orain monstruotzar bat bihurtu da Endoia. Berlingo Harresia edo Guantanamokoa, agian. Itxura gabeko ekintza aldrebesa. Endoia berpiztu egin behar omen zen. Jo eta akabatu bai tratamendu horrekin. Nola berreskuratu orain auzotarren lasaitasuna? Nola sinetsi akzio txarren bat gehiago ez dutela egingo? Nola txukundu garai bateko paisaia polit eta liluragarri hura. Nola uxatu utzi digun gustu txarra. Nola berreskuratu atzerritar eta etorri-berriei, bereziki gaztetxo horietakoei, behar geniokeen txera eta arreta? Nik ezin dut sinetsi hobeto maneiatu ezin daitekeenik kontu hori. Hemen gaizkile eta gaiztoak diren aitzakia jartzen da, baina ez dut uste, orokorrean, politika egokia planteatzen denik gai horretan. Mundutxo hau biztanle guztien etxea dugu eta etxe barruan hobeto konpondu beharko genuke. Baina sestra eta borroka ugari sumatzen da bazterretan. Hortik sortzen dira aldrebeskeriak eta desorekak. Gu gutxi garelako, hor konpon. Zergatik ez dituzte Donostiaren erdi-erdian jartzen? Errazago errendituko lituzkete.
Agian, gaztetxo hauek nola edo halako kaleetan ohituak izango dira gehienak. Baina, horien heziketa eta horiei laguntzea ez da guk egiteko moduko lana. Baina txarrena da parajea itxuragabetu eta auzotarrak erabat izututa gauzkala kontu honek. Hiru tontor ditu Endoia gainak, erdikoa txikituta utzi dutelarik. Gehiago ezin izango dugu esan Endoia paisaia polita eta liluragarria denik. Harro geunden geure lekuarekin eta orain negargura ematen du. Gainera, noiznahi okerren bat egingo ote duten peskizan eta gaztetxo horiek kartzelan daudelakoan egon behar. Nahikoa sarraski eta oker egin dituzte lehendik. Gutxi kontatu dira, agian, hemen berton gertaturikoak . Izan ere, leku bazter honetako triskantza txiki horiek ez dute hirietako jendea molestatzen, nahiz eta guretzako nahiko handiak izan. Hala ere guk ez diegu aparteko antipatiarik gaztetxo horiei, izan ere garai batean gure baserrietara hurbiltzen ziren ijito eta beste hainbat eskale onartuak izaten genituen errukiz bederen. Baina era guztietako errespetua opa zaigula uste dut. Hara hemen Uztapidek paraje horri jarritako bertso bat:
Udaran bai an giro ederra
Iñon ederrikan bazan
Ango iparreko aize ederra
zer zan nik ezin det esan
orain an dago paraje ura
jendiak ikusi dezan
noranai juaten giñala ere
toki oberikan etzan
0 comentarios