09-04-05
ARBI LOREAK ETA PAZKOAZKOA
Garai batean, arbi lore garaian, konfesio jenerala egin eta komunioa hartzeko garai berezia izaten zen. Garizuma bukaturik, Pazkoetan pazkoazkoa esaten zitzaion eginkizuna bete beharra egoten zen. Sakramentu horiekin ahaztu samartuta zebiltzanak ere urtean behin bederen bekatupeko obligazio jartzen zuen elizak. Arbiak loratzearekin koinziditzen zuen hain zuzen garai horrek eta hortik zetorkion deitura hori. Gaur, gorputzari garbitu on bat emateko garai aproposa dela diote osasun gaietan adituak direnak. Belar ur edo botika bereziekin desintoxikazio edo saneamendu sakon bat ematea komenigarria omen da. Lehen arimaz esan ohi zen hori.
Udaberriaren hasieran gure kontzientziari txukundu bat eman behar zitzaion gure arimak ere, udaran zehar, fruitu onak eman zitzan. Orain agian, ez arima eta ez gorputz. Arbi loreak eta pagotxak ahaztuak ditugu jadanik. Txukundu baten premia izango dute bai orain ere. Euri zaparrada on bat botako balu sikiera bazterrak pixka bat garbitzeko.
Eguraldiaren mapa ere hiru probintzietakoa bakarrik behar omen du. Zer egingo ote duen asmatzen ere komeriak izango ditugu, baina zer eta nola egin behar duen asmatzen ere gaizki ibiliko da agian. Ez dakit zer demontre dabiltzan kontu txoro horrekin. Nik uste dut eguraldia baino lehenagokoa dela Euskal Herria eta horren arabera jarriko zuela eguraldiaren martxa. Orain asmatuko ote du lurralde hau non dagoen ere. Ez du ondo sumatuko eta erabat trastornatuko dela uste dut gure eguraldia.
Gu ondo konpontzen gara dagoen bezala. Zazpi probintzietako eguraldia geurea dugu propio, bere laino eta guzti. Umel samar alde batean eta lehor samar beste aldean. Madrildarrak zirimiri esaten diote hemengo lainoei eta tiro poligonoa ipini Nafarroako desertuan. Pertsona eskasak behar dute horratio mapak horrela xixtrintzeko.
Euskal Herriaren iparraldea eta hegoaldea nahiko ezberdinak direla bistako gauza da, baina sentsu gabeko konponketa hori ez zait bat ere gustatzen. Nik behintzat betiko martxan jarraituko dut. Gainera eguraldiak euskaraz dakienez hizkuntza horixe erabiliko dut beti. Ea nork asmatzen duen ondoen iragarpenetan. Denbora luzean erabat desorekatuta ibili ondoren badirudi bere onera etortzen ari dela. Neguaren azken partean itxura politarekin ibili da. Otsailaren erditik hasita nahiko ondo portatu dela esango nuke nik. Giro freskoegiak agian. Bero ufadatxoak ez dira gaizki etortzen neguaren azken aldera kanpoa pixka bat mugitzen hasteko. Horixe falta izan dugu eta natura ez da behar adina mugitu. Baina orain tankera ona hartzen diot. Penintsulan luzaro egon den alturetako depresio horrek martxa aldaketa suposatzen duela iruditzen zait. Laster tenperaturaren gorakadak eta beroen ekaitzak lehertzen.
Euskaldun soldadu hark ez omen zekien erderaz ondo eta kapitainak uretara bidali omen zuen. Ekaitz ikaragarria tokatu hain zuzen eta soldadua balde hutsarekin buelta. Kapitainak kargu hartu zionean honela erantzun omen zion. Mi kapitan: tximist brist-brist, trumon brun-brun, balde blist blast eta agua no traer. Eta kapitainak kalabozora zast.
0 comentarios