09-03-15
EGURALDIA ETA MUNDUA
Zer gauza eguraldia baino mundialagorik. Modu ezberdinean, baina ez dago munduan zehar eguraldiak harrapatzen ez duen bazterrik. Lurpean urrutiratu ezkero agian bai. Edo lurrazaletik 100 bat kilometro gorago ere, eguraldiaren arrasto gutxi aurkituko genuke. Beraz, bolaren formako mundu honen azalerako geruzatxo batean kokatzen da eguraldia deitzen diogun fenomeno hau. Izenak berak adierazten du nolabait hori. Eguraldia, eguratsaren aldia edo denbora. Hala ere bereizketa handiak egiten zaizkio mundu mailan eguraldiaren jardunari.
Esan ohi da eguratsa edo atmosfera kaosa dela edo kaosaren izaera duela. Horregatik eguraldia ere zoroaren moduan ibiltzen da askotan. Baina toki edo lurralde batzuetan askoz baldarrago mugitzen da. Aparteko zakarkeriak ere erakutsi ohi ditu, kalte galantak eraginaz. Ondo portatzen ere badaki eta horri esker bizi gara mundu honetan.
Gizakiok ari ote garen eguraldiaren martxa okertzen. Hori ere esaten da. Agian zertxobait bai. Naturaren zati garrantzitsuak dira eguratsa eta bere eguraldia. Lurrazalaren dinamika mantentzeko ezin bestekoak hain zuzen. Landareak, zuhaitzak eta animaliak, gizakiok barne, modu orekatu batean irauteko beharrezkoa dugu eguraldia. Eta oreka horrek zer ikusia badu alderantziz ere. Alegia, bizidun horien erabilerak aldatu dezake nolabait eguraldia.
Adibidez, lur sail handiak zuhaitzik gabe uzten baditugu, eguraldiaren martxa nolabait uki dezake. Aspaldi hasi ziren esaten, mendiak gehiegi soiltzeak euria gutxituko zuela. Hemen ere izan zen bolada bat arbolak gupida gabe botatzen zirena eta berriz landatu ez. Garoa komeni eta garamenak hazteko arbolak kendu behar. Labrantzarako lurrak egokitzeko ere berdin. Hala ere, hemengoa ez zen ezer asko izango. Penintsula osoari begiratuta duela 500 urtetatik hona, zuhaizti pila ederra gutxituko zen. Esaten dutenez, katagorria Irundik abiatu eta Cadizeraino joan zitekeen arbolatik arbolara saltatuz, lurrera jaitsi gabe.
Orain mundu mailan egiten dituzte azterketak, zer zuhaitz oreka ote dagoen ikusteko. Brasilgo Amazoniako zuhaizti ikaragarriak munduaren birikak direla irudikatzen dute jakintsuek. Baina soiltzen ari omen da. Egurra ateratzeko gupida gabeko triskantzak egiten ari omen dira. Klimaren oreka zaintzeko beharrezkoa omen da kontuan edukitzea hori.
Beste hainbat gauza ere badira eguratsa izorratzen dutenak. Hainbeste errekinen kelar eta kutsadurek ere min egin diezaiokete arnastu behar dugun aireari. Eta bide batez, eguraldiaren martxa hondatu. Hori guztia sinesta daiteke, baina nik ez dut uste, oraingoz behintzat, maila nabarmeneko eraginik izan dezakeenik horrek. Hala, eguraldiak astakeriak egiten jarraituko ditu eta goxoa eta onuragarri izaten ere bai. Aspaldi honetan nahiko ondo dabil behintzat eta ezin kexatuko gara.
Kuarta tenporek ez ziguten seinale ona utzi, baina agian oraingoan deskuidatu egingo dira. Nik hala uste dut behintzat. Badirudi udaberria aurreratu egin zaigula. Kanpoa pixka bat irabazten hasi da. Laster sartuko gara udaberrian. Hilaren 20-an eguerdiko hamabietan hain zuzen. 25-ean Amabirjina martxoko. Kukua aipatzeko eguna. Izan ere Erromako zubian pasatzen omen da egun horretan eta hurrengo egunetan kantuan hasteko prest. Hilaren bukaeran zozo mikoteak. Bi egun eta erdi Martxokoak eta beste bi eta erdi Apirilekoak.
Artzaina izorratu nahi omen zuten harro samar zebilelako. Martxoko larreekin ardiak bizkortu eta Apirileko belarrak jateko amorratzen. Martxoak esan omen zion apirilari: nik ipiniko dizkiat bi egun eta erdi eta hik ipini hitzak beste bi eta erdi, eta bost eguneko giro txarrak izorratuko dik ederki. Horrela euri jasa haiekin erreka jaiki omen zen galanki eta ardi pila hantxe ito.
Ondo izan irakurle guztiok eta hurrengorarte.
0 comentarios