ENDOIA BERE TXIKIAN HAUNDI
2009-05-18
Inguru polita da Endoiako gaina; mendi muino zoragarria. Zestoa eta Lasturreko tarte horretan mendi koskorren bat egiten hasi omen ziren eta mendikume edo mendixka geratu. Buru gisa Gurutze aldea jarriko genuke eta ipurdi legez Gaineta aldea; bizkar txontxorra Ilarragorriko gaina.
Tamaina ederreko altueran dago gainera: ez beheregi eta ez altuegi. Garaierak hauxek dira: Gurutzeko tontorra itsas mailatik 441 metrotara, Ilarragorriko gaina 398 m., Gainetako bizkarra 446 m., Endoiako eliza 339 m., Ziolar 406 m., Otzarreta 416 m., Beliosoro Goikoa 400 m.. Beraz Ziolar dugu bailarako baserririk altuena.
Ertxina mendiarekin aurrez aurre dago gure mendixka hau; tartean atakatxo baten gisa Urola ibaiko urak eta harat honako haizeak igarotzeko gunea, eztarria bailitzan. Haizeak gogor harrapatzen du Endoia; hegoaldeko haize lehorrak kolpe bortitzak jo ohi ditu Endoiako bizkarrean, batez ere udazkenean; egutera aldea azkar lehortu ohi du horrek. Itsas aldekoak ere astindu ederrak eman izan ditu, enbatak eta hezetasunak ekarriz; horregatik laiotz aldea gutxiago lehortu ohi da. Belioso aldea, aldiz, hego-haizetik babestuta baina itsas aldeko haize amorragarriaren menpe. Olazabalak erdiz erdi.
Haize lekua bada Endoia baina alderdi alaia eta sanoa. Lurgintzarako ere nahiko ona oro har. Eguzki aldekoak lehorrarekin kexatu ohi dira sarri; askotan geratzen dira hor belarrak eta abar irabazi ezinean; lehorrak gogor zigortzen baititu eguterako inguru horiek. Endoia gaina eta itsas alderako lurrak nahiko ondo baliatzen dira eta Belioso aldean berriz bustiarekin gaizki.
Garai batetik asko aldatu dira lurraren kudeaketako gorabeherak: 30 eta 40ko hamarkadetan artoa, babarruna eta garia ereiten ziren zoroetan. Laborantzarako balio ez zuten lurretatik onentsuenak belarretarako eta besteak garotarako edo basotarako. Gehienetan hiru urtetik behin ereiten zen garia eta bi urte segidan artoa eta babarruna; horrela txandakatuz lurra hobeto kudeatzen zelakoan. Batez beste, 40 anega gari (2000 kilo), 80-100 anega arto (4000-5000 kilo) eta 10 anega babarrun (500 kilo). Lan asko ematen zuten uztabilketa horiek.
Hirurogeigarren hamarkadan, ganaduak gehiago ematen zuela eta, produkzio horiek utzi eta belarretara dedikatu ginen. Batzuk baserriari erabat utzi ere bai tailerretan gehiago irabazten baitzen. Endoian sei baserrikoek alde egin zuten horrelaxe eta horietatik hiru behintzat utzik geratu ziren. Horrela garai haietako 16 baserrietako 150 bat biztanleetatik gaur egungo 40 ingurura jaitsi da Endoian bizi den jende kopurua. Hiru baserri erabat utzik daude baina bizitoki berriak ere egin dira. Endoia berpiztu edo horrelako zerbait asmatu beharko litzateke agian; nik uste dut horrelako leku politak merezi duela zerbait. Artoa eta garia ereiten ez da berriz inor hasiko baina bizitokia leku zoragarri horretan edukitzeak galanki balioko luke.
Uztapide bertsolaria jaio zenetik 100 urte direla eta Endoiarekin pentsatzen jarrita atera zaizkit kontutxo horiek; mila gauza esan daitezke Endoiataz gure gazte denbora oroituz. Uztapide berak ere kontatzen ditu gertaldi politak baina beti ere inguruaren edertasuna aipatuz; horrek liluratzen zuen nonbait.
Horra bada, gure Uztapide handia ere joan zitzaigun eta honezkero bertso eder franko bota ditu goialde horretan. Guk asko ezagutu genuen eta errespetu handia genion berari baina gizon jatorraren irudia geratu zitzaidan niri. Gutxitan haserretzen zen eta petralkeriarik sekula ez; nik behintzat bera bezalakoa izan nahi nuela nioen nere baitan.
Gure etxean sarri jardun ohi zuen lanean. Gizon indartsua ere bazen; haren besa-zuztarrak ez ziren gure besa-makilen antzekoak. Oso ondo konpondu ohi ginen berarekin; mutil koskor zaharrok bihurrikeriaren bat egiten genuenean serio jarri ohi zen bera eta bai gu zintzotu ere. Behin artazuritzen ari ginela jolasgura etorri zitzaigun eta han genbiltzan txilipurdika malutak artaburuekin nahastuz; gure Manuel hau seko haserretu zen oraingoan eta hiru mutil koskorrrak utzik zegoen gari-kutxa batean sartu gintuen; atea itxi eta han geratu ginen isil-isilik untxiak kaiolan bezalaxe. Baina bihozbera izan nonbait eta berehala etorri zen gu ateratzera. Serio samar lehenbizi baina ipuin zaharren bat kontatuz berehala jarri ginen umore onean eta txintxo lanean.
Gaurkoz nahikoa izango dut eta eguraldi kontuei paso emango diot; hurrengoan arrastoan sartuko naizelakoan ondo pasa dezazuela opa dizuet ixixatar guztioi eta bereziki Endoiatarrei, festetan baitaude. Animorik ez galdu eta ondo gozatu bizitzarekin. Agur eta hurrengorarte. JOXE LANDA

0 comentarios