09-07-14
EGURALDIA ETA KLIMA
Uste dut eguraldia eta klimaz nahasmendua egoten dela jende artean. Eguraldia esan edo klima esan, gauza bera delakoan, baina ez da horrela. Egia da biak gauza bera direla, baina esanahi ezberdina dute hitz horiek. Biak, asko aipatzen diren gaiak dira, baina bakoitza bere lekuan jartzea komeni da. Bi hitz edo kontzeptu horietan biltzen dira, eguratsa edo aireari dagozkion gora behera eta inplikazio guztiak. Eguraldia eguratsaren une edo alditxo bateko egoera edo izaera dugu. Eta klima berriz laburrago edo luzeagoko eguraldi mota. Leku edo lurralde batean egin ohi duen eguraldia. Baita ere garairi dagokioneko eguraldi mota. Eguraldia oraingoa eta klima historiakoa.
Eguraldiarekin egingo duena asmatu nahian ibiltzen gara eta klima berriz jakitean datza interesa. Leku edo parajeetan alde handiko eguraldi motak izaten dira. Leku batetik bestera oso hurbilean gertatzen da alde galanteko eguraldi mota edo klima. Hau, batez besteko eta denboraldi bateko eguraldiari dagokionez sumatzen dugu. Adibidez Lasturko batez besteko eta Endoiako batez besteko eguraldiak ez dira berdinak.
Klima mailan alde handiak daude munduan zehar. Leku batzuetatik besteetara edo lurralde batzuetatik besteetara. Baita garai batetik bestera ere. Urtean zehar ere aldaketa handiak sumatzen ditugu. Batzuk ohikoak dira, urtaroei dagozkienak. Eta beste batzuk eguraldiaren aldakortasunari dagozkionak. Baina azkeneko hau ez dagokio klimari baizik eta eguraldiari.
Mota askotako klimak direla munduan esan dugu, baina eguraldiak ere mota askotako elementuak dauzka eta modu askotara mugitzen ditu. Euri asko edo busti gehiegi. Edo busti gutxiegi eta lehortea. Martxa orekatu bat ez darabil eguraldiak. Kaosa omen da eguratsaren dinamika. Batzuetan ondo samar eta beste batzuetan oso gaizki. Gutxitan egoten gara zeharo konforme eta denon gustura behin ere ez. Kontuak kontu eta hemen bizi garenez, begiradatxo bat eman diezaiogun Itziarko klimari.
Zabalean hartuta Iberiko penintsularen ipar parteko erdiko txokoan aurkitzen gara. Kosta parteko lurraldea da Itziar. Izarraitz mendiaren magalean nolabait. Beste mendixka eta txoko ugari ditugu esparru horretan. Itsas ertzak barrenean eta lurralde menditsua oro har. Itsaso partean Bizkaiko golkoa dugu aurrez aurre. Honek izaera berezia ematen dio hemengo eguraldiari. Karibetik abiatzen den korronte bat hurbiltzen da honantz itsas azpitik. Horren epeltasuna dakar eta hezetasun epela mantentzen da itsas ertz hauetan. Horregatik sortzen dira hemen hainbeste zirimiri eta lurrin gisako laino itsuak. Tenperaturaren gora beherakoa ere ez da hainbesterakoa. Beraz, bataz beste, klima suabe samarra, baina umela da.
Lokalki berriz hain terreno irregularra izanik denetik daukagu hemen. Eguterak eta laiotzak. Erreka aldeak eta mendi bizkarrak. Mendebala dugu hemen joera dominantea. Alde horretatik etortzen zaizkigu erasorik txarrenak. Baina nahiz eta hezetasuna nabarmendu, estremo demasik gabeko panorama dugu gehienetan.
Oraingoz honetan utziko dut eta hurrengoan jarraituko dut gaiarekin. Segi uztaileko uda giro jator hauek aprobetxatzen. Agur bero bana irakurle guztioi.
0 comentarios