Blogia
joxelanda

10-05-10

MAIATZA EDO LORAILA

URTAROEN NERABE GARAIA

Gaurkoan Maiatzari emango diogu astindutxo bat. Loraila edo asto hila ere deitu izan zaio. Aurreko batean esaten genuen, nola hiru urtarotan erabiltzen den uda hitza. Udaberria, uda eta udazkena. Uda aldi luze horren nerabe garaia izango litzateke Maiatza.

Egun seinalatuak eta eginkizun aproposak ere asko ditu Maiatzak. Artoa eta babarruna ereiteko garaia. Gordetzeko belarrak jasotzen hasteko garaia ere hortxe-hortxe. Natura berpizturik lora franko ere ikusi daiteke bazterretan. Eguzkia sasoiko eta berotzar galanteko egunak ere bai. Ekaitz ugari sortu ohi dira Maiatzean. Kastillanoen esaerak dioen bezala: < por Mayo,  cada dia hay un rayo >. Ikusgarriak ere izan ohi dira zenbait trumoi laino gandor handiak ere.  Gure aitak esan ohi zigun San Pedro eta San Pablo zeruan boletan hasiak izango zirela. Horrela ez ginen umeok bat ere beldurtzen. Trumoi kontuak direla eta beste ipuintxo bat gogoratu zait :

“Maiatzean izango zen agian soldadu errekluta hari gertatu zitzaiona. Euskaraz ondo zekien baina erdaraz gutxi. Kapitainak ura ekartzera bidali omen zuen eta urik gabe itzuli gizarajoa. Ekaitzak eraso dio nonbait eta honela jarri omen zion aitzakia kapitainari, eskua bekokian jarririk errespetu ginoa eginaz dio <mi kapitan trumon bur-bur, tximist blist-blits, balde blist blast y agua no traer>.”

Soldaduskako atarramenduak alegia. Soldaduska  kendu zuten eta eskerrak baina militarismoa ez dute kendu oraindik. Nik uste dut horixe dela munduko terrorismorik txarrena. Gerra hasi arte ez zegok hemen bakerik esan omen zuen militar zahar batek. Ez dakit zer defentsa edo zibilizazio baina niri aitzaki horiek ez naute konbentzitzen.

Lehengo ariari jarraituz, uste dut urtaroei dagokienez eta naturari pixka bat erreparatzen dionarentzat, Maiatza dela urteko hilik sinpatikoena. Loraila deitzen zitzaion eta zer da bada lorea baino gauza sinpatikoagorik? Gaztetxo bihurri samarra dugu bai Maiatza, baina natura gustura sumatzen da alajaina. Gu geu guraso eta senideetatik sei baginen Maiatzean jaiotakoak eta maiatztarrok denok batera ospatzen genuen urtebetetze ospakizuna. Asto samarrak izango ginen agian. Duela 63 urte (1947) elurra egin zigun Santakutzetan. Goiz hartan elur koskatxoa zegoen Beliosoron. Karobia erreta geneukan eta harri koskor erreak zoroan multzoetan ipinita geneuzkan. Elurra mara-mara bota zuen gauean eta urtu zituen kare koskor horiek. Han jardun ginen elur zuriaren gainean kare zuria zabaltzen. Zuhaitzek hostoa zuten jadanik eta arbola adar asko hautsi zituen. Gertakizun xelebrea benetan. Ba, aurten ere ez zaigu urruti ibili lotsagabe hori. Eguraldi makurra eta negutarra eduki dugu Santakutz aste horretan.  Itsasaldetiko haize zitalarekin elurra egin du hainbat lekutan eta paraje altu samarrak zurituta egon dira. Esan ohi da maiatzak lehenengo edo bigarren erdia eguraldi kaskarra izaten duela. Beraz, aurten bigarren erdiari tokatzen zaio eguraldi ona. Eta halaxe egingo du gainera. Aste hau kaskarretik doanez San Isidro eguna eta igandea (Asentsio eguna) giro eskasarekin oraindik. Nekazarien zaindaria bat eta Endoiako festa eguna bestea. Zoroetako lanak egiteko garai txarreko kaskarraldia izango zatekeen hauxe. Baina hilaren beste erdi horretan ondo portatzen bada barkatuko diogu bai. Garai batean Harbilen ere egiten zen erromeria Asentsio egunean. Bazuten bai bilkura haiek ere beren xarma. Gaur jendea beste modu batean ibiltzen da. Baina gazteak beti izaten dira festa zale.

Martxoan sartu ginen udaberrian eta natura hasi zitzaigun esnatzen. Naturaren goiza bailitzan, kanpoa mugitzen hasi zen. Klase guztietako landare eta zuhaitzek hosto berriak zabaldu nahian sumatzen genituen eta orain Maiatzean gaudenez, dena irabazian ikusten dugu. Eguraldia ere gero eta hobea izan ohi da eta belarra tirata bezala hazten dela esan ohi genuen. Hori bakarrik ez, baita ere hainbat landare loratu. Pozgarria da bai natura horrela ikustea. Trumoi eta ekaitz batzuk gora behera, loratu dezagun geure animoa ere. Pentekostes eguna hilaren 23-an eta tenporak berriz 26, 28 eta 29-an. Hemen bukatzen dut gaurko lantxo hau. Beraz, ondo-ondo segi eta animoari eutsi. Agur bero bana irakurle guztioi.

 

0 comentarios