Blogia
joxelanda

10-04-06

APIRILA, EURIA EGITEN HABILA

JORRAILA, JORRAKETARAKO GARAIA

Udaberrian sartu ginen eta bagoaz aurrera naturarekin batera berpiztuz. Esnatu zaigu natura  eta kanpoa mugitzen hasia da jadanik. Zozomikoteen traumatxo hori igaro eta  esan dezakegu bale garela.

Hemen geunden kikilduta, burumakur, negutzar horren azpian. Baina abiatu gara naturarekin batera udaberriari eskutik helduta ttipa ttapa berpizteko bidean. Kukua garbo handirik gabe azaldu zaigu, baina laster azalduko dira enarak eta txorien kantuak ugalduz, zuhaitzen hosto berriak eta loreek hornituriko paisaia zoragarriak sumatuko ditugu inguru-miran.

Gari eta garagar landareak jorratu, belar txarrak kenduaz. Krisia deitzen diogun belar txar demonioa ere kendu dezagun oraingoan. Ekonomia ere naturarekin batera suspertzen hasi dadin.

Aurten negua zital samarra izan dugu eta loaldi ederra egin du kanpoak eta ea orain azkar batean irabazian jartzen den. Hil hau ez da txarra euria egiten eta zaparrada mardul batzuk ez lirateke gaizki etorriko.

Igaroak ditugu egun bereziak. Martxoaren 20-an sartu ginen udaberrian eta gero Amabirjina martxoko eguna. Martxoaren 25-a egun seinalatua zen lehen. Kukuaren etorrerarekin lotzen zen batik bat. Izan ere kukuaren kantua izaten genuen udaberriaren seinalerik nabarmenena. Gaur egun baino garbosoago etortzen zen gainera. Kantu tonto samarra du baina ozen eta alhatsua du ahotza. Urrutitik entzuteko modukoa. Normalean ku ku, bi ku-rekin osatu ohi du bere errepertorioa, baina batzuetan badaki hiru kurekin kantatzen ere. Eta kukuak ku-ku-ku kantatzen zuenean, trumoizko euria etorriko zela esan ohi zuten. Horrelakoetan arretaz ibili behar ganadu jatekoak aurrez ekartzen eta abar.

Lehenengo aldiz kukua entzutean patrikan txanponak edukitzea ere garrantzizkoa zen. Hala tokatu ezkero ez omen genuen diru faltarik izango urte hartan. Gero zozomikoteak zetozen. Martxoaren azkeneko bi egun eta erdi eta apirilaren aurreneko bi egun eta erdi. Aurten Aste Santuarekin tokatu dira gainera.

Eguraldiaren kaskarralditxoa izan da aurten ere baina ez oso nabarmen. Aberri eguna ere igaro dugu. Eguraldi eskasa baina ilusioa bikaina. Eguraldiaren giroa kaskar samarra eta bestelako giroak ere baditu gaur egun laino beltzak eta bisutsak. Baina gu ez gara ordea kikilduko erasotxo horiengatik. Jorraila deitzen zitzaion lehen Apirilari. Gizartea deitzen diogun zoro zabal horrek ere badaukala uste dut jorra on baten premia. Belar txar asko daukagu bertan. Aitzurra edo herbizida. Zer edo zer astindu behar genuke.  Baina kontuz belarra jorratu eta artoa sasira gertatu ez dadin. Belar txarrak indartu eta landare onak ilunpean. Hori izaten da askotan gertatzen dena.

Aste santua meditatzeko izaten omen da aproposa eta burutazio horiexek ibili ditut nik aurten. Zoro edo baratza bakoitzak izaten du bere bokaziotxoa. Baserri giroan ohitua denak, hori badaki ondo. Zoro bat artoa ereiteko hobea eta bestea patata ereiteko aproposa. Gizarte zoroak ere horrelaxe lirateke. Euskal Herriaz  ezagutzen den gizarte zorotxo honek ere badu bere bokazioa. Euskal bokazioa alegia. Euskal sentsibilitatea bere hizkuntza eta guzti. Belar txarrek itolarria jarriko ez baligukete, mardul irabaziko luke gogo horrek hain aproposa dugun lurraldetxo honetan. Apiriletik Maiatzera. Jorrailetik Lorailera.

Ea independentzia deitzen diogun landaretxo hori apirilean pixka bat jorratuko dugunez, maiatzean loratzen zaigun. Aspaldi erein zen asmo jator horren hazia. Gu gaztetxoak ginenerako bizirik zegoen landaretxo hori. Gora Euskadi askatuta esaten genuen bero-bero. Gauza bera ulertzen genuen horrekin. Orduan ere giro txarra zegoen eta larri zebilen landaretxo hori. Gaur ere berdin jarraitzen dugu baina muino bizkarreko zuhaitza bezalatsu, haize txarren erasoei eutsi ezinean pixka bat makurtuta baina zutik dirau gogo jator horrek. Beraz goazen ttipi ttapa udaberrian aurrera eta ea uzta oparoa aurkitzen dugun uztailean. Oraingoz nahikoa izango dut eta hurrengoan gehiago. Bitartean ondo bizi eta animoak irakurle guztioi. Agur

0 comentarios