Blogia

joxelanda

09-02-13

GARIZUMA ETA INAUTERIAK

Urtaroaren erdia baino gehiago igaroa dugu jadanik eta atertzeko konturik ez dauka. Aspaldi honetan elementu guztiak astoratuta dabilzkigu. Negu giro peto-petoa alajaina. Eguzkia izan ezik denetik daukagu. Euria ia atertu gabe eta batzuetan kopuruetan neurriz kanpo. Elurra berriz, mendietan kendu ere ez du egin aspaldian eta aldiz, behera ere jaitsi da. Haizeak ere egin ditu bereak. Urak eta haizeak oker galantak egin dizkigute. Aipatzekoak baita ere txingorra, trumoia, tximista eta izotza.

Urtarril kaskarrak otsail hobea utziko zigula pentsatsen genuen baina ez da hala gertatzen ari. Fama txarreko hila dugu hau eta aurten ederki ari da kunplitzen. Hala ere badirudi on alditxo bat eskeiniko digula hilaren erdi alde honetan.

 Aurtengo garizuma, aurreko urtean baino pixka bat beranduago tokatu zaigu eta berarekin batera inauteriak, aste santua eta koarta tenporak. Neguko tenporak martxoaren 4, 6 eta 7an izango dira eta udaberrikoak ekainaren 3, 5 eta 6 an. Horrela  lehenengo tenporei, eguraldi iragarpenerako apirila, maiatza eta ekaina tokatzen zaie. Hala diote zenbaiten teoriak behintzat. Beraz, oraindik martxoa ere abenduko tenporari dagokio. Ea zer adierazten diguten bada. Erreparatu egin beharko. Dena dela guk geure modura jarraituko dugu zer eguraldi egingo duen asmatu nahian. Izan ere ez dakit garizumari ez ote zioten lan gehiegi ipini eta denak ezin ondo kunplitu.

 Gauza batzuk indartu eta beste batzuk gastatu egiten dira. Adibidez inauteriak inoiz baino biziago mantentzen dira baina pazkoazkoa edo arbiloretako konfesio eta jaunartzeak porrot egin zuten erabat. Dotrinaren testa egiten  ziguten apaizek, ea gai ote ginen ikusteko eta gure jakinduria maila onean bazegoen txartela ematen ziguten formalki jaunartzera joan ahal izateko. Zerura joan ahal izateko Jaungoikoaren grazian egon beharra zegoela eta galdeketa horietako batean parrokoak mutil koskorrari galdetu omen zion ea hiltzeko nola egon behar zen eta mutilaren erantzuna: bizirik jauna. Txartela irabaziko zuen seguruenik.

Bijilia eta barauak egin ohi ziren garizuman eta erromeriak suspenditu ere bai. Serio demonio, formal antzean ibili behar bolada batean. Berrogei egunetako garizuma nahiko luzea eta kalbario dezentea izan ohi zen, batez ere gazteentzat. Ez erromeri, ez soinu eta ez dantza. Kantu serioak eta sermoi ugari entzun behar. Horregatik garizuman sartu aurreko egunetan ospatzen ziren inauteri edo karnabalak. Gerora, gerra ondorenean, galerazi egin zuten guzti hori eta oso toki gutxitan eutsi zitzaion ohiturari. Sasiko potzu eta txakurzuloka  eta horrelako jolas motelagoekin konformatu behar. Baina esan bezala, orain indar handiz berpiztu zaizkigu inauteri festa horiek. Leku askotan ospatzen dira baina Tolosakoak dira inguru hauetan sonatuenak. Munduan zehar ere leku askotan omen dago ohitura hori.

Badirudi, eguraldiaren aldetik, otsailaren beste erdi honetan hobeto portatuko dela. Ea inauteri egun horietan suerte pixka bat izaten duten ospatzen den leku horietan. Oraindik egun dezente falta dira baina udaberriari begira jarriak gaude jadanik. Ea formal antzean ibiltzen zaigun hemendik aurrera. Ondo segi eta hurrengora arte. Agur bero bana irakurle guztioi.

09-01-13 (URTARRILA)

URTE ZAHARRARI AGUR ETA KAIXO BERRIARI

Berriro ere agurtu dugu urte zaharra eta kaixo esan diogu urte berriari. Mundua eguzkiari biraka ibiltze horri, halako muga batzuk jartzen dizkiogu: horietako bat dugu urte mugaren hau. Geure komenientziarako jarritako jarraibideak dira horiek gehienbat eta ez dira zehatz mehatz bat etortzen errealitatearekin. Mundu tripandi hau ilargia alboan duela txintxo asko dabil betiko martxan eguzkiari urtean buelta bat emanaz. Jira bira horiek badituzte beren gora beherak.

Batzuetan eguzkia hurbilago dauka eta beste batzuetan xaflanago harrapatzen gaitu. Aldarte horietatik sortzen dira urtaroak eguzkiari dagokionez eta ilargiari dagokionez berriz ilgora eta ilbehera. Horiek guztiak eragin zuzena dute eguraldiarengan. Eragin zuzena bai baina ez erregularra. Adibidez uda partean eta negu partean badituzte beren berezitasunak, baina beti ez dira berdin portatzen. Igaro dugun urte hori nahiko eskasa izan dugu eguraldiari dagokionez. Hotz beroaren media ohikoa baino beherago. Goieneko eta beheeneko puntak ere gutxiegi nabarmendu dira. Alegia bero handirik ez eta zeropeko hotzak ere gutxi. Elurra gutxiegi eta euria gehiegi. Bataz besteko euri kopurua altu eta ateri egunak gutxiegi. Eguzki orduak ere gutxiegi. Lurraren tenperatura hotzegia batez beste. Hori guztia naturaren martxari begiratuta. Guk berriz eguzki gehiago eskatuko genuen baina elur eta izotz gehiago ez.

Eguraldiak beti zerbaitetan jarduten omen du eta munduaren azalera guztian dago eguraldia lanean. Katastrofe eta bihurrikeria dezenteak egin ditu munduan zehar. Egia esan alde horretatik nahiko suabe portatu da gure lurralde honetan.

Urte xaxtar hori atzean utzi dugu eta abiatu gara 2009.eko urtean zehar. Ilusioz esan diogu kaixo urte berriari, hobeto portatuko den itxaropenarekin. Eguraldi politarekin abiatu zen gainera baina kaskarraldi gogorra jasan behar izan dugu aurreko aste horretan. Elurra itsas ertzeraino eta batez ere izotza eta jela gogorra non nahi. Lurralde guztia zeropean eta Itziarren berton ere dezente harrapatu gaitu bai elurrak eta zer esanik ez izotzak. Elur koska handirik ez baina giro petrala eduki dugu egun batzuetan. Hala ere ez da hain anormala neguaren erdian horrelakoak egitea. Bere terrenoan eta bere garaian egin dituenez ontzat emango diogu oraingoz. Gainera joan den igandean hasi zen buelta ematen, eguraldi politarekin. Orain goizeko izotz kontuak ere konpondu samarturik, martxa egokia hartu duela dirudi boladatxo baterako behintzat. Ez dut uste hil honetan berriz elurrik ikusiko dugunik behetan. Agian mendi puntak zurituko ditu datorren asteko kaskarraldi batean. Baina euria izango dugu protagonista hilaren azken partean. San Sebastian hotza neguaren bihotza. Baina Kandelario harkaitzari ura dario. Hau izango da balekoa aurten. Hala ere negu luzea daukagu oraindik eta kontuz Otsailarekin. Ez du Ilbeltza baino gutxiago izan nahiko elur kontuetan. Badaki bai jipoi ederrak ematen. Bueno bada, hementxe bukatuko dut jardunalditxo hau. Hurrengoan beste zerbait eta hobeto. Animo eta segi ondo irakurle guztiok. Hurrengora arte. Agur.     

08-12-03

EGURALDI HONEKIN ASPERTUTA

Eguraldia aipatu beharko dugu berriro ere. Alde batetik gogo handirik ez du ematen beti horretaz jarduteak. Bestaldetik begiratuta berriz, notizia izaten jarraitzen du. Beti izan ohi da nolabait notizi eguraldia baina bere onetik ateratzen denean ematen du bai zer esana franko. Aspaldi samarretik gabiltza eguraldi kalamidade honekin kokoteraino eginda. Eta gainera lehenaz gain azkenaldi honetan areagotu egin da eguraldiaren zakarkeria. Elementu gehienak aztoratuta dabiltza. Haizea modu zakarrean. Euria goian zena behean. Elurra lotsagabe goialdeak zuritu eta behera jaitsi nahian. Trumoia eta tximista zirti zarta eta dinbirri danbarra bazterrak puskatu beharrean. Eguzkia inondik ere ikusi ezin.

Honetan, Txirritaren txistearekin gogoratu naiz. Tripa handia omen zeukan eta kale bazterrean txiza egiten ari zela, mutil koskor bat begira zeukala konturatu omen zen. Hala esan omen zion mutikoari: ikusi egin al duk nire pitilina? Ba emaizkiok eskuminak, neuk aspaldian ez diat ikusi eta.

Lainoen tripatzar horiek berdin egiten dute eguzkiarekin. Gau luze eta egun lainotsuekin jai dauka eguzkiak. Lainoen txiza parrastak amaituko balira sikiera. Izan ere eguraldiaren martxak,  izaten du halako temakeria bat, hasten den eran jarraitzekoa. Amorrua franko eman ohi du horrek. Aldakortasun gehiegia ere ez da ona baina segi eta segi busti giroan jasotzeko edo aldatzeko konturik gabe aspergarria jartzen da benetan. Euririk gabeko egunak oso gutxi izan dira azaroan. Urrian ere asko ez. Eguraldiaren temakeria horiek zirela eta pentsatzen, ea horiek aldez aurretik iragarri ote zitezkeen. Epe motzagorako arrastoak edo seinaleak nolabait sumatu daitezke, nahiz eta zeharo ziurrak ez izan. Meteorologiko zerbitzuetan ematen dituzten iragarpenak ere ez dira izaten luzerakoak. Lau edo bost egunetarakoa baino gehiagokorik ez dute ematen.

Zenbat aldiz erreparatu ote zaio ilargiari horretarako seinale edo klaberik ba ote daukan. Konjetura eta mito asko azaltzen dira esaera zaharretan eta antzinako kontakizunetan baina gauza ziurrik ez da atera hortik. Kuarta tenporen eguraldia asmatzeko birtute hori ere intentzio horretatik sortuko zen. Baina eliz liturgiaren arabera ipinitakoak direnez, berez ez daukate inolako zer ikusirik eguraldiarekin. Tenporen data horiek ilargiaren mugimenduekin lotura txiki bat dutelako agian eta sinesmenaren dosi dezentea ipini eta hara hor mito bihurtu. Urte asko daramatza mito horrek gure artean baina estatistika zehatzik ez dago eguraldia asmatzeko baliagarritasunean.

Ilargiaren faseak eta bere nondik norakoek ere ez dute ematen arrasto zehatzik eguraldiaren joerak asmatzeko. Guk dena jakin nahi izaten dugu baina inkognita iluna da eguraldiaren martxa. Inbento asko azaltzen dira baino ez dut uste hori lortuko dutenik.

 Udazkenaren azkeneko hilean gaude eta laster ditugu urte egunik motzenak. Santa Luziatik Santo Tomasetara hain zuzen. Santa Luzia, eguna motza eta gaua luzia. Kuarta Tenporak hilaren 17, 18 eta 20-an  izango ditugu. Neguan sartu berriz, hilaren 21ean eguerdiko ordu batean. Egutegiari begiratuz oraindik egun dezente falta dira baina eguraldiari dagokionez badirudi neguaren erdian gaudela. Udazkena anormal samarra dihoakigu eta ea negu normala tokatzen zaigun. Gabon aurretik onaldia etorriko zaigulakoan nago. Egun batzuetarako ateriak mesede egingo luke. Oraingoan honetan utziko dut. Ea hurrengoa hobea ateratzen zaidan. Gabon Eguberri zoriontsuak opa dizkizuet irakurle guztioi.  Ondo pasa eta hurrengora arte.

08-10-28 - IXIXA (AZAROA)

ITZIAR, UDAL-HERRI

Aurten 15garren PERIA ospatuko da Itziarren. Udal-herri bihurtzeko gestio-gastuetarako laguntzatxo bat izan zedin asmatutako ekintza da hau. Lehenagotik ere hasita zegoen Itziarren asmo hori lantzen. Ilusioa sortu zuen gainera helburu horrek. Itziartarrok hainbeste nortasun bageneukala iruditzen zitzaigun eta agian premia ere bai. Uste genuen inork ez ziokeela oztoporik jarri behar geuk hain garbi ikusten genuen asmo jator hari.                Borondate oneko ekintza zen, hain zuzen. Inor izorratu gabe geure gauzak geure gisara hobeto antolatuko genituela uste genuen eta hala sinesten dugu gaur ere itziartar guztiok.

Baina gure usteak ustel atera zaizkigu. Jardunaldi galanta egin da Itziarren asmo horren atzetik, baina oztopo handiak jarri dizkigute eta gure  ahalegin guztiek porrot egin dute. Debako udala aurka jarri zitzaigun eta behin eta berriz eskatu arren, Aldundiak ez digu onartu hain arrazoizkoa iruditzen zaigun eskaera hori. Asko sufriarazi digute itziartarroi  jarrera horiek. Nire ustez ez dauka inolako zentzurik debeku hori mantentzeak. Bete-beteko eskubide bat aldarrikatzen dugu.

Itziar herriari dagokion lurraldea nahiko zabala da. Gutxi gora behera parrokiaren hainakoa, hain zuzen. Esparru zabal horretan sakabanaturik bizi izan garen guztiok sentitu izan gara itziartar. Goiltzibar, Olazabal, Beliosoro... lekutan daude Debatik. Garai batean oinez joaten ginen Debara udaletxeko eginkizunak betetzera. Eliz kontuetarako ondo moldatzen ginen Itziarren. Gure etxean askotan aipatzen genuen udala Itziarren egoteak izango lituzkeen onurak, urrutikoentzako eta itziartar guztiontzat.

Oraindik ere jende asko bizi da Itziarren landetxeetan sakabanaturik. Gauza ederra ere bada hori; jendea baserri eta mendi giroan bananduta bizitzea. Arreta berezia merezi dute horiek. Horrela bizi izateak alderdi onak baditu baina baita eragozpen eta alde txar asko ere. Guztion esker ona jaso behar lukeke, baina gizarteak baztertu edo ahaztu egiten ditu. Inor ez balitzake bizi bazter horietan dena basamortu bihurtu eta paraje tristeak izango lirateke. Geuk, itziartarrok, ezagutzen dugu ondoen hori guztia eta geuk kudeatu beharko genuke geure ingurunea. Itziar udal-herri izateak ahalbidetuko lituzke horrelako hainbat ekintza. Beti sumatu izan dut nik Debatarren moztasuna eta sentsibilitate falta gauza horietarako; arrotzak gertatzen dira Debako kaskoan bizi direnentzat.

Debarrak Deba eta Itziartarrak Itziar kudeatzeko ez luke egon behar inolako trabarik; ez luke inolako okerrik sortu behar inorentzako. Nik ez dut ulertzen zergatik trabatzen den ekimen hori; guztiz naturala eta egokia iruditzen zait. Guk geu izan nahi badugu, geu izan beharko genuke. Baina besteak ere gu izatera behartze hori oso gaizki iruditzen zait. Intentzio zital horrek hamaika oker egin du munduan.

Kontu hauek nire gogoeta edo pentsakizunak besterik ez dira, baina dei egiten diet gai hauetan ardura dutenei buruari bi buelta eman diezaiotela arrazoia eta zuzentasuna non ote dagoen ikusteko.

Peria galanta ospatuko da aurten ere Itziarren. Beste aupada bat izan dadila Itziar udal-herri izateko deiadar horretan. Eguraldia portatuko delakoan nago itxura ederra ez daukan arren. “Urriko hilberrin elurra Aizkorrin”. Aurten bete-betean asmatu du esaera zahar horrek. Txarralditxo batzuk ez datoz gaizki udazkenean baina  pasatu gabe. Asko gozatu perian eta ondo izan zuen bizitzan. Horixe opa dizuet ixixatar guztioi. Agur

JOXE LANDA

 

   

 

 

08-10-07 - UDAZKENAREN TAUPADAK

Urtaro denek dute zerbait berezia eta udazkenak ere baditu hainbat bitxikeri sarritan aipatu ohi direnak. Bitxia da adibidez hainbat zuhaitzek beren jantziak kendu egiten dituztela negua datorrelako. Gu negu gogorretik babesteko, ahal dugun ondoen janzten gara, ez hoztu eta ez bustitzeko. Arbolak berriz biluzik geratzen dira lo egon behar duten garairako. Hasita daude jantziak botatzen. Beren zikloa bukatu delako hostoak ihartu eta jausi egiten dira. Gero orbelak haizearekin jolasean bazterrak zikinduz. Pena ematen du zuhaitzak biluzik gelditzeak negurako baina itxura denez, horrelaxe da naturaren martxa. Fruta eta abar, uzta bikainak eman dituzte eta orain kolore gorrizta hartu dute eta laster enborra eta zotza besterik ez zaie geldituko bistan. Horrela neguan atseden hartzeko prest, udaberrian esnatu eta berpiztu daitezen. Izan ere negua dugu aparteko urtaroa naturari dagokionez. Euskaraz beste hiru urtaroen izenak udarekin hasten dira hain zuzen: udaberria, udara eta udazkena. Beraz udazkenean bukatuko litzateke udara.  Naturak ere bederatzi hilabete esna pasatzen ditu eta hiru hilabete lotan . Gu ere horrelatsu ibiltzen gara. Udaberria egunsentia izango litzateke eta udazkena iluntzea. Horrela udazkenak ere baditu bere berezitasunak eta bere xarma ere bai agian. Alde batetik tristezia pixka bat nabaritu ohi dugu. Egunak mozten joatea penagarria da. Eguraldia ere goibelago eta euritsuago izan ohi da udazkenean. Neguaren atarian gaudela pentsatzeak ere ematen du halako ikara antza. Uda partean bi solairuko eguraldia egon ohi da askotan. Eguratsaren goi geruzetan zirro hodei eta trumoi lainoak beren kontura eta behetan berriz ipar haizearen laino maskal ganduak. Solairu bakoitzak bere jokoa erabili ohi du. Udazkenean aurrera goazen einean nahasten hasten dira bi solairu horiek eta biak harrapatzen dituzten fronte sendoak, mendebaldetik etorri eta noiz nahi zeharkatuko dute gure lurralde hau. Hala ere eguraldiaren aldetik, hego haizea izan ohi da udazkenaren seinalerik nabarmenena. Gehiagotan azaldu ohi da haize mota hori udazken partean. Batzuetan zakar samar eta beste batzuetan oso epel ere bai. Foeng efektua deitzen zaion egoera berezi hori, noiz nahi sortu ohi da. Kostaldeko mendikateak igarotzerakoan hego parteko maldetan lagatzen dituzte hezetasunak eta beste aldera igarotzean berotu egin ohi da haize lehor hori. Horregatik udazkenean ere tokatzen dira egun beroak. Aurten ez da oraindik asko sumatu gauza hori  baina hasita dago hegoaldeko joera nabarmentzen. Nik uste dut hego haizetik nahikoa izango dugula aurten. Udazkenean mendebaldeko erasoak tartekatzea ere tipikoa da. Euria eta freskurarekin agian mendi puntak zuritu ere bai. Antizikloiaren kalma bereziak ere izan ohi dira. Ihintza galanta goizean eta eguzki epela eguerdian. Garo-paitarako aproposak izan ohi ziren horiek.         Ihintza hori handia baldin bazen hego haizearen abisua zela esan ohi zuen gure aitak. Lertxunaren hostoa oso geldi bazegoen aldi baterako giro ona. Zapoak gogotik kantatzen bazuen iluntzean, hurrengo egunean eguraldi txarra. Gauza bera egiten bazuen sakelak goizean, egun horretan ateri. Ipurtargiak ikusten bagenituen iluntzean eguraldi ona seguru hurrengo egunean. Urtaro lantsua izan ohi zen udazkena baserrirako. Uztak jaso, garoak bildu eta garia erein besteak beste. Artazuriketak eta sagardoa egiten ere hortxe bete-betean. Arbiak ere ematen zituen bere lantxoak. Gaur egun ez dago horrelako konturik. Erabat aldatuta daude gauzak. Paisaia bera ere galanki aldatu da pinuarekin. Zuhaitz hauek ez dira biluzik gelditzen negurako. Etekin hobea emango du baina itsusiagoa da naturarentzat. Beste hainbat gauza ere ia ahaztu zaizkigu nolakoak ziren. Kontatu izan ziguten ahaztu hitz hori nondik zetorren. Jaungoikoa ari omen zen animalia bakoitzari izena jartzeko aldez aurretik pentsatuta zeuzkanak gogoratuz eta pila galanta pasa zituenean animali belarri handi hori tokatu parean. Harentzako zer izen pentsatuta zeukan ezin gogoratu eta ahaztu egin zitzaiola eta horixe bera jarri beharko ziola hari. Ahaztua alegia. Horrela astua izenarekin geratu omen zen animali belarri handi hura.  

GOITIK BEGIRATUTA EZ DA GIRO BEHALDE HORRETAN

Harantz eta honantz hemen ibili da jendea oporretan daudela eta bakoitza bere tokietan errenditu ezinean. Gero eta gustu gehiago hartzen zaio atarramendu horri. Oso ondo iruditzen zait. Gero izaten dute zer kontatua ere.  Zenbait lan eta eginkizunetan murgilduta dabiltzanentzat horrelako txango txiki batzuk primeran letozke, lasaitu eta indar berrituz berriro ere gogotik ekiteko lanari. Ilusioa berpiztu eta aurrera bizi moduan. Ni neu ez naiz aspertzen betiko tokitik inora atera gabe ere. Baina oraingoan imajinazioan sartu eta seguritateko uhalak loturik hor ibili naiz goialde horietan. Hala agindu nizuen eta egin dut bada hori ere. Baina hori kontatzen hasi baino lehen hemengo kontu txamar batzuk azaldu behar dizkizuet. Abuztua igaro genuen eta irailean zehar bagoaz aurrera. Oraindik udaran gaude eta eguraldia ere era horretan ari da portatzen. Laster hasiko da bai udazken itxura hartzen. Ni igandean (08-09-07) ari naiz idazten eta festa ugari ditugu oraindik inguru hauetan. Asteazkenerarte giro ona eta hor okerrera joko du. Bi edo hiru egun euritsuak eta fresko. Ea igandean lortzen duen hobekuntza dezente bat.  Hilaren 14-an  Santa Kurutz eguna eta hortik hurrengo asteazkenean  kuarta tenporaren lehenengo eguna. Beraz hilaren 17a, 19a eta 20a udazkeneko tenpora egunak. Erreparatu egin beharko ea zer martxa erakusten diguten. Hilaren 22an arratsaldeko seiak laurden gutxitan sartuko gara udazkenean. Irailaren 22an eguna eta gaua luzapen berdinean egoten dira eta hilaren azkenerako 11ordu eta 48 minutu egunak. Gauak berriz 12 ordu eta 12 minutu. Hor dagoeneko egunak eman dizkio 12 minutu gauari, beraz eguna mozten eta gaua luzatzen. Horrek tristura antza sortu ohi du batez ere eguraldia goibeltzen doan einean. Baina horrelaxe da mundu honen martxa eta hori izan dadila okerrik handiena. Aisa moldatuko gara udazkenarekin ere. Urtaroen gora behera horrek garrantzi handia du eguraldiarengan. Naturaren mugimenduan ere bai galanta. Landareen dinamikak ere horretara egokituak daude eta ia denak edo gehienak dute zerikusia gauza horrekin. Neguan atseden hartu eta udaberrian mugitu edo berpiztu. Munduko toki guztietan ez da berdina izaten aldarte hori eta garai berdinean ere ez. Ba omen dira lekuak oso gutxi antzematen zaienak udara izan edo negua izan. Hemen Euskal Herrian asko aldatzen dira gauzak. Urtaroen asunto hori mundua eta eguzkiaren arteko konbinazioan datza. Eta matematikoki zaintzen dut martxa hori. Baina hor hain txintxo ibiltzen ez dena eguraldia da. Bistan dago eragin itzela duela urtaroen martxa horrek eguraldiarengan ere baina hau ez da beste katxarro horiek bezain formal ibiltzen. Batzuetan non dagoen ere ahaztu egiten zaiola uste dut. Hala ere abuztuan ez du elurrik egiten eta urtarrilean bero handirik ere ez. Ez dago gizonaren esku gora behera horiek aldatzea. Egiten duenarekin konformatu behar. Baina baditugu hainbat medio modu egokiagoan moldatzeko. Askotan eguraldiak izan ditzakeen aldarte horiek gutxiegi edukitzen dira kontuan. Zenbat oker gertatzen diren gure erruz ere. Ezin bestean dezente harrapatuko gaitu agian baina ez gara behar bezala saiatzen galera horiek murrizten. Gerrarako bai sekulako preparatiboak baina hurakanak edo zurrunbilo bortitz horietatik babesteko ez hainbeste. Munduko animaliarik txatxuenak omen gara izan ere. Eta niri lekua agortu zait orain ere eta goiko notiziak hurrengo baterako utzi beharko. Ondo segi irakurle guztiok udazkenaz gozatzen.

08-07-27

EMATEKO TONTO HARTZEKO PRONTO

 Tonto edo listo guk eguraldiarengandik ematen duena hartu behar. Beste erremediorik ez daukagu. Tonto edo txotxolo samar zebilela esaten genuen lehengoan. Baina badirudi orain arrastoan sartu ote den. San Ferminetatik San Bartolometarako hori izaten dela udararen gune nagusia. Ba demostratuko duelakoan nago. Lehorte koskorren bat egingo ote duen ere sumatzen dut. Tontokeriak utzi eta bota ditzala tarteka zaparradatxo aproposak. Gu hartzeko pronto. Baserritar famoso bat bazen hemen Itziarren eta honela kontatu ohi zuten bere istorioa. Zuhur samarra, izaki eta ongarri gutxi botatzen omen zion belardiari. Horrela belar motza beti. Hori ikusita marmarrean edo errietan hasi omen zitzaion belardiari. Serio-serio begira jarrita esaten omen zion: orain ere horrela al haiz? Noiz demonio hasi behar duk bada itxuraz ematen? Eta belardia hizketan sumatu omen zuen esanaz: heuk asko eman al diak? Lotsaturik baserritarra etxera. Emailea ez tonto baina hartzailea bai pronto. Izkirimiriak utzita begiratu diezaiogun berriro ere eguraldiari. Herriko jaien atarian gaudenez, nola portatuko ote da egun horietan? Ba nik uste dut primeran portatuko dela. Ostiral gaueko ekaitz boladak, larunbat goiza apur bat harrapa dezake baina bero galanta jarriko da egunean zehar. Igandean kriston beroa egingo du. Hego haize epelarekin nazkante puntua ere harrapatuko du agian. Baina goialdea saneatuko denez ez da ekaitz arriskurik egongo. Astelehenean beroa pixka bat gutxiago eta lainoxka batzuk. Arnasa hartzeko aproposa. Asteartean, eguzki errearekin beroa areagotu. Asteazkenean bero astuna hodei batzurekin. Beraz berotik nahikoa eta euririk bat ere ez. Ilberria larunbatean, beraz ilargirik ez. Baina eguzkiak oraindik ordu pila bat egiten ditu egunean bistan. 14 eta piko bistan eta 10 eskas ezkutuan. Agian gau motzegiak festetarako. Ea bada luze eta zabal bikain pasatzen ditugun kopraixak. Eta abuztuan zehar ere ondo portatzen zaigun gure eguraldi txoro hau. Izan ere ez dio bat ere begiratzen noiz zer egin behar duen. Ez asteburuetarako, ez festa eta ez kristo. Ain zuzen oraingoan Itziarko jaiak errespetatuko dituela uste dut. Baina egutegiren bat erregalatu beharko diogu ea ordena pixka bat jartzen dion martxa horri. Goialde horretara bueltatxo bat egitekotan nintzen baina ez dut astirik hartu. Ea hurrengorako bitxikeri batzuk preparatzen ditudan. Bitartean festak ondo pasa eta zoriontsu izan.  Agur

 

LEHENGO LEPOTIK BURUA EGURALDI TXOTXOLO HONEK

Burua non duen jakingo bagenu sikiera. Galdu samarra ote daukan dirudi. Ekaina zeharo eskasa egin digu Euskal Herriaren ipar partean behintzat. Hegoaldean pixka bat hobeto. Baina udaberri eskasa eta udarak ere oraindik ez du asko demostratu eguraldi onak egitea tokatzen zaionik. Joera kaskar horrekin jarraitzeko asmoa ote dauka ba! Aurrekoan esaten genuen joerak mantendu ohi dituela eguraldiak. Alegia hasten den eran jarraitzen duela bolada batean. Baina oraingoan bolada oso luzea doa alajaina. Eguraldiaz pentsatzerakoan goialdearekin akordatzen gara. Hor goitik maneiatzen ote den eguraldiaren martxa iruditzen zaigu. Alegia burua goialde horretan ote dauka bada. Eskailerak nondik dauden jakingo banu probatuko nuke igotzen. Eta saiatuko nintzateke joera petral hauek aldarazten. Gustora igoko nintzateke baina berriz bueltatzekotan. Hala ere ibili naiz usmatzen ea goragotik zer tankera hartzen ote zaion eguraldiari. Jakina neu igo gabe. Satelite eta beste hainbat tresnekin ederki asko ikusita daukate bai mundu xahar honen azalera. Eta hor goitik begiratuta garbi ikusten da beheko kontuak direla eguraldiaren gora behera hauek. Hogei kilometroz beheko mugimenduak dira eguraldiari dagozkionak. Lehenengo bost mila metrotan aurkitzen dira eguraldiaren saltsa gehienak. Beraz hor goitik maneiatzeko asmoz alperrik joango ginateke haruntza. Ilargiaren eta eguzkiaren eraginak ere oraindik ez dituzte ziurtatu. Zer edo zer ba ote duten susmoak ba omen dituzte baina gauza konkreturik ez oraindik. Dena dela itxaropena ezin galduko dugu eta aurten uda ondo portatuko delakoan nago. Beti jarri ohi zaio arreta berezia san Ferminetatik San Bartolome bitarteko tarte horri. Urtaro txiki bat bailitzan. Udararen muina agian. Berotzar galantak eta euri gutxiko bolada izan ohi da hori. Gariak jaso eta arbiak erein. Ezaguna da Santio Santanatako euriaz esan ohi dena. Itsas portuan itsasontzi dotore bati begira omen zegoen baserritarra txundituta gauza harrigarri hura ikusita. Ilea hartzeko intentzioz kapitainak galdetu omen zion ea zenbat balio ote zuen barku hark. Eta baserritarrak erantzun omen zion Santio Santanatako urase batek adina ezetz. Premi galanta sumatu zuen alajaina baserritar hark. Aurten oraindik behintzat ez daukagu horrelako konturik. Ea kopraixetarako beroz asetzen garen. Hori ere tamainan hobe izango da bai. Sua eta ura belaunetik behera esan ohi da. Goiko iturri hori itxiko balu pixka bat sikiera. Eta lainoak paretik kentzea ere komeniko litzateke. Eguzkiak ere ez du gaizki ematen zeru urdinean. Oraingoz estimatuko genuke denbora pixka bat gehiago egingo baluke gurekin. Gehiago gabe bukatu egingo dut oraingoan eta goialde horretan ibili naizenez hurrengorako ekarriko ditut bitxikeri batzuk eguratsa edo atmosferaz eta inguruko astroaz. Bitartean ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.                        

 

ZER GERTATZEN ZAIO EGURALDIARI ?

Formalitate gutxi agertzen du aspaldi honetan. Erabat desorekatuta dabilela iruditzen zait. Badakit gure gustua egitea ez dela erraza baina urtez urte erakutsi izan duen martxa edo forma galdu egin duela ematen du. Negua negu itxurarik batere gabea egin zigun eta udaberria zeharo euritsua eta bero gutxikoa. Neguan negurik ez eta udaberria herren. Asmatzeko egon ohi diren seinaleak ere ez ditu batere errespetatzen. Ni ezin hasiko naiz egile horri eguraldia egiteko manerak erakusten, nahiz eta nolakoa izan behar lukeen ideiatxo batzuk badauzkadan. Baina hori ez da nire ikuspuntua edo kapritxoa bakarrik baizik ederki sumatzen da natura bera ere ez dagoela oso gustura. Begiratu besterik ez dago barazki eta frutak daukaten planta. Belarrak irabazten du baina gero ezin bada aprobetxatu eguraldiaren kulpaz alperrik galtzeko besterik ez dute balio. Horrenbeste pentsatu behar luke berak ere baina temati jarraitzen du eguraldi ona noiz izango dugun arrasturik gabe. Nire ustez media edo bataz bestekoak ez doaz hain gaizki. Ez neguan ezta udaberrian ere. Agian neguan euriaren litro kopurua motz samar geratu zen eta udaberrian pixka bat gainditu. Baina nire ustez okerrena, alde batetik egun ateriak asko neguan eta udaberrian gutxiegi. Hotz beroarekin ere gauza berdina. Beheeneko eta goieneko punta horiek kamutsak oso. Neguan bertan ere altu baxu gehiago hobe eta udaberrian lurra behar adina berotzeko bero lamadarik ez. Tarteka eguraldi petralagoak ere izan ohi dira udaberrian baina noiz behinka berotzar batzuk ere ez dira gaizki etortzen. Eta ibili-ibili egin eta azkenean uholde, harri erauntsi eta baldarkeriak egin ditu. Lehenaz gain ederki gaztigatu du Euskal Herria oraingo honetan. Petrolioa gorantz eta euria beherantz komeriak dira hemen. Ez gaude konforme baina eguraldiarekin behintzat ezin ezer egin. Eta egiten duenarekin konformatu behar derrigorrez. Gainera denen gustua egin ezin izatea gauza  bat da baina beste bat inoren gusturik ez egitea. Baina politikak eta eguraldiak beti ematen dute zer esana. Aldrebeskeri horiek salatzeko manifestaldiak egitea ez dakit nola ez zaion norbaiti bururatu. Lehen euria eskatzeko errogatibak egiten ziren baina eguraldi ona eskatzeko ez dut behin ere ezagutu. Ona egitea errazagoa dela pentsatuko da agian. Urdanetako apaiza baldar samarra zen nonbait eta hasi da errogatibak formalki errezatzen prozesio gisa. Latinezko letaniak buruz kantatuz. Virgo beneranda berak eta jendeak orapronobis Santa Zezilia.. orapronobis eta halakoren batean asmatu ezin zer izen zetorren hurrengo eta jarraitzearen aldera Santa dana dala atera omen zitzaion eta jendearen erantzuna, trala trala ralaa. Horrela euriarekin jai. Orain bide batez eman diezaiogun errepasotxo bat egutegiari. Aste honetan San Antonio daukagu. Giro lardatsa egin ohi duen eguna. Aurten ez du hain txarra egingo. 21-ean goizeko ordu bietan udaran sartuko gara. 24-an San Juan eguna. San Juan artoa eta ogia kanpoan. Alegia labore horien uzta, bidean oraindik. Hurrengo hila  uztaila. Gariak jasotzeko moduan alegia. Artoaren uzta urruti oraindik. Arto landareak San Juanetan zozoa tapatu eta San Pedrotan belea, esan ohi zen. 29-an San Pedro, kukuak despeditzen gaituen eguna. Zintzo demonio akabo bere kantuak. Nik behintzat sekula ez dut entzun egun hori igaro ezkero kukuaren kanturik. Horrela emango genioke ekaina edo garagar hil honi bukaera. Orain erdi inguruan gaude eta ea bigarren erdi horretan hobeto portatzen den. Tankera hartzen diot udaran sartu aurretik aldatuko direla gauzak eta hasiko dela berotzen eta arrastoan sartzen. Bitartean ez etsi eta eguraldi txarrari aurpegi alaia jarri eta aurrera. Jaso esazue nire agurrik beroena irakurle guztiok.   

MUNDUZ MUNDU

Modu askotara erabili izan dugu hitz hau: MUNDUA. Mundu hau. Beste mundua. Baserri mundua, langile mundua, kirol mundua, kultura mundua, erlijio mundua. Mundu txiki hau, mundu biribila, mundu xaxtar hau. Mundu mundiala. Gero eta txikiagoa hain zuzen baina mundializazio garaian gauden honetan gure bolatxo hau ere mundializatu beharko dugu ba.  Bere buruaz biraka dabilen baloitxoa dela eta ez dakit dagoeneko pixka bat txoratzen hasia ez ote dagoen. Xahar samarra ere izango da nonbait. Izan ere hasiera samarrean tolestatu ziren arbel harkaitzak aurkitzen omen dira hemen berton. Itziarko itsas ertzean hain zuzen. Jakintsuek kalkulatzen dute zenbat urte dituzten harkaitz horiek. Ez dakit gutxi gora behera edo asko gora behera baina itxura denez orduko harginen batek data apuntatu egin zuen nonbait. Dena dela larri-larri baina oraindik zutik dirau behintzat gure katxarro honek. Ea hil arte bizitzen garen berton. Mundu honetan adina komeri ez omen da izango beste herri txiki batean. Horrela esan ohi zuen gure osabak. Hala ere ni eguraldi zalea naizenez ez dakit hori mundu hau den. Behintzat ez zaio  sekula deitzen eguraldi mundua. Badirudi hor tarteko zerbait dela. Ez mundu hau eta ez beste mundua. Behetik eta goitik bietatik elikatzen dela uste dut eguraldia. Ez dakit beste herri txikietan zer egingo duen baina mundu honetan behintzat nahiko komeri jartzen dizkigu. Oraintxe ere batean tifoiak eta bestean tornadoak sekulako sarraskiak egin dituzte. Baina gure inguru hauetan oso bake dabil eguraldia. Apirilari mila euriko kupoa jartzen diote eta aurten ederki bete du eginkizun hori. Agian neurriz dezente pasa ere bai. Baina maiatza oso normal dihoakigu. Joera aldaketa bat sumatu genuen apirilaren azken aldera eta horrela jarraitzen du depresioak asko hurbildu gabe baina hegoaldeko joera modu onean mantentzeko eran. Horrek itsasaldetiko petralkeri gutxiago suposatzen du. Baina horrelakoetan goi geruzetako ondoeza sortu ohi da ekaitz giroa suspertuz. Oraingoz nahiko ondo dabil hortik ere. Ekaitz edo trumoizko zaparrada batzuk ondo ematen dute maiatzean, baldarkeriarik ez badute behintzat. Maiatzak  erdia dezentea eta beste erdia petrala esan ohi da baina aurten badirudi kaskarkeri asko gabe igaroko dela. Aste honetan dauzkagu koarta tenporak. Asteazkena, ostirala eta larunbata. Ea abisu ona lagatzen digun udarako. Ekainaren erditik irailaren erdira artekoa markatu behar digute. San Isidrok eskua botatzen badigu San Antonio artekoa behintzat salbatuko dugu.

   

 

 

08-04-07

 "ATZEAK ERAKUSTEN DU AURREA NOLA DANTZATU"

Alegia, asma ote daiteke  iraganari begiratuz zer eguraldi egingo duen etorkizunean? Ez,  hori ez da guztiz horrela,  baina nolabaiteko pixta izan daiteke joera batzuk antzemateko. Askotan ibili ohi dira horrelako usteak. Urtaroen aldarteak jakinekoak dira orokorrean; urtaro bakoitzak du bere eguraldi mota.

Behin, eguraldi aditu bati galdetu omen zioten ea nolako uda izango ote genuen aurten eta berak erantzun omen zien, Donostian behintzat elurrik ez zuela egingo abuztuan. Baina beste ezaugarri batzuetan ere jarri ohi da arreta; ohikoa da eguraldiak joerak edo boladak edukitzea. Hasten den modu horretan jarraitzen du  bolada batean. Nik uste dut hori egia dela eta esaera zahar askok ere horrelakoa adierazten dute, baina ez dakiguna da joaera horien haserako zantzuak zeintzuk diren. Gainera joera kontu hau ez da zerbait matematikoa. Batzutan joerari kasu handirik egin gabe aldatzen da eguraldia.

Joerak- joera aurtengo negua xelebre samarra izan da. Negu onegia ote zihoan esaten zuen jendeak; euri gutxi eta elurrik batez; izotza ere oso gutxi baina epeltasun nabarmenik ere ez. Honek ekarriko dik buelta, zihoen jendeak. Zer zen hori? Atzeak erakusten duela aurrea nola dantzatu? Zorionez etorri zitzaigun euri bolada galanta eta litro pila ederra bota ere bai; azkenerako neguaren kupoa bete samartu gainera. Elurra ere hurbildu zitzaigun, alajaina, baina Itziarko kalea zuritzera ez zen iritsi.

Negu anormal horrek udaberri normala ekarriko ote digu? Nire ustez ondo abiatu da eta gainera tankera onean jarri da. Astelehen honetatik joera aldaketa sumatzen zitzaion eguraldiari; hegoaldekoa  martxan jarri baitzen. Hori ona izan ohi da guretzako; tamainan izan  ezkero udaberrian primeran etortzen da. Haizetsu eta lehor luzaro badabil kontu txarra. Baina ipar haize petrala ez da askoz hobea izaten. Tarteka mendebaldeko euri makal pixka bat ez letorkigu gaizki.

Aurtengo apirilak tonika hori agertuko duela iruditzen zait; ea kanpoa martxa onean jartzen den. "Martxoko lorea ez balitz hobea". "Apirileko lorea urrea baino hobea". "Maiatzeko lorea batere eza baino hobea".

Txingorrik ez dezala egin behintzat. Hilaren seian hilberri eta hogeian hilbetea. Kontuz San Markosetako petralaldiarekin; larre-behiarentzat txintxarria bete lasto gordetzea ahaztu gabe; horixe eskatu baitzuen berak.

Udaberri usainezko animoak bidaliz bukatuko dut lantxo hau. Ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.                                               

 

 

 

 

08-03-02 

 UDABERRIAREN ATARITIK NEGUARI ADIO

Otsail txotxolo eta luzexka hori ere utzi dugu atzean eta Martxoa edo Epailean zehar abiatu gara. Lasai asko gainera. Hila aldatu dugu baina eguraldiak lehengo lepotik burua alajaina. Datorren astean pixka bat freskatuko da baina negu itxura gutxi oraindik. Ez dirudi neguan gaudenik ere. Ekarriko omen du buelta dio jendeak baina aurtengo neguan Itziarko kalea elurrez zurituta ez dugula ikusiko esango nuke. Egia esan oraindik badauka denbora bai. Bi esalditxo erderazkoak datozkit burura: el sol de marzo pega con el mazo dio batek. Beraz noizbaiten eguzkia probatu zuten martxoan. Adi beraz! Beste esaldiak dio: abril aguas mil. A ze panorama! Aurrena eguzkiaz erre eta gero urez blai. Kontuak kontu nik ez dut gogoratzen aurtengoa bezalako Otsail epel eta euri gutxiagokorik. Haizea umil eta jendea trankil. Parte onekoa ez ote den errezeloa bai baina ederki aprobetxatu du jendeak. Eta horixe balekoa eta gero-gerokoa. 56.urtean Ilbeltza edo Urtarrila izan zen horrelakoxea. Agian bero gehiago. Baina Otsailean sekulako izoztea eta elurtea etorri zitzaigun. Kandelario egunean hasi eta hil guztia eta gehiago iraun zuen erabateko izozte eta elur lapatsak. Baina beti pentsatu ohi da martxoa ezkero eguna luzatu eta eguzkiarekin konta daitekeela. Elurra botatzen badu ere gutxi irauten duela alegia. Ea aurten ere horrela den. Eta Apirila ere ez da fama honekoa. Txingor zaparrada ederrak botatzen badaki. Hil honen 20-an ostegun santu egunean sartuko gara udaberrian. Eta hila bukatu aurretik kukua entzuteko parada izango dugu seguru. Martxa honetan agian pazko egunerako hemen izango dugu. Eguraldi anormal hauekin naturak bere erritmoa galduko ote duen beldurra sartzen zait. Izan ere landareek ere behar dute beraien atsedenaldia. Guri loaldia egunero komeni zaigun bezalaxe horiek urtero behar dute beraien loaldia. Bestela lo ondo egiten ez duen pertsona bezala lirateke. Trastornatuta. Azaroari hazi hila deitzen zitzaion, hazia ereiteko garaia alegia. Abenduari lotazila: hazia eta landareak lotan alegia. Urtarrilari hilbeltza, gauak luze eta beltzak eta egunez goibel. Lotan jarraitzeko aproposa alegia. Otsaila edo hil hotza haziak eta landareak hotzgailuan baleude bezala alegia. Martxoari epaila deitzen zitzaion alegia zein landarekin kontatu behar zen erabakitzeko garaia. Apirilari jorraila. Landareak ondo jorratu eta martxan jarri. Ba ez dakit loalditxo hori ondo egin ote duten aurten. Gero uzta koxkorra agian. Behar baino lehenago hasi dira bazterrak mugitzen. Zozomikoteetan zaputzalditxoren bat etorriko da agian. Martxoaren azkeneko bi egun eta erdi eta Apirilaren lehenengo bi egun eta erdi izaten omen dira zozomikoteak. Eta eguraldi txarra seguru egun horietan. Kukua ere ixildu egiten omen da egun horietan. Dena dela txalo jotzeko moduko negua doa behintzat eta ezin hasiko gara kexatzen. Klima aldaketa eta ez dakit zenbat katastrofe abisatzen dituzten eta gero eta giro hobeak egiten ditu alajaina. Txantxangorria txantxate, txepetxa komediante, biriarroa alkate zozoa kartzelan sartu dute. Izan ere ez da zozoa txori sinpatikoa. Kolore ilunekoa eta sasirik sasi ibiltzen delako agian. Lotsagabe samarra ere bada. Zozoak beleari ipurbeltz esan ohi da. Baina iluntzean zozoa kantari sumatu ezkero hurrengo egunean eguraldi ona seguru. Ondo izan eta agur. Hurrengora arte.           

 

08-02-12

 URTARRRILA TONTO ETA OTSAILA TXORO

Urtaroaren erdia baino gehiago igaroa dugu jadanik eta negu arrastorik ez oraindik. Elurra urruti eta hotz handirik ere ez. Barnealdeetan izotz pixka bat egin du baina kostaldean oso gutxi. Bero lamadarik ere ez dugu nozitu eta euri gutxi bota du garai hauetarako. Urtarril onak otsail kaskarra eragingo zuela pentsatsen genuen baina ez da hala gertatzen ari. Fama txarreko hila dugu hau baina oraingoan alderantzizko joera mantentzen du. Badirudi azken aldera okerralditxoren bat etorriko ote den baina elurra ez da behetara jaitsiko. Aurten garizuma oso goiz tokatu zaigu eta berarekin batera ihauteriak, aste santua eta koarta tenporak. Neguko tenporak otsailaren 13, 15 eta 16an izango dira eta udaberrikoak maiatzaren 14, 16 eta 17 an. Horrela  oraingo tenporei, eguraldi iragarpenerako apirila, maiatza eta ekaina tokatzen zaie. Hala diote zenbaiten teoriak. Beraz oraindik martxoa ere abenduko tenporari dagokio. Eguraldi on samarra hain zuzen. Dena dela guk geure modura jarraituko dugu zer eguraldi egingo duen asmatu nahian. Izan ere ez dakit garisumari ez zioten lan gehiegi ipini eta denak ezin ondo kunplitu. Gauza batzuk indartu eta beste batzuk gastatu egiten dira. Adibidez ihauteriak inoiz baino biziago mantentzen dira baina pazkoazkoa edo arbiloretako konfesio eta jaunartzeak porrot egin zuten erabat. Dotrinaren testa egiten  ziguten apaizek ea gai ote ginen ikusteko eta gure jakinduria maila onean bazegoen txartela ematen ziguten formalki jaunartzera joan ahal izateko. Zerura joan ahal izateko Jaungoikoaren grazian egon beharra zegoela eta galdeketa horietako batean parrokoak mutil koskorrari galdetu omen zion ea hiltzeko nola egon behar zen eta mutilaren erantzuna: bizirik jauna. Txartela irabaziko zuen seguruenik. Bijilia eta barauak egin ohi ziren garisuman eta erromeriak suspenditu ere bai. Serio demonio formal antxean ibili behar bolada batean. Berrogei eguneko garisuma nahiko luzea eta kalbario dezentea izan ohi zen gazteentzat behintzat. Eleiz liturgiaren kalendarioaren arabera dabil hori. Formula hauxe erabili ohi du kalendario horrek: udaberriko ekinozio edo eguna eta gauaren berdinketa (martxoarten 20a) gertatzen denetik hurrengo hilbetetik hurrengo igandean pazkoa eguna. Berrogei egun lehenago auster eguna edo garisumaren hasiera. Horrela hogeita zortzi egun ilargiarenak eta zazpi egun astearenak 35 eguneko aldea goizoenetik beranduenera. Beraz aurtengoa baino hiru egun lehenago gerta daiteke. Tenporak ere eleiz liturgiaren arabera ipinitako pauta batzuk dira. Hara nola kokatzen diren lau urtaroetarako:

1) Garisumaren bigarren asteko asteazkena, ostirala eta larunbata

2) Mendekoste egunaren hurrengo asteko asteazkena, ostirala eta larunbata

3) Iraileko Santa Kruz egunetik (14) hurrengo asteazkena, ostirala eta larunbata

4) Abenduko Santa Luzia egunetik (13) hurrengo asteazkena, ostirala eta larunbata 

Asteazkenean baldin badira Santa Kruz edo Santa Luzia astebete atzeratzen da. 

Ondo segi eta neguaren zai geratzen gara ahazten ez bazaio behintzat.

       

 

08-01-15

URTE BERRIA URTE LUZEA

Abiatu gara 2008.urtean zehar. Ekin dio gure munduak eguzkiari beste buelta bat emateari. Nik uste dut aurreko urteetan adina denbora beharko duela aurten ere lan hori betetzen baina egutegia parez pare eramatearren egun bat gehiago daukagu kalendarioan. Otsail motzari egun bat gehiago jarri eta kito. 28koa 29an utzi. Horrela urteari 366 egun tokatuko zaizkio. Aurrekoan esaten genuen bezala mundua bere buruari bueltaka dabilen bitartean ematen dio eguzkiari buelta ilargia lagun duela. Baina buelta horiek ez dute justu koinziditzen bata bestearekin. Urte bakoitzean sei orduko akatsa eta lau urtetik behin egun bat gehitu eta konpondu samartuta geratzen da. Bisiestoa edo bisurtea deitzen zaio urte horri. Aurtengoa ain zuzen. Suerte onekoa izaten omen da gainera. Ea bada bikain portatzen zaigun  urte kankailu hau. Eguraldiaren aldetik arraro samar hasi zaigu. Udazkenean hego haizerik ez eta urtarrilean bazterrak apurtu beharrean dabil. Udazkenean zuen horrek bere lekua baina tenporek agindu bezala haize sastar hori dugu nagusi. Horrelaxe jarraituko du gainera kandelarioak arte behintzat. Tartean kaskarralditxo batzuk bai negu usai pixka bat jarriz baina hil honetan elurra apenaz asko jaitsiko den. Hala ere otsaila ez da garai txarra negua egiteko. Gainera hortik gehiegi ez da komeni. Sansebastian hotza neguaren bihotza. Kandelario arkaitzak ura dario. Neguaren erdi inguruan daude biak ere eta udaberriari begira jartzeko garaia. Baina artean San Markosa urruti. Oraingoz haizeak haize nahiko ondo dihoakigu behintzat eta ezin kexatuko gara. Joan den urtea txepel samarra izan dugu. Euritik nahiko ondo baina epeletik edo berotik gaizki. Hotzetik ere nahikoa bai baina bataz besteko tenperatura oso behean gelditu zen kosta partean behintzat. Horregatik belarra nahiko ondo atera zen baina barazki eta frutak desastre. Lurrak ez zuen harrapatu behar zuen epeltasunik. Hegoaldeko joera gutxi izanarena da hori batik bat. Itsasaldetiko enbata laino eta laino itxu aspergarri horiek gutxi eta ipar haize petralak ere soberan ez. Azaroa eta abenduan euri gutxi eta izotza dezente. Oro har nahiko kale eman digu 2007.eko urte horrek. Ea aurten bisiestoari dagokion adinakoa izaten dugun. Zearo ona alegia. Orain urtarrila edo hilbeltzak zuririk gabe emango dio paso otsaila edo hil otsari. Baina kontuan izan dezala martxoa edo jorraila jorraketan hasteko garaia dela. Txukun antzean sartu gaitezen udaberrian. Ondo izan eta hurrengorarte. Agur.

 

 

07-12-02

MUNDUAREN ATARRAMENDUA

Aurreko lantxoan esaten genuen gu bizi garen mundu hau bere buruaz biraka dabilen baloi baten formako bolatxo bat bezala dela. Aldi berean eguzkiari biraka dabil. Egunean buelta bat bere buruari eta urtean bira osoa eguzkiari. Bira horiek ez dute justu-justu koadratzen elkarrekin. 24 ordu eta pikotxo bat bere buruarenean eta 365 buelta eta piko eguzkiaren bira osatzeko. Zehazki esateko: 23 ordu, 56 minutu eta 4 segundu behar ditu bere buruari buelta osoa ematen. Eta 365 egun, 6 ordu eta 9 minutu eguzkiari buelta osoa ematen. Horrela piko horiek urtero konpontzen ibili beharrean, hiru urte 365 egunekoak eta laugarren urtea, bisiestoa deitzen zaiona, 366 egunekoa egiten da. Hala ere beste piko bat gelditzen dela eta 400 urtetik behin 367eguneko urtea izaten omen da. Hori bai, koska txiki horiek gora behera zintzo jarraitzen du bere martxan gure mundutxo honek eta nik uste dut gainera puska baterako kuerda badaukala oraindik.

Eguzki sisteman kokatzen omen da mundu hau. Espazio esparru edo sistema horretako ardatza eguzkia izanik bederatzi planeta omen ditu bere jiran. Mundua horietatik hirugarrena da distantziaz eta bostgarrena handiz. Mundutik eguzkira 149.600.000 kilometro gutxi gora behera. Dezente dela dirudi. Harrikada batekin harrapatzeko moduan ez behintzat, baina hala ere berotasun pixka bat iristen zaigu honaino ere.

Lurraren gerri bueltak 40.075 kilometro omen dauzka. Baina eguzkiaren bederatzi planetetatik lau lurra baino handiagoak dira.

Bere adinari dagokionez duela 4.570.000.000 urte jaio omen zen. Jakintsuek diotenez sasoiko dago oraindik. Beste hainbeste urte iraun omen dezake. Unibertsoan milioika sistema egongo omen dira eta sistema bakoitzak milioika izar edo mundu omen ditu. Baina oraingoz ez dute mundu hau besterik topatu bizia dagoen tokirik. Baina bere biztanleen artean badu animali mota bat nahiko arriskutsua dena. Gizona edo gizakia da animali mota hori. Beste espeziek ez bezala elkarrekin burrukan hasteko prest egoten dira beti. Intelijentzi apur bat ba ote duen eta inguruan sumatzen dituen elementuekin apurketarako inbentoa deitzen dioten asmakizunak sortzen dituzte  bere lagunei kalte egiteko. Desastre hutsa dela esan behar animali hauxe. Lehenbizi lau hankakoa omen zen gizona baina harro izan nonbait eta burua goian nahi zuen alajaina. Eta denboraren poderioz bi hankekin ibiltzen ikasi. Eta gero bata bestearen gainetik jarri nahi. Harropuzkeria horrekin elkarri erasotzera azkar. Eta zein gehiagoka horretan natura bera izorratzeko ere prest.

Esan ohi da eguraldia dela kaosa baina gizona bera ere zer edo zer badela uste dut. Hala ere hasi zaigu udazken itxurako eguraldia egiten. Ea abenduan azaroan baino gusturago ibiltzen garen. Gabonak aldean emango diogu neguari paso. Agur bero bana irakurle guztioi. 

 

 

ORDU ALDAKETARI BURUZ

 

Ez zait bat ere gustatzen sistema hori. Gainera amorrua ematen dit asunto horrek.

Iruditzen zait naturari burla egitea dela orduekin horrela ibiltzea. Munduak bere buruari bira ematen 24 ordu egiten baditu eta uda eta negu berdin, ederki dago ordukako zatikatze hori. Eta logikoa da urte guztian berdin mantentzea. Egunaren luze-motzeko aldaketa horiek munduaren balantzatxoek eragiten dute eta ez daukate bere biraketa horretan eraginik. Geuk moldatu beharko genuke gora behera horietara denbora aldatu nahian hasi gabe. Oso xaharra da gu bizi garen bolatxo hau edo oso gaztea agian baina urte pila bat badaramatza honez gero eguzkiari urteroko bira emanaz bere burua bueltaka dabilen bitartean. 24 orduan bere buruari eta urtebetean eguzkiari. Milaka edo milioika urte agian martxa horretantxe zentimetro bat edo segundo bat ere aldatu gabe zintzo demonio. (jakintsuek diotenez 4.570.000.000 urte izango omen dira gutxi gora behera mundua egin zutenetik). Ni ez naiz akordatzen noiz izan zen hori. Eguzkiarekin batera egin omen zuten. Nahiko xaharrak badira alajaina edo agian oraindik sasoiko daude.

Kuerda eman zietenean mekanismo ona jarri zioten nonbait. Orain guk hasi behar al dugu martxa hori ere narrastu nahian? Hobe dugu askoz naturaren erritmoari jarraitu, errespetu ederrean. Ordu aldaketa horrek ez digu orokorrean inolako onurarik ekartzen. Ez dut sinisten gaur egun energiaren aurrezte hori ere ezer asko izango denik. Eta aldaketa horrek sortzen dituen zaputzak eta desorekak badauka eraginik bizi martxan eta inork uste baino gehiago agian.

Garai batean urte sasoi honetan garopaitan ibili ohi ginen etxaburuko garamenean eta mendi kaskoaren itzalak hango bidegurutze hura harrapatzen zuen momentuan izaten ziren eguerdiko hamabiak. Ez bai genuen erlojurik ibiltzen aldean. Bazkaltzeko ordua juxtu-juxtu. Laster azalduko zen etxekoren bat denontzako bazkaria astoaren gainean txukun asko, asta otarretan kateatuta goseak amorratzen egongo ginen koadrilarentzat nahiko janari eta edari eskaintzeko moduan. Estimatzen genuen bai pago azpian goxo-goxo hego puntuko haize leunarekin babarruna eta saiheskiarekin tripa betetzea. Lo kuluxka egin garo pilan eta berriro ere lanera, arratsalde motza zegoen jadanik eta.

Ordua asmatzeko beste horrelako truku asko genituen. Hori bai modu naturala alajaina. Hiltzeko ordua ere ipinita omen daukagu gure ezjakinean. Eta bi ordu aurreratze honekin hori ere aurreratuko ote zaigu ba?. Utzi diezaiogun munduari bakean bere martxan eta moldatu gaitezen horren arabera naturaren ibilera errespetatuaz. Umetxoak ginenean erreka sakoneko zingirak ihintza askoko goizetan olio usai modukoa bota ohi zuen eta gure aitak esaten zigun munduaren ardatzari koipea jartzen ari zirenekoa zela. Bueltaka ibiltzen zela eta premia ere izango omen zuen. Hori bai naturarekin natural jokatzea. Ordu aldaketa txoro horiek baino hobe engrasatuz eta abar ondo zaintzea gure bolatxo hau.

Eguzkia, mundua, ilargia. Gure inguruko astro printzipalak. Hurrengo batean jarriko ditut horietaz hainbat xehetasun eta datu. Ondo izan eta hurrengora arte. Agur

 

EZ GAUDE KONFORME

 

Horixe da hitza. Ez gaudela eguraldiarekin konforme alegia. Txar partikularrik ez eta onak ere asko ez. Aspalditik dabil gainera horrelaxe. Ez gaude konforme ez gu eta ezta kanpoa ere. Belarraren aldetik akats handirik ez baina barazki eta frutetan desastre. Hala ere egin duen eguraldiari dagokion baino eskasago doa orain artean behintzat uztaren panorama. Agian udaberriaren hasieran lurra ez zen behar adina berotu eta landareen martxa zapuztu zuen. Baina gero ez dugu aparteko hotzik sumatu eta bero zakarrik ere ez asko. Landareen gornia eta lizun gaitzak gutxi, hezetasun gehiegi egon ez den seinale. Xomorroak eta bitxo txarrak ere ez dira inoiz bezain amorragarri ibili, bero ustelik asko izan ezaren seinale. Enarak edo kale txoriak goitik ikusi ditut gehienetan. Lurrazalaren inguruan xomorro gutxi ibili den seinale. Txingorra, zaparrada, harri erauntsi edo euri jasarik ere ez dugu jasan orain artekoan. Hala eta guztiz ere zer edo zer falta izan zaio aurtengo eguraldiari. Ea aurrerantzean hobeto portatzen den. Oraindik egun mordoa udara pasatzeko. Hil honen 23-an goizeko 11-k eta 51 minututan hasiko da udazkena. Bitartean orain arteko akatsak konpontzeko aukera pixka bat badauka. Euria falta genuen eta egin ere egin du. Horretan behintzat kunplitu du. Orain lasai-lasai eguraldi sanoak egitea tokatzen zaio. Horixe egingo duela dirudi gainera. Laister dugu San Nikolas eguna. Lasturko festak. Garai batean mundialak iruditzen zitzaizkigun. Orain hobeak seguru aski. Maite genuen guk garai batean txoko polit hori. Herri koskor bat iruditzen zitzaigun. Igandeetan mezetara Don Kornelio apaizarekin. Noizean behin ilea mozten zigun Palo zaharrak, kostatzen zitzaion gu geldi edukitzea. Errotara ere joaten ginen. 50 kilo arto ale eraman eta 46 kilo arto irin etxerako. Diferentzi horri laka esaten zitzaion. Mermak eta irabazitxoa enpazteko. Zerbitzu hau ere gehienetan Palo zaharrak egiten zigun. Gizon serioa baina jatorra zela pentsatzen genuen. Izan ere gu mutil koskorrak ginenean inportanteak ziren gauza horiek. Oroitzapen onak dauzkat bai Lasturretaz nahiz eta bide luzea eta kaskarra egon bertara. Eliza bete jende jaiero mezetan. Orain hori moteldu da baino beste gauza batzuk galanki hobetu ere bai. Orduko aitona zahar haiek oraingoa ikusiko balukete ez lukete sinistu ere egingo. Berriro ere festetan Lastur. Aste honetan ondo samar ibiliko da eguraldia eta asteburu polita tokatuko zaigu. Astelehenean laino batzuk bai baino eutsi egingo dio ateriari eta tenple onari. Izan ere Lasturko txokoan errazago giro ona egiten Endoiako bizkarrean baino. Geroxeago San Migelak eta kito. Oporrak bukatuta eta festak ere laster bai. Txintxo demonio lanean jarraitu behar. Guk oporretan jarraituko dugu bai. Ze ondo ezta? Bueno ba zorionak Lasturtarrei eta  agur bero bana IRAKURLE guztioi.                                                                          

 

ITZIAR ETA BERE EGURALDIA

 

Gutxitan egoten gara konforme hemen egiten duen eguraldiarekin. Baina ba ote dira beste tokiren batzuk askoz hobeagoak eguraldiari dagokionez? Hala batez beste munduko onenetakoa da hauxe. Edo alderantziz, nahiko leku eskasean bizi gera eguraldiari dagokionez. Nik esango nuke ez bata eta ez bestea. Agian izango dira bataz beste eguraldi hobea egiten duen parajerik, baina txarragoak ere asko. Agian ez da leku pribilegiatua baina alde onak ere asko ditu hemengo eguraldiak. Itsas ertzean kokatzen da Itziar baina bere eremuak barrurantz egiten duenez ez dago hainbeste itsasoari itsatsita. Gaskonia edo Bizkaiko golkoa deritzon itsas eremuak harrapatzen duen ertzaren erdian aurkitzen da Itziar. Itsas mutur horrek azpil baten forma hartzen du eta itsasoaren mugimenduek dezente baretuta harrapatzen gaituzte. Gainera Karibe aldean sortzen den itsas azpiko uren korrontea gure txoko honetan amaitzen omen da eta horrek hotz beroari oreka hobean mantentzen laguntzen omen dio. Gainera munduaren gerritik ipar poloaren tartean erdi aldean aurkitzen garenez zona templada deitzen zaion uztaigunean kokatzen da lurralde hau. Bi faktore horiek lortzen duten hotz beroan eta haize boladetan gora behera nabarmenik gabe mantentzen da hemengo giroa. Esan dugun eremu horretan Itziar oso leku onean dago eguraldiaren eragina jasaterakoan. Baina horretan badugu alderdi txarra ere. Itsasoko uraren epeltasun horrek eta haizearen baretasunak hezetasun handia sortzen du eta horregatik haizeak itsasaldetik jo orduko hemen azaltzen dira hain amorragarri zaizkigun enbata laino, laino itsu, lanbro laino edo laino maskalak noiz nahi zimiria, lanbro euria edo euri langarra botatzeko prest. Hortik aparte klimaren aldetik ez dugu alde txar nabarmenik sumatu ohi. Bataz beste euria tamaina samarrean urteetan zehar baina lainotzar amorragarriak gehiegi eta bide batez eguraldi garbi eta eguzkitsuak gutxiegi udaran ere. Probatzeko adina elur bai eta egun beroak ere banaka batzuk bai. Noizbehinka gertatzen dira hemen ere eraso baldarrak eguraldiaren aldetik. Eta tarteka bere markak hautsi ere bai. Trena Zumaian haizeak ibaira bota zueneko ufada hura bezalakorik ez da beste 500 urtetan gertatuko. Ezta 56.eko izoztea bezalakorik ere. Hala ere Itziar aldea baino paraje arriskutsuagoak asko izango dira munduan. Beraz gure klima ez da hain txarra ere. Bere umeltasun eta laino guztiekin ere ona dela esango nuke nik.

Lau tontor eta lau txoko bereiztu daitezke gure eremuan nahiz eta txikiagoak beste pila bat egon.

Lizarreta mendia 536 m.ko gailurrarekin, Otarreko punta 661 m.ko altuerarekin, Sesiarteko punta 759 m-ko gailurrarekin, eta Andutz 612 metrorekin.

Txoko edo behe puntu printzipalak ere lau direla esango nuke. Lastur, Ekain aldea, Arroa erreka eta Itsas ertza. Orografia trakets samarra hain zuzen. Ordeka eta lautada gutxi. Lurrazala hain ezberdina izateak badu klimarentzat zerikusia. Eremu guztia Kantauri isuri aldera dagoenez txoko horietara erraz zabaltzen dira enbata laino eta hainbat behe laino. Mendi maldetan berriz aisa itsatsi ohi dira mendebalak edo iparrak dakartzan laino baxu narrasak laino itsua sortu eta  ikusmira galanki murriztuz. 

Edozein moduz ere guk moldatu behar dugu eguraldiarekin eta ez espero guk nahi dugun eguraldia egin araztea. Hori ilargiari zaunkaz jardutea bezalaxe da. Pixkat saildu behar dugu aldaketak jasatera eta aldi berean geure buruari behar den babesa ziurtatu. Ez gehiegi kikildu eta ezta ausartegiak izan ere.

Zer eguraldi egingo duen aldez aurretik zertxobait jakiteak laguntzen du horretan. Beraz, nire iragarpenei kasu egin. Horregatik saiatzen gara buru belarri jendearentzat onuragarri izan dadin. Beti ez da ziur asmatzen baina askotan bai.  

Ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.

 

 

NOIZ EGIN BEHAR DU BA UDARA ?

Berriro ere eguraldiaz hitzegin behar. Beti badu horrek hitz bidea ematen duen zerbait. Gehienetan kexatzeko izaten da gainera. Udaberria nolabaitekoa izan genuela eta orain berriz udararen itxurarik ez alajaina. Aurreko Ixixan esaten nuen San Ferminetan  hasi ohi dela udara formalki baina nahikoa kaskar badabil egun hauetan ere. Gaur egun famoso horren biharamuna eta udara itxurarik ez eguraldiak. Baina iruditzen zait hurbil samar dugula eta aste honetan bertan gozatu ahal izango ditugula uda giro bikainak. Beroz ase eta eguzkia dastatzeko aukera ederra izango dugulakoan nago. Lainotzar hauek uxatu eta zeru urdinarekin alde ederreko panorama jarriko zaigu. Uztailaren erditik Abuztuaren erdira izan ohi da udararen muina. Hala ere kanpoari ez zaio komeni euririk gabeko beroaldi luzerik. Belarrarentzako adina euri egin du aspaldi honetan baina lurra nahiko lehorra dago eta euririk gabe berehala lehortuko litzake lurrazala ere. Uzta giro koxkorra eduki dugu aurten orain artekoan. Barazkiak eta frutak motz gelditu dira. Uztailerako uzta ez dakit zerekin. Lehen garia izaten zen uzta printzipala hil honetan. Orain garia beste lekuren batean beharko du. Hemen ereiten denarekin jai daukagu. Egunero ogia aipatzen genuen otoitzetan, orain hori ere oso gutxi. Hala ere ez dut uste ogi faltarik izango dugunik. Ogia nahikoa izatea ditxa zen lehen baina orain gehiegi jaten dugula uste dut. Beti badugu zeozeren desoreka. Eguraldia ibiltzen ote den narras antzean baina gu geuk ere badugu arrastoan sartzeko premia. Opor eta festa garaiak ez dira aproposak jan edanetan zintzo eta txukun ibiltzeko. San Ferminak orain, Karmenak berehala, Madalenak hurrengo, Santiagoak eta Santanak, San Inazio eta beste zenbait. A ze festa zaparrada hil onetan ere. Eta hila bukatu orduko kopraixei begira. Kontuak kontu giroa portatu dadila baina tarteka euri zaparrada formal batzuk ere bota ditzala. Berriro ere gogorarazi nahi dizuet esaldia: santio santanetako eurazeak munduko barkurik onenak baino gehiago balio ote zuen iruditu omen zitzaioan baserritar finari.   

Txistetxo bat orain. Gizon bat sartu omen zen txori dendara lorito elebiduna ba ote zeukan galdetuz. Bi hizkuntzetan hitzegiten duena alegia. Dendariak hanka bakoitzean soka bana zuen bat erakutsi zion. Eskubiko sokatik tira ezkero euskaraz hitzegingo dizu, esan zion saltzaileak eta ezkerrekotik tiratzen badiozu katalanez. Aizu eta bietatik batera tiratzen badiot? galdetu zion bezeroak. Zozoa halakoa lurrera joango naiz mokoz aurrera erantzun zion loritoak.

Hauxe festa giroari aplikatzeko esaldi egokia. Festak ere tamainan alegia. Bi batera ez behintzat. Ea ba, txintxo ibili eta ondo izan. Agur bero bana guztioi.

 

  

 

 

HASERRE NABIL EGURALDIAREKIN

Ez da ondo portatzen aspaldi honetan. Alde batetik garaiari dagokiona baino eguraldi kaskarragoak egiten ditu. Onaldi gutxi eta motzak. Oso txarrak ere asko ez baina egun eder eta berorik ere oso gutxi. Maiatzean artoa erein behar izan bagenu juxtu-juxtu ibili beharko ginen. Onalditxo bat izan genuen maiatzaren bigarren astean baina oro har nahiko eskas ibili zaigu naturaren martxarentzat klabea den hil hau. Zenbait fruta arbolek galdu egin dute martxa eta oso gutxi emango dute. Goizeko frutak behintzat ez dute ia bat ere emango. Belardietan belarra dezente atera da baina jasotzen komeriak. Hala ere ni ez nago giro eskasak egiten dituelako bakarrik haserre. Baizik eta agindutakoa betetzen ez duelako. Horrela ezin da asmatu zer egingo duen. Aldez aurretik azaltzen diren seinale eta arrastoei ez dio zintzo segitzen.

Ez dakit zer pasatzen zaion. Politikoei ikasi diela uste dut sistema hori. Asko agindu eta gutxi egin. Badute bai antza pixka bat eguraldiak eta politikak. Fisikoek esaten dute eguraldia kaosa omen dela eta nik uste dut politika ere nahiko kaosa badela. Biak izango dira beharrezkoak mundu honetan baina eguraldia ezin dezakegu maneiatu baina politika gure esku legoke. Maneiatu egingo da agian baina okerrerako. Eguraldia naturako fenomeno bat dugu eta politika berriz gizarteko fenomenoa. Gizartean elkarrekin ondo konpontzea izan behar luke politika baina askotan ez du ondo betetzen misio hori. Eguraldia beharrezkoa du naturak baina askotan ez da oso txukun ibiltzen. Zaila da eguraldiarekin negozioa egitea baina politikarekin egiten dute batzuk. Saltsa guztien perrexila dugu politika eta eguraldia berriz eguneroko aipagai nagusia. Batzutan pozten gaitu eguraldiak baina politikak gehienetan amorrarazi. Nik aukeran nahiago nuke politikarik gabe eguraldirik gabe baino. Baina kontuz politikoekin. Eguraldia kentzea nahiago lukete armak kentzea baino. Eta honezkero eguraldia suntsitzeko adina arma badute nonbaiten. Sarraskiak egiten ditu eguraldiak baina armak ere prest egongo dira horretarako. Armak militarren esku egongo dira baina ez dakit politikoak zeinen esku dauden. Eskerrak eguraldia ez dagoen ez militarren esku ezta politikoen esku ere. Baina kontuz honezkero saiatu dira hori lortzen. Eguraldiari ezin diezaiokegu asko eskatu. Horrek bere martxan jarraituko du. Ea hemendik aurrera zintzoago ibiltzen den bere programak betetzen eta egin dezala eguraldi ona lasai. Politikoei eska diezaiekegu gauzak ondo egiteko eta exijitu ere bai. Ez dakit zergatik pasa naizen eguraldi kontuetatik politikoetara. Agian biak izaten direlako hizpide.

Behin baserritar bat seko haserretu omen zen eguraldiarekin edo bere egilearekin. Erauntsi gogor haiekin kosetxa denak suntsitu eta gelditzeko konturik ez eta atarira atera eta hala egin omen zion deiadar maldizio itsusi bat aurretik botata: etorri adi hona potrorik baduk. Eta une berean zirt zart tximist orratzak aldameneko urki arbola erabat kiskalita utzi. Eta gizona beldurturik, joño hau gauza serioa duk eta buztana hanka artean zuela erretiratu omen zen umil asko gure gizon harroa.

Nik ere horixe egin beharko dut tximistak harrapatu baino lehen. Eta bukatu egingo dut gaurko ihardunalditxo hau. Agintzen dizuet hemendik aurrera ere saiatuko naizela eguraldiaren iragarpenekin zintzo asmatzen. Eta ziur nago Ekaina ondo portatuko zaigula. Hilaren 21-an arratsaldeko zortziretan hasiko zaigu udara. Urteko egunik luzeena hilaren 22-an. Eguzkia mundutik urrutien egongo den unea hilaren 7-an goizeko ordu-bietan. Agur bero bat guztiontzat.