08-03-02
UDABERRIAREN ATARITIK NEGUARI ADIO
Otsail txotxolo eta luzexka hori ere utzi dugu atzean eta Martxoa edo Epailean zehar abiatu gara. Lasai asko gainera. Hila aldatu dugu baina eguraldiak lehengo lepotik burua alajaina. Datorren astean pixka bat freskatuko da baina negu itxura gutxi oraindik. Ez dirudi neguan gaudenik ere. Ekarriko omen du buelta dio jendeak baina aurtengo neguan Itziarko kalea elurrez zurituta ez dugula ikusiko esango nuke. Egia esan oraindik badauka denbora bai. Bi esalditxo erderazkoak datozkit burura: el sol de marzo pega con el mazo dio batek. Beraz noizbaiten eguzkia probatu zuten martxoan. Adi beraz! Beste esaldiak dio: abril aguas mil. A ze panorama! Aurrena eguzkiaz erre eta gero urez blai. Kontuak kontu nik ez dut gogoratzen aurtengoa bezalako Otsail epel eta euri gutxiagokorik. Haizea umil eta jendea trankil. Parte onekoa ez ote den errezeloa bai baina ederki aprobetxatu du jendeak. Eta horixe balekoa eta gero-gerokoa. 56.urtean Ilbeltza edo Urtarrila izan zen horrelakoxea. Agian bero gehiago. Baina Otsailean sekulako izoztea eta elurtea etorri zitzaigun. Kandelario egunean hasi eta hil guztia eta gehiago iraun zuen erabateko izozte eta elur lapatsak. Baina beti pentsatu ohi da martxoa ezkero eguna luzatu eta eguzkiarekin konta daitekeela. Elurra botatzen badu ere gutxi irauten duela alegia. Ea aurten ere horrela den. Eta Apirila ere ez da fama honekoa. Txingor zaparrada ederrak botatzen badaki. Hil honen 20-an ostegun santu egunean sartuko gara udaberrian. Eta hila bukatu aurretik kukua entzuteko parada izango dugu seguru. Martxa honetan agian pazko egunerako hemen izango dugu. Eguraldi anormal hauekin naturak bere erritmoa galduko ote duen beldurra sartzen zait. Izan ere landareek ere behar dute beraien atsedenaldia. Guri loaldia egunero komeni zaigun bezalaxe horiek urtero behar dute beraien loaldia. Bestela lo ondo egiten ez duen pertsona bezala lirateke. Trastornatuta. Azaroari hazi hila deitzen zitzaion, hazia ereiteko garaia alegia. Abenduari lotazila: hazia eta landareak lotan alegia. Urtarrilari hilbeltza, gauak luze eta beltzak eta egunez goibel. Lotan jarraitzeko aproposa alegia. Otsaila edo hil hotza haziak eta landareak hotzgailuan baleude bezala alegia. Martxoari epaila deitzen zitzaion alegia zein landarekin kontatu behar zen erabakitzeko garaia. Apirilari jorraila. Landareak ondo jorratu eta martxan jarri. Ba ez dakit loalditxo hori ondo egin ote duten aurten. Gero uzta koxkorra agian. Behar baino lehenago hasi dira bazterrak mugitzen. Zozomikoteetan zaputzalditxoren bat etorriko da agian. Martxoaren azkeneko bi egun eta erdi eta Apirilaren lehenengo bi egun eta erdi izaten omen dira zozomikoteak. Eta eguraldi txarra seguru egun horietan. Kukua ere ixildu egiten omen da egun horietan. Dena dela txalo jotzeko moduko negua doa behintzat eta ezin hasiko gara kexatzen. Klima aldaketa eta ez dakit zenbat katastrofe abisatzen dituzten eta gero eta giro hobeak egiten ditu alajaina. Txantxangorria txantxate, txepetxa komediante, biriarroa alkate zozoa kartzelan sartu dute. Izan ere ez da zozoa txori sinpatikoa. Kolore ilunekoa eta sasirik sasi ibiltzen delako agian. Lotsagabe samarra ere bada. Zozoak beleari ipurbeltz esan ohi da. Baina iluntzean zozoa kantari sumatu ezkero hurrengo egunean eguraldi ona seguru. Ondo izan eta agur. Hurrengora arte.
0 comentarios