08-04-07
"ATZEAK ERAKUSTEN DU AURREA NOLA DANTZATU"
Alegia, asma ote daiteke iraganari begiratuz zer eguraldi egingo duen etorkizunean? Ez, hori ez da guztiz horrela, baina nolabaiteko pixta izan daiteke joera batzuk antzemateko. Askotan ibili ohi dira horrelako usteak. Urtaroen aldarteak jakinekoak dira orokorrean; urtaro bakoitzak du bere eguraldi mota.
Behin, eguraldi aditu bati galdetu omen zioten ea nolako uda izango ote genuen aurten eta berak erantzun omen zien, Donostian behintzat elurrik ez zuela egingo abuztuan. Baina beste ezaugarri batzuetan ere jarri ohi da arreta; ohikoa da eguraldiak joerak edo boladak edukitzea. Hasten den modu horretan jarraitzen du bolada batean. Nik uste dut hori egia dela eta esaera zahar askok ere horrelakoa adierazten dute, baina ez dakiguna da joaera horien haserako zantzuak zeintzuk diren. Gainera joera kontu hau ez da zerbait matematikoa. Batzutan joerari kasu handirik egin gabe aldatzen da eguraldia.
Joerak- joera aurtengo negua xelebre samarra izan da. Negu onegia ote zihoan esaten zuen jendeak; euri gutxi eta elurrik batez; izotza ere oso gutxi baina epeltasun nabarmenik ere ez. Honek ekarriko dik buelta, zihoen jendeak. Zer zen hori? Atzeak erakusten duela aurrea nola dantzatu? Zorionez etorri zitzaigun euri bolada galanta eta litro pila ederra bota ere bai; azkenerako neguaren kupoa bete samartu gainera. Elurra ere hurbildu zitzaigun, alajaina, baina Itziarko kalea zuritzera ez zen iritsi.
Negu anormal horrek udaberri normala ekarriko ote digu? Nire ustez ondo abiatu da eta gainera tankera onean jarri da. Astelehen honetatik joera aldaketa sumatzen zitzaion eguraldiari; hegoaldekoa martxan jarri baitzen. Hori ona izan ohi da guretzako; tamainan izan ezkero udaberrian primeran etortzen da. Haizetsu eta lehor luzaro badabil kontu txarra. Baina ipar haize petrala ez da askoz hobea izaten. Tarteka mendebaldeko euri makal pixka bat ez letorkigu gaizki.
Aurtengo apirilak tonika hori agertuko duela iruditzen zait; ea kanpoa martxa onean jartzen den. "Martxoko lorea ez balitz hobea". "Apirileko lorea urrea baino hobea". "Maiatzeko lorea batere eza baino hobea".
Txingorrik ez dezala egin behintzat. Hilaren seian hilberri eta hogeian hilbetea. Kontuz San Markosetako petralaldiarekin; larre-behiarentzat txintxarria bete lasto gordetzea ahaztu gabe; horixe eskatu baitzuen berak.
Udaberri usainezko animoak bidaliz bukatuko dut lantxo hau. Ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.
0 comentarios