Blogia
joxelanda

08-10-28 - IXIXA (AZAROA)

ITZIAR, UDAL-HERRI

Aurten 15garren PERIA ospatuko da Itziarren. Udal-herri bihurtzeko gestio-gastuetarako laguntzatxo bat izan zedin asmatutako ekintza da hau. Lehenagotik ere hasita zegoen Itziarren asmo hori lantzen. Ilusioa sortu zuen gainera helburu horrek. Itziartarrok hainbeste nortasun bageneukala iruditzen zitzaigun eta agian premia ere bai. Uste genuen inork ez ziokeela oztoporik jarri behar geuk hain garbi ikusten genuen asmo jator hari.                Borondate oneko ekintza zen, hain zuzen. Inor izorratu gabe geure gauzak geure gisara hobeto antolatuko genituela uste genuen eta hala sinesten dugu gaur ere itziartar guztiok.

Baina gure usteak ustel atera zaizkigu. Jardunaldi galanta egin da Itziarren asmo horren atzetik, baina oztopo handiak jarri dizkigute eta gure  ahalegin guztiek porrot egin dute. Debako udala aurka jarri zitzaigun eta behin eta berriz eskatu arren, Aldundiak ez digu onartu hain arrazoizkoa iruditzen zaigun eskaera hori. Asko sufriarazi digute itziartarroi  jarrera horiek. Nire ustez ez dauka inolako zentzurik debeku hori mantentzeak. Bete-beteko eskubide bat aldarrikatzen dugu.

Itziar herriari dagokion lurraldea nahiko zabala da. Gutxi gora behera parrokiaren hainakoa, hain zuzen. Esparru zabal horretan sakabanaturik bizi izan garen guztiok sentitu izan gara itziartar. Goiltzibar, Olazabal, Beliosoro... lekutan daude Debatik. Garai batean oinez joaten ginen Debara udaletxeko eginkizunak betetzera. Eliz kontuetarako ondo moldatzen ginen Itziarren. Gure etxean askotan aipatzen genuen udala Itziarren egoteak izango lituzkeen onurak, urrutikoentzako eta itziartar guztiontzat.

Oraindik ere jende asko bizi da Itziarren landetxeetan sakabanaturik. Gauza ederra ere bada hori; jendea baserri eta mendi giroan bananduta bizitzea. Arreta berezia merezi dute horiek. Horrela bizi izateak alderdi onak baditu baina baita eragozpen eta alde txar asko ere. Guztion esker ona jaso behar lukeke, baina gizarteak baztertu edo ahaztu egiten ditu. Inor ez balitzake bizi bazter horietan dena basamortu bihurtu eta paraje tristeak izango lirateke. Geuk, itziartarrok, ezagutzen dugu ondoen hori guztia eta geuk kudeatu beharko genuke geure ingurunea. Itziar udal-herri izateak ahalbidetuko lituzke horrelako hainbat ekintza. Beti sumatu izan dut nik Debatarren moztasuna eta sentsibilitate falta gauza horietarako; arrotzak gertatzen dira Debako kaskoan bizi direnentzat.

Debarrak Deba eta Itziartarrak Itziar kudeatzeko ez luke egon behar inolako trabarik; ez luke inolako okerrik sortu behar inorentzako. Nik ez dut ulertzen zergatik trabatzen den ekimen hori; guztiz naturala eta egokia iruditzen zait. Guk geu izan nahi badugu, geu izan beharko genuke. Baina besteak ere gu izatera behartze hori oso gaizki iruditzen zait. Intentzio zital horrek hamaika oker egin du munduan.

Kontu hauek nire gogoeta edo pentsakizunak besterik ez dira, baina dei egiten diet gai hauetan ardura dutenei buruari bi buelta eman diezaiotela arrazoia eta zuzentasuna non ote dagoen ikusteko.

Peria galanta ospatuko da aurten ere Itziarren. Beste aupada bat izan dadila Itziar udal-herri izateko deiadar horretan. Eguraldia portatuko delakoan nago itxura ederra ez daukan arren. “Urriko hilberrin elurra Aizkorrin”. Aurten bete-betean asmatu du esaera zahar horrek. Txarralditxo batzuk ez datoz gaizki udazkenean baina  pasatu gabe. Asko gozatu perian eta ondo izan zuen bizitzan. Horixe opa dizuet ixixatar guztioi. Agur

JOXE LANDA

 

   

 

 

0 comentarios