08-12-03
EGURALDI HONEKIN ASPERTUTA
Eguraldia aipatu beharko dugu berriro ere. Alde batetik gogo handirik ez du ematen beti horretaz jarduteak. Bestaldetik begiratuta berriz, notizia izaten jarraitzen du. Beti izan ohi da nolabait notizi eguraldia baina bere onetik ateratzen denean ematen du bai zer esana franko. Aspaldi samarretik gabiltza eguraldi kalamidade honekin kokoteraino eginda. Eta gainera lehenaz gain azkenaldi honetan areagotu egin da eguraldiaren zakarkeria. Elementu gehienak aztoratuta dabiltza. Haizea modu zakarrean. Euria goian zena behean. Elurra lotsagabe goialdeak zuritu eta behera jaitsi nahian. Trumoia eta tximista zirti zarta eta dinbirri danbarra bazterrak puskatu beharrean. Eguzkia inondik ere ikusi ezin.
Honetan, Txirritaren txistearekin gogoratu naiz. Tripa handia omen zeukan eta kale bazterrean txiza egiten ari zela, mutil koskor bat begira zeukala konturatu omen zen. Hala esan omen zion mutikoari: ikusi egin al duk nire pitilina? Ba emaizkiok eskuminak, neuk aspaldian ez diat ikusi eta.
Lainoen tripatzar horiek berdin egiten dute eguzkiarekin. Gau luze eta egun lainotsuekin jai dauka eguzkiak. Lainoen txiza parrastak amaituko balira sikiera. Izan ere eguraldiaren martxak, izaten du halako temakeria bat, hasten den eran jarraitzekoa. Amorrua franko eman ohi du horrek. Aldakortasun gehiegia ere ez da ona baina segi eta segi busti giroan jasotzeko edo aldatzeko konturik gabe aspergarria jartzen da benetan. Euririk gabeko egunak oso gutxi izan dira azaroan. Urrian ere asko ez. Eguraldiaren temakeria horiek zirela eta pentsatzen, ea horiek aldez aurretik iragarri ote zitezkeen. Epe motzagorako arrastoak edo seinaleak nolabait sumatu daitezke, nahiz eta zeharo ziurrak ez izan. Meteorologiko zerbitzuetan ematen dituzten iragarpenak ere ez dira izaten luzerakoak. Lau edo bost egunetarakoa baino gehiagokorik ez dute ematen.
Zenbat aldiz erreparatu ote zaio ilargiari horretarako seinale edo klaberik ba ote daukan. Konjetura eta mito asko azaltzen dira esaera zaharretan eta antzinako kontakizunetan baina gauza ziurrik ez da atera hortik. Kuarta tenporen eguraldia asmatzeko birtute hori ere intentzio horretatik sortuko zen. Baina eliz liturgiaren arabera ipinitakoak direnez, berez ez daukate inolako zer ikusirik eguraldiarekin. Tenporen data horiek ilargiaren mugimenduekin lotura txiki bat dutelako agian eta sinesmenaren dosi dezentea ipini eta hara hor mito bihurtu. Urte asko daramatza mito horrek gure artean baina estatistika zehatzik ez dago eguraldia asmatzeko baliagarritasunean.
Ilargiaren faseak eta bere nondik norakoek ere ez dute ematen arrasto zehatzik eguraldiaren joerak asmatzeko. Guk dena jakin nahi izaten dugu baina inkognita iluna da eguraldiaren martxa. Inbento asko azaltzen dira baino ez dut uste hori lortuko dutenik.
Udazkenaren azkeneko hilean gaude eta laster ditugu urte egunik motzenak. Santa Luziatik Santo Tomasetara hain zuzen. Santa Luzia, eguna motza eta gaua luzia. Kuarta Tenporak hilaren 17, 18 eta 20-an izango ditugu. Neguan sartu berriz, hilaren 21ean eguerdiko ordu batean. Egutegiari begiratuz oraindik egun dezente falta dira baina eguraldiari dagokionez badirudi neguaren erdian gaudela. Udazkena anormal samarra dihoakigu eta ea negu normala tokatzen zaigun. Gabon aurretik onaldia etorriko zaigulakoan nago. Egun batzuetarako ateriak mesede egingo luke. Oraingoan honetan utziko dut. Ea hurrengoa hobea ateratzen zaidan. Gabon Eguberri zoriontsuak opa dizkizuet irakurle guztioi. Ondo pasa eta hurrengora arte.
0 comentarios