08-10-07 - UDAZKENAREN TAUPADAK
Urtaro denek dute zerbait berezia eta udazkenak ere baditu hainbat bitxikeri sarritan aipatu ohi direnak. Bitxia da adibidez hainbat zuhaitzek beren jantziak kendu egiten dituztela negua datorrelako. Gu negu gogorretik babesteko, ahal dugun ondoen janzten gara, ez hoztu eta ez bustitzeko. Arbolak berriz biluzik geratzen dira lo egon behar duten garairako. Hasita daude jantziak botatzen. Beren zikloa bukatu delako hostoak ihartu eta jausi egiten dira. Gero orbelak haizearekin jolasean bazterrak zikinduz. Pena ematen du zuhaitzak biluzik gelditzeak negurako baina itxura denez, horrelaxe da naturaren martxa. Fruta eta abar, uzta bikainak eman dituzte eta orain kolore gorrizta hartu dute eta laster enborra eta zotza besterik ez zaie geldituko bistan. Horrela neguan atseden hartzeko prest, udaberrian esnatu eta berpiztu daitezen. Izan ere negua dugu aparteko urtaroa naturari dagokionez. Euskaraz beste hiru urtaroen izenak udarekin hasten dira hain zuzen: udaberria, udara eta udazkena. Beraz udazkenean bukatuko litzateke udara. Naturak ere bederatzi hilabete esna pasatzen ditu eta hiru hilabete lotan . Gu ere horrelatsu ibiltzen gara. Udaberria egunsentia izango litzateke eta udazkena iluntzea. Horrela udazkenak ere baditu bere berezitasunak eta bere xarma ere bai agian. Alde batetik tristezia pixka bat nabaritu ohi dugu. Egunak mozten joatea penagarria da. Eguraldia ere goibelago eta euritsuago izan ohi da udazkenean. Neguaren atarian gaudela pentsatzeak ere ematen du halako ikara antza. Uda partean bi solairuko eguraldia egon ohi da askotan. Eguratsaren goi geruzetan zirro hodei eta trumoi lainoak beren kontura eta behetan berriz ipar haizearen laino maskal ganduak. Solairu bakoitzak bere jokoa erabili ohi du. Udazkenean aurrera goazen einean nahasten hasten dira bi solairu horiek eta biak harrapatzen dituzten fronte sendoak, mendebaldetik etorri eta noiz nahi zeharkatuko dute gure lurralde hau. Hala ere eguraldiaren aldetik, hego haizea izan ohi da udazkenaren seinalerik nabarmenena. Gehiagotan azaldu ohi da haize mota hori udazken partean. Batzuetan zakar samar eta beste batzuetan oso epel ere bai. Foeng efektua deitzen zaion egoera berezi hori, noiz nahi sortu ohi da. Kostaldeko mendikateak igarotzerakoan hego parteko maldetan lagatzen dituzte hezetasunak eta beste aldera igarotzean berotu egin ohi da haize lehor hori. Horregatik udazkenean ere tokatzen dira egun beroak. Aurten ez da oraindik asko sumatu gauza hori baina hasita dago hegoaldeko joera nabarmentzen. Nik uste dut hego haizetik nahikoa izango dugula aurten. Udazkenean mendebaldeko erasoak tartekatzea ere tipikoa da. Euria eta freskurarekin agian mendi puntak zuritu ere bai. Antizikloiaren kalma bereziak ere izan ohi dira. Ihintza galanta goizean eta eguzki epela eguerdian. Garo-paitarako aproposak izan ohi ziren horiek. Ihintza hori handia baldin bazen hego haizearen abisua zela esan ohi zuen gure aitak. Lertxunaren hostoa oso geldi bazegoen aldi baterako giro ona. Zapoak gogotik kantatzen bazuen iluntzean, hurrengo egunean eguraldi txarra. Gauza bera egiten bazuen sakelak goizean, egun horretan ateri. Ipurtargiak ikusten bagenituen iluntzean eguraldi ona seguru hurrengo egunean. Urtaro lantsua izan ohi zen udazkena baserrirako. Uztak jaso, garoak bildu eta garia erein besteak beste. Artazuriketak eta sagardoa egiten ere hortxe bete-betean. Arbiak ere ematen zituen bere lantxoak. Gaur egun ez dago horrelako konturik. Erabat aldatuta daude gauzak. Paisaia bera ere galanki aldatu da pinuarekin. Zuhaitz hauek ez dira biluzik gelditzen negurako. Etekin hobea emango du baina itsusiagoa da naturarentzat. Beste hainbat gauza ere ia ahaztu zaizkigu nolakoak ziren. Kontatu izan ziguten ahaztu hitz hori nondik zetorren. Jaungoikoa ari omen zen animalia bakoitzari izena jartzeko aldez aurretik pentsatuta zeuzkanak gogoratuz eta pila galanta pasa zituenean animali belarri handi hori tokatu parean. Harentzako zer izen pentsatuta zeukan ezin gogoratu eta ahaztu egin zitzaiola eta horixe bera jarri beharko ziola hari. Ahaztua alegia. Horrela astua izenarekin geratu omen zen animali belarri handi hura.
0 comentarios