GOITIK BEGIRATUTA EZ DA GIRO BEHALDE HORRETAN
Harantz eta honantz hemen ibili da jendea oporretan daudela eta bakoitza bere tokietan errenditu ezinean. Gero eta gustu gehiago hartzen zaio atarramendu horri. Oso ondo iruditzen zait. Gero izaten dute zer kontatua ere. Zenbait lan eta eginkizunetan murgilduta dabiltzanentzat horrelako txango txiki batzuk primeran letozke, lasaitu eta indar berrituz berriro ere gogotik ekiteko lanari. Ilusioa berpiztu eta aurrera bizi moduan. Ni neu ez naiz aspertzen betiko tokitik inora atera gabe ere. Baina oraingoan imajinazioan sartu eta seguritateko uhalak loturik hor ibili naiz goialde horietan. Hala agindu nizuen eta egin dut bada hori ere. Baina hori kontatzen hasi baino lehen hemengo kontu txamar batzuk azaldu behar dizkizuet. Abuztua igaro genuen eta irailean zehar bagoaz aurrera. Oraindik udaran gaude eta eguraldia ere era horretan ari da portatzen. Laster hasiko da bai udazken itxura hartzen. Ni igandean (08-09-07) ari naiz idazten eta festa ugari ditugu oraindik inguru hauetan. Asteazkenerarte giro ona eta hor okerrera joko du. Bi edo hiru egun euritsuak eta fresko. Ea igandean lortzen duen hobekuntza dezente bat. Hilaren 14-an Santa Kurutz eguna eta hortik hurrengo asteazkenean kuarta tenporaren lehenengo eguna. Beraz hilaren 17a, 19a eta 20a udazkeneko tenpora egunak. Erreparatu egin beharko ea zer martxa erakusten diguten. Hilaren 22an arratsaldeko seiak laurden gutxitan sartuko gara udazkenean. Irailaren 22an eguna eta gaua luzapen berdinean egoten dira eta hilaren azkenerako 11ordu eta 48 minutu egunak. Gauak berriz 12 ordu eta 12 minutu. Hor dagoeneko egunak eman dizkio 12 minutu gauari, beraz eguna mozten eta gaua luzatzen. Horrek tristura antza sortu ohi du batez ere eguraldia goibeltzen doan einean. Baina horrelaxe da mundu honen martxa eta hori izan dadila okerrik handiena. Aisa moldatuko gara udazkenarekin ere. Urtaroen gora behera horrek garrantzi handia du eguraldiarengan. Naturaren mugimenduan ere bai galanta. Landareen dinamikak ere horretara egokituak daude eta ia denak edo gehienak dute zerikusia gauza horrekin. Neguan atseden hartu eta udaberrian mugitu edo berpiztu. Munduko toki guztietan ez da berdina izaten aldarte hori eta garai berdinean ere ez. Ba omen dira lekuak oso gutxi antzematen zaienak udara izan edo negua izan. Hemen Euskal Herrian asko aldatzen dira gauzak. Urtaroen asunto hori mundua eta eguzkiaren arteko konbinazioan datza. Eta matematikoki zaintzen dut martxa hori. Baina hor hain txintxo ibiltzen ez dena eguraldia da. Bistan dago eragin itzela duela urtaroen martxa horrek eguraldiarengan ere baina hau ez da beste katxarro horiek bezain formal ibiltzen. Batzuetan non dagoen ere ahaztu egiten zaiola uste dut. Hala ere abuztuan ez du elurrik egiten eta urtarrilean bero handirik ere ez. Ez dago gizonaren esku gora behera horiek aldatzea. Egiten duenarekin konformatu behar. Baina baditugu hainbat medio modu egokiagoan moldatzeko. Askotan eguraldiak izan ditzakeen aldarte horiek gutxiegi edukitzen dira kontuan. Zenbat oker gertatzen diren gure erruz ere. Ezin bestean dezente harrapatuko gaitu agian baina ez gara behar bezala saiatzen galera horiek murrizten. Gerrarako bai sekulako preparatiboak baina hurakanak edo zurrunbilo bortitz horietatik babesteko ez hainbeste. Munduko animaliarik txatxuenak omen gara izan ere. Eta niri lekua agortu zait orain ere eta goiko notiziak hurrengo baterako utzi beharko. Ondo segi irakurle guztiok udazkenaz gozatzen.
0 comentarios