LEHENGO LEPOTIK BURUA EGURALDI TXOTXOLO HONEK
Burua non duen jakingo bagenu sikiera. Galdu samarra ote daukan dirudi. Ekaina zeharo eskasa egin digu Euskal Herriaren ipar partean behintzat. Hegoaldean pixka bat hobeto. Baina udaberri eskasa eta udarak ere oraindik ez du asko demostratu eguraldi onak egitea tokatzen zaionik. Joera kaskar horrekin jarraitzeko asmoa ote dauka ba! Aurrekoan esaten genuen joerak mantendu ohi dituela eguraldiak. Alegia hasten den eran jarraitzen duela bolada batean. Baina oraingoan bolada oso luzea doa alajaina. Eguraldiaz pentsatzerakoan goialdearekin akordatzen gara. Hor goitik maneiatzen ote den eguraldiaren martxa iruditzen zaigu. Alegia burua goialde horretan ote dauka bada. Eskailerak nondik dauden jakingo banu probatuko nuke igotzen. Eta saiatuko nintzateke joera petral hauek aldarazten. Gustora igoko nintzateke baina berriz bueltatzekotan. Hala ere ibili naiz usmatzen ea goragotik zer tankera hartzen ote zaion eguraldiari. Jakina neu igo gabe. Satelite eta beste hainbat tresnekin ederki asko ikusita daukate bai mundu xahar honen azalera. Eta hor goitik begiratuta garbi ikusten da beheko kontuak direla eguraldiaren gora behera hauek. Hogei kilometroz beheko mugimenduak dira eguraldiari dagozkionak. Lehenengo bost mila metrotan aurkitzen dira eguraldiaren saltsa gehienak. Beraz hor goitik maneiatzeko asmoz alperrik joango ginateke haruntza. Ilargiaren eta eguzkiaren eraginak ere oraindik ez dituzte ziurtatu. Zer edo zer ba ote duten susmoak ba omen dituzte baina gauza konkreturik ez oraindik. Dena dela itxaropena ezin galduko dugu eta aurten uda ondo portatuko delakoan nago. Beti jarri ohi zaio arreta berezia san Ferminetatik San Bartolome bitarteko tarte horri. Urtaro txiki bat bailitzan. Udararen muina agian. Berotzar galantak eta euri gutxiko bolada izan ohi da hori. Gariak jaso eta arbiak erein. Ezaguna da Santio Santanatako euriaz esan ohi dena. Itsas portuan itsasontzi dotore bati begira omen zegoen baserritarra txundituta gauza harrigarri hura ikusita. Ilea hartzeko intentzioz kapitainak galdetu omen zion ea zenbat balio ote zuen barku hark. Eta baserritarrak erantzun omen zion Santio Santanatako urase batek adina ezetz. Premi galanta sumatu zuen alajaina baserritar hark. Aurten oraindik behintzat ez daukagu horrelako konturik. Ea kopraixetarako beroz asetzen garen. Hori ere tamainan hobe izango da bai. Sua eta ura belaunetik behera esan ohi da. Goiko iturri hori itxiko balu pixka bat sikiera. Eta lainoak paretik kentzea ere komeniko litzateke. Eguzkiak ere ez du gaizki ematen zeru urdinean. Oraingoz estimatuko genuke denbora pixka bat gehiago egingo baluke gurekin. Gehiago gabe bukatu egingo dut oraingoan eta goialde horretan ibili naizenez hurrengorako ekarriko ditut bitxikeri batzuk eguratsa edo atmosferaz eta inguruko astroaz. Bitartean ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.
0 comentarios