Blogia

joxelanda

 

 

TXARRALDI BATEN KRONIKA (07-04-01)

Neguaren zaplaztekoa aipatzen genuen aurrekoan eta egia esan dezentekoa izan dela esango nuke nik. Ederki aztoratuta ibili zaizkigu eguraldiaren hainbat elementu. Martxoaren 18-an etorri zitzaigun iparraldetik eraso bortitza. Elurra, haizea eta trumoia izan dira gehien nabarmendu direnak. Baina bota duen litro kopurua ere ez da nola nahikoa izan. Ederki ase ditu bai bazterrak. Urtegiak bete eta gainezka. Gainera elur erreserba galanta mendietan. Auskalo zenbat tonelada dagoen mendi altu horietan. Behar omen genuen eta bai etorri ere. Puzka baterako ur hornidura bermatua daukagu eta lurrak ere udaberriko mugimenduarentzat nahiko hezetasunekin. Epela etorri orduko hasiko da suspertzen kanpoa. Baina sentidu horretan aurtengo udaberria ez omen da oso goiztiarra esaten dute. Izan ere aipatu dugun eraso horrek luze iraun du eta egun hauetan bukatuko da. Hamabost egun hauetan kanpoa elkortu eta zapuztu egin du. Aurtengo negua ez da txarra izan kanpoarentzat, izotz eta tenperatura baxuak ez dira egon batez beste. Epel bolada nabarmenik ez baina kanpoa izorratzeko moduko aldrebeskeriarik ere ez. Hala ere azkeneko txarraldi hau nahikoa arraroa izan da meteorologiako hainbat puntutik begiratuta. Begiratu xinple batera ere zakarkeri arraroak eta mapetako borraska eta isobaren jita berriz guztiz ez ohizkoa izan da. Normalean iparretik hegoalderantz jaisten diren depresioak Mediterraneoan kokatu ohi dira azkenean baina oraingoan Penintsularen erdialdean gelditu eta hortxe iraun dute egunetan. Gainera garbi sumatzen zen altuetan hotzguneak mantentzen zirela. Horrek trumoitarako joera sortzen du. Lehenbizi hemen kostaldean sekulako danbarradak eta gero penintsula guztian jarraitu du trumoi giro horrek. Joera arraro horrek zer ekarriko ote digu? Esan ohi zuten martxoko trumoiak udaberri trumoitsua eragiten duela. Modu onean izanez gero ez da txarra trumoizko zaparradak izatea udaberrian.

Kontuak kontu orain onaldia datorkigu eta kanpoaren atzerapena konponduko duela iruditzen zait. Kukuaren kantuak ez dira oraindik ozenak baina Pazkoetako eguraldi ederrekin mugituko da bai. Ea San Markos-etarako txar kontuak ahaztuak ditugun. Abril aguas mil. Aurten ez hainbeste, lehen asko bota du eta.

Lehen edo aintzinan jorraila deitzen zitzaion apirilari. Garia eta garagarra jorratzeko garaia alegia. Orain ere premia hori izango dute nonbaiten baina hemen ez behintzat. Gizarteak badaukala uste dut jorratu on baten premia. Ez dakit gero eta belar txar gehiago ez ote dagoen gizartea deitzen diogun baratze honetan. Ez dakit nondik hasi beharko genukeen, soroaren barrenetik edo soroaren goienetik. Dena dela kontuz hasi beharko dugu bestela belarra jorratuta artoa sasira. Eta gero eta okerrago gure baratzea. Edozein moduz ere udaberrian gaudenez poztu gaitezen urtaro alaia dugu eta.

Ea lorailerako beste ihardunalditxo bat egiten dugun. Agur bero bat irakurle guztioi.                       

                                                       

 

07-02-25  

UDABERRIAREN ATARIAN

 

Otsail beldurgarri hau ere aisa igaro dugu eta udaberriari begira jarriak gaude jadanik. Oraindik egun batzuk falta zaizkigu negua bukatzeko baina badirudi gainditu dugula aurtengoa ere. Otsaila hil motza baina petrala. Kuadrilako txikiena baina agian gaiztoena. Bataz beste horrela izango da baina aurtengoa ondo portatu dela esango nuke nik. Egia esan ez du negu itxura handirik erakutsi eguraldiaren aldetik behintzat. Ari dela ari dela euria dezente ari da botatzen. Elurraren urak eta harrezkero bota dituenekin ur putzuetako galerak konpondu samarrak egongo direla uste dut. Kostata baina azkenean ikasi ere egin du euria egiten. Agian aterraldi motzak baina egin duena oso modu onean izanda. Tenperatura berriz hotzik ez baina beroegi ere ez. Nik uste dut orain bale garela. Oraindik egun dezente falta dira negua bukatzeko egutegiari dagokionez behintzat. Eguraldiak ez du justu-justu errespetatzen egutegiaren ordena hori baina orokorki urtaroek badute nolabaiteko dinamika eguraldiaren joerak markatzeko. Uztailean ez du elurrik egiten eta Urtarrilean bero handirik ere ez. Munduak eguzkiari biraka ibili behar horrek jartzen dituen gora beheratxoak dira horiek. Lehengoan esaten genuen bezala zentimetrorik ere aldatu gabe hor dabil zintzo asko astro handi horri men eginaz. Martxa horri eusten dion bitartean ez dut uste klima aldaketa larririk izango denik. Eta nik uste duk puska baterako kuerda badaukala oraindik. Hala ere gure eguratsa kaosa denez eguraldiak egingo ditu bere akziotxoak gero ere, bere markak gaindituz. Aspaldi honetan hego sartaldetik datozkigu haize eta hodeiak. Badirudi joera hori mantenduko dela oraindik puzka batean. Balantza txiki batzuk mendebalderantz frontetxo batzuen arabera eta gu gustura eguraldi mota honekin. Izan ere alde horretatik gutxitan sartu ohi da hotza eta hego ukitu horiek eguratseko hezetasuna gutxitu egin ohi dute eta gure kokapen geografikoari dagokionez oso ondo etortzen da hori. Hezetasun gehiegiaren kexa askotan jarri ohi dugu Euskal Herriaren kostaldean batik bat. Hala ere ez naiz zeharo pio martxoko eguraldiarekin. Oraindik beste zaplazteko txikiren bat emango ote digun neguak. Zer edo zer ikusten da martxoaren erdi alderako. Baina ez apuratu, kukuaren etorrera ere preparatu beharko du eta. Ama Birgina martxokotan Erromako zubian pasa. Eta hortik berehala izango dugu hemen. Ongi etorria izan dadila txori pozgarri hori. Beste gertakizuntxo batzuk ere badauzkagu hil honetan.

Aste honetan dauzkagu lehenengo koarta tenporak: Otsailaren-28-an (asteazkena). Martxoaren 2-an (ostirala) eta 3-an (larunbata). Auzter egunaren hurrengo astean izan ohi dira beti. Erreparatu egin beharko ditugu ea zer pista ematen diguten.  Sinismen pixka bat jarri ezkero agian asmatu ere bai.

Ilargiaren eklipsea ere badaukagu aste honetan bertan. Hemendik ikusteko moduan, oskarbi badago behintzat. Martxoaren 3-an hain zuzen. Larunbatean ilunduta laster has daiteke antzematen. Garbi samar egongo denez ederki asko ikus dezakegu.

Martxoaren 21-ean gauerdiko 1,07-an sartuko gara udaberrian. Hitz panpoxa eta pozgarria dugu hauxe ere.

Kontuz martxoko eguzki txuriarekin. Edo txoroarekin. Deskuidatzen bagara geu harrapatuko gaitu txuri eta ez gaitzala ximeldu. El sol de marzo pega con el mazo. Hala diote kastillanoek.

Ba hemen bukatuko dut nire ihardunalditxoa. Hurrengoan gehiago eta hobeto. Ondo pasa bitartean eta animo! txarrena igaro dugu eta. Agur bero bat irakurle guztioi.

2007-01-29

 

NEGUA AGERTU DA AZKENEAN

 

Txarraldi gogorra jasan dugu igaro den aste honetan. Asko komentatu da gauza hau, bai medioetan eta bai jende artean ere. Gehiegitzat jo dute batzuk hainbeste alarma eta hainbeste zer esan eguraldiaren txarraldi koxkor batengatik. Baina nik ere egin nahi nuke neurea, aspergarria izango bada ere. Egia da eguraldiaren zenbait elementu nahiko aztoratuta ibili direla. Dexente izan dira denera bota dituen litroak. Lehenengo euria galanki eta gero elurra mardul. Horrenbeste txingor ez dut uste aspaldian bota duenik. Tximistak eta trumoiak ere hiru gauetan ez dira badaezbadakoak izan. Ostegun goizeko haize ufadak ere ederki astindu zituen kostaldeak. Gero hotzaren maila markakoa ez baina bai pulamentuzkoa. Orain elurrak oso poliki urtuko direnez urtegiak betetzen joateko aproposa. Onaldi luzearen ondoren negua azaldu zaigu bere gordintasunean. Baina ez nago ados onaldi luze horretan epeltasun anormala egon denik. Bero gehiagoko neguak dezente ezagutu dituk nik. Bestalde hotzik handienetatik elurrak ederki asko babestu du lurra. Beraz, oraingoz negua ez doa hain gaizki. Elementu demonio horiek pixka bat hobeto kontrolatu izan balitu hor nonbait. Baina trakeskeri horiek asko molestatzen dute jendea. Ibili behar handia dago orain eta elurra traba ikaragarria da horretarako. Sua eta ura belaunetik behera eta elurra berriz etxaburutik gora esan ohi zuen gure aitak. Elurrak ateak itxi zioen berriz gure amak. Baina hala ere ez geneukan kuido handirik denbora dezentean aguantatzeko ere. Sarale eta abar ganadu jana nahikoa puzka baterako eta arto irina lortu ezkero urdai azpikoa eta taloa eta esnea alimentu bikainak pertsonentzako. Babarruna txerrikiekin. Arraultzak eta oilo zahar gizenekin salda eta okela goxoa aukeran. Ez ginen ez goseak hilko berehala. Gaur gauzak konplikatuagoak jartzen dira. Adelantoak aurrerapena adina atraso ba omen duela zioen gure osabak. Hala ere ni aurrerapenen alde nago. Ondo erabiltzen asmatu behar. Hor dago gakoa.

San Sebastian hotza neguaren bihotza. Egun hori ez zen hain hotza izan baina hurbil genuen hotzaldi latza. Neguak bihotza hotza izaki nonbait.

Kandelario bero negua dugu gero. Kontxo! horrek ere asmatuko ote du ba. Bero samar iragarri bai dut nik egun horretarako. Edozein moduz ere neguaren kupoa bete gabe gelditzen da oraindik. Argi beraz esaera zaharrarekin. Giro ona etorri arte ez omen da txartuko eta gerra hasi arte ez omen dugu bakerik izango. Horrela zioen gure auzoko batek. Ederra atarramentua. Datorren aste hau behintzat ona izango dugu eta gero gerokoak. Beraz zaplazteko ederra hartu dugu baina animuak bidaltzen dizkizuet irakurle guztioi. Agur eta hurrengora arte.

URTE BERRI ON

07-01-01- URTARILA

 

ADIO URTE ZAHARRARI ETA ONGI ETORRIA URTE BERRIARI

 

Abiatu gara ttapa-ttapa urte berrian zehar, bikain pasatzeko asmoz. Nik behintzat horixe opa dizuet hau irakurtzen duzuten guztiori. Segi egiten dio mundu xahar honek bueltaka. Egunean buelta bat bere buruari eta urtean bat eguzkiari. Norbaitek eman izango zion kuerda eta hor jarraitzen du zintzo asko gira bira horietan. Zentimetro bat ere apenaz aldentzen den bere bidetik. Auskalo noiztik dabilen gainera atarramentu horretan. Milioika urte izango omen dira horrela dabilela. Edo agian milaka milioi. Zenbat buelta diren horiek ezin kalkulatu ere. Ardatza ona nonbait. Bitartean denbora pasa egiten da eta urteak ere bai. Pixkanaka zahartu egiten gara eta Txirritak zioena: urteak bizkarrean eta ezin utzi bazterrean. Baina ala ere urte berriak bizi poza ematen du. Naturari begira ohituta gaudenontzat negua ez da gustagarria baina laster jarri ohi gara udaberriari begira. Urte berrik udaberria abisatzen digu. Urta aroen joan etorri horrek markatzen du naturaren dinamika. Martxa interesantea benetan. Gurpil horrek sortzen digu ilusioa eta bizi poza ere. Naiz eta beti guk nahi genukeen bezain ondo portatu ez beti bilatuko dugu zer ezkertua. Urte aroen ez berdintasun horietan eguraldia dugu elementu inportanteenetakoa. Munduaren lur azalaren gaineko aire edo geruzak dituen osagaien mugimenduak sortzen du eguraldia. 20-bat kilometro lodiko airezko geruza horri atmosfera deitzen zaio. Ez da behin ere geldi egoten eta bere mugimendua ez da ibilera ordenatua. Espazioko astroek ordena finkatu batean mugitzen dira zintzo asko. Baina mundua inguratzen duen aire geruza honek ibilera erabat nahasia darabil. Fisikoek kaosa deitzen diote izaera horri. Airearen presioen ez berdintasunak sortzen ditu haizeak. Atmosferaren osagai horien mugimendua da hain zuzen haizea. Hotz beroa eta hezetasuna tartean sartzen direnean sortzen dira hodeiak edo lainoak. Eta horiek sendotzen doazen hainean jartzen da euri edo elur arriskua. Horrela ekaitzak eta beste hainbat elementu. Bere onetik ateratzen direnean kontuz.

Bukatu berria dugun igarotako urte hori ez dugu hain txarra izan eguraldiaren aldetik. Akats batzuk izan ditu bai. Adibidez lehor samarra esango nuke nik. Baina kanpoa berde mantentzeko haina hezetasun egon da toki gehienetan. Aparteko zakarkeriarik ere ez dugu sumatu. Haize dezenteak bai eta erauntzi potolo samarrak ere bai baina uda eta udazkena nahiko onak esango nuke nik. Oraindik ez dauzkat estatistikak eskura baina ez dirudi datu bihurriak izango direnik. Nik kalifikatu behar banu ontzat emango nuke.

Berriak ere ez dauka itxura txarrik oraingoz. Hotz pixka bat pasa dugu lehenago baino azken aldi honetan epeldu zaigu eguraldia. San Antonak arte behintzat epel antzean eta ateri samar egongo dela dirudi. San Sebastian hotza neguaren bihotza. Ea egia den. Sasoian sasoikoa esan ohi zuten gure aurrekoek. Oraindik ba dauka astia negua egiteko ere baina ez da komeni beranduegi etortzea. Eta ur falta nabaritzen denez bota dezala lasai baina modu onean.

Gaurkoz hementxe bukatu beharko. Hurrengoan gehiago eta hobeto. Ondo segi eta agur irakurle guztiori

                                         Joxe landa