08-01-15
URTE BERRIA URTE LUZEA
Abiatu gara 2008.urtean zehar. Ekin dio gure munduak eguzkiari beste buelta bat emateari. Nik uste dut aurreko urteetan adina denbora beharko duela aurten ere lan hori betetzen baina egutegia parez pare eramatearren egun bat gehiago daukagu kalendarioan. Otsail motzari egun bat gehiago jarri eta kito. 28koa 29an utzi. Horrela urteari 366 egun tokatuko zaizkio. Aurrekoan esaten genuen bezala mundua bere buruari bueltaka dabilen bitartean ematen dio eguzkiari buelta ilargia lagun duela. Baina buelta horiek ez dute justu koinziditzen bata bestearekin. Urte bakoitzean sei orduko akatsa eta lau urtetik behin egun bat gehitu eta konpondu samartuta geratzen da. Bisiestoa edo bisurtea deitzen zaio urte horri. Aurtengoa ain zuzen. Suerte onekoa izaten omen da gainera. Ea bada bikain portatzen zaigun urte kankailu hau. Eguraldiaren aldetik arraro samar hasi zaigu. Udazkenean hego haizerik ez eta urtarrilean bazterrak apurtu beharrean dabil. Udazkenean zuen horrek bere lekua baina tenporek agindu bezala haize sastar hori dugu nagusi. Horrelaxe jarraituko du gainera kandelarioak arte behintzat. Tartean kaskarralditxo batzuk bai negu usai pixka bat jarriz baina hil honetan elurra apenaz asko jaitsiko den. Hala ere otsaila ez da garai txarra negua egiteko. Gainera hortik gehiegi ez da komeni. Sansebastian hotza neguaren bihotza. Kandelario arkaitzak ura dario. Neguaren erdi inguruan daude biak ere eta udaberriari begira jartzeko garaia. Baina artean San Markosa urruti. Oraingoz haizeak haize nahiko ondo dihoakigu behintzat eta ezin kexatuko gara. Joan den urtea txepel samarra izan dugu. Euritik nahiko ondo baina epeletik edo berotik gaizki. Hotzetik ere nahikoa bai baina bataz besteko tenperatura oso behean gelditu zen kosta partean behintzat. Horregatik belarra nahiko ondo atera zen baina barazki eta frutak desastre. Lurrak ez zuen harrapatu behar zuen epeltasunik. Hegoaldeko joera gutxi izanarena da hori batik bat. Itsasaldetiko enbata laino eta laino itxu aspergarri horiek gutxi eta ipar haize petralak ere soberan ez. Azaroa eta abenduan euri gutxi eta izotza dezente. Oro har nahiko kale eman digu 2007.eko urte horrek. Ea aurten bisiestoari dagokion adinakoa izaten dugun. Zearo ona alegia. Orain urtarrila edo hilbeltzak zuririk gabe emango dio paso otsaila edo hil otsari. Baina kontuan izan dezala martxoa edo jorraila jorraketan hasteko garaia dela. Txukun antzean sartu gaitezen udaberrian. Ondo izan eta hurrengorarte. Agur.
0 comentarios