HASERRE NABIL EGURALDIAREKIN
Ez da ondo portatzen aspaldi honetan. Alde batetik garaiari dagokiona baino eguraldi kaskarragoak egiten ditu. Onaldi gutxi eta motzak. Oso txarrak ere asko ez baina egun eder eta berorik ere oso gutxi. Maiatzean artoa erein behar izan bagenu juxtu-juxtu ibili beharko ginen. Onalditxo bat izan genuen maiatzaren bigarren astean baina oro har nahiko eskas ibili zaigu naturaren martxarentzat klabea den hil hau. Zenbait fruta arbolek galdu egin dute martxa eta oso gutxi emango dute. Goizeko frutak behintzat ez dute ia bat ere emango. Belardietan belarra dezente atera da baina jasotzen komeriak. Hala ere ni ez nago giro eskasak egiten dituelako bakarrik haserre. Baizik eta agindutakoa betetzen ez duelako. Horrela ezin da asmatu zer egingo duen. Aldez aurretik azaltzen diren seinale eta arrastoei ez dio zintzo segitzen.
Ez dakit zer pasatzen zaion. Politikoei ikasi diela uste dut sistema hori. Asko agindu eta gutxi egin. Badute bai antza pixka bat eguraldiak eta politikak. Fisikoek esaten dute eguraldia kaosa omen dela eta nik uste dut politika ere nahiko kaosa badela. Biak izango dira beharrezkoak mundu honetan baina eguraldia ezin dezakegu maneiatu baina politika gure esku legoke. Maneiatu egingo da agian baina okerrerako. Eguraldia naturako fenomeno bat dugu eta politika berriz gizarteko fenomenoa. Gizartean elkarrekin ondo konpontzea izan behar luke politika baina askotan ez du ondo betetzen misio hori. Eguraldia beharrezkoa du naturak baina askotan ez da oso txukun ibiltzen. Zaila da eguraldiarekin negozioa egitea baina politikarekin egiten dute batzuk. Saltsa guztien perrexila dugu politika eta eguraldia berriz eguneroko aipagai nagusia. Batzutan pozten gaitu eguraldiak baina politikak gehienetan amorrarazi. Nik aukeran nahiago nuke politikarik gabe eguraldirik gabe baino. Baina kontuz politikoekin. Eguraldia kentzea nahiago lukete armak kentzea baino. Eta honezkero eguraldia suntsitzeko adina arma badute nonbaiten. Sarraskiak egiten ditu eguraldiak baina armak ere prest egongo dira horretarako. Armak militarren esku egongo dira baina ez dakit politikoak zeinen esku dauden. Eskerrak eguraldia ez dagoen ez militarren esku ezta politikoen esku ere. Baina kontuz honezkero saiatu dira hori lortzen. Eguraldiari ezin diezaiokegu asko eskatu. Horrek bere martxan jarraituko du. Ea hemendik aurrera zintzoago ibiltzen den bere programak betetzen eta egin dezala eguraldi ona lasai. Politikoei eska diezaiekegu gauzak ondo egiteko eta exijitu ere bai. Ez dakit zergatik pasa naizen eguraldi kontuetatik politikoetara. Agian biak izaten direlako hizpide.
Behin baserritar bat seko haserretu omen zen eguraldiarekin edo bere egilearekin. Erauntsi gogor haiekin kosetxa denak suntsitu eta gelditzeko konturik ez eta atarira atera eta hala egin omen zion deiadar maldizio itsusi bat aurretik botata: etorri adi hona potrorik baduk. Eta une berean zirt zart tximist orratzak aldameneko urki arbola erabat kiskalita utzi. Eta gizona beldurturik, joño hau gauza serioa duk eta buztana hanka artean zuela erretiratu omen zen umil asko gure gizon harroa.
Nik ere horixe egin beharko dut tximistak harrapatu baino lehen. Eta bukatu egingo dut gaurko ihardunalditxo hau. Agintzen dizuet hemendik aurrera ere saiatuko naizela eguraldiaren iragarpenekin zintzo asmatzen. Eta ziur nago Ekaina ondo portatuko zaigula. Hilaren 21-an arratsaldeko zortziretan hasiko zaigu udara. Urteko egunik luzeena hilaren 22-an. Eguzkia mundutik urrutien egongo den unea hilaren 7-an goizeko ordu-bietan. Agur bero bat guztiontzat.
0 comentarios