09-12-15
SALUDOTXO BAT ABENDUARI ERE
Abendua: neguaren sarrerako ateetan eta gaua luzatzeari utzi. Bide batez eguna luzatzen hasi. Urteberri eroak ere igarri. Eguna luzatzen hasi ote den alegia. Munduak eguzkiari bira emateko denbora hori hamabi zatitan banandu zuten noiz baiten eta abendua dugu azkenekoa zerrenda horretan. Igaro ditugu jadanik banaka-banaka urte guztiko hilak eta hemen gaude azkeneko honi begira edo beronekin bizitzen.
Hamabigarrena izate horrek ez dakit zenbaki garaiena izateak xaharrena izatea suposatzen duen edo azkenekoa izatean gazteena izatea den. Edozelan ere urtea bukatzeak beti ematen du tristezia apur bat. Bizitza amaitzeak bezala baina hau ez da amaiera, baizik eta naturaren geldi alditxo bat besterik ez. Urtearen gaua hain zuzen. Lotazila. Hazia erein genuen azaroan eta orain lotara. Tristura eta beldur pixka bat ere ematen digu neguak. Baina animo! udaberria datorkigu eta. Natura esnatu eta berpiztu egingo da. Bitartean etxeetako babesa eta sukaldeetako goxotasuna gehiago estimatuko dugu.
Gauza xelebrea da, zuhaitzak eta beste hainbat landarek bere orriak bota eta biluztu egiten direla negurako. Guk berriz jantzi eta babes gehiago behar dugu urte sasoi honetan. Animali asko ere gorde edo ezkutatu egiten dira negurako. Baina ikusiko dugu nola udaberrian arbolak hosto berriekin eta animaliak bizi poz berriarekin azalduko diren. Kukua testigu.
Baina abenduarekin ari ginenez, eman diezaiogun errepasotxo bat berari. Aipatzeko moduko gauza asko ditu abenduak. Santa Barbara, Amabirjina Sortzez garbiaren eguna, Santa Luzia, Santo Tomas, Gabon eta Eguberri eguna eta urte zaharraren eguna. Tartean beste egun ospetsuak ere asko. Beraz, eguna motza eta eguraldi tristea baina jai giroan igaro ohi da abendua.
Gainera aurten bertso jaialdi mundiala ere tokatu zaigu. Gustatu zait bertso kontu horrek maila hori harrapatu izana. Ofizio edo afizio esan zuen bertsolariak baina nik sentsazio eta emozioa ere nabaritu nituen. Bihotza eta arima/esaeraren errima/euskararentzat kilima /behar genuke mima. Hil honetan dauzkagu kuarta tenporak ere (16-an 17-an eta 19-an). Ea zer abisatzen diguten.
Hilaren 21-ean arratsaldeko seiak laurden gutxitan neguan sartuko gara. Lotaziletik hilbeltzera baina elementu zuri horrek ematen digu beldurrik gehien. Izan ere elurra dugu hemen fenomenorik txarrena. Ibili beharra ugaldu zaigu galanki eta gomazko erruberak gutxi kateatzen dira elurrarekin. Garai bateko gurpil zorrotz haiek ez ziren labaintzen, baina haiek dorpeak ziren eta baztertu egin genituen. Eta orain komeriak. Etxe aldetik ibili beharko. Elurrak ateak itxi eta barru giro esan ohi zuen lehen. Atarian elurra, eman suari egurra. Bada ez bada ere denetik eduki behar etxe aldean gordeta. Ator mutil etxera gaztaina zimelak jatera.
Elurte koskor bat ere jasan dugu egun hauetan. Ipar haize hotzaren erasotxo batek elur lapatsa utzi digu itsas ertzeraino. Petral alditxoa haize zital horrekin baina ez da izan grabea eta ez dut uste aurrerantzerako tonikarik markatu digunik.
Berriro ere poliki-poliki epeltze aldera egingo du udazken itxura hartuz. Hego haize golpe batzuk eta euri zarrastak. Horrela bikain bukatuko dugu urtea. Ea animoso sartzen garen sigloaren hamar garrenera. Besarkada bat abenduari eta kaixo urtarrilari. Elurra gorde ezak hor goiko ganbaran eta gu moldatuko gaituk hemen hori gabe ere.
Abendua ez dugu izan hain txarra. Zaplaztekotxo hau gora behera nahiko ondo doakigula uste dut hil hau. Ez da komeni, hain zuzen, epelegia ere. Abenduan sagar lorea ikusi baino artaldean otsoa ikusi hobe, esan ohi zuten lehengo zaharrak. Betozko beltza ekarriko digu urtarrilak baina esan bezala zuri gutxi eta izotzik ez hobe. Agur urte zaharrari eta ongi etorri berriari. Gabon eguberri zoriontsuak eta urteberri oparoa desira dizuet irakurle guztioi. Ondo pasa eta hurrengora arte. Agur.
0 comentarios