Blogia
joxelanda

 

UDAZKENA

 

Udararen azkena edo uda izenarekin hasten diren urtaroetan azkenekoa. Honek zer esan nahi du? Alegia udazkenak ere dezente duela udatik, eguraldiaren aldetik behintzat. Baina azkenerako negu usaia hartu ohi du. Urtaro honetan asko aldatu ohi da eguraldiaren panorama, baita naturaren itxura ere. Lehen partean udatik dezente eta azken aldera neguaren zantzuak. < Urriko ilberrin elurra Aizkorrin > Hemen amaitzen da udaren zikloa.

 

Udaberria natura mugitzen hasten denetik eta udazkena natura lotan jartzen deneraino. Baserrietan nekazaritza landu eta hortatik bizitzen ziren garai haietan. Martxoan hasi ohi ziren ganadu jatekoa zoro edo belardietatik ekartzen. Pagotxa izaten zen lehenengoetakoa eta gustura jan ohi zuten ikuiluko abereek. Oso janari ona zen hiru orriko landara mardul hura. Esnea ugaldu ohi zitzaien behiei. Hala ere berdearekin bakarrik ezin ondo mantendu eta honela zioen esaera zaharrak “txintxarria bete lasto eskatu zuela larre behiak San Markos-etan” (Apirilak 25). Horrela zoroak landu, haziak erein eta uztak jasotzen jardun ohi zen baserritarra udaberri eta udan. Artoa eta babarrunak erein eta garia irabazian ikusi. Belardietan belar biguna nahikoa tresabi edo itxuta aurrera ekartzeko. Hori izaten zen udaberriko atarramendua. Udaran berriz, garia jaso eta arbia erein. Artoa jorratu ere bai eta negurako belarra gorde.

 

Baina orain udazkenean gaude eta horretaz mintzatu behar dugu. Irailaren 22-an gaueko hamarrak eta 44 minutuan sartu ginen udazkenaren esparruan. Eta Abenduaren 21-an arratsaldeko zazpiak eta hamaikagarren minutuan bukatuko da. Beraz, 89 egun eta hogei ordu izango ditu udazkenak.

 

Udazkenaren hasieran  egunak eta gauak luzapen berdina izan ohi dute: aurrerantzean egunak mozten eta gauak luzatzen joango dira. Urriaren 27-an ordu aldaketa gertatuko da: goizeko hiruretan ordu bietara atzeratu beharko dugu ordularia: beraz, 25 orduko eguna izango da egun hori. Baina hau gizakiok asmatutako trikimailua da. Beste horiek guztiak mundua eta astroen mugimenduari dagozkien gora beherak dira.

 

Naturaren zikloak eta eguraldiak ere badituzte urtaroen araberako berezko berezitasunak: uztak jaso eta negu beltza igarotzeko prestatzen hasi behar. Naturaren martxa baretu egiten da, lo zorroan jarriko balitz bezala. Zuhaitzek hostoak botatzen dituzte, paisaia dotore margotuz: hostoak orbel bihurtu eta haizearen jostailu gerta ohi dira. Hegaztien kantuak ere nabarmen moteltzen dira, bakoitzak beren gordelekuak aurkitu nahian. Hegazti migratzaileek berriz, iparraldetik hegoaldera bidaiatzen dute, sinestezineko hegadak emanaz leku epelagoen bila. Amaitzear dago naturaren bizi mugimendua. Eguna moztu eta gaua luzatzen doa: apur bat tristetu ere egiten gaitu horrek.

 

Ezin ukatu guzti honek baduela bere eragina eguraldiarengan. Gauak hezetasuna eta freskura sortzen du eta eguzkiaren presentzia murriztu: horrela behe-lainoak sortzeko joera areagotu egiten da: baita goizeko ihintzak ugaldu ere. Udazkenean atmosferaren presioak ere aldarte gehiago ibili ohi du, haize boladak eta fronteak ugalduz.

 

Beste fenomeno bitxi bat ere gertatu ohi da: udan bi solairukoa bailitzan funtzionatzen du eguraldiak: behe aldekoak eta goikoak, bakoitzak bere gisa garatzen ditu eguraldiaren fenomeno garrantzizkoenak. Udan goi mailako geruzetan ekaitz tankerako garapenak gauzatzen dira sarri, baina beheko eta goiko horiek guztiak sarriago elkartzen dira udazkenean. Gainera fenomeno atmosferikoak sorrarazten dituzten elementuak askoz baldarrago mugitu ohi dira gure lurralde honetan behintzat. Beste hainbat berezitasun ere baditu eguraldiak urtaro honetan. Borrasken ibilerak gehiago harrapatzen gaitu: hego haize bolada bortitzak eta mendebalaren eraso traketsak bete-betean harrapatu ohi gaituzte sarritan. Egun politak tarteka bai baina iraupen gutxiagokoak. Hala ere izan ohi dira bai udazkenean zehar giro xarmagarriak ere.  

 

Baina egunak pasa ahala dena jarri ohi da tristeago eta itsusiago, eguzkia ihes balihoa bezala. Negua ate joka eta bizi martxa aldatu egin behar, jantziak eta etxe barruak horretara egokituz: izan ere udazkenaren azken parteak negutik ere dezente izan ohi du. Natura lotan eta gizakiok eta animaliak negu beltzaren beldur; agian elurrak bisitatxoren bat egingo digu neguan sartu aurretik. < Santa Luzia eguna motza eta goizean izotza >. Eta mendi gailurretan elurra ere bai. Udazkena askotan amaitu ohi da negu giroan, baina mundu xahar hau bueltaka dabilen bitartean konponduko gara bai. Udazkena ondo hasi zaigu behintzat eta ea horrelaxe jarraitzen duen.

 

Oraingoz honetan utziko dut. Ongi izan zaiteztela eta hurrengora arte.

 

 

0 comentarios