Se muestran los artículos pertenecientes a Marzo de 2016.
TXANTXANGORRIAREKIN HIZKETAN
Gaur goizean atera naiz etxetik eta txantxangorria ikusi dut etxeburuko belardian. Pauso txikiak emanaz burua bizkor mugitzen zuen, mokoarekin golpeak botaz. Janari bila zebilela zirudien. Neguaren erdian gaude baina eguraldi ona egiten zuen. Apur bat gorantz joan naiz eta kasu egin diot berari. Kaixo txantxangorri. Gaur goiz jaiki zera alajaina. Zer moduz zabiltza ba?
Bai eguzkia baino lehenago jaiki naiz eta bi txitxare txiki jan ditut jadanik. Izan ere neguaren erdian gaude baina eguraldi ederrak egiten ditu eta gu poz-pozik gabiltza udaberria delakoan. Baina oraindik urruti samar dago hori eta kontuz ibili beharko dugu. Orain jolasera noa txepetxarengana. Kaskarin samarra da baina jolas lagun ona da niretzat. Gu, txantxangorriak eta txepetxak oso ongi konpontzen gara elkarrekin. Bakoitzak beretzat egiten dugun arren materiala garraiatzen elkarri laguntzen diogu. Hasita bait gaude udaberriko txori habiekin pentsatzen. Guk txepetxak baino habia handixeagoak behar ditugu, kukutzar makal horrek ere gure habian lagatzen bait ditu bere arraultzak kuku-txitak ateratzeko. Jaiotzen direnean jatekoa ere geuk ekarri behar izaten diegu txita kankailu horiei. Eta beren kantu mozolo horrekin ez dakit nola daukaten hainbesteko fama. Zozoek eta birigarroek ere amorru pixka bat ematen digute beren zalapartazko hegaldiekin eta txitxarerik onenak kentzen dizkigute. Baina horiek ere txoriak dira eta txoriak beharrezkoak gara mundu honetan. Izan ere alaitasuna jartzen dugu geure kantu politekin.
Eta ez al dizue beldurrik ematen elurrak? Bai horixe. Gu baserriko ganbarara joaten gara babes bila baina kontuz ibili behar dugu katuekin. Zai-zai egoten dira eta laster botatzen dituzte atzamarrak gu harrapatzeko. Deskuidatu ezkero akabo. Gureak egin du eta katuaren sabelera azkar asko. Hala ere baserrian katuengandik babesteko nahiko leku eta zer jana egoten da. Guk kanpoan nahiago dugu baina gaizki moldatzen gara elurrarekin. Batzuk izaten dugu babeslekuaren suerte hau baina beste askok nola edo hala konpondu behar.
Hegazti edo txori mota asko ditugu inguru hauetan baina agian txantxangorria dugu sinpatikoena eta maiteena. Ezagunena eta otzanena ere bai. Txepetxa eta kukua izango lituzke lagunenak. Zozoa, birigarroa eta beste asko ere oso ezagunak eta lagunak ere bai baina baldarragoak agian. Kantalari hobeak ere badira baina izuagoak gehienetan. Beste hegazti batzuk berriz depredadore eta erasotzaileak lirateke eta txantxangorria eta txepetxa beldur izaten dira horiekin. Zapalaitza edo putrea adibidez. Baina gora gure txantxangorri fina.
Txantxangorria txantxate,
birigarroa alkate,
txepetxa komediante,
zozoa kartzelan sartu dute.
URTAROEN ATARRAMENDUA
Aurreko idazkian txantxangorriarekin hizketan egon nitzenekoa jarri nuen eta han sumatzen zen txorientzako neguak ematen duen tristura eta larritasuna. Baina bizidun guztiak jasan beharrekoa da hori.
Urtaroetan apartekoa da neguaren petralkeria eta berezitasun hori. Hain zuzen lau urtaroetatik hiru uda hitzarekin hasten dira: Udaberria, udara eta udazkena. Beraz, negua dugu urtaroetan berezitasun gehiena duena. Naturak erabateko geldialdia egiten du zuhaitzak eta sastrakak biluzik geratuz. Eta biluzten ez direnak ere hostoen aldaketa berdin egiten dute negu garaian.
Animaliak eta xomorroak ere ezkutatu egiten dira, hiltzen ez direnak behintzat. Munduaren mugimenduak eragiten duen efektua izaten da hau. Izan ere eguzkia dugu hemen ezinbesteko bonbila eta berogarria. Bizia mantentzeko ezinbestekoa. Baina mundu honek bi bira edo mugimendu mota darabiltza etengabe eta txintxo betetzen du gainera eginkizun hori. Bat bere buruari buelta bat egunean eta bestea urtean buelta bat eguzkiari. Baina bira horiek ez dira zeharo biribilak eta pare-parekoak. Beti berdin eta txintxo bai. Milioika urteetan zentimetro edo minutu bat ere aldatu gabe.
Eguzkiari ematen dion buelta luzexka antzekoa da eta bere buruari ematen diona berriz albaka antzekoa. Horrek ez du esan nahi baldar eta noraezean dabiltzanik baizik eta unibertsoaren antolaketan horrelaxe geratu zitzaizkiela beren mugimenduak. Dena dela lurra edo mundua deitzen diogun baloitxo honi atmosfera deitzen diogun geruzatxoa jarri zitzaion eta horri esker bizia mantentzen da lurrazal honetan.
Mota askotako bizidunak eta horien artean gizakiak gaude. Espezie bakoitzak bere dinamika dauka baina guztiak jaio edo sortu egiten dira eta hil edo bukatu. Bizi iraupena oso ezberdina baina biziaren transmisioa harra eta emearen jokoan datza ia beti. Horrelaxe mantentzen da natura edo naturaleza deitzen diogun munduaren azaleran daukagun bizi toki hau.
Hainbeste espezieren artean gizakiak gaude berton. Intelijentzia dugun bakarrak baina ez gara oso txintxoak. Ez natura zaintzen eta ezta geu elkarren artean konpontzen ere. Gizartearen atarramendua ikusita gezurra dirudi izaki intelijenteak garela. Zazpi mila milioi ba omen gara jadanik gizakiok munduan eta auskalo noiztikako espeziea garen. Hemen eta oraindik ez dugu ikasi geure artean ongi konpontzen. Adibidez tigreak eta lehoiak ongi konpontzen dira beren baitan nahiz eta beste animaliei eraso. Baina gizakiok premisa hori ez dugu ongi betetzen. Matxismoa deitzen zaion gizonkeria hori ere asko nabarmentzen da gizarte honetan. Hurrengo batean horretaz idaztea nahiko nuke artikulutxo bat. Ea zer ateratzen zaidan. Oraingoan hemen bukatuko dut eta agur guztioi. Ongi bizi.
TXORIZO MUTURREN IPUINA
Bi txorizo mutur agertzen ziren bazkaltzerakoan. Bat Ekainen platerean eta bestea Enaitzen platerean. Potxolo-potxoloak eta eleganteak. Ekainenak Bikain zuen izena eta Enaitzenak Banaiz. Goiko aldea borobila zuten. Buruaren antzekoa. Suhatzaren itxura ere bazuten baina kolore gorrixta eta azal leunarekin sekulako itxura polita zeukaten.
Jateko gogoa ematen zuten eta horretarako ziren gainera. Kontxo, hau duk hau komeria. Jende guztia beraiei begira jartzen zen alajaina. Bikain Ekainek jan behar zuen eta Banaiz berriz Enaitzek. Ondo maneiatzeko tenedorea jarri behar zitzaien tente goiko puntan eta tenedorearen tartetik kutxiloarekin ebaki beheraino. Eta tenedorea beste aldera jarri eta beste ebaki bat tartetik behera. Horrela lau puzka luzexkak ahora eramateko prest.
Tenedoreak egin behar zuen eskabadoraren lana. Txorizo puzka hartu eta Ekain edo Enaitzen ahora eraman. Hor errota zegoen eta ahoa martxan jarriz txiki- txiki egin eta txistuarekin nahastuz irentsi egingo zituzten. Jan deitzen zaio lan horri. Eta tunel luze batetan aurrera urdailera joaten ziren.
Ekain eta Enaitz gustora gehiago jateko gogoarekin. Aitaitak ayo pelayo eta amamak hi bai gozoa, eta hi. Joxek berriz berak hiru behar zituela. Baina ez omen zitzaion komeni horrelakorik eta serio geratu zen. Estomagoan sustantzi onak apartatu eta zainetara bidali zituzten odol bihurturik gorputz guztia elikatzeko. Estomagoan sobratu ziren alferrikako zaborrak heste lodian behera joan ziren nik dakidan lekutik irteteko. Ez noa esatera irteterakoan nola zuen izena zabor horrek.
Komeri polita hauxe eta errepikatu dadila. Gora Ekain eta Enaitz eta gora txorizoak. Auuupa