Se muestran los artículos pertenecientes a Julio de 2007.
NOIZ EGIN BEHAR DU BA UDARA ?
Berriro ere eguraldiaz hitzegin behar. Beti badu horrek hitz bidea ematen duen zerbait. Gehienetan kexatzeko izaten da gainera. Udaberria nolabaitekoa izan genuela eta orain berriz udararen itxurarik ez alajaina. Aurreko Ixixan esaten nuen San Ferminetan hasi ohi dela udara formalki baina nahikoa kaskar badabil egun hauetan ere. Gaur egun famoso horren biharamuna eta udara itxurarik ez eguraldiak. Baina iruditzen zait hurbil samar dugula eta aste honetan bertan gozatu ahal izango ditugula uda giro bikainak. Beroz ase eta eguzkia dastatzeko aukera ederra izango dugulakoan nago. Lainotzar hauek uxatu eta zeru urdinarekin alde ederreko panorama jarriko zaigu. Uztailaren erditik Abuztuaren erdira izan ohi da udararen muina. Hala ere kanpoari ez zaio komeni euririk gabeko beroaldi luzerik. Belarrarentzako adina euri egin du aspaldi honetan baina lurra nahiko lehorra dago eta euririk gabe berehala lehortuko litzake lurrazala ere. Uzta giro koxkorra eduki dugu aurten orain artekoan. Barazkiak eta frutak motz gelditu dira. Uztailerako uzta ez dakit zerekin. Lehen garia izaten zen uzta printzipala hil honetan. Orain garia beste lekuren batean beharko du. Hemen ereiten denarekin jai daukagu. Egunero ogia aipatzen genuen otoitzetan, orain hori ere oso gutxi. Hala ere ez dut uste ogi faltarik izango dugunik. Ogia nahikoa izatea ditxa zen lehen baina orain gehiegi jaten dugula uste dut. Beti badugu zeozeren desoreka. Eguraldia ibiltzen ote den narras antzean baina gu geuk ere badugu arrastoan sartzeko premia. Opor eta festa garaiak ez dira aproposak jan edanetan zintzo eta txukun ibiltzeko. San Ferminak orain, Karmenak berehala, Madalenak hurrengo, Santiagoak eta Santanak, San Inazio eta beste zenbait. A ze festa zaparrada hil onetan ere. Eta hila bukatu orduko kopraixei begira. Kontuak kontu giroa portatu dadila baina tarteka euri zaparrada formal batzuk ere bota ditzala. Berriro ere gogorarazi nahi dizuet esaldia: santio santanetako eurazeak munduko barkurik onenak baino gehiago balio ote zuen iruditu omen zitzaioan baserritar finari.
Txistetxo bat orain. Gizon bat sartu omen zen txori dendara lorito elebiduna ba ote zeukan galdetuz. Bi hizkuntzetan hitzegiten duena alegia. Dendariak hanka bakoitzean soka bana zuen bat erakutsi zion. Eskubiko sokatik tira ezkero euskaraz hitzegingo dizu, esan zion saltzaileak eta ezkerrekotik tiratzen badiozu katalanez. Aizu eta bietatik batera tiratzen badiot? galdetu zion bezeroak. Zozoa halakoa lurrera joango naiz mokoz aurrera erantzun zion loritoak.
Hauxe festa giroari aplikatzeko esaldi egokia. Festak ere tamainan alegia. Bi batera ez behintzat. Ea ba, txintxo ibili eta ondo izan. Agur bero bana guztioi.
ITZIAR ETA BERE EGURALDIA
Gutxitan egoten gara konforme hemen egiten duen eguraldiarekin. Baina ba ote dira beste tokiren batzuk askoz hobeagoak eguraldiari dagokionez? Hala batez beste munduko onenetakoa da hauxe. Edo alderantziz, nahiko leku eskasean bizi gera eguraldiari dagokionez. Nik esango nuke ez bata eta ez bestea. Agian izango dira bataz beste eguraldi hobea egiten duen parajerik, baina txarragoak ere asko. Agian ez da leku pribilegiatua baina alde onak ere asko ditu hemengo eguraldiak. Itsas ertzean kokatzen da Itziar baina bere eremuak barrurantz egiten duenez ez dago hainbeste itsasoari itsatsita. Gaskonia edo Bizkaiko golkoa deritzon itsas eremuak harrapatzen duen ertzaren erdian aurkitzen da Itziar. Itsas mutur horrek azpil baten forma hartzen du eta itsasoaren mugimenduek dezente baretuta harrapatzen gaituzte. Gainera Karibe aldean sortzen den itsas azpiko uren korrontea gure txoko honetan amaitzen omen da eta horrek hotz beroari oreka hobean mantentzen laguntzen omen dio. Gainera munduaren gerritik ipar poloaren tartean erdi aldean aurkitzen garenez zona templada deitzen zaion uztaigunean kokatzen da lurralde hau. Bi faktore horiek lortzen duten hotz beroan eta haize boladetan gora behera nabarmenik gabe mantentzen da hemengo giroa. Esan dugun eremu horretan Itziar oso leku onean dago eguraldiaren eragina jasaterakoan. Baina horretan badugu alderdi txarra ere. Itsasoko uraren epeltasun horrek eta haizearen baretasunak hezetasun handia sortzen du eta horregatik haizeak itsasaldetik jo orduko hemen azaltzen dira hain amorragarri zaizkigun enbata laino, laino itsu, lanbro laino edo laino maskalak noiz nahi zimiria, lanbro euria edo euri langarra botatzeko prest. Hortik aparte klimaren aldetik ez dugu alde txar nabarmenik sumatu ohi. Bataz beste euria tamaina samarrean urteetan zehar baina lainotzar amorragarriak gehiegi eta bide batez eguraldi garbi eta eguzkitsuak gutxiegi udaran ere. Probatzeko adina elur bai eta egun beroak ere banaka batzuk bai. Noizbehinka gertatzen dira hemen ere eraso baldarrak eguraldiaren aldetik. Eta tarteka bere markak hautsi ere bai. Trena Zumaian haizeak ibaira bota zueneko ufada hura bezalakorik ez da beste 500 urtetan gertatuko. Ezta 56.eko izoztea bezalakorik ere. Hala ere Itziar aldea baino paraje arriskutsuagoak asko izango dira munduan. Beraz gure klima ez da hain txarra ere. Bere umeltasun eta laino guztiekin ere ona dela esango nuke nik.
Lau tontor eta lau txoko bereiztu daitezke gure eremuan nahiz eta txikiagoak beste pila bat egon.
Lizarreta mendia 536 m.ko gailurrarekin, Otarreko punta 661 m.ko altuerarekin, Sesiarteko punta 759 m-ko gailurrarekin, eta Andutz 612 metrorekin.
Txoko edo behe puntu printzipalak ere lau direla esango nuke. Lastur, Ekain aldea, Arroa erreka eta Itsas ertza. Orografia trakets samarra hain zuzen. Ordeka eta lautada gutxi. Lurrazala hain ezberdina izateak badu klimarentzat zerikusia. Eremu guztia Kantauri isuri aldera dagoenez txoko horietara erraz zabaltzen dira enbata laino eta hainbat behe laino. Mendi maldetan berriz aisa itsatsi ohi dira mendebalak edo iparrak dakartzan laino baxu narrasak laino itsua sortu eta ikusmira galanki murriztuz.
Edozein moduz ere guk moldatu behar dugu eguraldiarekin eta ez espero guk nahi dugun eguraldia egin araztea. Hori ilargiari zaunkaz jardutea bezalaxe da. Pixkat saildu behar dugu aldaketak jasatera eta aldi berean geure buruari behar den babesa ziurtatu. Ez gehiegi kikildu eta ezta ausartegiak izan ere.
Zer eguraldi egingo duen aldez aurretik zertxobait jakiteak laguntzen du horretan. Beraz, nire iragarpenei kasu egin. Horregatik saiatzen gara buru belarri jendearentzat onuragarri izan dadin. Beti ez da ziur asmatzen baina askotan bai.
Ondo izan eta agur bero bana irakurle guztioi.