Se muestran los artículos pertenecientes a Octubre de 2013.
UDAZKENA
Udararen azkena edo uda izenarekin hasten diren urtaroetan azkenekoa. Honek zer esan nahi du? Alegia udazkenak ere dezente duela udatik, eguraldiaren aldetik behintzat. Baina azkenerako negu usaia hartu ohi du. Urtaro honetan asko aldatu ohi da eguraldiaren panorama, baita naturaren itxura ere. Lehen partean udatik dezente eta azken aldera neguaren zantzuak. < Urriko ilberrin elurra Aizkorrin > Hemen amaitzen da udaren zikloa.
Udaberria natura mugitzen hasten denetik eta udazkena natura lotan jartzen deneraino. Baserrietan nekazaritza landu eta hortatik bizitzen ziren garai haietan. Martxoan hasi ohi ziren ganadu jatekoa zoro edo belardietatik ekartzen. Pagotxa izaten zen lehenengoetakoa eta gustura jan ohi zuten ikuiluko abereek. Oso janari ona zen hiru orriko landara mardul hura. Esnea ugaldu ohi zitzaien behiei. Hala ere berdearekin bakarrik ezin ondo mantendu eta honela zioen esaera zaharrak “txintxarria bete lasto eskatu zuela larre behiak San Markos-etan” (Apirilak 25). Horrela zoroak landu, haziak erein eta uztak jasotzen jardun ohi zen baserritarra udaberri eta udan. Artoa eta babarrunak erein eta garia irabazian ikusi. Belardietan belar biguna nahikoa tresabi edo itxuta aurrera ekartzeko. Hori izaten zen udaberriko atarramendua. Udaran berriz, garia jaso eta arbia erein. Artoa jorratu ere bai eta negurako belarra gorde.
Baina orain udazkenean gaude eta horretaz mintzatu behar dugu. Irailaren 22-an gaueko hamarrak eta 44 minutuan sartu ginen udazkenaren esparruan. Eta Abenduaren 21-an arratsaldeko zazpiak eta hamaikagarren minutuan bukatuko da. Beraz, 89 egun eta hogei ordu izango ditu udazkenak.
Udazkenaren hasieran egunak eta gauak luzapen berdina izan ohi dute: aurrerantzean egunak mozten eta gauak luzatzen joango dira. Urriaren 27-an ordu aldaketa gertatuko da: goizeko hiruretan ordu bietara atzeratu beharko dugu ordularia: beraz, 25 orduko eguna izango da egun hori. Baina hau gizakiok asmatutako trikimailua da. Beste horiek guztiak mundua eta astroen mugimenduari dagozkien gora beherak dira.
Naturaren zikloak eta eguraldiak ere badituzte urtaroen araberako berezko berezitasunak: uztak jaso eta negu beltza igarotzeko prestatzen hasi behar. Naturaren martxa baretu egiten da, lo zorroan jarriko balitz bezala. Zuhaitzek hostoak botatzen dituzte, paisaia dotore margotuz: hostoak orbel bihurtu eta haizearen jostailu gerta ohi dira. Hegaztien kantuak ere nabarmen moteltzen dira, bakoitzak beren gordelekuak aurkitu nahian. Hegazti migratzaileek berriz, iparraldetik hegoaldera bidaiatzen dute, sinestezineko hegadak emanaz leku epelagoen bila. Amaitzear dago naturaren bizi mugimendua. Eguna moztu eta gaua luzatzen doa: apur bat tristetu ere egiten gaitu horrek.
Ezin ukatu guzti honek baduela bere eragina eguraldiarengan. Gauak hezetasuna eta freskura sortzen du eta eguzkiaren presentzia murriztu: horrela behe-lainoak sortzeko joera areagotu egiten da: baita goizeko ihintzak ugaldu ere. Udazkenean atmosferaren presioak ere aldarte gehiago ibili ohi du, haize boladak eta fronteak ugalduz.
Beste fenomeno bitxi bat ere gertatu ohi da: udan bi solairukoa bailitzan funtzionatzen du eguraldiak: behe aldekoak eta goikoak, bakoitzak bere gisa garatzen ditu eguraldiaren fenomeno garrantzizkoenak. Udan goi mailako geruzetan ekaitz tankerako garapenak gauzatzen dira sarri, baina beheko eta goiko horiek guztiak sarriago elkartzen dira udazkenean. Gainera fenomeno atmosferikoak sorrarazten dituzten elementuak askoz baldarrago mugitu ohi dira gure lurralde honetan behintzat. Beste hainbat berezitasun ere baditu eguraldiak urtaro honetan. Borrasken ibilerak gehiago harrapatzen gaitu: hego haize bolada bortitzak eta mendebalaren eraso traketsak bete-betean harrapatu ohi gaituzte sarritan. Egun politak tarteka bai baina iraupen gutxiagokoak. Hala ere izan ohi dira bai udazkenean zehar giro xarmagarriak ere.
Baina egunak pasa ahala dena jarri ohi da tristeago eta itsusiago, eguzkia ihes balihoa bezala. Negua ate joka eta bizi martxa aldatu egin behar, jantziak eta etxe barruak horretara egokituz: izan ere udazkenaren azken parteak negutik ere dezente izan ohi du. Natura lotan eta gizakiok eta animaliak negu beltzaren beldur; agian elurrak bisitatxoren bat egingo digu neguan sartu aurretik. < Santa Luzia eguna motza eta goizean izotza >. Eta mendi gailurretan elurra ere bai. Udazkena askotan amaitu ohi da negu giroan, baina mundu xahar hau bueltaka dabilen bitartean konponduko gara bai. Udazkena ondo hasi zaigu behintzat eta ea horrelaxe jarraitzen duen.
Oraingoz honetan utziko dut. Ongi izan zaiteztela eta hurrengora arte.
EGURALDIA NATURAREN PERTIKA
Asko aipatu ohi da eguraldia. Denok dakigu gutxi gora behera hori zer den. Gauza natural bat bezala ikusi izan dut nik beti. Gure bizitzarekin loturik dagoen zerbait. Oso premiazkoa gainera. Hainbat modutara gure gain eragina duena. Arnasten dugun bakoitzean eguraldia xurgatzen dugula esan daiteke. Eguraldia espektakuloa edo ikuskizuna. Eguraldia sumatu edo jasan. Zer daukagun eta zer etorriko zaigunaren kinka. Naturaren dinamika markatzen duena. Ez da gizakiok egiten duguna baina bai jasaten edo gozatzen duguna. Eguratsa edo atmosfera, eguraldia da edo hori da bere larre lekua. Hortik elikatzen da. Eta eguraldia dugu bizitzaren makulua. Ezin bestekoa gainera. Hori gabe ez liratekete landareak eta animaliak existituk. Beraz, naturaren zatirik garrantzitsuena dugu eguraldia.
Batzuetan animatu eta besteetan tristetu egiten gaitu. Uneoro geurekin daukagu nolabait. Horri bai esan diezaiokegula: “zu gabe zer egingo nuke nik!”. Eguraldia beti izan da aipagai baina orain askotan bihurtzen da notizi. Informazioetarako medioek ederki astintzen duten gaia da alajaina. Batzuetan gehiegi ere bai agian. Baina gai sanoa dela ere esan dezakegu. Hala ere nik nire baitan ez dut horrela sumatu inoiz ere. Gauza interesantea bai baina naturala iruditu izan zait eta ez aparteko albiste gaia egunerorako.
Hori bai, beti egin izan dut berarekin komentariotxo bat edo beste egunean zehar lagun bezala hartuta. “Kaixo eguraldi!” diodanean, trumoi konkor edo hodei gandorren batetik “kaixo Joxe!” erantzuten didala iruditzen zait. Baina betiko galdera geure buruari: Ze eguraldi egingo ote du gerora?. Gutxi edo gehiago, nola edo hala asmatu egin nahi. Sekulako garrantzia bait du askotan eta gutxi edo asko ia beti.
Lehen esan bezala eguraldiaren barnean bizi gara guztiok eta bere atzaparretan gauzka. Jan edo edan gabe bizi gintezke egun batzuetan baina arnastu gabe oso denbora gutxian iraungo genuke bizirik. Izan ere arnasten dugun aire horixe bera dugu eguraldia. Niretzako oso gauza sinpatikoa da baina ez nintzake eguraldi zaletu porrokatua izango. Izan ere horrela ez litzake ikusmira naturala izango. Baserrian edo kanpoan bizi denak errazago sentitzen du hurbiltasun hori. Nekazaritzan eta abeltzaintzan beti eduki izan da arreta handia eguraldiagan. Basogintzan ere bai. Eguraldi ona edo txarra, beti dauka zer ikusia bere konportamentuak. Garaian garaikoa komeni gainera.
Pozgarria suertatu ohi zaigu askotan baina nahigabea franko ere eman ohi digu bere elementuak aztoratzen direnean. Izan ere pertika hori ez dago gizakion esku eta ezin dugu guk maneiatu. Ez da pertika, heldu eta zuzen eramateko moduko tramankulua. Fisikoek diote eguraldia kaosa dela. Ez dauka mugimendu zehatzik baina derrigorrezko erregela batzuk errespetatzen ditu. Hara nola urtaroen efektu edo eragina eguraldi motak izan ohi dituzten aldarteetan. Udaran eta neguan ez darabil martxa berdina. Ez da astroak bezala matematikoki mugitzen. Eta nola halako ibilera horietan, baldarkeria dezenteak ere gauzatu izan ditu. Oker galantak egiteko adinakoa ere bai. Gu marmarrean edo gaizki esanka jardungo gara baina martxa bihurri hori ezin dugu zuzendu. Baina hainbat neurri edo erremedio hartu ahal genituzke babes gisa.
Beti dabil eguraldia sarraskiren bat egiten munduan zehar. Bere elementuak ez ditu ondo kontrolatzen baina guk gizakiok ezin diogu leziorik eman. Geu ere ez bait gara santu-santuak.
Txistetxo bat orain amaitzeko: “Baserriko mutila soldaduskara eraman zuten <la mili egitera>. Erdaraz gutxi zekien eta han zebilen nola edo hala moldatu ezinean. Halakoren batean kapitainak deitzen dio soldadu Antoniori lan bat zeukala berarentzat eta presentatzeko kapitainarengana. Etortzen da mutila kapitainarengana eta eskuarekin salutatuz esaten dio: tu dirás mi capitán. Eta honek dio: a mi no se me habla de tu, sino de usted. Coge un balde y traeme agua del grifo. -Si mi capitán, lo haré enseguida. Hala joan da iturrira eta bete du baldea urez. Eta abiatu da kuartelera. Derrepente ekaitza lehertu eta trumoiak eta tximistak bertan hasi ziren dantzan. Mutila beldurtu eta zalapartan abiatu da baldeka urarekin baina segituan ustu zitzaioan baldeka ura eta balde hutsarekin aurkeztu zen kapitainarengana. Orduan kapitainak dio: ¿que te ha pasado que traes el balde vacio?. Eta mutilak honela erantzuten dio: mi capitán, trumón bur-bur, tximist brist-brist, balde blist-blast y agua no traer.