Se muestran los artículos pertenecientes a Enero de 2007.
URTE BERRI ON
07-01-01- URTARILA
ADIO URTE ZAHARRARI ETA ONGI ETORRIA URTE BERRIARI
Abiatu gara ttapa-ttapa urte berrian zehar, bikain pasatzeko asmoz. Nik behintzat horixe opa dizuet hau irakurtzen duzuten guztiori. Segi egiten dio mundu xahar honek bueltaka. Egunean buelta bat bere buruari eta urtean bat eguzkiari. Norbaitek eman izango zion kuerda eta hor jarraitzen du zintzo asko gira bira horietan. Zentimetro bat ere apenaz aldentzen den bere bidetik. Auskalo noiztik dabilen gainera atarramentu horretan. Milioika urte izango omen dira horrela dabilela. Edo agian milaka milioi. Zenbat buelta diren horiek ezin kalkulatu ere. Ardatza ona nonbait. Bitartean denbora pasa egiten da eta urteak ere bai. Pixkanaka zahartu egiten gara eta Txirritak zioena: urteak bizkarrean eta ezin utzi bazterrean. Baina ala ere urte berriak bizi poza ematen du. Naturari begira ohituta gaudenontzat negua ez da gustagarria baina laster jarri ohi gara udaberriari begira. Urte berrik udaberria abisatzen digu. Urta aroen joan etorri horrek markatzen du naturaren dinamika. Martxa interesantea benetan. Gurpil horrek sortzen digu ilusioa eta bizi poza ere. Naiz eta beti guk nahi genukeen bezain ondo portatu ez beti bilatuko dugu zer ezkertua. Urte aroen ez berdintasun horietan eguraldia dugu elementu inportanteenetakoa. Munduaren lur azalaren gaineko aire edo geruzak dituen osagaien mugimenduak sortzen du eguraldia. 20-bat kilometro lodiko airezko geruza horri atmosfera deitzen zaio. Ez da behin ere geldi egoten eta bere mugimendua ez da ibilera ordenatua. Espazioko astroek ordena finkatu batean mugitzen dira zintzo asko. Baina mundua inguratzen duen aire geruza honek ibilera erabat nahasia darabil. Fisikoek kaosa deitzen diote izaera horri. Airearen presioen ez berdintasunak sortzen ditu haizeak. Atmosferaren osagai horien mugimendua da hain zuzen haizea. Hotz beroa eta hezetasuna tartean sartzen direnean sortzen dira hodeiak edo lainoak. Eta horiek sendotzen doazen hainean jartzen da euri edo elur arriskua. Horrela ekaitzak eta beste hainbat elementu. Bere onetik ateratzen direnean kontuz.
Bukatu berria dugun igarotako urte hori ez dugu hain txarra izan eguraldiaren aldetik. Akats batzuk izan ditu bai. Adibidez lehor samarra esango nuke nik. Baina kanpoa berde mantentzeko haina hezetasun egon da toki gehienetan. Aparteko zakarkeriarik ere ez dugu sumatu. Haize dezenteak bai eta erauntzi potolo samarrak ere bai baina uda eta udazkena nahiko onak esango nuke nik. Oraindik ez dauzkat estatistikak eskura baina ez dirudi datu bihurriak izango direnik. Nik kalifikatu behar banu ontzat emango nuke.
Berriak ere ez dauka itxura txarrik oraingoz. Hotz pixka bat pasa dugu lehenago baino azken aldi honetan epeldu zaigu eguraldia. San Antonak arte behintzat epel antzean eta ateri samar egongo dela dirudi. San Sebastian hotza neguaren bihotza. Ea egia den. Sasoian sasoikoa esan ohi zuten gure aurrekoek. Oraindik ba dauka astia negua egiteko ere baina ez da komeni beranduegi etortzea. Eta ur falta nabaritzen denez bota dezala lasai baina modu onean.
Gaurkoz hementxe bukatu beharko. Hurrengoan gehiago eta hobeto. Ondo segi eta agur irakurle guztiori
Joxe landa
2007-01-29
NEGUA AGERTU DA AZKENEAN
Txarraldi gogorra jasan dugu igaro den aste honetan. Asko komentatu da gauza hau, bai medioetan eta bai jende artean ere. Gehiegitzat jo dute batzuk hainbeste alarma eta hainbeste zer esan eguraldiaren txarraldi koxkor batengatik. Baina nik ere egin nahi nuke neurea, aspergarria izango bada ere. Egia da eguraldiaren zenbait elementu nahiko aztoratuta ibili direla. Dexente izan dira denera bota dituen litroak. Lehenengo euria galanki eta gero elurra mardul. Horrenbeste txingor ez dut uste aspaldian bota duenik. Tximistak eta trumoiak ere hiru gauetan ez dira badaezbadakoak izan. Ostegun goizeko haize ufadak ere ederki astindu zituen kostaldeak. Gero hotzaren maila markakoa ez baina bai pulamentuzkoa. Orain elurrak oso poliki urtuko direnez urtegiak betetzen joateko aproposa. Onaldi luzearen ondoren negua azaldu zaigu bere gordintasunean. Baina ez nago ados onaldi luze horretan epeltasun anormala egon denik. Bero gehiagoko neguak dezente ezagutu dituk nik. Bestalde hotzik handienetatik elurrak ederki asko babestu du lurra. Beraz, oraingoz negua ez doa hain gaizki. Elementu demonio horiek pixka bat hobeto kontrolatu izan balitu hor nonbait. Baina trakeskeri horiek asko molestatzen dute jendea. Ibili behar handia dago orain eta elurra traba ikaragarria da horretarako. Sua eta ura belaunetik behera eta elurra berriz etxaburutik gora esan ohi zuen gure aitak. Elurrak ateak itxi zioen berriz gure amak. Baina hala ere ez geneukan kuido handirik denbora dezentean aguantatzeko ere. Sarale eta abar ganadu jana nahikoa puzka baterako eta arto irina lortu ezkero urdai azpikoa eta taloa eta esnea alimentu bikainak pertsonentzako. Babarruna txerrikiekin. Arraultzak eta oilo zahar gizenekin salda eta okela goxoa aukeran. Ez ginen ez goseak hilko berehala. Gaur gauzak konplikatuagoak jartzen dira. Adelantoak aurrerapena adina atraso ba omen duela zioen gure osabak. Hala ere ni aurrerapenen alde nago. Ondo erabiltzen asmatu behar. Hor dago gakoa.
San Sebastian hotza neguaren bihotza. Egun hori ez zen hain hotza izan baina hurbil genuen hotzaldi latza. Neguak bihotza hotza izaki nonbait.
Kandelario bero negua dugu gero. Kontxo! horrek ere asmatuko ote du ba. Bero samar iragarri bai dut nik egun horretarako. Edozein moduz ere neguaren kupoa bete gabe gelditzen da oraindik. Argi beraz esaera zaharrarekin. Giro ona etorri arte ez omen da txartuko eta gerra hasi arte ez omen dugu bakerik izango. Horrela zioen gure auzoko batek. Ederra atarramentua. Datorren aste hau behintzat ona izango dugu eta gero gerokoak. Beraz zaplazteko ederra hartu dugu baina animuak bidaltzen dizkizuet irakurle guztioi. Agur eta hurrengora arte.