2012-01-29 - ASTE GUZTIRAKO IRAGARPENA
NEGU GIROAN ASTE GUZTIA
2012-01-30 (astelehena): LAINOAK PILATZEN BAINA ATERI
Iparraldetiko korronte horrek lainoak pilatuko ditu itsas gainean, kostaldea mehatxatuz. Ateriari eutsiko dio gehien batean baina iluntze aldera gainean izango dugu euri koska hori. Ipar haizea harrotu ere egingo da apur bat baina tenperaturak irabazi egingo du zertxobait. Horrela fronte baten atarian izango ginateke egun honetan. Itsasaldean sumatuko dugun betozko horrekin, ez zaigu eguraldia berriro ere oso sinpatikoa jarriko. Hala ere haizeak moztu egingo du apur bat iparraldetiko korronte hori eta ostarte batzuekin giroa dezente goxatuko da. Tenperaturak ere gaur zertxobait irabaziko du.
Tenperatura Itziarren 4-7. Giroak hoberanzko tartetxoa.
2012-01-31 (asteartea): HODEI ZAMA LODIA KOSTALDEAN ETA EURIA EKIALDEAN
Haizea nora ezean eta frontea ekialdean zentratuko da. Hodei geruza lodia kostaldean baina prezipitazioak ekialdean izango dira batik bat. Tenperatura goizekoa zeropean leku gehienetan eta maximoa apur bat igoko da. Lekurik gehienetan ateriari eutsiko dio. Hala ere itsasaldeko hodei zama hori gero eta sendoagoa sumatuko dugu. Oraingoz elurraren kota igo egingo da zerbait. Alturetako egoera ez dago oso sanoa eta depresioen jiteak itxura txarra jartzen dio eguraldiari. Hegoaldean lainoak sare eta ateri egongo da baina tenperatura bataz beste beherago egongo da.
Tenperatura Itziarren 4-9. Giro petrala eta goibela.
2012-02-01 (asteazkena): HODEI GERUZA LODIA PAREAN, EURIA ERRAZ BOTAZ
Egun euritsua eta astuna gertatuko da mendebaldeko haize sastarrarekin. Eguraldi goibela eta bustia. Trumoi eta txingorra ere izan ditzakete tartean zaparrada mardul horiek. Tenperatura jaisten hasiko da eta elurraren kota ere apur bat jaitsi daiteke, mendi puntetan elurra egiteko moduan. Fronteen korapiloa izango dugu parean eta dezente gaztigatuko gaitu horrek. Ondorio txarrak utziko dizkigu gainera.
Tenperatura Itziarren 4-8. Giroa kaskartu.
2012-02-02 (osteguna): LAINOAK KOSTALDEAN PILATURIK ATERTU EZINEAN
Ipar mendebaldeko haizeak erraz pilatuko ditu lainoak kostaldean. Etengabe zer edo zer botatzen jardungo dute eta tenperatura dezente jaitsiko denez, goietan elurra izango dira prezipitazio horiek. Beraz, elurraren kota 500 bat metrotara jaitsi daiteke. Eguraldi eskasa eta petrala hegoaldean ere baina hor ateri egongo da. Negu giro petoa jarriko zaigu.
Tenperatura Itziarren 4-12.
2012-02-03 (ostirala): ZERUA ERDI ESTALIA ETA HOTZA AIPAGAI
Hotza izango da egun honetan elementurik nabarmenena. Goizean izotza eta jela, leku askotan tenperatura zeropean dela. Gerora ere zeroaren mugatik behera geratuko da tenperatura. Lekurik gehienetan ateri egongo da baina zerua erdi estalia mantenduz ez da asko goibelduko. Haizea ia geldi ekialdetik joaz. Negu giro zitala baina ateriaren onura behintzat izango dugu.
Tenperatura beherantz. Itziarren 3-5. Negu giroa.
2012-02-04 (larunbata): OSKARBI ETA HOTZ IKARAGARRIA GOIZEAN ETA EURIA GERO
Zeru garbiarekin hotza nabarmenduko da goizean baina laster hasiko dira lainoak gehitzen eta eguerdirako goibel geratuko da. Euria edo elurra botako du arratsaldean. Tenperatura maximoa zertxobait igoko da baina mendietan elurra izango dira prezipitazioak. Oro har eguraldi kaskarra jarriko da kostaldean behintzat. Haizea geldi edo noraezean. Horrela giro goxoagoa hegoaldean.
Tenperatura Itziarren 1-4. Giro eskasa.
2012-02-05 (igandea): NEGU GIROA EGURALDI KASKARRAREKIN JARRAITUZ
Zehar haize sastarrarekin negu giroan jarraituko du euri zaparrada ugarirekin. Elurra egingo du goietan baina behera ez da jaitsiko. Barnealdeetan hobeto portatuko da eguraldia ziertzoa apur bat mugitu arren. Goizean irabazi egingo du tenperaturak eta gerokoa oso gutxi igoko da. Europako borraskaren menpe oraindik. Eguraldi mikatza ipar partean.
Tenperatura Itziarren 3-6. Giroa okerrera.
10-10-18
URRIA
OSASUNA ETA EGURALDIA
Aspaldiko errezeloa edo susmoa izango da hauxe. Alegia eguraldiak ba ote duen zer ikusirik edo eraginik gure edo pertsonen osasunean. Nik uste dut baietz eta mundu guztiak esango luke hori bera.
Askotan jarri ohi dugu eguraldia gure gaixotasunen errudun. Beti ez da horrela izango, baina zerikusia baduela begi bistako gauza dela inork ez luke ukatuko. Eguraldia beti daukagu presente. Eguraldiaren barruan bizi gara. Arnasten dugun bakoitzean eguraldia tragatzen dugu. Eguraldia lagun eguraldia etsai. Baina bera gabe ezin gara bizi. Bere martxa ez dago juxtu-juxtu eta matematikoki gure premietara egokituta. Beraz, guk saiatu behar bere aldrebeskeriekin moldatzen.
Eguratsa kaos bat dela esan ohi dute fisikoek eta eguraldia horko elementuen ibilera desorekatuaren emaitza izaten da hain zuzen. Fenomeno printzipalenak hotz-beroa, hezetasuna eta atmosferaren presioa lirateke. Horietatik sortzen diren elementu garrantzitsuenak berriz, honako hauek: haizea, lainoak, euria, tximista eta trumoia eta tenperatura. Guzti horien motorra eguzkia dugu.
Ilargiak ere badu nolabaiteko eragina eguraldiarengan. Elementu horiek modu desorekatuan mugitu ohi dira eta aldarte handiak sortzen dituzte eguraldiaren izaera noiz nahi aldatuz. Tarteka bere baldarkeriekin triskantza eta kalteak eraginaz. Zalantzarik gabe estremoko bortizkeria horiek modu askotara hunkitzen dute pertsonen eta izaki guztien osasuna eta ongi izatea. Baina eguraldiak egunerokotasunean erabiltzen dituen aldarte eta mantentzen dituen egoerek ere badute bai eragina gure osasunean.
Eguraldiaren elementu edo fenomeno guztiak tamaina egokian gutxitan egon ohi dira eta geure gorputzak asmatu behar izaten du aldarte horietara egokitzen. Eta garrantzizko eginkizuna dugu gainera hori. Baina eguraldiari gaizki esaka jardunda bakarrik ez dugu ezer egiten. Aldarte txar horiei nolabaiteko erremedioak jarri behar ahal den heinean. Zer datorren aldez aurretik nolabait antzeman edo jakiteak ere asko balio du neurri egokiak hartzeko. Juxtu ez dago jakiterik, baina gaur iragarpenek ere pixka bat erakusten digute. Norberak erreparatuta ere sumatu daitezke etorriko denaren zantzuak. Leku batzuetan aldakortasun gehiago izaten du baina beti ezberdina izan ohi da eguraldia. Guztiz berdina ez da sekula egoten. Gu bizi garen leku honetan asko eta azkar aldatzen da eta hori bera dugu osasunarentzat problematikoa. Katarroa, eztula, doministikua, mukiak, ahotsa zakartu eta beste hainbat gaixotasun eguraldi hotz, haizetsu eta hezeari eman ohi diogu kulpa. Buruko mina, junturetako molestiak eta beste horrelako asko berriz, hego haize lehor eta beroaren kulpaz sortzen zaizkigu. Hezetasun gehiegiak ere badaki kalteak eragiten gure osasunari. Airearen presioak berriz zer esanik ez. Ez ikusi eta zuzenki nabaritzen ez den fenomeno hori hortxe daukagu beti gure gorputzaren funtzionamendua zirikatzen. Esaten dute gure hezur muinetan dugun aire apur hori, beti presio berdinean mantentzen dela eta kanpokoaren aldartean desoreka sortzen omen du nerbio eta beste hainbat sustantzien funtzionamenduan. Animaliek ere igarri ohi diote gauza horri. Hego haizea etorri aurretik jaitsi ohi da presioa eta horregatik zenbait animaliek abisatu ohi dute beren mugimenduekin hego haizea datorrela. Geu ere motelago sentitu ohi gara hego haize epel eta lehorrarekin. Alde batetik presioa jaitsi delako eta bestetik hezetasuna ere azkar batean gutxitu delako. Animalien sen hori modu askotara sumatu daiteke. Eta landareek ere badituzte horrelako seinaleak. Adibidez lertxunaren hostoa geldi egotearen zergatia presioa oso goian izatea litzateke. Eta antizikloia hainbeste tontortu ezkero mugi gaitza bihurtzen da eta horrek suposatzen du luzarorako eguraldi ona.
Presio atmosferiko hori ez dugu ikusten eta sumatu ere oso gutxi baina naturaren funtzionamenduan eragin handia du horrek. Izan ere eguraldiaren beste fenomeno eta elementuak horren arabera mugitzen dira. Presioa baxu dagoenean aireak gutxiago pisatzen du eta errazago mugitzen da haize bihurtuz. Berdin hezetasunarekin ere. Litro bat airek gutxiago pisatzen duenean hezetasuna azkarrago egingo du, gainean euri bihurtuz. Hotz beroak ere badu horretan zerikusia. Hotz handiarekin eta bero handiarekin gutxiago pisatzen du aireak eta nekezago kondentsatuko da. Gora behera horiek guztiak afektatzen dute naturako izaki bizidunen martxa. Bide batez, gure gorputzarena ere bai eta hor gaixotasuna sortzeko arrazoietako bat.
Pertsona batzuk sensibleagoak dira horretan eta ondo zaindu beharra dute eguraldiaren eraso txarretatik. Baina guztiok dugu premia ahal dugun heinean neurriak hartzeko. Gehiegi babestea ere ez da ona gorputzak bere kaxa ere defentsak suspertu behar dituelako. Oso inportantea da ondo sailduta egotea edozer erasori aurka egiteko. Beraz, badaukagu nahiko lan gure gorputza ondo preparaturik edukitzen, eguraldiaren aldarte eta erasoei aurre egiteko. Eguraldia ez daukagu maneiatzerik geure komenientziara baina medio aska ditugu geure burua babesteko. Etxeak, jantziak, ibilerak, janariak edo elikatzeko moduak. Eta beste hainbat horrelako neurri erabili ditzakegu ahal denik minik gutxien egin dezaten eguraldiaren aldarte horiek.
Animalien senak erakusten digute lezio ederrik gai horretan. Hegaztiak, adi bidez, udara igaro duten lekutik milaka kilometrotara aldentzen dira negua igarotzera eta udaberrian berriro udalekuetara itzuli. Baina nire lantxo hau luzeegia gerta ez dadin hurrengoan jarraitzekotan utziko dut.
Itziarko periari aipamen bat egin nahi nioke. Gain gainean dugu hain zuzen eta anbiente ona sumatzen dut aurten ere. Buru belarri hori antolatzen dabiltzanak, pila bat izaten dira. Jende asko etortzen da eta denak gustura ibili daitezen saiatu egin behar ondo antolatu eta atenditzen. Udalak eta abarrek gutxiegi laguntzen dutelakoa nago. Baina ea eguraldiak behintzat laguntzen digun. Agian zertxobait nahastuko da bezperatik baina zehar haize txikiarekin eguraldi ona edukiko dugu. Honelaxe utziko dut gaurkoz eta ea hurrengoan jarraitzen diodan gaur hartu dudan gai horri. Bitartean zoriontsu izan eta agur bero bana irakurle guztioi.
10-09-08
IRAILA
Trantsizioko hila. Ez udara eta ez udazken. Eguzkia, onenak emanda, urrutiratzen hasi balitz bezala. Eguna laburtzen eta gaua luzatzen. Ondo gabiltza oraindik baina tristetzen hasten gara honezkero. Eguraldiaren martxak ere gehienean egin ohi du halako aldaketaren bat. Mendebaldetiko eraso gehiago eta euria sarriago.
Uda garaian eguratseko behe geruzak eta goietakoak askotan ibili ohi dira bakoitza bere aldetik. Bata bestearengandik aparte. Trumoi eta ekaitzetarako joerak hor goian garatu ohi dira. Behetan berriz, behe laino, gandu eta enbatak. Hauek euri gutxi ekarri ohi dute eta udaran euria dezente botatzekotan ekaitz giroak ekarri beharko luke. Horregatik deitzen zaio bi solairuko eguraldia uda garaiko horri.
Udazken aldera nahasten hasi ohi da izaera hori. Askotan mendebaldeko fronteak bietatik izan ohi dute nahasian. Enbata koska galanta eta trumoia dinbirri-danbarra zeru sabaian, tanta handiko euri jasak botaz. Tenperatura beherago eta oskarbi gutxiago, zeruan lainoak eta hodeiak ugalduz. Irailean eman ohi da gehienetan aldaketa hori. Enbataren haize bisutsa eta hego haizearen ufadak borroka bizian batzuetan. Horrelakoetan mendebalak irabazi ohi du gehienetan, petral aldia ekarriz.
Kontuak kontu ez dirudi aurten okerrerako aparteko joerarik hartuko duenik. San Nikolas eguna eta larunbatean oso giro ona. Baina igandean pattal antzean. Hilaren hogeita hiruan goizeko bostak eta bederatzian sartuko gara udazkenean. Aurretik koarta tenporak dauzkagu. Hilaren 14-an Santa Kurutz eguna eta hortik hurrengo asteazkena tenporen lehenengo eguna. Beraz, 15, 17 eta 18-an izango dira oraingoan. Hilaren hamarrean San Nikolasak eta 29an San Migelak. Sagarrak eta mahatsak biltzeko giro aproposak egingo ditu. Pikuak eta intxaurrak ere aprobetxatuko ditugu bai. Egun hauetako euri zaparradatxo hauek larreak goxatu eta suspertuko dituzte ederki. Eta onddoak eta perretxikoak ere non nahi agertuko dira, eder askoak.
Hil honetan ez dugu hego haize asko izango baina hoztu ere ez asko. Agian goizetan freskura pixka bat bai, antizikloia eta gau luzeen eraginez. Oraindik berdin samarrak gaua eta eguna baina luzeenetik dezente galduta eguna. San Joanetan 15 ordu egunak eta San Migeletan 11,25. Galera dezentea baina oraindik egun argi luzea.
Lasai-lasai emango diogu ongi etorria udazkenari. Ea ongi portatzen zaigun. Hego haize pixka bat eta eguzkiaren bisitak. Elurra mendi puntetan bakarrik. Edozein moduz ere, udazkenak baditu bere xarmak. Gaztaina biltzeak eta garopaitak bukatu ziren baina uzta garaia izan ohi da udazkena ere.
Urtero Iraila eta Abendua asteko egun berean hasten omen dira. Batak udazkenari paso eta besteak neguari. Horrek beldur pixka bat eman ohi digu baina gaur egun ondo moldatzen gara neguan ere. Urakanak dabiltza orain aztoraturik bazterrak apurtzen. Karibe aldean eta Pazifiko itsasoan batik bat. Haizeak 150 kilometrotik gorako abiadura harrapatzen duen zurrunbiloari deitzen diote urakana. Triskantza galantak egin izan dituzte haize ufada bortitz horiek. Urtean hirurogei bat sortzen omen dira mundu guztian. Gu gutxitan harrapatzen gaituzte. Eta ez dute faltarik ere egiten. Aspaldi honetan nahiko giro onarekin gabiltza eguraldiaren aldetik eta gizarte giroan ere baditugu notizi onak.
Itziarko eskola zoriondu nahi nuke. Agian kostata baina merezitako lorpena iruditzen zait umeak berton eskola tokia izatea. Gehiago ere merezi luke Itziarrek gai horretan. Bejon deizuela, eutsi goiari eta segi aurrera. Guraso eta ume. Ni behintzat zuen alde. Krisia gainditu eta Itziar udal herri. Merezi bai horiek ere. Itxaropenik ez dezagun galdu eta agur bero bana irakurle guztioi.
10-07-18
UZTAILA ETA ABUZTUA UDARAREN ERDI ALDEA
Uztaila edo garila. Abuztua edo dagonila. Udararen erdi aldea esan dezakegu. Urtarrila eta otsaila neguaren erdi aldea bezalatsu. Bata bero aldeko puntan eta bestea hotz aldekoan. Eguzkia eta munduaren arteko ibilerak eragiten dituen gora beherak. Horrelaxe ipinita dago mundu honen martxa gure lurraldeari dagokionez.
Gari jasotzea genuen uztaileko langintzarik garrantzitsuena. Gari jotzea ere bai. Horregatik dauka hil horrek izen hori edo garila. Abuztua berriz kosetxa hori gordailuetan edo ganbarako gari kutxetan gordeta dagoenekoa. Horregatik dagonila. Izan ere garia mundu mailan produktu edo elikagai garrantzitsuenetarikoa izan da gizaldietan zehar. Gizakion elikaduran paper inportantea bete izan du aintzinatik. Eman egiguzu gure eguneroko ogia eskatzen genion Jaungoikoari. Mundu mailan garia, artoa eta arroza izango dira gehien produzitzen diren laboreak. Arroza ez da ereiten inguru hauetan baina emaitza oparoko laborea da hainbat lekutan. Artoa eta babarruna soroetan irabazian zeuden uda garai hauetan. Artajorrak bukaturik Santiotik San Inaziotara artalorak kendu eta ganadu jatekotarako osagai polita ohi zen. Negurako komeniko ziren belar ondu edo lehortuak, sabaietan edo suhatzetan txukun-txukun gordeta utziz lasaitasun ederra baserritarrentzat. Hor ez zen oporrik izaten. Hori negurako lagatzen genuen.
Eguzkia protagonista eta euriaren premia. Trumoia eta ekaitzak behar izaten dira udaran euria egingo badu. Mendebaldeko lardaskeriekin jai egon ohi da kanpoa ongi bustitzeko. Baina biak ere tamainan hobe. Ez bat eta ez bestea askotan gertatu ohi da. Aurten ere ez gabiltza urruti atarramentu horretatik. Baina orain ez da sumatzen garai haietan bezala elizetan errogabatibarik euria eskatzeko.
Lehorte handia eta euri premi izugarria eta Urdanetan ere antolatu omen zuten elizkizun hori. Jende mordoxka juntatu eta prozesio moduan kanpora atera Jaungoikoari hurbilagotik dei egiteko edo. Hasi omen ziren latinezko letaniak kantatzen. Santa Maria apaizak eta orapronobis jendeak. Santa Zezilia orapronobis, Santa Katalina ora pronobis eta hor apaiza hurrengo izena ez oroitzen eta santa dana-dala deiadar egin omen zuen eta jendeak erantzun: trala-rala-rala.
Festa eta ikuskizunak ere ugari izan ohi dira hil hauetan. Herriz herri eta lekuz leku bazter guztietan dago zer edo zer. Oporrak hartu eta lanak eta ardurak alboratuz, ondo pasa eta deskantsatu, indarberritzeko. Gure bizitza horrela antolatzen saiatu ohi gara. Beti ere atseden alditxoak tarteka oso ondo datozkigu bizitzako mikaztasunak apur bat goxatzeko. Izan ere gaur egun dauden aurrerapenekin gizarteko beharrak osatzeko ez legoke hainbeste lan egin eta konpromiso zamarik hartu behar.
Hain zuzen nire ustez gaizki antolatua daukagu gure gizartea. Politikoak oporretan eta krisisa lanean. Politikoak ez daukate fama ona gaur egun. Sermoi ugari baina pulamentu gutxi. Elkarri gaizki esaka edukazio pittinik ere gabe. Gure auzoko subnormala baino areago. Garo epaitan zebilela muga igaro eta auzoko zailean garoa ebakitzen harrapatu auzotar horrek eta errieta bizian hasi omen zitzaion. Joxe Manuelek bere burua subnormaltzat zeukan nonbait eta hala erantzun omen zion: hi ere nire modukoa al haiz ba.
Gure politikoek horrenbeste ere ez dute errekonozituko. Egia esan niri lotsagarria eta kaltegarria iruditzen zait elkarrez horrelako baldarkeriak publikoan esatea. Txukunen hitz egiten duenari eman behar genioke botoa. Baina horretarako beren burua txukundu behar dute ideiaz eta intentzioaz. Edo bestela garai bateko auzo lana bezalaxe, geu hasi beharko dugu politika ere auzolanean egiten. Gizartea ongi antolatzeko premisa egokiak falta direla uste dut. Hemen berton daukagu Itziarko kasua. Eskubide eta arrazoi osoz udal herri izan nahi eta ezin lortu. Hainbeste urte borroka tonto horretan eta arrastorik ez oraindik. Non dira hemen burutapen jatorrak. Nonbaiten traba egiten digu. Bestela gu geu izango ginateke. Nik uste dut aukera hori zor digula gizarteak. Horrek ez dauka inolako asmo txarrik eta okerbiderik. Gure geu izaera maitatu eta besteren geu izaera errespetatu. Hori da gizalegea. Bestela norbait besteren bizkarretik aprobetxatzen ari da.
Eta festa usaia sumatzen dut eta gure festak eta jaiak ere maitatu behar ditugu. Nola ez. San Inazioak, Kopraixak, Andramaixak, San Rokeak, San Bartolomeak eta hainbat festa gure inguruan. Ondo ospatu ditzagula horiek guztiak. Merezi dugu eta. Elkar pozteko izan daitezela. Zorionak nire partetik irakurle festazale guztiei.
10-06-14
EKAINA EDO GARAGAR HILA
UZTAREN ATARIAN KUKUARI ADIO
Gaurkoan Ekaina izango dut aipagai. Urteko seigarren hila. Beraz, erdi aldean gaude jadanik. San Antonio, San Juan, San Pedro. Horiek ditugu hil honetako egunik ezagunenak. San Antonio Urkiolakoa, hilaren 13-an ospatzen da eta fama handia zuen lehenago eta oraindik ere jende asko joaten da hara santuari zerbait eskatzera. Bikotea franko uztartutakoa omen dela diote. Gero zoriontsu bizi izaten lagundu ere bai. Ez da ez lan txarra hori ere. Meza entzun txintxo-txintxo eta atariko harri handiari hiru buelta eman eta andregaia edo senargaia seguru. Baina formula horrekin ere zenbaitentzat alperrik.
San Joanetan berriz, herri askotan izaten dira festak. Beste ohitura batzuk ere baziren lehenago. Bezperan iluntzeko sua eta eguneko mezetan loreak bedeinkatzea. Etxean zaharkitutako tresna eta gauza zaharrak erretzen ziren San Juan suetan. Utzi zaharra eta ekarri ezazu berria esan ohi genuen, salto eginaz. Zeinek baino zeinek lora sorta dotoreagoa eraman bedeinkatzera. Neskatoak eraman ohi zituzten gehienetan. Naturari eskerrak emanaz Jaungoikoari eskaini eta bere bedeinkapena hartu eta pozik etxera.
Geroago San Pedro. Santu inportantea zen hau ere. Herri askotako festa eguna hain zuzen. Horietako bat Zumaia. Honoko ipuin hauxe kontatu ohi dute: Santuak bere jendeari lagundu nahian soka luze bat bota omen zien Zumaiarrei zerura errazago igo zitezen. Hala, ba omen zihoazen zintzilikaturik zeru alderantz sekulako ilara. San Pedrok jendea animatu nahian latinezko aupada bota omen zien sung sun korda esanaz. Alegia gora bihotzak. Eta aurrena zihoanak “suelta la cuerda” ulertu omen zuen eta sokari utzi zionean beheragoko denak ere lurrera joan omen ziren. Orain zumaiarrik gutxi omen dago zeruan. Lastima. Santuak euskaraz jakin izan balu.
Kukuari agur egiteko eguna ere bada hain zuzen. Ama Birjina martxokotan kuku eta San Pedro-tan mutu. Udaran sartuko gara hilaren 21-ean eguerdiko ordu baterditan. Eguraldiaren aldetik ez da oso ondo portatu aurtengo udaberria. Maiatzean izan zen on alditxo bat baina oro har nahiko kaskar ibili da. Ekainak ere izango ditu bai eguraldi oneko egunak baina agian guk nahi aeina ez. Badaki bai ekainaren azken aldera bero galantak egiten ere. Hil honen bukaeran egun eta erdi faltako ditu urtearen erdira iristeko. Urtearen egunik luzeena ekainaren 21-a. Baina mundua eguzkiarengandik urrutiena Uztailaren 6-an (munduaren erdi gunetik eguzkiaren erdi gunera 152.096.601 kilometro) eta hurbilena berriz Urtarrilaren 3-an (147.097.887 kilometrotara). Distantzia handi samarra baina itxura denez txintxo eusten diete beren martxari milioika urtetan. Espazioko katxarro horiek epe luzerako izakiak dira nonbait baina mundu honetako naturaren izakiak epe motzerako diseinatuak gaude, gizakiok barne. Lastima da hori. Hain leku interesantea izanik hau, laster baten alde egin behar hemendik. Mundu hau eta beste mundua eta horrelakoak ere esan ohi dira. Bada ez bada ere sinestea hobe iruditzen zait. Hara bertsoa: mundua ta zerua elkarren segida, mundutik zeru hori hurbiltzen ari da, pauso txiki batean bertaratu dida, hemengo bizitzaren jarraipena bai da. Akaso tarte horretan ere zerbait egon daiteke.
Ilargiraino joan zen gizona eta esaten dute han hotela egitea pentsatzen hasiak daudela. Joan dadila nahi duena. Ayo pelayo. Ni behintzat ez noa. Berton ere ez daukagu leku txarra alajaina.
Erreala martxan eta krixixa sendatzen denean bapo berriro ere.
Ba omen zeuden bi tomate Osloko kalean eta hango jendeak jakin ez zer ziran eta erdikoa zapaldu egin omen zuten. Earra kontua!
Uztapideri falta bat zeukala esan omen zioten. Alegia sudurra luzeegia zeukala eta Uztapideren erantzuna: hori ez duk falta hori sobra duk motel.
Tonto hark ez omen zekien bera tontoa zenik tontoa zelako.
Beste batek berriz honela omen zioen: mundu honetan adina komeri ez duk egongo beste herri txiki batean.
Kontuak kontu bukatu egin beharko dut hau. Hurrengoan gehiago eta hobeto. Ondo segi eta agur bero bana irakurle guztioi.
10-05-10
MAIATZA EDO LORAILA
URTAROEN NERABE GARAIA
Gaurkoan Maiatzari emango diogu astindutxo bat. Loraila edo asto hila ere deitu izan zaio. Aurreko batean esaten genuen, nola hiru urtarotan erabiltzen den uda hitza. Udaberria, uda eta udazkena. Uda aldi luze horren nerabe garaia izango litzateke Maiatza.
Egun seinalatuak eta eginkizun aproposak ere asko ditu Maiatzak. Artoa eta babarruna ereiteko garaia. Gordetzeko belarrak jasotzen hasteko garaia ere hortxe-hortxe. Natura berpizturik lora franko ere ikusi daiteke bazterretan. Eguzkia sasoiko eta berotzar galanteko egunak ere bai. Ekaitz ugari sortu ohi dira Maiatzean. Kastillanoen esaerak dioen bezala: < por Mayo, cada dia hay un rayo >. Ikusgarriak ere izan ohi dira zenbait trumoi laino gandor handiak ere. Gure aitak esan ohi zigun San Pedro eta San Pablo zeruan boletan hasiak izango zirela. Horrela ez ginen umeok bat ere beldurtzen. Trumoi kontuak direla eta beste ipuintxo bat gogoratu zait :
“Maiatzean izango zen agian soldadu errekluta hari gertatu zitzaiona. Euskaraz ondo zekien baina erdaraz gutxi. Kapitainak ura ekartzera bidali omen zuen eta urik gabe itzuli gizarajoa. Ekaitzak eraso dio nonbait eta honela jarri omen zion aitzakia kapitainari, eskua bekokian jarririk errespetu ginoa eginaz dio <mi kapitan trumon bur-bur, tximist blist-blits, balde blist blast y agua no traer>.”
Soldaduskako atarramenduak alegia. Soldaduska kendu zuten eta eskerrak baina militarismoa ez dute kendu oraindik. Nik uste dut horixe dela munduko terrorismorik txarrena. Gerra hasi arte ez zegok hemen bakerik esan omen zuen militar zahar batek. Ez dakit zer defentsa edo zibilizazio baina niri aitzaki horiek ez naute konbentzitzen.
Lehengo ariari jarraituz, uste dut urtaroei dagokienez eta naturari pixka bat erreparatzen dionarentzat, Maiatza dela urteko hilik sinpatikoena. Loraila deitzen zitzaion eta zer da bada lorea baino gauza sinpatikoagorik? Gaztetxo bihurri samarra dugu bai Maiatza, baina natura gustura sumatzen da alajaina. Gu geu guraso eta senideetatik sei baginen Maiatzean jaiotakoak eta maiatztarrok denok batera ospatzen genuen urtebetetze ospakizuna. Asto samarrak izango ginen agian. Duela 63 urte (1947) elurra egin zigun Santakutzetan. Goiz hartan elur koskatxoa zegoen Beliosoron. Karobia erreta geneukan eta harri koskor erreak zoroan multzoetan ipinita geneuzkan. Elurra mara-mara bota zuen gauean eta urtu zituen kare koskor horiek. Han jardun ginen elur zuriaren gainean kare zuria zabaltzen. Zuhaitzek hostoa zuten jadanik eta arbola adar asko hautsi zituen. Gertakizun xelebrea benetan. Ba, aurten ere ez zaigu urruti ibili lotsagabe hori. Eguraldi makurra eta negutarra eduki dugu Santakutz aste horretan. Itsasaldetiko haize zitalarekin elurra egin du hainbat lekutan eta paraje altu samarrak zurituta egon dira. Esan ohi da maiatzak lehenengo edo bigarren erdia eguraldi kaskarra izaten duela. Beraz, aurten bigarren erdiari tokatzen zaio eguraldi ona. Eta halaxe egingo du gainera. Aste hau kaskarretik doanez San Isidro eguna eta igandea (Asentsio eguna) giro eskasarekin oraindik. Nekazarien zaindaria bat eta Endoiako festa eguna bestea. Zoroetako lanak egiteko garai txarreko kaskarraldia izango zatekeen hauxe. Baina hilaren beste erdi horretan ondo portatzen bada barkatuko diogu bai. Garai batean Harbilen ere egiten zen erromeria Asentsio egunean. Bazuten bai bilkura haiek ere beren xarma. Gaur jendea beste modu batean ibiltzen da. Baina gazteak beti izaten dira festa zale.
Martxoan sartu ginen udaberrian eta natura hasi zitzaigun esnatzen. Naturaren goiza bailitzan, kanpoa mugitzen hasi zen. Klase guztietako landare eta zuhaitzek hosto berriak zabaldu nahian sumatzen genituen eta orain Maiatzean gaudenez, dena irabazian ikusten dugu. Eguraldia ere gero eta hobea izan ohi da eta belarra tirata bezala hazten dela esan ohi genuen. Hori bakarrik ez, baita ere hainbat landare loratu. Pozgarria da bai natura horrela ikustea. Trumoi eta ekaitz batzuk gora behera, loratu dezagun geure animoa ere. Pentekostes eguna hilaren 23-an eta tenporak berriz 26, 28 eta 29-an. Hemen bukatzen dut gaurko lantxo hau. Beraz, ondo-ondo segi eta animoari eutsi. Agur bero bana irakurle guztioi.
10-04-06
APIRILA, EURIA EGITEN HABILA
JORRAILA, JORRAKETARAKO GARAIA
Udaberrian sartu ginen eta bagoaz aurrera naturarekin batera berpiztuz. Esnatu zaigu natura eta kanpoa mugitzen hasia da jadanik. Zozomikoteen traumatxo hori igaro eta esan dezakegu bale garela.
Hemen geunden kikilduta, burumakur, negutzar horren azpian. Baina abiatu gara naturarekin batera udaberriari eskutik helduta ttipa ttapa berpizteko bidean. Kukua garbo handirik gabe azaldu zaigu, baina laster azalduko dira enarak eta txorien kantuak ugalduz, zuhaitzen hosto berriak eta loreek hornituriko paisaia zoragarriak sumatuko ditugu inguru-miran.
Gari eta garagar landareak jorratu, belar txarrak kenduaz. Krisia deitzen diogun belar txar demonioa ere kendu dezagun oraingoan. Ekonomia ere naturarekin batera suspertzen hasi dadin.
Aurten negua zital samarra izan dugu eta loaldi ederra egin du kanpoak eta ea orain azkar batean irabazian jartzen den. Hil hau ez da txarra euria egiten eta zaparrada mardul batzuk ez lirateke gaizki etorriko.
Igaroak ditugu egun bereziak. Martxoaren 20-an sartu ginen udaberrian eta gero Amabirjina martxoko eguna. Martxoaren 25-a egun seinalatua zen lehen. Kukuaren etorrerarekin lotzen zen batik bat. Izan ere kukuaren kantua izaten genuen udaberriaren seinalerik nabarmenena. Gaur egun baino garbosoago etortzen zen gainera. Kantu tonto samarra du baina ozen eta alhatsua du ahotza. Urrutitik entzuteko modukoa. Normalean ku ku, bi ku-rekin osatu ohi du bere errepertorioa, baina batzuetan badaki hiru kurekin kantatzen ere. Eta kukuak ku-ku-ku kantatzen zuenean, trumoizko euria etorriko zela esan ohi zuten. Horrelakoetan arretaz ibili behar ganadu jatekoak aurrez ekartzen eta abar.
Lehenengo aldiz kukua entzutean patrikan txanponak edukitzea ere garrantzizkoa zen. Hala tokatu ezkero ez omen genuen diru faltarik izango urte hartan. Gero zozomikoteak zetozen. Martxoaren azkeneko bi egun eta erdi eta apirilaren aurreneko bi egun eta erdi. Aurten Aste Santuarekin tokatu dira gainera.
Eguraldiaren kaskarralditxoa izan da aurten ere baina ez oso nabarmen. Aberri eguna ere igaro dugu. Eguraldi eskasa baina ilusioa bikaina. Eguraldiaren giroa kaskar samarra eta bestelako giroak ere baditu gaur egun laino beltzak eta bisutsak. Baina gu ez gara ordea kikilduko erasotxo horiengatik. Jorraila deitzen zitzaion lehen Apirilari. Gizartea deitzen diogun zoro zabal horrek ere badaukala uste dut jorra on baten premia. Belar txar asko daukagu bertan. Aitzurra edo herbizida. Zer edo zer astindu behar genuke. Baina kontuz belarra jorratu eta artoa sasira gertatu ez dadin. Belar txarrak indartu eta landare onak ilunpean. Hori izaten da askotan gertatzen dena.
Aste santua meditatzeko izaten omen da aproposa eta burutazio horiexek ibili ditut nik aurten. Zoro edo baratza bakoitzak izaten du bere bokaziotxoa. Baserri giroan ohitua denak, hori badaki ondo. Zoro bat artoa ereiteko hobea eta bestea patata ereiteko aproposa. Gizarte zoroak ere horrelaxe lirateke. Euskal Herriaz ezagutzen den gizarte zorotxo honek ere badu bere bokazioa. Euskal bokazioa alegia. Euskal sentsibilitatea bere hizkuntza eta guzti. Belar txarrek itolarria jarriko ez baligukete, mardul irabaziko luke gogo horrek hain aproposa dugun lurraldetxo honetan. Apiriletik Maiatzera. Jorrailetik Lorailera.
Ea independentzia deitzen diogun landaretxo hori apirilean pixka bat jorratuko dugunez, maiatzean loratzen zaigun. Aspaldi erein zen asmo jator horren hazia. Gu gaztetxoak ginenerako bizirik zegoen landaretxo hori. Gora Euskadi askatuta esaten genuen bero-bero. Gauza bera ulertzen genuen horrekin. Orduan ere giro txarra zegoen eta larri zebilen landaretxo hori. Gaur ere berdin jarraitzen dugu baina muino bizkarreko zuhaitza bezalatsu, haize txarren erasoei eutsi ezinean pixka bat makurtuta baina zutik dirau gogo jator horrek. Beraz goazen ttipi ttapa udaberrian aurrera eta ea uzta oparoa aurkitzen dugun uztailean. Oraingoz nahikoa izango dut eta hurrengoan gehiago. Bitartean ondo bizi eta animoak irakurle guztioi. Agur
10-03-09
MARTXOA EDO EPEILA
NEGUA AZKENETAN ETA UDABERRIA BERTON
Neguaren zama gainetik kendu samartu dugun honetan, halako epaiketatxo bat egiteko tenorean gaude alegia. Negutzar honek zer edo zer balekoa gerorako utzi ote digun balantzatxoa egin behar genuke. Egia esan, ez dugu izan negu hau oso goxo eta apala. Bost elurte, euri jasa galantak eta sekulako haize boladak. Okerrak eta sarraskiak dezente nozitu behar izan ditugu. Baina aste petrala igaro eta hasi gara udaberri usaiak sumatzen.
Oraintxe bertan udaberrian gaudela dirudi eta lehenxeago jasan dugun negu giro zital hori ahaztu egingo dugu. Lehenxeago berriz, ziklogenesis leherkorra, deituriko haize zurrunbilo ikaragarria igaro zitzaigun ziztu bizian, oker dezenteak eraginaz. Mapa edo modeloetan begiratuz, bilakaera arraroa sumatzen zitzaion berari. Kanariar irlak baino aruntzago sortu zen eta 5.000 kilometro igaro zituen 24 orduren buruan. Beraz, abiadura handiz zetorren XYNTHIA izeneko zikloi zurrunbilo hori. Larunbat iluntzerako hementxe genuen gainean, triskantza galantak bidean eginda. Beste hainbeste kilometro egin behar zituen beste 24 ordutan Finlandia aldean desegin arte.
Triskantzarik handienak Frantzia iparraldean egin zituen. Jipoi gogorra eman zion paraje horri, hildako pila bat utziaz. Gurpilaren moduan mugitzen diren haize ufada bortitz horiek, airearen presio jaitsiera azkarrak eragiten ditu, nonbait zibotaren moduan haizea biraka ipiniz. Eta hain azkar lekuz aldatzeak areagotu egiten du zurrunbilo horren indarra. Gainera beheko aire epelaren eta goiko hotzaren kontrasteak haize nahasketa sortu ohi du halakoetan. Eta hori izango zen agian gurpil horren ardatza. Aire epelak gutxiago pisatzen du eta gorantz abiatzen da. Goiko hotza berriz pisutsua izateak, beheranzko joera izaten du. Bien arteko tupustak sortzen ditu haize katramilatsu horiek. Elementu horiek guztiak bildu ziren nonbait gurbil zoro horren jira biran.
Gure inguru hauetan nik uste baino aisago igaro zen, nahiz eta oker dezente egin. Nik ezagutu ditut haize bolada zakarragoak ere. Giro ederra geneukan otsailaren 27-ko larunbat horretan. Gogor abisatzen zuten bazetorrela ikaragarria baina iluntzera arte ez genuen gauza arrarorik sumatu. Azkar batean etorri ziren haize ufadak eta ordu batzuetan ez zen giro izan. Zaplazteko ederra eman zigun haize demonio horrek. Arbolak hautsi eta erori. Teilatuak mugitu eta oker handiagoak ere bai zenbait lekutan. Baina hain zuzen igande goizerako dezente baretuta zegoen haizea eta itxura polita zuen eguraldiak. Geroago elur giroa eta hotz bolada galanta eduki dugu. Aste guztia negu giro gordinean. Nik uste negu honek bere kupoa bete duela eta azkeneko ostikada izango zela hori.
Hasi zaizkigu gauzak aldatzen eta igandetik aurrera udaberri giroan jarriko gara. Hilaren 20-an, larunbatean, sartuko gara ofizialki udaberrian. Arratsaldeko seiak aldean. Baina eguraldiaren aldetik aurrez hartuko du urtaro horri dagokion tonika. San Jose gure santu handi hori ere ondo portatuko zaigu aurten hego haize giroan. Udaberrian abiatu eta geroxeago hor daukagu amabirjina martxoko famatua. Kukua Erromako zubian igarotzen denekoa alegia. Giro onarekin berehala entzun ahal izango dugu. Hori bai hegazti alaia. Bertso motza eta poto egiten du baina poza dakar. Horrelaxe onetik onera eta zozomikoteak hilaren azkenean. Bost eguneko txarraldia artzainen kezkagarri. Aste santua tokatzen da hain zuzen. Aurten udaberriko kuarta tenporek ere abisu kezkagarria utzi digute. Otsailaren 24-26 eta 27 izan ziren. Haize giroan eta azkenean larunbat iluntzeko haize zurrunbilo trakets hori. Ez ahal du behintzat oraingoan kunplituko iragarpen hori. Ez diogu barkatuko horrelako astakeriarik.
Orain ez da ez arbi lorerik eta ezta pagotxarik ikusten. Seinale aproposak ziren horiek baina eguzkiak eta epeltasunak abisatuko digute ederki asko. Txalo zaparrada batekin eman diezaiogun ongi etorria hain desiratua izan ohi den udaberriari. Nik berriz alaitasuna eta poza opa dizuet irakurle guztioi. Ondo izan eta hurrengora arte. Agur
10-02-09
OTSAILA, TXIKIA BAINO TXARREAN HABILA
Kandelario, San Blas, Santa Ageda. Hortxe neguaren erdi erdian. Eta abiatu gara jadanik udaberri aldera. Baina fama txarra du hil honek. Hil beltza, negu beltza eta otsaila negu zuria. Biak ere, a ze parea! Eguna motza eta gaua luzea. Eguraldi txarra ugari. Urtarrilak gaizki erakutsi eta bai besteak hala ikasi. Eskerrak otsaila motza izaten den. Egunik gutxieneko hila hain zuzen. Baina eguna luzatzen hasita dago. Ordubete eta hamar minutu honezkero. Hala ere eguzkiak ez du asko luzitu ohi hil honetan.
Aurten ere ari da bai bereak egiten. Elurtean gaude oraintxe bertan. Aparteko gaiztakeriarik ez nuke esango baina ederki ari da konplitzen neguari dagokion maila. Etor dadila udaberria goiz antzean eta formal. Horrela barkatuko dizkiogu neguari bere akzio txarrak. Baina oraindik ere aldapa luzea daukagu eta ea aisa gainditzen dugun. Eguraldia bihurri samar ibiliko dela dirudi hil honetako partean behintzat. Sasiko-putzu egunean eta inauterietan hotza izango da protagonista eta elur lapatsa ere egin dezake.
Hilaren 17-an hausterre eguna. Garizumaren hasiera. Berrogei eguneko serio bolada. Meditazioak, otoitzak eta pentsamendu sakonak lantzeko garaia. Seriotasunetik eta tristeziatik nahiko badaukagula uste dut bai. Neguaren goibeltasunaz aparte, krisia demonio hauxe ere gainean daukagu bere gordinean. Askorengan dauka eragin latza ekonomiaren desoreka makur honek. Ez dakit nork eta zergatik sortua den eta ez da ere ez dakigu inor ari ote den benetan arazoa konpontzen. Norbaitek izango zituen kulpak eta norbaitek konpondu ahal izango luke agian baina borondateen falta. Lehen esan ohi zen kontzientzia berdea omen zela eta astoak jan omen zuen. Kasu honetan ere horrelako zerbait gertatuko zen. Eguraldi txarraren ondoren ona etorri ohi da baina krisiaren laino beltzak noiz aldenduko ote dira. Ea egoera ekonomikoaren hobekuntzak bizimoduaren eguzki printzak ikusteko aukera ematen digun lehenbailehen. Nire formula hauxe izango litzateke: produzitu edo ekoiztu nahi duguna, kontsumitu arazten hainbeste saiatu beharrean, premiak eta beharrak osatzen gehiago arduratu behar genuke. Beharrak osatu, pobreenetatik hasita. Aberastea ondo legoke agian baina inor izorratu gabe. Ea nola egiten den hori. Hala esanda, ezer asko ez dela esaten dirudi baina pentsamendu sakona dela uste dut. Otsailaz hizketan hasi naiz eta hara zertara iritsi naizen. Hil hau katu hila omen da baina katuaren miaua baino krisiaren marrua gehiago entzuten dugu aurten. Udaberria bistan dugunez ea ekonomiaren udaberria ere laster agertzen zaigun.
Kuarta tenporak dauzkagu hilaren 24, 26 eta 27-an . Nahiko goiz aurten ere udaberrirako iragarpena egiteko. Baina hala ere erreparatuko diogu. San Balentin 14-an. Maiteminduen eguna. maitasunaren eguna hobeto agian. Beraz, otsailak ere gauza onak ere badituela alegia. Eta intentzio horretxekin har ezazue nire zorionik beroena. Agur irakurle guztioi. Hurrengora arte. Ondo segi.
10-01-12
KAIXO URTE BERRIARI
Urteberri on. Abiatu ginen 2010.urtean zehar eta ia iritsi gara neguaren erdira. San Sebastian hotza neguaren bihotza. Bide batez, eguna luzatzen hasi dela ere igarri diogu. Jai bolada igaro eta formaldurik martxa normalean jarri gara jadanik.
Urteen kontakizun horrek ez dakit zehatz zer suposatzen duen. Kristautasunarekin omen dauka zer ikusia. Baina munduaren ibileran edo bere existentziari dagokionez, oso zati txikia litzateke. Urtebete guztiko segundo batek baino gutxiago agian. Baina guretzako balio du eta 21.gizaldi edo sigloaren hamargarren urtean goazela badakigu. Eta hamaika kontu txamar eta istorio xelebre kontatu izan dira denboraldi horretakoak. Lurrak berak ere astindu ederrak bai bazterretan. Lurrikarak, sumendiak, tsumaniak eta abar. Beste hainbeste lur azaleko geruzari dagozkionak. Makina bat sarraski eta triskantza bai kalte galantak eraginaz. Hurakanak, tifoiak, haize bolada bortitzak, euri jasa izugarriak, uholde kaltegarriak sortuz. Elurte eta izozte beldurgarriak ere ez gutxi. Ez dugu ez mundutxo hau bizitoki eroso eta goxoa. Baina oraingoz behintzat hobeagorik ez dugu aurkitu eta honetxekin konformatu behar.
Agian zahartu ere egin da apur bat. Horrenbeste urte daramazkiela unibertsoan bueltaka eta zer edo zer esan daiteke, baina nik ez diot bada xahar itxurarik hartzen. Akaso lehen, garai batean dena ordeka eta paraje zoragarria izango zen lur azal guztia. Lautada galantak ur putzu ederrez inguratuak. Gari soro eta arta sail galantak egiteko modukoak eta klase guztietako animaliak lasai asko elkar errespetatuz. Baina mundua mundu denetik izan den animalia edo izakirik printzipalena faltako zen. Gizona edo gizakia alegia. Hau geroago sortuko zen. Jainkoaren irudikoa dela diote. Baina agian hasieran izan zitekeen horrela baina gerora genero bihurria eta eskasa gertatu da bi hankako animali ziztrin eta itsusi hau. Nik askoz ere hobeagotzat daukat Jainkoa. Baldin bada behintzat.
Esan dugu aspaldi haietan munduaren bira guztia ordeka eta lautadak ote ziren. Geroago pixkanaka mendiak jaiki ziren itxura denez. Eta horiek zahardadearen zimurrak ote dira bada? Hala izanik ere, zahartze prozesu hori luze joango da oraindik eta guk ez daukagu kuidorik puzka batean. Gizakia ondo portatzen bada behintzat oraindik gizaldi pila batean iraungo du bai gu bizi garen bolatxo honek.
Urtea hasi berria dugula esaten genuen. Eta xaharra atzean utzita bagoaz ttapa-ttapa urte berri honetan zehar. Zer moduzkoa izan ote da ba igaro dugun hori. Gauza ona franko bai eta txarra franko ere bai. Batzuek on bila eta beste batzuek makila. Euskal Herriak tokatzen zaion nortasun eta izaera lortu ezinean eta berdin berdin Itziarrek ere. Beste hainbat korapilo eta aldrebeskeria egongo dira munduan baina seko sinetsita nago Espainiak ez duela ondo jokatzen Euskal Herriarekin eta Debak ere ez Itziarrekin. Zergatik ez onez onean bakoitzari utzi beren gisa molda daitezen.
Nik espero dut urte honetan gauzatuko direla arrazoizkoak diren desio edo tokatzen zaizkigun moldaketa horiek. Bakea eta zoriona izango lirateke alde guztientzako ere. Izan ere norentzako izan behar du bada kaltegarri gauza horrek? Pertsona ez da norberarekin bakarrik osatzen. Benetako nortasuna lortzeko gutar ere izan behar du. Baina gutar-tasun hori ez luke beste inolako haien berekoikeriak zapaldu behar. Uste dut hasi berria dugun urte honetan sumatuko ditugula horrelako onurak. Jasaten ari garen krisia gainditu edo konpon bidean abiatu. Euskal Herritarrok izango dugula zer eta nola izan nahi dugun adierazteko aukera edo behintzat sumatuko dugula bide horretan abiatu garela. Itziartarrok ere poz pixka bat nabarituko dugula uste dut geure herri antolaketan pauso politak ematen ikusita. Eguraldia ere ondo portatu dadila urte guzian zehar. Oraingoz negua ondo doala dirudi, elurte eta guzti. Horrenbeste behar du itxurazko negu batek. Beste horrelakorik ez da sumatzen aldi batean behintzat. Ikusiko dugu nola portatzen den Otsaila. Baina garrantzitsuena da udaberria garaiz eta fundamentuz hastea. San Anton bisigua a monton eta kandelario harkaitzari ura dario. Lehengo urtean bezalaxe aurten ere batzuk jaioko dira eta beste batzuk hil.Horrelaxe da mundu honetako martxa. Mundua eta zerua elkarren segida / mundutik zeru hori hurbiltzen ari da /salto txiki batean bertaratu di da / geroko horren zati hemengoa bai da /
Beraz, animoak bidaltzen dizkizuet irakurle guztioi. Gauza onekin poztu eta txarrekin ez gehiegi tristetu. Agur eta hurrengora arte.



