Se muestran los artículos pertenecientes a Noviembre de 2009.

09-11-16

AZAROA ABENDUAREN ANAI TXIKIA

Azaroa: urteko hamaikagarren hila. Badu hil honek aparteko zer edo zer. Udazkenean gaude eta ez dakit udaren azkenetan edo neguaren aurrenetan. Neguaren atarian esango nuke nik. Udarari erabat utzi nahi ez eta neguan sartzeko gogorik ez. Urtea zahartzen dihoakigu eta paso eman behar anaia zaharrari. Abenduak emango dio urteari errematea. Baina Azaroan oraindik esna gaude. Hurrengo hiletik lo hartuko du naturak.

Azaroa, hazi aroa. Hazia ereiteko garaia alegia. Hazila deitzen zioten Bizkaia aldean. Haziaren hila. Baina hain zuzen ez da hazi gehien ereiten den hila. Apirilean eta Maiatzean hazi mota gehiago erein ohi dira. Natura esnatzen hasten denean alegia. Baina garia eta garagarra eta beste zenbait ale mota ereiteko garai aproposa dugu azaroa. Eta sekulako garrantzia izan dute labore horiek, batez ere gariak. Ogia egiteko lehengai propioa izanik, pentsa gizakion elikaduran zer suposatuko zuen mendeetan zehar. Munduan gehien ereiten den laborea dela diote. Azaroan erein eta uztailean jaso. Lotan bezala egon ohi da hazi hori lurrean denbora luzean. Otsailean landaretxoa bistaratu eta Martxoa edo Epailean gari sail hori balekoa den edo ez erabaki eta Apirila edo Jorrailean jorratu, pasada eman.

Horretaz gain ere badu bere xarma Azaroak. Naturak amaitu du bere jarduna eta atsedena hartzeko garaia du hain zuzen. Eguna mozten doan heinean tristetzen doa naturaren panorama. Zuhaitzen orriak horitzen hasten dira eta hosto lehor bihurturik, lurrera erortzen dira hego haizearekin jolastera. Aurretik jasoak genituen, udarak eskainitako uzta oparoak. Azkeneko sagar edo piku txamarrak jaso eta ea oraindik perretxikoren batzuk bilatzen ditugun.

Ehiztariak ere azkeneko uso edo paseko hegaztien zain bai baina oso bakan jadanik. Hemendik aurrera oilagorrak, hegaberak edo antzarrak igaroko dira giro txarraren abisua eginaz. Hego haize epelak mendebal petralari sarri utziko dio lekua.

Aurten ere Azaroaren aurrenalde horretan muturra erakutsi digu ederki mendebaldetiko eraso bihurri horrek. Hala ere elurrik ez zaigu bistaratu oraindik. Mendi puntak zuritzeko adina ez eta San Martinek aurten ere jarri digu giro ona martxan. Hilaren bukaera aldera arte eutsiko dio gainera. Baina abenduak ekarriko digu negu usaia. Honelaxe izan ohi da gure lurraldeko atarramendua,  urtean zeharreko martxan. Mundua ez da geldirik egoten eta urtaroen joko horrekin jarraitzen du modu irregular samarrean. Orain bai orain ez. Automobil mekaniko hura bezala. Lagun aprendizari esan omen zion erreparatzeko ea intermitenteak ondo funtzionatzen ote zuen. Ematen dio nagusiak intermitenteari eta aprendizak itzali eta piztu ikusi zuenean hala omen zion: orain bai ... orain ez. Orain bai ...orain ez. Seguru asko gure eguraldia baino txukunago zebilen hura.

Ea bada gu ere animatzen garen datorkigun negutzar hori kikildu gabe bikain pasatzera. Horixe desiratzen dizuet irakurle guztioi. Asko desiratu eta gutxirekin konformatu. Hurrengora arte. AGUR.  

17/11/2009 16:53 Autor: joxelanda. Enlace permanente. No hay comentarios. Comentar.

09-11-22- EGURALDIAREN BERRI

 

ASTE GUZTIRAKO IRAGARPENA

 

GEHIENEAN ONA BAINA BUKAERA KASKARRA

 

09-11-23 (astelehena) ZEHAR HAIZEAREKIN LAINOTSU BAINA ATERI

Sartaldeko edo zehar haizeak hodei batzuk ekarriko dizkigu baina euri arriskurik ez dute suposatuko. Egunsentian fresko samar baina gerora pixka bat epelduko da eta ostarteak zabalduz, eguraldi polita mantenduko da. Barnealdean kostaldean baino garbiago, baina apur bat freskoago ere bai. Oro har itxuroso eta nahiko atsegina. Antizikloia modu onean kokatuko zaigu on alditxoa eraginaz. Haizearen hego ukituak giroa pixka bat goxatuko du.  

09-11-24 (asteartea) GIRO POLITA HEGOALDEKO HAIZE SUABEAREKIN

Eguraldi polita tokatuko zaigu oro har, modu onean kokaturiko antizikloiaren merituz. Goizean fresko samar eta behe laino batzuk leku aproposetan, baina laster desagertuko dira horiek eta tenperaturak gorantz egingo du nabarmen. Goiz partean zirro hodei batzuk egongo dira zeru sabaian baina erabat garbi geratuko da arratsalderako. Kostaldean epelago baina giro polita eta atsegina Euskal Herri osoan, tamaina oneko hego haize suabearekin.

09-11-25 (asteazkena) TONIKA BERDINTSUAN JARRAITU BAINA GOIBELTZEN

Itxuroso eta polit hasiko da eguna hego haize epelarekin. Zerua garbi samar eguerdira arte eta arratsaldean hodeiak gehituz, iluntzerako goibeldu eta euri arriskua egongo da. Zipriztinen batzuk botako ditu gauean. Tenperatura goizean epelago eta iluntzean beherago. Haizea hegotik goizean harro samar eta gerora baretu. Oro har nahiko ona baina atzokoa bezain dotorea ez.

09-11-26 (osteguna) HASIERA LARDATSA ETA ARGI ALDITXOA GERORA

Lardaskeria apur bat egongo da goizean, mendebaldeko haize nahasiarekin. Segituan nabarmenduko da aldaketa eta eguerdirako haizeak hego ukitua hartu eta garbi samar geratuko da. Arratsalde goxoa hodei batzuk zeruan agertu arren. Iluntzean hodeiak sendotu eta euri itxura hartuko du.

09-11-27 (ostirala) ZEHAR HAIZEAREN LAINOTZARRAK KOSTALDEAN

Zehar haize sastarrak lainotzarra ugari ekarriko du kostaldera, euri zipriztinak botaz. Itsasaldetik igaroko dira laino multzorik sendoenak, baina kostaldea harrapatuko dute, tarteka euri pixka bat botaz. Tenperatura beherago eta eguraldiaren kalitatea jaisten.   

09-11-28 (larunbata) HEGO SARTALDEKO HAIZEA HARROTU BAINA ATERI

Haizeak hego sartaldetik joko du eta harro samar ibiliko da. Hodei asko zeru sabaian baina euri arrisku txikia. Tenperatura zertxobait gorantz. Ona ez baina hobea bai. Araba aldean euri arriskurik gehien. Oro har desatsegin samarra baina txarra ez. Iluntzean haizea zakartu.  

09-11-29 (igandea) OKERTZE ALDERA NABARMEN

Hego sartaldeko haizea oso zakar ibiliko da goiz partean eta arratsaldean mendebaldera aldatuko du joera, giroa petralduz. Goibel mantenduko da arratsaldera arte erdi mailako hodei sendoekin eta arratsaldean mendebaldetik etorriko den koskatzar batek euri giro nabarmena jarriko du. Gogotik kaskartuko da eguraldia.

 

22/11/2009 10:57 Autor: joxelanda. Enlace permanente. No hay comentarios. Comentar.


Blog creado con Blogia. Derechos de autor con . Estadísticas. Suscribir RSS. Admin.
Blogia apoya: Fundación Josep Carreras, y Evento Blog España. Vota en los Premios Bitacoras.com [Blog Oficial en LaInformacion.com]